ATE TXIKITIK PARISERA
Jon Maya
Seine Saint Denis nazioarteko jardunaldi koreografikoak lehiaketa moduan burutzen dira bi urtean behin. Dantza garaikidearen munduko txapelketa dela ere esan daiteke. Izan ere, mundu osoko koreografoak sari bat eskuratzeko lehiatzen dira. Hala ere, guztia ez da horrela esanda dirudien bezain erraza.
Jardunaldien antolakuntza nagusia Parisetik bideratzen da, eta bertako zuzendaritza batzordearen inguruan hainbat plataforma dago eratuta mundu osoan zehar. Bilbon, esate baterako, La Fundicion aretoaren baitan dago antolatuta plataforma horietako bat.
Plataforma bakoitzak, nahi duen irizpideekin baliatuta, zenbait koreograforen lanak hautatzen ditu. Lan horiek plataformak berak antolatzen dituen jaialdietan erakusten dira, eta lehenengoz bertan erakusten zaizkio Pariseko zuzendaritza batzordeari. Zuzendaritzako kideak mundu osoan zehar antolatzen diren jaialdi guztiak ikustera joaten dira, eta horien guztien artean 2002. urteko martxoan Parisen egingo den agerraldi handian erakutsiko diren lanak hautatzen dituzte. Eta aurten koreografo eta dantzari euskaldunak izango ditugu Pariseko ekitaldian, Idoia Zabaletaren «La puta inocencia» lana hautatua izan baita.
Sari handiena hori da hain zuzen ere, Idoiak eskuratu duen hori. Jazoera horrek gauza ugari esan nahi ditu: aurkeztutako lana gauzatzeko diru laguntza jasoko duela, bertako agerraldian mundu osoko programatzaileak bilduko direla eta bulego bat lanak munduan zehar hedatu eta ezagutarazteaz arduratuko dela.
Euskal Herriak aurten ordezkaritza nahiko ederra izan du lehiaketan. La Fundicion aretoak formatu txikiko lanak hautatu ditu, eta egile guztiak euskal herritarrak izatea bilatu du, gainera. Oinarri horiekin, hilaren 19, 20 eta 21ean Damian Muñoz, Idoia Zabaleta, Idurre Azkue, Sofia Asensio, Blanca Arrieta eta Elena Cordoba koreografoek euren lanak aurkeztu zituzten Bilbon. Aretoaren ezaugarriei egokituta, bakarkako, binakako edo gehienez hirukotean eginiko lanak ikusi ahal izan ziren; guztiak dantza garaikidekoak, baina euren arteko ezberdintasun handiekin. Luque Tagua La Fundicioneko kideak dioen moduan, "dantza garaikideak jada badu mende bat, eta horren barruan klasikoa dena eta oso aurrerakoia dena aurki daiteke". Aniztasun hori kontuan hartuta Seine Saint Dennis lehiaketa ere aldatzen joan da. Lehen gutxienez hiru dantzarientzako obrak aurkeztu behar ziren; orain, aldiz, askatasun askoz ere handiagoa dago. Laura Etxeberria aretoko arduradunak dio garaietara egokitzen joan dela: "Koreografo askoren kezkak bestelakoak dira, konpainia handietan jarduten duten dantzari askok sortzen dituzte lan txikiak (bakarkakoak-eta), eta lehiaketa egoera horretara hurbiltzen ari da". Horregatik orain ez dira hainbeste ikusten garai bateko talde handiak. Taguaren aburuz, talde horiek enpresa handien moduan jarduten dute, «ez dute inoren laguntzarik behar munduan zehar ibiltzeko, eta jardunaldi hauek gehiago zuzentzen dira euren burua ezagutzera eman nahi duten talde txikiagoetara".
Aldaketak jardunaldiko hainbat alorretara hedatzen ari dira. Gaur egun, plataformek askatasun osoa dute nahi dituzten lanak aukeratzeko; garai batean hamabost obra bakarrik saritzen ziren, orain gehiago ere izan daitezke... Zuzendaritza batzordeko kideek berregituraketa prozesu batean dagoela diote.
Bilboko plataforma aurten hirugarren aldiz burutu da, eta ekitaldi horietan zehar argi eta garbi ikusi da aldaketa horren norabidea. Lehenengo urtean Arriaga antzokian aurkeztu ziren lanak (formatu handian), aurreko edizioan Barakaldo antzokian (formatu ertainean), eta orain formatu txiki batean erakutsi dira La Fundicion aretoan. Horrek, baina, ez du esan nahi maila eskasagoko lanak direnik, baizik dantza garaikideak bide berriak dituela eta obrak aurkezteko modu berriak daudela.
Promoziorako aukera.
Koreografoen eta plataformako arduradunen esanetan, Seine Saint Dennis promoziorako aukera on bat da. Taguak dioenez, "jaialdirako hautatua izatearekin bakarrik mundu osoan zehar esku askotatik igaroko den txosten batean agertzen zara; horrekin kontuan hartu behar da mundu osoko programatzaileek badutela lan horien berri". Hori dela eta, askotan atzerriko programatzaile horiek lanarekin interesatu eta hori gehiago ezagutzea nahi dute. Esaterako, Euskal Herriko lanak aurkeztu ziren egunetan Bilbon Austria eta Hungariako bi programatzaile izan ziren.
Pariseko azken agerraldirako hautatu diren lanei, berriz, askoz ere ate gehiago irekitzen zaizkie. Saint Denis aretoan 300 programatzaile baino gehiago biltzen dira, eta haiek bertan ikusitako lanak mundu osoan zehar mugitzeko prest izan ohi dira. Idoiari, beraz, aukera ederra zabalduko zaio aurten.
Laura Etxeberriak oso garrantzitsutzat jo du lan hau aukeratu izana: "Orain arte lan asko egin izan dugu, baina bazirudien Paris existitu ere ez zela egiten; orain behintzat badakigu hor dagoela eta iristeko aukerak ere badaudela". Bestalde, euskal koreografo guztientzat aukera bat da. Batzuri mundu mailako zirkuituetan barneratzeko aukera ematen die, eta atzerrian dabiltzan dantzari askori etxera itzuli eta lan apur bat egitekoa.
Euskal Herrian dantzari buruz dagoen politika eta programatzeko ohitura eskasa kontuan hartuta, ez da erraza bertako dantzariek mundu osokoekin lehiatu ahal izatea, batez ere egiturarik ez dagoelako, baina kasu honetan Idoia Zabaletak erakutsi du maila badagoela, eta bertako jendea bultzatzeko arrazoirik ere bai.
Lehiaketaren helburu nagusia sarean lan egitea da, eta horrela lan egiteak aukera asko zabaldu diezazkieke dantzariei
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.