Albisteak
|
1829. alea
2001-11-11 |

0

0
GOI MAILARAKO PREST
Azkenean. Hainbeste polemikaren ondoren, Donostiako Miramar Jauregian behin-behinekoz paratu den Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak lehen pausoak eman ditu. Horretarako, lehen klase horietarako, 50 irakasle daude. Euskal Herritik eta kanpotik etorriak, guztiak maila handikoak. Adibidez, Maite Arruabarrena, Asier Polo edota Ramon Lazkano. Eta 55 ikasleri ematen diete klasea, horietako 25 Bizkaikoak, 10 Gipuzkoakoak, 4 Arabakoak eta 9 Nafarroakoak. 19 espezialitate ikasteko aukera dute. Adibidez, konposizioa, abesbatza, orkestra zuzendaritza, instrumentu batena... Eta horretarako lauzpabost urtez ikasi beharko dute.
ARABAKO KULTUR PARTZUERGOA
GASTEIZKO Udalak, Arabako Diputazioak eta Vital Kutxak «Cultural Alava» izeneko partzuergoa sortu dute. 105 milioi pezetako (4 milioi berrehun mila libera inguru) aurrekontua baliatuz Araban kultur egitarauan dauden hutsuneak arakatzea eta egitarau osatuago eta definituago bat eskaintzea du xede. Bi dira dagoeneko partzuergo honek atzeman dituen akatsak Arabako kultur ekitaldietan: hiritarren komunikazioa eta kultur eskaintzak Gasteizen duen zentralizazioa. Jose Maria Oyarzabal zuzendari duen Partzuergoa hiritarrengan jokamolde berriak sortzen saiatuko da.
ARANZADI Zientzia Elkarteko arkeologoek Gipuzkoako Tolosako Santa Maria parrokiaren inguruan XIII. mendeko hilobi bat topatu dute. Bertan hainbat hezurdura aurkitu dute. Baina horrez gain, XIV. mendeko kanpai bat eta hau egiteko labea eta ur putzua topatu dituzte bertan.
Arkeologiari jarraiki, egunotan ari dira egiten Irunen Bidasoako Lehenengo Zinema Arkeologikoaren Jaialdia. Lehenengo aldia da Euskal Herrian honelako jaialdia burutzen dela eta honekin jendea arkeologiara hurbildu eta Oiasso museoa bultzatu nahi dute.
LIBURUGINTZAREN GORABEHERAK
EUSKAL liburugintzari Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dizkion diru-laguntzen inguruan zenbait komunikabidetan argitaratu diren informazioak argitu zituen lehengo astean Miren Azkarate Kultura sailburuak. Informazio horietan argitaletxe zenbait ETAren finantzazio-iturri izatearekin nahastea salatu zuen sailburuak. Horrez gain, Lakuak alor honetan eskaintzen dituen diru-laguntzen berri eman zuen. Berak adierazitakoaren arabera, diru-laguntzen deialdiak urtero egiten dira eta argitaletxe guztiei irekita daude. Azkaratek ez zuen baztertu informazio hauek direla-eta epaitegietara jotzea.
Euskarazko argitalpenen inguruko berri onak ere izan badira. Euskadiko Liburu Ganberak emaniko datuen arabera, ale kopuru orokorra jaitsi bada ere, euskarazkoa hazi egin da. Izan ere, 99an 4.260.000 ale plazaratu baziren euskaraz, iaz, 4.610.000 izan ziren.
HANDIAK DIREN INTERPRETEAK
GAIARRE antzokiak eta NUPek antolatuta «Interprete Handiak» zikloa martxan dago Iruñean. Urrian hasi eta zazpi kontzertu eskainiko dira guztira. Besteak beste, nabarmentzekoak dira azaroaren 20an Pepe Romero gitarra joleak eta Pablo Sarasate Orkestrak eskainiko duten emanaldia eta zikloa datorren urtean itxiko duen Simon Estes baxuaren ekitaldia.
GERNIKAKO Bakearen Museoak museografiari buruzko kurtsoa antolatu du. Azarotik abendura egingo den ikastaroak Bizkaiko museoak eman nahi ditu ezagutzera. Besteak beste, Juan Ignacio Vidarte eta Migel Zugazak hitzaldi bana eskainiko dute.
Iruzkina idatzi