Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-11-04 -- 1828.zenb

Pilar Iparragirre

Noizik eta behin, edozein bazterreko indar askatzaileei ezuste atseginak ere gertatu ohi zaizkie. Ez oso maiz, jakina, gaizki ohitu baitzitezkeen eta agintea berreskuratu edo gauza okerragorik ere egin, bistan da. Baina aldian aldiro gertatuz gero, bada, bizi-poza berpiztea baino ezer larriagorik ez delako jazoko-edo, gauza da, gertatu, gertatzen direla. Jose Luis Alvarez Enparantza izeneko erbesteratu batek ZERUKO ARGIAn kontatzen zituen hauek, kasu.


HERANEGUN MALRAUX, ATZO KENNEDY

Honelako izenburu esanguratsua zuen Txillardegik, «Larresoro» ezizenez izenpetu eta, nonbaitetik bidalitako idazlan hark. Zer zioen bertan? Bada, hasteko, hauxe:
"Orain dela aste pare bat, jakina denez, arrabots haundia egin zuen Andre Malraux frantses ministro-oiharen delibero agiriak: ćBengalara joatea erabaki dut: eta neure burua eskeini diet bengalatar abertzaleei Bangla-Desh-en helburuak lortzen laguntzekoĆ. 70 urteetan, Andre Malraux idazle famatua (aspaldian Goncourt-en irabazle, Nobel-a ere bilduko omen du aurten) gaullista porrokatuak, gaztetango bere sua piztua bide dauka berriro. Eta, gero jakin denez, tanke batetan nahi luke burruka egin Bengalan bertan. Datorren Hazaroaren erdialdean ba doa haruntz".
Ezuste polita, ez da hala? Bada, ez ei zen hartan indar askatzaileen orduko zori ona amaitzen: "Atzo, Urriaren 20an, arrabots haundia egingo duen beste aitor bat entzun dugu irratian: Edward Kennedy senadorea (Lehendakari izan zenaren anaia gazteena, beraz) Irlandaren arazoaz mintzatu da. Ipar aldeko Irlandatik britaindar armadak aldegiteko eskatu du irmoki; eta argi eta garbi deklaratu du (behinola De Gaullek egin zuen bezalatsu) irlandatarren eskubidea erresuma bakar bat eratzeko, bitan zatiturik dauzkan mugak kentzeko eta, hitz batez, beren buruak irlandatarrek nahi duten eran gobernatzeko".
Hori bai zela mauka, edozein indar askatzailek beretzat nahiko lukeena! «Larresoro» ere ados zen horretan, baina euforiari bere trabatxoa jartzen zion: "Pozgarri da, dudarik gabe, lotsarik eza eta karkulukeriarik zitalena gidari diren mailan, horrelako jaun haundiengandik justizi egarria oinarri duten aitor horiek entzutea. Baina politikaren bideak inoiz konprenituko baditugu, beharrezkoa da laguntza-dei bikain horiek noiz gertatu diren hausnartzea. Azterketa hau egin gabe, oso ondorio eta iritzi funtsgabeak izan ditzakegu, eta irteerarik gabeko jokabideak proposa (borondaterik onenarekin, jakina!)".
Hori bai zela giroa izorratzea! Zergatik egingo ote zuen?
EGOERAREN GORDINA
"Lerro hauek idazten ditudan mementuan, 28 britaindar soldadu hilak dituzte irlandarrek Ulster-en. Azaldu denez, hauetxek dira IRA abertzaleak onhartuak dituen helburuak: ćA good british soldier ia a dead oneĆ (britaindar soldadu ona, hildakoa da); eta paretak betetzen dituen beste hori: ćInglesa hiltzaileĆ. Sunday Timesek salatu duenez, tortura erabiltzen da Komisarietan; eta abertzale-entzutea duten katolikoak ehunka, milaka, dira gartzeletan usteltzen ari. Aski da berebil baten ihes-hodi batek eztanda egitea, okupazioko armadak gogoz mitrailetari eragin diezaion. Edward Kennedy, beraz, giro hori dagoenean mintzatu da irlandarren alde". Horixe zen egoeraren gordina, beraz. Eta Malraux-en Bangla Deshekiko amodioaren zergatia, zein?
"Bengalari buruz, noski, gauza bera esan behar da; baina aisa gogorkiago. Memento honetan, 11.000.000 bengalatarrek egin dute ihes beren sorterritik ikarak eraginda; eta Indiako Bengalan gerizatu (lau aldiz Euskal Herri osoa ihesi!). Honek adierazten duenez, zazpi bengalatarretatik batek utzia du bere etxea eta dena, kontzentrazioko landatan pilaturik irauteko. Kolerak, milaka hil ditu desherritu gizajo horiek. Orrialde hauetan beretan beste batetan azaldu nuenez, Mujibur-en Awami-Elkarteak (Bengalaren askatasunaren aldekoa) gehiengo osoa lortu zuen igaz Dacca-ko Parlamentoan (%98). Orain gerrilak agertu dira arrazagetan, eta egunero hiltzen dira pakistandar soldaduak abertzaleek muntatzen dituzten inkontruetan. Zenbat gerrilero dago? India aldean esaten denez, etorritako hamaika milioi horietatik 150.000 daude gertu iskiluak hartu eta aberria liberatzeko; eta aste hauetantxe ari dira militar entrenamendua hartzen. Bengalaren barruan bertan, eta izkutuan beraz, 7.000 bat gerrilero dago gaur, terrorismoan abiaturik. Horra hor, beraz, egia osoa esateko, Andre Malraux bultzatu duen egoera izugarria (Biafrakoa bera baino askoz izugarriagoa, ahobatez esaten denez)".
Horrela bada, noiz agertu ziren Malraux eta Kennedy egoera horien aurrean agertu bezala? "Irakurleak gogoeta egin, eta esan beza", zioen «Larresoro»k. Baina ez bide zuen irakurlegoaren burua estutzeko gogoan konfiantza osorik, datuak ematen jarraitzen baitzuen:
"Noiz mugitu dira gauzak bertan soluzio bati buruz? Noiz elkartu dira Londres, Belfast eta Dublin mahai baten inguruan ćsoluzioĆ bat aurkitzeko? Edo, beste modu batera esateko: noiz arte ez dira elkartu? ćPresiopean ez dugu amor-emangoĆ, diote amor-eman ez zutenek. Baina amor-emate hori aipatze hutsa ere amor-ematearen lehenengo seinalea da; presioa sortu arte (ćdena hondatukoĆ omen duen presioa, alegia) ukatu bait da prolemaren izatea bera"

Gontzal Landa

Bizkaiko Labe Garaiak izan ziren joan den mendean Ezkerraldeko motorea, eta beren garrantzia gogorarazteko asmoz-edo, Sestaoko Labe Garaietako Erretiratuek altzairutegi zaharren inguruko erakusketa antolatu zuten joan den hilean. Urriaren 9a bitartean zuri-beltzeko ehunen bat argazki izan ziren ikusgai Sestaoko musika eskolan.

Badira urteak Bizkaiko Labe Garaiak izeneko enpresak porrot egin eta bere jarduera bertan behera geratu zenetik. Antzuak izan ziren langileek eta sindikatuek itxieraren aurka burutu kale agerraldi, greba, borroka eta protesta guztiak, azkenean Espainiako Gobernuak ezarritako birmoldaketa industrialak Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtziko milaka lagun kale gorrian utzi baitzituen. Ezkerralde osoarentzat tragedia bat izan zen, eta bi lantegi erraldoien itxierak aro ilun bati hasiera eman zion. Sestaoko altzairutegi zaharra hutsik dago, noski, baina oraindik zutik mantentzen diren paretetan "AHV ez itxi" dioten pintadak irakur daitezke.
Egoera oso bestelakoa zen joan den mendearen lehen erdialdean. Ricardo Galdos hamazazpi urterekin Bizkaiko Labe Garaietan hasi zen lanean, bere aitaren eskutik. Ikasketak bukatuta, hasiberri guztiei bezala oilo ipurdia jartzen zitzaion makina erraldoi eta zaratatsuen artetik igarotzerakoan. Euri asko bota du ordutik eta Ricardo gaur egun Sestaoko Labe Garaietako Erretiratuen Elkarteko lehendakariordea dugu, baina lehen egunetako txikitasun sentimendu haiek ez ditu ahaztu.
Lokomotoretan laguntzaile bezala aritzea egokitu zitzaion, arrisku handiko lana eskarmentu gabeko gazte batentzat. Ricardo eta bere lankideek labeetatik ateratako salda edo burdina urtua trenean sartu beharra zuten, gero Barakaldoko lantegira eramateko, betiere tantarik isuri gabe, noski. Betebehar zaila eta ezatsegina zen, baina batez ere arriskutsua; izan ere, lan baldintzak kaxkarrak baino penagarriak ziren, eta segurtasun faltak istripu, baja eta heriotza andana eragin zituen.
Dena den, Bizkaiko Labe Garaiak izeneko enpresak urtero Kolonbia, Jugoslavia edo EEBBetara esportatzen zituen milaka tona latorri, burdina eta altzairu ekoiztea lortzen zuen. Hazkunde ekonomikoa bere gorenean zegoen, dena primeran zihoan. Mozkinak inoiz baino handiagoak ziren.

Labe Garaiak Ezkerraldearen bihotza.

Enpresak eraikitako trenbide-sareak 53 kilometro zituen, horietarik gehienak Bilbo eta Portugalete elkartzen zituen ibilbideari zegozkionak. Trenek Barakaldo eta Sestaoko altzairutegietan geldialdiak egiten zituzten, Trianoko (Gallarta) meatzetatik atera lehengaia jaisteko edo ekoitzitako produktuak batetik-bestera eramateko. Mende hasieran lan horretan zaldiek tiratutako gurdi gidariak aritzen ziren, baina aurrerakuntza teknologikoei esker garraioa azkarrago eta errazago egin zitekeen, hogeita bi lokomotora eta ehunka bagoiei esker.
Langile guztiek, dena den, lepoko zapiak erabili behar zituzten lokomotoreek eta, oro har, makina ia guztiek isuritako keari aurre egiteko. Kapela eta txapela ere jantzi ohi zuten, baina zikinkeria alde guztietatik sartzen zitzaien, eta lanaldia bukatzerako aurpegia erabat belztuta zeukaten. Behealdean fraka nasaiak eta mantala. Udako beroak giroa itogarria bihurtzen zuen.

Garai gazi-gozoa.

Hala ere, Sestaoko Erretiratuen Elkarteko idazkari eta diruzain Pedro Trigoren ustez, momentu alaiak ere bizi zituzten. Adibidez, elikagaiak inon baino merkeago eskaintzen ziren Kontsumorako Kooperatiba edo ekonomato bana ireki zituztelako Barakaldo eta Sestaon. Labe Garaietako Zuzendaritza Batzordeak aginduta altzairutegian lan egiten zutenek bakarrik izan zitezkeen bertako bazkide, aurrez ordaindutako hamabost pezeten truke.
Dena den, ekonomato hauen inguruan1909an altzairutegietako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako araudia nahikoa salagarria da, batik bat, ondokoa dioen artikulua: "...Biltegiko nagusiak produkturen bat ustelduta edo puskatuta dagoela ohartuko balitz, Kooperatibako lehendakariari jakinarazi beharko lioke, honek erabikirik egokiena har dezan...".
Bestalde, Labe Garaien lan eskaintza asetzeko Espainia aldetik langileria handia etorri zen, baina bizitzeko tajuzko tokirik ez eta altzairutegiko buruek etxeak eraikitzeari ekin zioten. Guztira bi mila etxebizitza. Horrezaz gain, hiru eta hamazazpi urte bitarteko haur eta gaztetxoek ikas zezaten zenbait eskola martxan jarri ziren. Ikasle guztiak, noski, Labe Garaietan aritzen zirenen seme-alabak edo beren kargura zeuden adin txikikoak ziren. Zentzu honetan Pedro Trigok dio larunbatetan ere klasera joan behar izaten zutela apaizek hala agintzen zietelako, eta gaixotasun kutsakorren bat zuenari eskolara sartzea galarazten ziotela. 1907. urtean Labe Garaietako Zuzendaritza Batzordeak idatzitako araudiaren arabera, ikasleek beren irakasleak, lantegietako zuzendariak eta, oro har, altzairutegiko goi-karguak agurtu behar zituzten eskola barruan nahiz eskolaz kanpo. Nagusiei zuzendutako klaseak arratsaldetan izaten ziren, ordu eta erdiz.
60ko hamarkadara arte gauzak dezente ondo joan zitzaizkon Sestao eta Barakaldoko langileriari. Jendearen arteko harremana oso ona zen, ez zen istilu handirik izaten eta langileak txikiteoan elkarrekin ibiltzen ziren. Herriko jaietan, gainera, senide eta lagun guztiak bazkari herrikoietan biltzen ziren, eta erromeriak aldarte onean igarotzen zituzten.

Labe Garaiak krisialdian.

Baina 1963.ean enpresa bere hilobira eramango zuen finantza-krisialdia hasi zen. Bi urte beranduago, hala ere, altzairutegiak teknologikoki berriztatzeari ekin zioten, ehunka langile kaleratuz. Makina berriek ez zuten arazoa konpondu, eta enpresa dirua galtzen hasi zen ohi ez bezala. Orduko Europako Komunitate Ekonomikoak diru-laguntzak eman zituen jarduera industriala gera ez zedin, baina PSOEren ekonomia politikak Labe Garaietako gainbehera sakondu eta ateak betirako ixtea eragin zuen.
Ricardo Galdósen ustez, langileria ere itxieraren errudun izan zen, neurri batean, langileek ez zutelako kinka larriaren kontzientziarik izan, eta erantzukizunik hartu ez zutelako. Dena dela, Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna oso handia izan zela ziurtatzen du.
80ko hamarkadan sindikatuek eta langile mugimenduek Labe Garaien bizi iraupena bermatzeko ahaleginak bikoiztu zituzten lankideen kaleratzeak salatuz eta beren etorkizuna argitu zedin eskatuz

Jon Maya

Seine Saint Denis nazioarteko jardunaldi koreografikoak lehiaketa moduan burutzen dira bi urtean behin. Dantza garaikidearen munduko txapelketa dela ere esan daiteke. Izan ere, mundu osoko koreografoak sari bat eskuratzeko lehiatzen dira. Hala ere, guztia ez da horrela esanda dirudien bezain erraza.

Jardunaldien antolakuntza nagusia Parisetik bideratzen da, eta bertako zuzendaritza batzordearen inguruan hainbat plataforma dago eratuta mundu osoan zehar. Bilbon, esate baterako, La Fundicion aretoaren baitan dago antolatuta plataforma horietako bat.
Plataforma bakoitzak, nahi duen irizpideekin baliatuta, zenbait koreograforen lanak hautatzen ditu. Lan horiek plataformak berak antolatzen dituen jaialdietan erakusten dira, eta lehenengoz bertan erakusten zaizkio Pariseko zuzendaritza batzordeari. Zuzendaritzako kideak mundu osoan zehar antolatzen diren jaialdi guztiak ikustera joaten dira, eta horien guztien artean 2002. urteko martxoan Parisen egingo den agerraldi handian erakutsiko diren lanak hautatzen dituzte. Eta aurten koreografo eta dantzari euskaldunak izango ditugu Pariseko ekitaldian, Idoia Zabaletaren «La puta inocencia» lana hautatua izan baita.
Sari handiena hori da hain zuzen ere, Idoiak eskuratu duen hori. Jazoera horrek gauza ugari esan nahi ditu: aurkeztutako lana gauzatzeko diru laguntza jasoko duela, bertako agerraldian mundu osoko programatzaileak bilduko direla eta bulego bat lanak munduan zehar hedatu eta ezagutarazteaz arduratuko dela.
Euskal Herriak aurten ordezkaritza nahiko ederra izan du lehiaketan. La Fundicion aretoak formatu txikiko lanak hautatu ditu, eta egile guztiak euskal herritarrak izatea bilatu du, gainera. Oinarri horiekin, hilaren 19, 20 eta 21ean Damian Muńoz, Idoia Zabaleta, Idurre Azkue, Sofia Asensio, Blanca Arrieta eta Elena Cordoba koreografoek euren lanak aurkeztu zituzten Bilbon. Aretoaren ezaugarriei egokituta, bakarkako, binakako edo gehienez hirukotean eginiko lanak ikusi ahal izan ziren; guztiak dantza garaikidekoak, baina euren arteko ezberdintasun handiekin. Luque Tagua La Fundicioneko kideak dioen moduan, "dantza garaikideak jada badu mende bat, eta horren barruan klasikoa dena eta oso aurrerakoia dena aurki daiteke". Aniztasun hori kontuan hartuta Seine Saint Dennis lehiaketa ere aldatzen joan da. Lehen gutxienez hiru dantzarientzako obrak aurkeztu behar ziren; orain, aldiz, askatasun askoz ere handiagoa dago. Laura Etxeberria aretoko arduradunak dio garaietara egokitzen joan dela: "Koreografo askoren kezkak bestelakoak dira, konpainia handietan jarduten duten dantzari askok sortzen dituzte lan txikiak (bakarkakoak-eta), eta lehiaketa egoera horretara hurbiltzen ari da". Horregatik orain ez dira hainbeste ikusten garai bateko talde handiak. Taguaren aburuz, talde horiek enpresa handien moduan jarduten dute, «ez dute inoren laguntzarik behar munduan zehar ibiltzeko, eta jardunaldi hauek gehiago zuzentzen dira euren burua ezagutzera eman nahi duten talde txikiagoetara".
Aldaketak jardunaldiko hainbat alorretara hedatzen ari dira. Gaur egun, plataformek askatasun osoa dute nahi dituzten lanak aukeratzeko; garai batean hamabost obra bakarrik saritzen ziren, orain gehiago ere izan daitezke... Zuzendaritza batzordeko kideek berregituraketa prozesu batean dagoela diote.
Bilboko plataforma aurten hirugarren aldiz burutu da, eta ekitaldi horietan zehar argi eta garbi ikusi da aldaketa horren norabidea. Lehenengo urtean Arriaga antzokian aurkeztu ziren lanak (formatu handian), aurreko edizioan Barakaldo antzokian (formatu ertainean), eta orain formatu txiki batean erakutsi dira La Fundicion aretoan. Horrek, baina, ez du esan nahi maila eskasagoko lanak direnik, baizik dantza garaikideak bide berriak dituela eta obrak aurkezteko modu berriak daudela.


Promoziorako aukera.

Koreografoen eta plataformako arduradunen esanetan, Seine Saint Dennis promoziorako aukera on bat da. Taguak dioenez, "jaialdirako hautatua izatearekin bakarrik mundu osoan zehar esku askotatik igaroko den txosten batean agertzen zara; horrekin kontuan hartu behar da mundu osoko programatzaileek badutela lan horien berri". Hori dela eta, askotan atzerriko programatzaile horiek lanarekin interesatu eta hori gehiago ezagutzea nahi dute. Esaterako, Euskal Herriko lanak aurkeztu ziren egunetan Bilbon Austria eta Hungariako bi programatzaile izan ziren.

Pariseko azken agerraldirako hautatu diren lanei, berriz, askoz ere ate gehiago irekitzen zaizkie. Saint Denis aretoan 300 programatzaile baino gehiago biltzen dira, eta haiek bertan ikusitako lanak mundu osoan zehar mugitzeko prest izan ohi dira. Idoiari, beraz, aukera ederra zabalduko zaio aurten.
Laura Etxeberriak oso garrantzitsutzat jo du lan hau aukeratu izana: "Orain arte lan asko egin izan dugu, baina bazirudien Paris existitu ere ez zela egiten; orain behintzat badakigu hor dagoela eta iristeko aukerak ere badaudela". Bestalde, euskal koreografo guztientzat aukera bat da. Batzuri mundu mailako zirkuituetan barneratzeko aukera ematen die, eta atzerrian dabiltzan dantzari askori etxera itzuli eta lan apur bat egitekoa.
Euskal Herrian dantzari buruz dagoen politika eta programatzeko ohitura eskasa kontuan hartuta, ez da erraza bertako dantzariek mundu osokoekin lehiatu ahal izatea, batez ere egiturarik ez dagoelako, baina kasu honetan Idoia Zabaletak erakutsi du maila badagoela, eta bertako jendea bultzatzeko arrazoirik ere bai.
Lehiaketaren helburu nagusia sarean lan egitea da, eta horrela lan egiteak aukera asko zabaldu diezazkieke dantzariei

Daniel Udalaitz

Gamesa Aeronauticak enpresaren hedapen handia aurreikusten zuen, baina Estatu Batuen aurkako atentatuak errotik moztu ditu asmo guztiak. Atentatu horrek aire sektorean eragin duen kalteak -bidaiak eta bidaiariak murriztea- ondorio nabarmenak izan ditu sektore aeronautikoan edo hegazkinen fabrikatzaileengan. Konpainien hedapen planak bertan behera geratu dira, eta mundu guztiak baliabide kapitalista berbera erabili du kostuak murrizteko eta beren irabaziek beherakada handiegirik ez izateko: langileak kaleratzea. Ezin dugu ahaztu Gamesa Aeronautica bezalako hainbat enpresa oso errentagarriak izan direla I-11 bitartean. Horrela, Grupo Gamesak, (aeronautikako saila horko partaide izaki), 127.000 milioi pezetako (5.080 milioi libera) fakturazioaren bidez, 2000. urtean, 15.216 milioi pezetako (609 milioi libera) irabazi gordinak lortu zituen, hau da, 1999. urtean baino %18 gehiago. Mozkin garbiak, zergak ordaindu ondoren, 11.456 milioi pezetakoak izan ziren 2000. urtean.

2001. urtean, Gamesak aurreko urtean baino %20-30 gehiago fakturatzeko asmoa du. Eta Estatu Batuetako I-11ko atentatuaren ondorioz 500 langile kaleratzeko asmoa iragarri zenetik egun gutxi igaro ondoren, komunikabideren baten bidez publikoki jakinarazi da "konpainiak, oraindik ere, aurten aurreikusten zituen irabaziak lortzeko itxaropenarekin jarraitzen duela, eta aurreikuspen horien arabera mozkin garbiak %37an igotzea espero» zutela (2001eko urriaren 14ko «El Correo Espańol»). Horrek esan nahi du Gamesak 15.000 milioitik gora pezeta inguruko mozkin garbiekin itxiko duela ekitaldia.

BOSTEHUN KALERATZE.

Gamesak I-11ko atentatuaren ondorengo egunean bertan 500 langileren kaleratzea iragarri zuen, eskaeren murrizketa argudiatuz; batez ere Embraer programako eskaeretan. Nagusiki, Arabako Mińanoko langileei eragingo die. Gamesaren lehen krisialdia da, eta, gainera, sektorean ezagutu den handienetakoa eta bat-batekoenetakoa. Aldi berean, ekinean dituen proiektuen garapenari atxikirik ez dauden inbertsioak geraraziko dituela iragarri zuen. Gamesak, aurtengo urtean, 195 hegazkin entregatzea aurreikusten du, urte guztirako aurreikusten zituen 256 hegazkinen ordez. Datorren urtean ematekoak zirenak ere murriztu ditu: aurreikusitako 283 unitateen ordez 166 izango dira.
Sindikatuek (CCOO, ELA, LAB) oso gogor kritikatu dute neurri hori, zeren, beren ustez, enpresak egituraketa planak konpontzeko aitzakia gisa erabili du EEBBetako atentatua, eta, gainera, guztiz neurri gogorrak hartzen baititu sektoreko beste enpresa batzutan hartu direnekin alderatuz gero. Horrela, Gamesan, plantilaren murrizketak aeronautikako sailaren %30 ingururi eragingo dio, eta, munduan zehar, sektoreko gainerako enpresek %20tik beherako murrizketak iragarri dituzte.
Euskal Herriko aeronautikaren sektoreak hiru oinarri nagusi ditu: Sener, ITP eta Gamesa. Horrez gainera, badira beste hamasei enpresa laguntzaile, euskal «cluster» aeronautikoaren kide direnak, eta horiek ere, gehiago edo gutxiago, eraginda gertatuko dira. Oraingoz ez dirudi Sener oso kalteturik gertatuko denik, oso sektore ezberdinetan aritzen delako. Aldiz, ez zaio hori gertatzen egoitza Zamudion duen ITP enpresari, honek batez ere sektore horretan garatzen duelako bere eginkizuna. Aurten bertan ITPk Rolls Roycerekin kontratu garrantzitsu bat sinatu zuen. Akordio horri esker, aurrerantzean Zamudioko euskal enpresa hori izango da prestaziorik handieneko Rollsen hegazkinen motorretarako presio baxuko turbinen diseinatzaile eta fabrikatzaile bakarra.
Akordio hori betetzeko, bere gaur egungo 2.000 langileko kopurua 2005. urterako 3.000 langilera handitu behar zuen ITPk. Bere fakturazioa, epe horretan bertan, bikoiztu egingo zen, eta urtean 100.000 milioi pezetakoa izatera iritsiko zen. Orain, atentatuaren ondoren, enpresa britainiarrak 3.000-4.000 langileren kaleratzea iragarri du. Beraz, ikusi egin beharko da ustekabeko egoera horrek zenbaterainoko eragina izango duen ITPren aurreikuspenetan, eta esan beharra dago bertako zuzendaritzak, oraingoz, ez duela inolako planik aldatu. Taldearen Precicast enpresa berriaren inaugurazioan, krisian egon arren, urte honetarako negozioekin bilduko duten diru kopurua 60.000 milioi pezetakoa izango dela ziurtatu zuen Joaquin Coello zuzendari nagusiak. Halaber, orain duten 1.214 pertsonako plantila bere horretan mantenduko duela gaineratu zuen, bere sozioetako batek, Rolls Roice multinazionalak, 3.000-4.000 langile kaleratuko dituela aurreikusi badu ere.
Euskal «cluster» aeronautikoa honako hauek osatzen dute: Burulan, Euroblocks, Iontech, Lazpius, Messima Bilbao, Metralea, Novalti, EB-RIM, Nuter, Siegel, SK-10, Spasa, Talleres Aratz, Tecnichapa, Tratamientos Termicos TTT. Nabarmendu beharrekoa da euskal sektore aeronautikoak Espainiako Estatuko sektore guztiaren %28 bereganatzen duela. Une honetan ez dugu atentatu horrek enpresa horietako bakoitzean izan duen eraginari buruzko daturik, baina zentzuzkoa litzateke pentsatzea enpresa nagusiak eraginda gertatzen baldin badira, sektoreko gainerako enpresek ere, gehiago edo gutxiago, kalteak jasango dituztela.
Aitzaki bezala onartezina bada ere, egia da enplegu murrizketa planek eta hegazkinak egiteko murrizketak mundu guztian izango duela eragina sektore horretan. Horrela, Boeing-ek 30.000 kaleratze egingo dituela iragarri du 199.000 langileko enpresan (%15); aurten 500 hegazkin entregatuko ditu, aurreikusitako 538 hegazkinen ordez, eta 2002. urtean, berriz, 400 hegazkin, aurreikusten zituen 510en ordez. Airbus-ek, bestalde, oraingoz ez du inolako kaleratzerik iragarri, baina bere ekoizpena murriztu egin du, eta 2003. urtean 350 hegazkin egingo ditu, aurreikusten zituzten 450en ordez. Bombardier-ek bere 56.000 langiletatik 3.800 kaleratzeko asmoa iragarri du (%6,7), eta aurten 370 hegazkin egingo ditu, bere aurreikuspenak 410 egitea bazen ere. Embraer-ek 1.800 langile kaleratzeko asmoa adierazi du, eta urte honetan 160 hegazkin egingo ditu, hasiera batean 185 egiteko aurreikuspena izan arren, eta 2002. urtean 135 egingo ditu eta ez aurreikusitako 205 hegazkin. Azkenik, Honeywell, Rockwell Cololin eta Textron konpainiak, hurrenez hurren, 15.800 (%13), 2.600 eta 2.500 langile kaleratzekotan dabiltza. Azken egunotan, Rolls Royce enpresa britainiarrak ere 3.000tik 4.000ra bitarteko langile kopurua kaleratzeko iragarpena egin du.

25 URTEKO ENPRESA.

Gamesa duela 25 urte sortu zuten bi enpresarik, metalurgiaren sektorerako tailer mekanizatu gisa. Bi enpresari horiek, Juan Luis Arregi eta Joseba Grajales, oraindik akziodunak dira. Garai hartatik hona gorabehera ugari izan ditu negozioak. Hasierako mekanizatu lanen ondoren kontrol numerikoa etorri zen, eta gero zelula robotikoak, diseinuzko ingeniaritza eta abar. Aldaketa nagusia 90eko hamarkadako lehen urteetan iritsi zen; izan ere, garai horretan egin zuen funtsezko jauzia talde bezala, eta hiru adarretan egituratu zen: aeronautika, automozioa eta energia.
Gamesari 1990an iritsi zitzaion bultzada nabarmenena, Corporación IBV akziodunen artean sartu zenean. Bazkide berri hau garai hartan BBV zenak eta Iberdrolak osaturik zegoen, bakoitzak %50eko partaidetza izanik. Hasieran Gamesaren %40ren jabe egin zen, eta handik bi urtera beste %40rena. Aeronautikaren sektorean, hutsetik abiatuta, 1994an sartu zen, eta dagoeneko bere bezeroen artean ditu Brasileko Embraer, Swearinge konpainia, eta helikopteroak egiten dituen Estatu Batuetako Sikors-kye. Aeronautikaren sektoreak Gamesaren negozio guztiaren %33 bereganatzen du. Bestalde, Gamesa Automocion, Mondragon Corporacion Cooperativa, MCC-ren, eskutik sendotzen ari da Hego Amerikan duen presentzia, eta horixe da jatorrizko lanarekin loturarik handiena duen saila; enpresaren fakturazioaren %25 bereganatzen du. Eta denen artean abiadura handiena daramana taldeko hirugarren eta azken oina da, Gamesa Energia. Bere helburua energia berriztagarriak dira, nahiz eta oraingoz energia eolikora mugatzen diren. Taldeko fakturazioaren %50 inguru bereganatzen du azken honek.

IBERIAK 2.500 LANGILE KALERATUKO DITU.

Iberiak, Espainiako Estatuko aire konpainiarik garrantzitsuenak, murrizketa handia izango du, eta 2.500 langile kaleratu ditzake. Horrek, noski, bere eragina izango du Hego Euskal Herriko langileengan ere. Azaroaren 1az geroztik, Iberiak %11 murriztu ditu bere hegaldiak, eta gastu orokorrak murrizteko plan bati ekin dio, bi urteren buruan 27.000 milioi pezeta, hau da, %15, aurrezteko xedez.
Bertako arduradunek diotenez, Iberia EEBBetako irailaren 11ko erasoaren ondorioei aurre egiteko ahaleginetan ari da. Data horrezkero Iberian egiten diren hegaldi erreserbak %18 jaitsi dira, eta aseguruen kostu igoera 15.000 eta 20.000 euro bitartekoa izan da. Beti gertatu ohi denez, egoerari aurre egiteko lehen neurria langileak kaleratzearena izan da, nahiz eta, diotenez, kaleratze hori ez den traumatikoa izango erretiro aurreratuak eta pizgarri bidezko bajak eta enplegu erregulaziorako espedienteren bat erabiliko direlako.
Iberiaren hegazkin kopurua ere eraginda gertatuko da planaren ondorioz. Konpainiak atzeratu egin du 19 airbus sartzeko zuen asmoa, eta beste 16 hegazkinek ere utzi egingo diote beren jarduerari; horien artean Air Europako seiak eta Air Atlantako biak, eta horiei dagokiena Iberiaren baliabidez estaliko da.
Iberia enpresaren erradiografiak hauxe erakusten digu. 29.124 langile ditu eta 218 hegazkin; 95 norako ditu, eta beste 45 norako beste konpainia batzuekin batera, 42 herrialdetan banaturik. Eguneroko batez besteko hegaldi kopurua 984koa da, egunean 123.000 jarleku eskainiz batez beste. 2000. urtean 30.000 milioi bidaiari garraiatu zituen. Urte horretan 730.000 milioi pezetako diru sarrerak eta 40.000 milioi pezetako mozkin garbiak izan zituen (zergen ondoren). Aurreko urtean, 1999.ean, 646.326 milioi pezetako fakturazioaren bidez, 31.082 milioi pezetako mozkinak izan zituen. Eta 1998. urtean, berriz, 65.967 milioi pezetako mozkinak eta 665.344 milioiko fakturazioa izan zituen.
Iberiako kapitala honela osaturik dago: Caja Madrid (%10), British Airways (%9), BBVA (%7,3), Logista (%6,7), El Corte Ingles (%3), Ahorro Corporación (%3), American Airlines (%1) eta gainerakoa, %60, Burtsan dago akziodun txikien eskuetan

Mikel Asurmendi

Jojo Bordagarai gabadiarra Jutsin bizi da (Nafarroa Beherea). Ramuntxo Carrere, berriz, lekuindarra da eta Aiherran bizi da (Lapurdi). Ipar Euskal Herriko Kantu Txapelketan ezagutu zuten elkar, 1987an: «Euskal Herriko Kantu Txapelketaren bigarren aroan ezagutu ginen, aro modernoan-edo. Txomin Hegik irabazi zuen lehen ekitaldian eta guk bigarrenean, 1989an. Lehen aroan -60ko hamarkadan- Benito Lertxundi eta Erramun Martikorena kantariak eman ziren ezagutzera, besteak beste», oroitarazi digu bikote honek.

Hiru disko plazaratu dituzte ordutik. Lehenengo biak, Elkar diskoetxeak ekoiztuak, Niko Etxarten Kilikas estudioan grabatu zituzten: «Haize andrea» eta «Maitasunez ba ote». Hirugarrena, aldiz, «Zure kanpoetara» Xabi Peryren eskutik grabatu dute Laguna estudioan eta Agorila diskoetxeak ekoiztua da. «Kantu sinple batzuekin hasi ginen musikan. Lehen diskoan melodiak eta hitzak uztartu baino ez genituen egin. Bigarren diskoan gauza berriak xerkatu genituen, tresna gutti baina Niko Etxarten laguntza paregabea izan genuen. Disko honetan beste zerbait egitera entseatu gara», diote kantari biek.

ZORTZI urte GRABATU GABE.

Jojo polifazetikoa da. Musikaria izateaz gain, Amikuzeko gau eskolako irakaslea eta filmen proiektista lana burutzen du Donepauleko zine-areto nagusian. Ramuntxo, berriz, kontularia da; laborarien kontularitzaz arduratzen da. Zortzi urte pasa dituzte grabatu gabe, musika ez baita beren ogibidea. Disko berri bat grabatzeko ez omen dute jo mugarik eta ez dute beren burua musikalki behartuta kausitu izan egun arte: «Txuku-txuku aritu gara. Gainera, bikote gisa hasi ginen eta orain talde bat gara. Musikari berriekin aritzeak beste maila batera pasarazi gaitu. Kantuak beste molde batez pentsatu eta moldatu behar ditugu orain. Kantuak ezin dira heldu diren bezala egituratzen ahal, orain beste gisa batez lan egin behar dugu elkarrekin aritzeko. Disko berri honetan kolore ezberdinak tartekatu ditugu, giro herrikoia eta modernoa uztartzea izan dugu xede».
«Zure kanpoetara» diskoan talde lana ageri da, musikari bakoitzak bere nortasuna eman dio diskoari; euren kalitatea eta dohainak. Bikotearen arabera, taldekideak berauek baino musikari aise hobeagoak dira, eta hori agerikoa da egindako lanean: «Guretzat disko bakoitza abentura bat da. Musikari kideen ikusmoldearen arabera melodiei zer-nolako apaindura eman behar zitzaien eztabaidatu dugu. Denon artean deliberatu dugu zer sentitzen genuen hitz bakoitzarengatik. Bakoitzak bere ikusmoldea ekarri du eta gero denon espiritua agerrarazteko moldea landu dugu». Philippe de Ezkurra akordeoilaria, Mathieu Haranburu kitarrapala jolea, Xabi Albistur kitarra elektrikoa jotzen duena eta Pitxi Sarthouk osatzen dute Jojo eta Ramuntxo taldea.
Kantu txapelketari esker kantari kopurua emendatuz doa Ipar Euskal Herrian. Alta, Jojo eta Ramuntxoren aburuz, kantuegile eskas daude. «Zure kanpoetara» diskoaren hitzak eta doinuak bienak dira. Alabaina, hamaika kantuetatik lau bereizi beharra daude. XIX. mendeko bi testu alde batetik: Jan Battit Camoussariren «Marińelaren Kontra-Pasa» eta Donepaleuko Jauregiberriren «Pobrearen kantua». Biak Jojok musikatuak. Gaurkotasun handikoak bi kantuak, jite fatalista dutenak, musikari hauen hitzetan. «Kantan badoa bihotza» dago bestalde. Kantu honen hitzak Itxaro Bordarenak dira. Xiberoko Botza du aipagai. Irratiak berak eginiko eskaeraz sortua da. «Jin Baledi» izeneko kantuaren hitzak berriz, Zuberoako Alexis Etxekopar «Attuli» musikari mitikoari eskatu zizkioten. «Attuli»ri dioten estimuaren lekukotasun gisa asmatu dute kantu kilikagarri honen doinua. Bikoteak dioenez, Philippe de Ezkurra eta Patxi Arotzarenak kantuen konponketan eginiko lana berebizikoa izan da. Kantu baten musika ezezik, gainontzeko kantuen moldaketa guztiak Philippe de Ezkurrak eginak dira. Itoiz talde ohiaren Xabi Peryren grabaketa lana biziki estimatu dute era berean.
«Zure kanpoetara» izenburua ez dagokio kantu baten izenari, «Eskapatze» kantuaren leloaren hitzak dira. Diskoaren azalean agertzen den irudian islatu nahi izan dituzte beren gogoetak. Honela azaldu digute bere funtsa: «Margo baten aitzinean izaniko gogoeta batetik abiatu zen ideia. Berean mundua hilotza agertzen zen eta berari begira pertsona bizidun bat agertzen zen. Hila zen mundu hori bizidun bilakatu da finean. Kantu onirikoa da funtsean» dio Jojok. «ćZure kanpoetaraĆ izenak kanpoa edo bakoitzaren mundua ere erran nahi du, hitz joko bat da. Kanporako begirada eta norberaren baitarako soako bat da. Bi munduen arteko begirada bat islatu nahi dugu. Kantu sinbolikoa da», gehitu du Ramuntxok. Alta, diskoaren azalean islatu nahi zuten ideia ez da erabat gauzatu. Mirailan behar lukeen irudia ez baita agertu. Irudiz, ekoizpeneko iratxoak ez dira beren alde aritu izan.

ordizian eta Urruńan.

Jojo eta Ramuntxok disko berri baten garaian 30 kantaldi inguru burutzen dute urtean. Azaro honen 24 eta 25ean Ordizian nahiz Urruńan joko dute; Kepa Junkera eta Ruper Ordorikaren aurretik joko ere, hurrenez hurren. Hegoaldean ez dute nahi beste abesten. Gipuzkoan, Donostia eta Tolosa aldean aritzen dira. Bizkaian, berriz, Getxo eta Berangon. Nafarroan, Baztanen batez ere:«Guk gehienbat lagunen gonbiteei esker abesten dugu Hegoaldean. Agorila etxeak zailtasunak ditu Iparraldeko kantarien lanak Hegoaldean sustatzeko».

Profesionala ez bazara, disko bat grabatzea diru arazoa da Jojo eta Ramuntxoren aburuz:«Garai batean Elkarrek asko saltzen ez genuen folk musikariak ere ekoizten zituen; ekoizpen osoa hartzen zuen bere gain. Gaur egun ez. Alta, zeregin hau ere diskoetxe azkarrena izan beharko luke gure irudiko»

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan