Lizarrerria inguruko monasterioak
Ibilbide honen hasiera zistertarren Irantzuko monasterioa (XII-XIV. mendeak) izango da, Abartzuzako udalerrian eta Lizarratik gertu. Borgoñako monasterioetan oinarrituz bailaratxo idiliko batean eraikia, jainkotegiak oin errektangularra eta hiru barneluzego ditu; sabaia gurutzeriakoa da. Klaustroa (begiratu iturriaren inguruko arkuak) jatorriz XIII. mendekoa da, baina berreraiki egin zuten. Kapitulu gela eta tximinia handiko sukaldea (gurutzeriako sabaiekin) ere aipatzeko modukoak dira. Kanpoaldean gurutze ikusgarri bat ere bada. Zabalik dago egunero 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Helduentzako sarrera 300 pezetakoa da; umeena 250 pezetakoa.
Herrirantz itzuliz, errepidetxo atseginaren ondoko atsedenlekuaren eta gurutze monumental baten ondotik pasako gara, Abartzuza bera harrapatu baino kilometro erdi lehenago. Herriko bidegurutzean eskuinerantz joko dugu.
Hemendik 7 kilometrora zuzen joanez, Lizarran sartuko gara, zuzen eta ezkerrerantz zentruan sartuz. Osotasun monumental aberatsa, merinaldeko hiriburuak Erdi Aroan izan zuen garrantzi zibil eta erlijioso handiaren ondasun ugariak erakusten dizkigu, batez ere Rua auzo monumentalaren inguruko jauregi eta tenplu ugariek.
Monumentuz josita ageri zaigun auzo honen ondotik, Logroñorako errepidean, kilometro pare batera eta Aiegiko udalerrian Iratxerekin egingo dugu topo, eraiki zen moduan (ondorengo erreformarik gabe) ailegatu zaigun monasterio bakarretakoarekin.
Benediktarrek fundatua, X. mendean dagoeneko existitzen zen. 1045ean penintsulako erromesentzako lehen ospitala izan zuen, eta XI. mendean Santa Maria la Real eliza altxatzen hasi ziren (absideak, leihateria, apezpiku baten hilobia eta dorre herreriarra azpimarragai). Klaustro plateresko ederra XVI. mendekoa da. Zabalik dago astegunetan (abenduan, astelehenetan eta astearte arratsaldetan ezik) 9:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara. Asteburu eta jai egunetan 8:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara. Sarrera doan.
Monasterioaren ondoan Ardoaren Museoa duzue eta oso hurbil Jurramendi edo Mendixurra, karlisten mendi ikusgarri eta erdi sakratua.
LIZARRA
Euskal Herriko jai askotan dantzatzen den Larrain dantzaren jatorria herri honetan dago. Bertako gaiteroek ere ospe handia izan dute betidanik, bertako folklorea mantentzen jakin duen herriaren seinale. Baina batez ere, Lizarraren gaur egungo garrantzia izen bereko merinaldearen buru eta nafar erdi-mendebaldeko hiri nagusia izatetik datorkio, eta protagonismoa azkenaldian, bertan sinatutako itun politiko garrantzitsuagatik.
Horrez gain, Urbasa eta Andia mendizerren pean egoteak ingurune ederretaz gozatzeko aukera eskaini dio (Urederraren sorburu izugarria kasu). Azkenik, edo agian lehenbizi, Lizarra historia eta monumentuz beteriko hiria da, azken mila urteetako gorabeherek utzitako arrasto aberatsa.
Laburpen historikoa
Santxo Ramirez Erregeak XI. mendean fundatua, Santiagoko Bidea bertatik pasatzeak garapen handia jasatea eragin zion. Horrela, populatutako burgo berriak eraiki ziren, 1266. urtean gune bakar batean batu zirenak. Horrenbestez, Erdi Aroan hiria garrantzi handia izatera iritsi zen, bere urrezko garaia biziz.
Ordudanik, eta azken urteak arte, garrantzi historiko gehieneko gertaera XIX. mendean izan zen, karlisten gotorlekurik nagusienetakoa bihurtu zenean. Gaur egun, merkataritzaz (bere ekonomian betidanik garrantzitsua) eta industriaz arduratzen den hiri monumentala bihurtu da.
Ikustekoak
Foruen plazatik Labriteko Juan kalera eramaten duen izkinatik ateraz gero, laster San Pedro Lizarrakoa tenplura iritsi gaitezke, herria bera baino zaharragoa dena (1024koa gutxienez). Pixka bat harantzago, berdegune batean Puy-ko Andra Mari eliza aurkezten zaigu, 1951koa baina XIV. mendeko Ama Birjina gotikoa gordetzen duena.
Berriz ere San Pedron, eskuinerantz ibaira hurbilduko gara, tartean Erretiratu edo Recoletotarren monasterio ondotik pasatuz. Azkenik, ibai-meandroaren barnealdean dagoen pasealeku atseginaren ondoan, eta eraikin erlijioso eta zibilen zerrenda luzeari amaiera emanez beste bi ikus genitzake: Santa Clara eta San Benito monasterioak. Amaitzeko, ibilbide monumental luzearen ostean, ongi etorriko da berdegunean atseden hartzea.
LIZARRA
Turismo Bulegoa: K/ San Nikolas.
948- 55 63 01.
Udaletxea: Inmaculada pasialekua.
948- 54 82 00.
Osasun Zentrua: 948- 55 62 87.
Gurutze Gorria: 948- 55 10 11.
Mediku-Laguntza eta botikak: Kale nagusian zehar.
Jatorduan:
Casanova Jatetxea- Fray W. Oñate 7.
La Cepa Jatetxea- Foruen Plaza 18.
Roma Bar-Jatetxea- Chapitel 17.
Navarra Jatetxea- Gustavo Maeztu 16
Richard Jatetxea- Deierri Etorb. 10.
Astarriaga Erretegia- Foruen Plaza 12.
Katxetas Jatetxea- Estudio Gramática 2.
El Volante Bar-Jatetxea- Merkatondoa 2.
Jan eta lo egiteko:
**Hotel Yerri- Deierri Etorbidea.
948- 54 60 34. Logela 6.800-7.800 pzta.
Lizarra Kanpin-Aterpetxea- Ordoiz z/g.
948- 55 17 33.
Lo egiteko:
*Hostal Cristina- Nafarroa Beherea 1.
948- 55 07 72. Logela 6.000-7.000 pzta.
*Pensión Caro- Santiago Plaza 50.
948- 55 41 58.
AIEGI
Jatorduan:
Montejurra Jatetxea- Logroñora bidea, 49. km.
Lo egiteko:
***Hotel Irache- Iratxeko zelaia 7.
948- 55 11 50. Logela bikoitza 7.000-12.100 pzta.
![]() |
|
||||
1830 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa