Astekaria

 Albisteak 

Irudia


1830. alea
2001-11-18
alde 0    kontra 0

SURREALISTA ERREALISTA

Horrela definitu zuen Vicente Ameztoik bere pintura: «Surrealismoa baina egunerokotasun puska batekin». Ameztoik bost urterekin pintatu zuen lehen koadroa. Lehen bakarkako erakusketa 1967an egin zuen Donostiako Barandiaran galerian, hogeita bat urte zituela. Makina bat sari jaso zuen. Eta «Zeruko Argia»n eta «Euskadi Sioux»en kolaboratu zuen. Euskal Herriko ohituretan oinarritutako lan ugari egin zuen urte haietan guztietan. Osasunak eten zuen ordea bere ibilbidea. Eta ordutik, zirkuito komertzialetatik aldenduta, eta presazko lanei ihesi, lan bereziak egin zituen soilik. Aipatuenetakoa eta ezagunenetakoa Remelluriko ermitan eginikoa. Han igarotzen zituen udak azken hamar urtetan. Iazkoa azkenekoa. Eguneroko surrealismoaren errealitateak joan den astean eraman arte.

MUTXIKOAK DANTZAN

HILEKO lehenengo igandea. Horixe da Biarritzeko Oldarra, Olaeta eta Amalabak dantza taldeek mutxikoak dantzatzeko finkatu duten zita. Izan ere, eta hil honetan hasiz, Biarritzeko Kasinoaren aurrean dantza hauek berreskuratzeko eta herritarrei erakusteko helburuz, mutxikoak dantzatuko dira.

EUSKAL ZINEMA LEKEITION

LEKEITIOKO Euskal Zine eta Bideo Bilerak XXIV. aldia du aurtengoa. Guztira 45 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, aspaldian baino gehiago. Lekeitiokoa Euskal Herrian euskara hutsez egiten den bakarra da. Eta horregatik errealizatzaile ezagun ugarik hemen ematen dituzte lehen pausoak. Azaroaren 22tik 24ra burutuko den lehiaketan ez da Super-8ko filmik izango aurten. Horrez gain denetik egongo da: dokumentalak eta sormenezko lanak; egile profesionalak eta amateurrak.

BERTSOTAN FINALERANTZ

AZKEN-LAURDENAK amaituta final-aurrekoei ekin behar die orain Euskal Herriko Bertso Txapelketak. Izan ere, osatua dago final-aurrekoetara pasako diren hamabi bertsolarien zerrenda. Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Jokin Sorozabal, Igor Elortza, Fredi Paya, Aitor Sarriegi, Xabier Silveira, Arkaitz Goikoetxea, Oihane Enbeita, Nerea Elustondo eta Unai Agirre. Txapelketako atal berri honetan 1997an finalista izan zirenek ere parte hartuko dute, hau da, Maialen Lujanbio, Jesus Mari Irazu, Aritz Lopategi, Unai Iturriaga, Mikel Mendizabal eta Jon Maiak. Honela bada, guztira 18 izango dira azaroaren 17an hasiko diren final-aurrekoetan parte hartuko duten bertsolariak. Hauetatik zazpi joango dira Belodromora abenduaren 16an. Han izango da baita ere Andoni Egaña.

EUSKAL ARTISTEN KATALOGAZIOA

LAU arte galeriek Euskal Artearen Katalogazio eta Azterketarako Elkartea sortu dute. Bilboko Windsor Kulturgintza eta Tavira eta Madrileko Mun eta Lorenart. Helburua XIX eta XX. mendeko euskal artisten belaunaldia sustatzea da. Horretarako lehenengo Manuel Losadaren erakusketa bat paratu dute. Elkarte honetako gastuak obren jabeek emandako diruarekin ordainduko dira.

ARTE EDERRETAKO MUSEOA

HIRU urtez luzatu dira Bilboko Arte Ederretako Museoaren berritze lanak. Baina azken bi hilabetetan egon da soilik itxita. Dagoeneko ireki dute. Guztira erakusketetarako 1.000 metro koadro gehiago ditu. Baita jatetxea, liburutegi berritua eta zine aretoa ere. Berrikuntzak ospatzeko bilduma pribatuko artelanez gain, euskal artistak biltzen dituen «Gaur, hemen, orain» erakusketa paratu du. Bertan 30-40 urte bitarteko euskal artisten obrak daude ikusgai. Besteak beste, Ana Laura Alaez, Txomin Badiola, Pello Irazu, Jose Ramon Amondarain, Ibon Aranberri, Jon Mikel Euba, Asier Mendizabal edota Begoña Muñozenak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1829
 
azala1828

1830 zenbakia.
2001ko azaroaren 18a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza