NAFARREN BILTZARRAREN EGUNA
Datorren abenduaren 3an, Xabierko San Frantzisko egunean, Nafarren Biltzarraren Eguna burutuko da Iruñean, Orreaga Kultur Elkarteak antolatuta. Nafarroaren identitate propioa, eta honen barruan bereziki euskara, izango dira egun horretako protagonista nagusiak, baina ez bakarrak. Besteak beste, etorkinei hitza eman nahi diete eta Xabierko Frantziskoren irudia lantzeko asmoa ere badute.
PP-REN UNIBERTSITATE LEGEA EZBAIAN
Arabako Langraizko espetxean egunotan ekin diote euskarazko ikastaroak emateari. Orotara 53 presok eman dute izena ikastaro hauetan eta IKAk kudeatuko du zerbitzu hau. Lehen hiruhilekoa finantzatzeko Arabako Foru Aldundiak 1,4 milioi pezeta (56.000 libera) inguruko diru laguntza eskaini du. Ekimen hau ez da berria ordea, AEK-k bi urte zeramatzan espetxe honetan euskarazko eskolak eskaintzen. Aurten, ordea, kartzelako zuzendaritzak, ikastaroak beste modu batera antolatu behar zirela argudiatuz, albo batera utzi zuen AEKren kudeaketa.
BANKUETAKO LANGILEAK EUSKARAZ LANA
UZEI eta HABEk banku eta finantza erakundeetako langileek lanean euskaraz egin dezaten «Dirukiak» material didaktikoa prestatu dute. Euskadiko Kutxak eskatu zuen materiala, Euskara Biziberritzeko Planean barnean. Euskadiko Kutxa materiala erabiltzen hasi da dagoeneko eta hemendik aurrera eskura izango dute beste finantza erakundeek. Euskadiko Kutxako 800 bazkidek erabiliko dute materiala, lanean euskaraz egin dezaten. Bi urtez arituko dira materiala lantzen, 114 ikastordu guztira.
URRUÑA ETA ZIBURUKO IKASTOLEN ALDE
Hazia elkarteak eta Goierriko ikastolak azaroaren 24 eta 25erako jaialdia antolatu dute, Urruñako ikastola eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa diruz lagundu asmoz. Hala, azaroaren 24an kontzertua izango da Ordizian eta 25ean Urruñan. Besteak beste, Kepa Junkera eta Ruper Ordorikak emanaldia eskainiko dute.
SURREALISTA ERREALISTA
Horrela definitu zuen Vicente Ameztoik bere pintura: «Surrealismoa baina egunerokotasun puska batekin». Ameztoik bost urterekin pintatu zuen lehen koadroa. Lehen bakarkako erakusketa 1967an egin zuen Donostiako Barandiaran galerian, hogeita bat urte zituela. Makina bat sari jaso zuen. Eta «Zeruko Argia»n eta «Euskadi Sioux»en kolaboratu zuen. Euskal Herriko ohituretan oinarritutako lan ugari egin zuen urte haietan guztietan. Osasunak eten zuen ordea bere ibilbidea. Eta ordutik, zirkuito komertzialetatik aldenduta, eta presazko lanei ihesi, lan bereziak egin zituen soilik. Aipatuenetakoa eta ezagunenetakoa Remelluriko ermitan eginikoa. Han igarotzen zituen udak azken hamar urtetan. Iazkoa azkenekoa. Eguneroko surrealismoaren errealitateak joan den astean eraman arte.
MUTXIKOAK DANTZAN
HILEKO lehenengo igandea. Horixe da Biarritzeko Oldarra, Olaeta eta Amalabak dantza taldeek mutxikoak dantzatzeko finkatu duten zita. Izan ere, eta hil honetan hasiz, Biarritzeko Kasinoaren aurrean dantza hauek berreskuratzeko eta herritarrei erakusteko helburuz, mutxikoak dantzatuko dira.
EUSKAL ZINEMA LEKEITION
LEKEITIOKO Euskal Zine eta Bideo Bilerak XXIV. aldia du aurtengoa. Guztira 45 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, aspaldian baino gehiago. Lekeitiokoa Euskal Herrian euskara hutsez egiten den bakarra da. Eta horregatik errealizatzaile ezagun ugarik hemen ematen dituzte lehen pausoak. Azaroaren 22tik 24ra burutuko den lehiaketan ez da Super-8ko filmik izango aurten. Horrez gain denetik egongo da: dokumentalak eta sormenezko lanak; egile profesionalak eta amateurrak.
BERTSOTAN FINALERANTZ
AZKEN-LAURDENAK amaituta final-aurrekoei ekin behar die orain Euskal Herriko Bertso Txapelketak. Izan ere, osatua dago final-aurrekoetara pasako diren hamabi bertsolarien zerrenda. Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Jokin Sorozabal, Igor Elortza, Fredi Paya, Aitor Sarriegi, Xabier Silveira, Arkaitz Goikoetxea, Oihane Enbeita, Nerea Elustondo eta Unai Agirre. Txapelketako atal berri honetan 1997an finalista izan zirenek ere parte hartuko dute, hau da, Maialen Lujanbio, Jesus Mari Irazu, Aritz Lopategi, Unai Iturriaga, Mikel Mendizabal eta Jon Maiak. Honela bada, guztira 18 izango dira azaroaren 17an hasiko diren final-aurrekoetan parte hartuko duten bertsolariak. Hauetatik zazpi joango dira Belodromora abenduaren 16an. Han izango da baita ere Andoni Egaña.
EUSKAL ARTISTEN KATALOGAZIOA
LAU arte galeriek Euskal Artearen Katalogazio eta Azterketarako Elkartea sortu dute. Bilboko Windsor Kulturgintza eta Tavira eta Madrileko Mun eta Lorenart. Helburua XIX eta XX. mendeko euskal artisten belaunaldia sustatzea da. Horretarako lehenengo Manuel Losadaren erakusketa bat paratu dute. Elkarte honetako gastuak obren jabeek emandako diruarekin ordainduko dira.
ARTE EDERRETAKO MUSEOA
HIRU urtez luzatu dira Bilboko Arte Ederretako Museoaren berritze lanak. Baina azken bi hilabetetan egon da soilik itxita. Dagoeneko ireki dute. Guztira erakusketetarako 1.000 metro koadro gehiago ditu. Baita jatetxea, liburutegi berritua eta zine aretoa ere. Berrikuntzak ospatzeko bilduma pribatuko artelanez gain, euskal artistak biltzen dituen «Gaur, hemen, orain» erakusketa paratu du. Bertan 30-40 urte bitarteko euskal artisten obrak daude ikusgai. Besteak beste, Ana Laura Alaez, Txomin Badiola, Pello Irazu, Jose Ramon Amondarain, Ibon Aranberri, Jon Mikel Euba, Asier Mendizabal edota Begoña Muñozenak.
- Manuel Olano gai jartzaileak honela adierazi zuen «Gara»n: «Bazeuden lehen eta badaude oraindik ere bertsolaria probatze aldera gai zailak edo argumentatu ezin direnak jartzeko joera dutenak. Gai horiek baztertu egin behar dira, besterik gabe».
- Roberto Gz. de Viñaspreren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n jasoak: «Euskal Herria ttipia da eta Euskararen Herria are ttipiagoa; benetan ttipiegia euskaldun osoen artean hiztunaren egungo errealitate linguistikoari barik hiztunaren beraren jatorriari dagozkion desberdintasunak jartzeko. Arabako euskaldun osoak (...) gainerako euskaldun osoak bezalakoxeak gara, ez pedigri gutxiagokoak».
- Egunkari berean Juan Luis Zabalak: «Zinekluben eskaintza ere (...) gero eta uniformeagoa da. Ustez oso komertzialak ez diren lanak eskaintzen dituzte, baina industriaren unean uneko eskaintza nagusi horren barruan ia beti».
- Patxi Goenagaren iritzia da honakoa «Euskonews & Media»n bildua: «Batua erabat beharrezkoa izan dugu, baina gaizki erabiliz gero, zurruna, kaxkarra eta gogorra da».
Ikatza
Sarean nabigatzen ari ginela, Gamesa enpresaren webgunea topatu dugu. Informazio ugari eskaintzen du, lan poltsa bat dago bertan, baina zoritxarrez, beste askotan bezala, gaztelaniaz eta ingelesez bakarrik dago. Badirudi batzuentzat euskaldunok ez dugula existitzen.
Erramun Martikorenaren «Kantuz sortu naiz eta...» izeneko azken diskoa kalean da dagoeneko. Bertan hamabost kanta bildu ditu Elkarlanean diskoetxearen eskutik.
Azika Iparraldeko txotxongilo talde berriak «Kontu konta zan» lehen lana estreinatuko du hilaren 16an Izpuran.
Ixiar Rozasek «Sartu, korrontea dabil» izeneko liburua plazaratu du Ereinen eskutik.
Eneko Bidegainek euskarazko esaera zaharrak bildu eta frantsesera itzuli ditu «Euskal esaerak» liburuan. Lan hau Elkarlaneanek kaleratu du.
Mikel Garmendia aktore ordiziarraren biografia egin du Pako Aristik. Liburua Azpeitiko Euskadiko XIX. Euskal Antzerki Topaketetan aurkeztu da. Garmendiari omenaldia egiteko asmoa zuten topaketetan. Baina istripu bat dela medio, omenaldia abenduaren 1era atzeratu da.
Koldo Izagirrek idatzia da honakoa «Euskaldunon Egunkaria»n:
«Francok motorista bat erabiltzen zuen -æPardo-ko motoristaÆ- ministroen destituzioak eta izendapenak jakinarazteko. Motorista honek, halako batean, katedratiko ezagun baten etxera eraman zuen goi mailako falangista batenean utzi behar zuen telegrama, izen-deitura berekoak ziren biak. Horregatik egon zen urteetan ministro politikan aurrekaririk ez zeukan irakasle hura, Generalisimoak ez zuelako deus, omen, batekoz bestera egiten inoiz... Eta izendatu asmo zutenarekin desenkusatu behar izan zuten Movimiento Nacional-eko buruzagiek, esanez oker ulertze bat izan zela, baina Franco ez zuzentzearren ba... ministro utzi zutela! (...)
Iduri luke Lakuak kontratatu zuela noizbait Pardoko motorista, hari bezalaxe estali dizkiote behintzat oker eginak gure kultura sailburuek urtez urte antzerkian, liburugintzan, museo kontuetan, zineman... Horrela luzatu da egundaino gure kultura ofizialaren fartsa handia. Euskadi Literatura Sariek, berri samarrak izanagatik, hari luzea dute: batean editorial jakin batzuen interesak, bestean itzultzaile taldetxoen maniobrak, hurrengoan unibertsitateko irakasleen arteko faboreak... (...)
Nork daki zein bidezidor fantastikotan barrena eramaten ahal duen Lakuako motoristak gure Miren Azkarate! Gauden beha!».
Eneko Bidegain kazetariak "Euskal Esaerak-Expressions Basques" lana argitaratu berri du. Bertan, euskarazko esaera zaharrak (eta ez hain zaharrak) bildu eta horiek frantsesera itzuli ditu. Kazetariak zera esan du: "Jakin dezagun euskaraz ere badela aukera hizkuntzarekin jolasteko". Jolas dezagun!