Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Euskal kritika literarioa gaur egun

2001-11-04 -- 1828.zenb

Euskal kritika literarioa gaur egun

Ur Apalategi Idirin

Har dezagun metafora bat, enologiarena (ardoen ezagutza eta zientzia), egungo kritika literarioaren egoera ulertzen lagunduko digulakoan. Hemeretzigarren mendera arte Euskal Herrian kritika literariorik ez zegoen (modu isolatuan eta noizbehinkakoan ez bada -oroit bitez Oihenarten gogoeta teorikoak-). Jendeak euskarazko testuak (zaila da literatura hitza erabiltzea garai honetako obrak aipatzerakoan) ardoa bailitzan edaten zituen -mezarako ardoa, egia esan-, egarria asetzeko edo ongi mozkortzeko asmo soilaz. XIX. mende erromantiko eta hizkuntzazalean bakar batzuk ardoa dastatzeaz gain botilari erreparatzen hasi zitzaizkion (hots euskarari, nola zerabilen autoreak, nongoa, eta abar); kritika filologikoa sortua zen.

1930 inguruan, gutxiengo bat botilaren koloreaz eta jatorriaz ari zirenei bizkar eman eta ardoaren zaporeaz eta lurrinaz pentsatzen hasi ziren (zeren antza du, ozpindua al dago, zer egitea komeni litzateke kalitatea hobetzeko, zein dira auzo herrietako prestigiozko ardoen ekoizpenaren segeretuak ?), eta kritika literario modernoari hasiera xumea, baina hasiera, eman zioten.
Azkenik, eta oraindik fase honetan geundeke, 70eko hamarkadatik aurrera, literaturaren autonomizatzearekin batera kritika literarioak ere kezka extra-literarioak -hizkuntzaren erabilpena, erlijio zein politika moralitatea- baztertu eta bere bideari ekiten dio, batik bat unibertsitateko egituretan bermatuz.
EGUNGO kritika literarioaren balorapen bat egiteko unean beharrezkoa da irizpideak argitzea: zein da kritika literarioaren funtzioa? Hiru modutakoa izan daiteke bere egitekoa. Lehenik «obra hau ona da edo txarra da» esan dezake -iritzi kritika-, bigarrenik «obra hau honela osatua dago» esan dezake -kritika deskriptiboa-, azkenik, «obra honek horrelakoa izan behar luke» -kritika normatiboa-.
Lehenengo galderari -«ona ala txarra»- egungo sisteman gehienbat artikulugintzak erantzuten dio (prentsako erreseinak). Arlo honi dagokionean, uste dut erdipurdikoa dela gure egoera. Hedabide batzuetan erreseina arimagabeak argitaratzen dira oraindik, ia ia publizitarioak (argitaletxeak idatziak diruditenak). Zorionez, badaude luma ausartak han-hemenka sakabanaturik, izen potoloei beldurrik ez dietenak iritzi egiazki pertsonalak kaleratzeko orduan. Garai batean baino libreago ari dira azken hauek, autozentsura gutxiagorekin, euskal sistema literarioa sendotu den heinean ez delako defendatu beharrekoa argitaratzen den oro. Kritika mota honen arriskua zera da, tarteka subjektibitatea eta harrikatze aiherkorra nahasi egiten direla.
BIGARREN galderari -«nolakoa da obra»- kritika unibertsitarioak egiten dio aurre. Izugarrizko aurrera pausoak eman dira arlo honetan azken hogei urteetan. Metodologia modernoenak erabili dira (soziokritika, harreraren estetika, estrukturalismoa, dekonstrukzionismoa, psikoanalisia eta beste) emaitza aberats bezain interesgarriak lortuz. Idazleen autonomizatzeak asko lagundu badio kritikari (forma berriak esploratuz), kritikak ere, bere aldetik, bere biziko bermea eman die idazleei (literaturaren duintasuna eta askatasuna defendatuz). Kritika unibertsitarioak, halere, izan du akatsik azken aldian. Idazle belaunaldi bat -70eko hamarkadan idazten hasten dena- baizik ez du mimatu (garrantzi historiko ukaezina duelako eta, apika, kritikaren beraren agerpenarekin koinziditzen duelako), berriagoak edo zaharragoak ahantziz. Uste dut garaia heldu dela injustizia txiki hau konpontzeko.
Hirugarren galderari -«nolakoa izan behar du obra batek»-, berriz, badirudi ez diola inork erantzuten. Edo behintzat, inork ez duela aitortzen halakorik egiten duenik. Izan ere, kritika normatiboa XVII. mendeaz geroztik modatik pasatua dago (nahiz marxismoarekin berpizte bat ezagutu zuen). Baina kontua da, inkontzienteki, kritiko guztiok daramagula gure baitan normatibista bat gordeturik eta autore bat ikertzea erabakitzen denean beste asko baztertu egiten direla, aukeratu den autorea norma bilakatuz. Modu sotilean, baina normatibismoak zutik dirau. Ez al da norma estetiko zein ideologiko bat ipintzearen pareko ekintza, adibidez, autonomiaren belaunaldia ikertzea garai bereko idazle konprometituak ikerketetatik baztertuz?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan