Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-28 16:11:48
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-11-04 -- 1828.zenb

Indar askatzaileen ezusteko lagunak

Pilar Iparragirre

Noizik eta behin, edozein bazterreko indar askatzaileei ezuste atseginak ere gertatu ohi zaizkie. Ez oso maiz, jakina, gaizki ohitu baitzitezkeen eta agintea berreskuratu edo gauza okerragorik ere egin, bistan da. Baina aldian aldiro gertatuz gero, bada, bizi-poza berpiztea baino ezer larriagorik ez delako jazoko-edo, gauza da, gertatu, gertatzen direla. Jose Luis Alvarez Enparantza izeneko erbesteratu batek ZERUKO ARGIAn kontatzen zituen hauek, kasu.


HERANEGUN MALRAUX, ATZO KENNEDY

Honelako izenburu esanguratsua zuen Txillardegik, «Larresoro» ezizenez izenpetu eta, nonbaitetik bidalitako idazlan hark. Zer zioen bertan? Bada, hasteko, hauxe:
"Orain dela aste pare bat, jakina denez, arrabots haundia egin zuen Andre Malraux frantses ministro-oiharen delibero agiriak: ćBengalara joatea erabaki dut: eta neure burua eskeini diet bengalatar abertzaleei Bangla-Desh-en helburuak lortzen laguntzekoĆ. 70 urteetan, Andre Malraux idazle famatua (aspaldian Goncourt-en irabazle, Nobel-a ere bilduko omen du aurten) gaullista porrokatuak, gaztetango bere sua piztua bide dauka berriro. Eta, gero jakin denez, tanke batetan nahi luke burruka egin Bengalan bertan. Datorren Hazaroaren erdialdean ba doa haruntz".
Ezuste polita, ez da hala? Bada, ez ei zen hartan indar askatzaileen orduko zori ona amaitzen: "Atzo, Urriaren 20an, arrabots haundia egingo duen beste aitor bat entzun dugu irratian: Edward Kennedy senadorea (Lehendakari izan zenaren anaia gazteena, beraz) Irlandaren arazoaz mintzatu da. Ipar aldeko Irlandatik britaindar armadak aldegiteko eskatu du irmoki; eta argi eta garbi deklaratu du (behinola De Gaullek egin zuen bezalatsu) irlandatarren eskubidea erresuma bakar bat eratzeko, bitan zatiturik dauzkan mugak kentzeko eta, hitz batez, beren buruak irlandatarrek nahi duten eran gobernatzeko".
Hori bai zela mauka, edozein indar askatzailek beretzat nahiko lukeena! «Larresoro» ere ados zen horretan, baina euforiari bere trabatxoa jartzen zion: "Pozgarri da, dudarik gabe, lotsarik eza eta karkulukeriarik zitalena gidari diren mailan, horrelako jaun haundiengandik justizi egarria oinarri duten aitor horiek entzutea. Baina politikaren bideak inoiz konprenituko baditugu, beharrezkoa da laguntza-dei bikain horiek noiz gertatu diren hausnartzea. Azterketa hau egin gabe, oso ondorio eta iritzi funtsgabeak izan ditzakegu, eta irteerarik gabeko jokabideak proposa (borondaterik onenarekin, jakina!)".
Hori bai zela giroa izorratzea! Zergatik egingo ote zuen?
EGOERAREN GORDINA
"Lerro hauek idazten ditudan mementuan, 28 britaindar soldadu hilak dituzte irlandarrek Ulster-en. Azaldu denez, hauetxek dira IRA abertzaleak onhartuak dituen helburuak: ćA good british soldier ia a dead oneĆ (britaindar soldadu ona, hildakoa da); eta paretak betetzen dituen beste hori: ćInglesa hiltzaileĆ. Sunday Timesek salatu duenez, tortura erabiltzen da Komisarietan; eta abertzale-entzutea duten katolikoak ehunka, milaka, dira gartzeletan usteltzen ari. Aski da berebil baten ihes-hodi batek eztanda egitea, okupazioko armadak gogoz mitrailetari eragin diezaion. Edward Kennedy, beraz, giro hori dagoenean mintzatu da irlandarren alde". Horixe zen egoeraren gordina, beraz. Eta Malraux-en Bangla Deshekiko amodioaren zergatia, zein?
"Bengalari buruz, noski, gauza bera esan behar da; baina aisa gogorkiago. Memento honetan, 11.000.000 bengalatarrek egin dute ihes beren sorterritik ikarak eraginda; eta Indiako Bengalan gerizatu (lau aldiz Euskal Herri osoa ihesi!). Honek adierazten duenez, zazpi bengalatarretatik batek utzia du bere etxea eta dena, kontzentrazioko landatan pilaturik irauteko. Kolerak, milaka hil ditu desherritu gizajo horiek. Orrialde hauetan beretan beste batetan azaldu nuenez, Mujibur-en Awami-Elkarteak (Bengalaren askatasunaren aldekoa) gehiengo osoa lortu zuen igaz Dacca-ko Parlamentoan (%98). Orain gerrilak agertu dira arrazagetan, eta egunero hiltzen dira pakistandar soldaduak abertzaleek muntatzen dituzten inkontruetan. Zenbat gerrilero dago? India aldean esaten denez, etorritako hamaika milioi horietatik 150.000 daude gertu iskiluak hartu eta aberria liberatzeko; eta aste hauetantxe ari dira militar entrenamendua hartzen. Bengalaren barruan bertan, eta izkutuan beraz, 7.000 bat gerrilero dago gaur, terrorismoan abiaturik. Horra hor, beraz, egia osoa esateko, Andre Malraux bultzatu duen egoera izugarria (Biafrakoa bera baino askoz izugarriagoa, ahobatez esaten denez)".
Horrela bada, noiz agertu ziren Malraux eta Kennedy egoera horien aurrean agertu bezala? "Irakurleak gogoeta egin, eta esan beza", zioen «Larresoro»k. Baina ez bide zuen irakurlegoaren burua estutzeko gogoan konfiantza osorik, datuak ematen jarraitzen baitzuen:
"Noiz mugitu dira gauzak bertan soluzio bati buruz? Noiz elkartu dira Londres, Belfast eta Dublin mahai baten inguruan ćsoluzioĆ bat aurkitzeko? Edo, beste modu batera esateko: noiz arte ez dira elkartu? ćPresiopean ez dugu amor-emangoĆ, diote amor-eman ez zutenek. Baina amor-emate hori aipatze hutsa ere amor-ematearen lehenengo seinalea da; presioa sortu arte (ćdena hondatukoĆ omen duen presioa, alegia) ukatu bait da prolemaren izatea bera"

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan