Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-11-04 -- 1828.zenb

- Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Eusko Legebiltzarrean: «Arazoaren gakoa honetan datza, onartzean Euskal Herria ez dela Estatuaren menpe dagoen zati bat, berezko nortasuna duen herri bat baizik. Beraz, ez gaude arazo juridikoen aurrean. Borondate politikoaren aurrean gaude eta kito».
- Jaime Mayor Oreja, PPko parlamentariak Eusko Legebiltzarrean: «Euskal nazionalistak izan dira autonomiaren benetako motorra».
- Jose Maria Aznar, Espainiako Gobernuko lehendakaria: «Batzuek horren gustuko duten prozesu horretan (Irlandakoagatik), armak entregatu arte autonomia eta erakunde irlandarrak indargabetu zituen Gobernu britainiarrak. Niri, halakorik egiteko iradokitzen ez aritzea espero dut».
- Joseba Azkarraga, Jaurlaritzako Justizia sailburuak Efe agentziari: «Autonomi Estatutua bete ez dutela ikusita, herri honek burujabetasuna lortzeko aukera izan behar du, hau da, independentzia politikorako».


Nicolas Redondo Terrerosek PSE-EEko idazkari nagusi gisa jarraitzen duen hala ez datozen hilabeteetan ikusiko da, eta abenduko konferentzian gertatzen dena erabakiorra izango da horretarako. Edozein modutan, jadanik argi dago Redondo Terreros ez dela berriz lehendakarigai izango.
Xabier Arzalluzen ustez, hedabideek egiten dituzten gehiegikerietatik defenditzeko prentsa auzitegi bat beharko litzateke.
Antoni Batista Kataluniako ´La vanguardia´egunkariko kazetariak Euskadi sin prejuicios liburua kaleratu berri du. Bertan Lizarra-Garaziko Ituna sinatu zenetik maiatzaren 13ko hauteskundeetako tartean komunikabideek egindako lanaren azterketa oso kritikoa egiten du.
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak Gernikako Estatutua hilda dagoela berretsi du, eta honen berrosatze ahaleginetatik ez dela onurarik izango. Elorrietaren ustez, soberaniaren aldeko indarren arteko akordiotik eraiki behar da alternatiba, eta horretarako oinarriak Lizarra-Garaziko akordioan daudela irizten dio.

Jakoba Errekondo

Urkiaga nagusia den paisaietan ibili berria naiz, landa-museo batzuk kuxkuxeatzea aitzakia. Urkiak, neure moduan, garunak, batzuk urtzeraino, hotz-hiltzen dituen beroa baino giharrak tenkatzen dituen hotza gustukoagoa du.

Urte sasoi honetan egunaren erdia baino gehiago termometroa zeropean dabilen toki hauetan pinu eta izeiak ez beste, urkiatar gehiengoa eta beste ezki, lizar eta hostazuri hosto galduzaleak soildu, larrubizitu dira neguaren zain. Laister dira lo, seko lo, haren magalean.
Urkia ezaguna dugu Euskal Herriaren iparraldean, isurialde atlantiar osoan, alegia. Kaikuak egiteko zura paregabea eta lur sailetako jabegoaren ertzak zaintzen dituzten etxearen teila-zatien gaineko mugarriak urrutitik antzemateko azal zurizta nabarmena ditu.
Mesede gutxi eta etekin eskasak emango dizkigu, nonbait, urkiak. Gizakiok, euskaldunok, sortzen dugun kutsadurak gero eta gehiago berotzen baititu lurra, airea, ura... dena, baita gure espeziea betirako erreko duen sua ere. Hau dela eta urkia iparralderuntz doa, ihesi, hotz premia asetzearren, guregandik urrunduz...

Jabier Agirre

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikologia fakultateko aditu talde batek, Rosa Maria Raich irakaslearen koordinaziopean egindako ikerketak agertzen duenez, adoleszenteen % 5ek anorexia eta bulimia edukitzeko arriskua omen daukate, patologia horien sintoma ohizkoetako batzuk dituztelako. Ikerketa horretan 12-13 urteko 1.514 ikasle aztertu ziren (751 neska eta 764 mutil). Bartzelona inguruko hainbat herritako eskola publiko nahiz pribatuetako adoleszenteek galdera sorta bat erantzun zuten beren portaera zer-nolakoa zen ikusteko janari kontuetan, eta ondoren elkarrizketa bat egin zitzaien, patologia posibleak detektatzeko.

Erantzunak aztertu ondoren, inkestatutako nesken % 8,9ak eta mutilen % 2,9ak jateko portaeraren trastornoak zituztela ikusi zen. Anorexia edo bulimiak jotako gaixoaren irizpide guztiak eduki ez arren, sintomarik ohizkoenetako batzuk aurkitu ziren gazte horiengan: beren gorputzarekiko kezka neurrigabea, norberaren itxura oso modu kaskarrean ikusten zuten, eta hilekoaren arazoak zituzten. Hala ere, oraindik beren gorputzaren pisua ez zen aparteko maila negatiboetara iritsi.
Ikerketa horretan adoleszenteentzat kezkagarrienak gertatzen ziren gorputz atalak ere identifikatzea lortu zuten adituek. Neskak, batetik, izter, aldaka eta ipurmasailekin kexatzen ziren bitartean, begiak, ezpainak, lepoa eta azala ziren gustukoen zituzten gorputz zatiak. Mutilentzat, ordea, akne arazoak, sudurra eta gerria ziren zonarik kezkagarrienak, eta genitalak, zangoak eta lepoa beren gorputzetan gehien gustatzen zitzaizkien parteak


IKASGAI BERRI BAT IPAR IRLANDAKO PROZESUTIK

IRA erakunde armatuak bere armategia desegiteari ekin dio eta horren inguruan balorazio asko egin daitekeen arren, ikasgai gisa bat ispilatzen da Euskal Herrian bizi den gatazkan: une horretara heltzeko prozesu oso luze bat behar izan dute, azken zazpi urteetan bake prozesu gisa garatu dena, eta bere fase bortitzenetan ere elkarrizketa ardatz izan duena. Prozesuaren hastapenera jotzeko 1992raino jo behar dugu, SDLPko John Hume eta Sinn Feineko Gerry Adamsen artean irtenbideari buruzko elkarrizketa sakonari ekin ziotenean, artean IRAk bere jarduerarekin jarraitzen zuenean. Besteak beste, irlandar nazionalisten arteko elkarrizketaren haritik heldu ziren 94ko IRAren su-etenera. Gero etorri zen gainerakoekiko akordioa. Inoiz ezin da mimetismorik egin, baina ikasgai gisa behinik-behin balio dezake hangoak, alor askotan gainera. Baina aurretik, zer nahi den finkatzea eta adostea ere komendi da.


IBARRETXE GOGOR KRITIKATU DU ETA-K

ćGARAĆ eta ćEgunkariaĆn argitaratutako komunikatuan, ETAk oso modu gogorrean kritikatzen du Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren jarduna, eta bereziki kontsulten inguruan agertu dituen asmoekin, ETAren ustez kontsulta mehatxu gisa erabiltzen duelako. Bake alternatibarik sendoena ezker abertzaleak eskaintzen duela dio erakunde armatuak eta ezker abertzaleak baduela nahiko indar Euskal Herria askatzeko.


GIRO BEROA SOZIALISTENEAN

ABENDUKO konferentzia politikoa hurbildu ahala adierazpenak borborka ari dira ateratzen sozialisten lapikotik. Jesus Egigurenen txostenean oinarriturik, eta PSEko zuzendaritzak honi egindako ekarpenak kontuan hartuta, txosten ofiziala idazteko enkargua jaso du Nicolas Redondo Terreros idazkari nagusiak. Egungo ildoarekiko aldaketa datorrela iragarri da eta autogobernuaren osoko bilkuran keinuren bat espero bazen ere, nagusiki orain arteko edukiari eutsi zion PSEk. Baina aldaketa etorri ei dator, eta apurka ikusiko ei dugu.


17 ERREFUXIATU ENTREGA ARRISKUPEAN

HILABETE bat pasatu da jadanik Paueko prefetak 16 euskal errefuxiatu eta herritar arrunt bat Frantzia utz dezaten agindua eman zuenetik. Bien bitartean, 16 pertsona hauetako hiruk helegitea aurkeztu dute Paueko Administrazio Auzitegian. Kasuko epaileak helegitea atzera bota du alabaina. Iparraldean bizi diren pertsona hauek lana galdu dute dagoeneko. Kari honetara, eta Frantziako administrazioak aginduen kanporaketak bertan behera utz ditzan, Koordinaketa eta errefuxiatuen kolektiboa manifestaldi bat antolatzen ari dira. Berau, azaroaren 24an Baionan burutuko da "Euskal Herrian bizitzeko eskubidearen alde" lelopean.


PARIS ETA BRUSELA TRENBIDEAREN ALDE

PIRINIOA zeharkatzeko garraio azpiegitura eraikitzeko trenbidea edo autobidea aukerak aurreikusi eta aztertu izan dira Paris, Madril eta Bruselan. Hala ere, Frantziako Estatuak eta Europako Batzordeak buruturiko azterketen ondorioz trenbide berri bat eraikitzearen asmoa indartzen ari da. Espainiako Estatuaren izenean Nafarroako Gobernuak eskusartze eta segimendua egin dio azpiegituren egitasmoari. Nafarroako Gobernuak autobidearen alternatiba lehenetsi du hasieratik. Pririno Atlantikoko Kontseilua eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremanek ez dute emaitza komunik ekarri alabaina. Jean Jacques Laserre Kontseiluko presidentea oraingo errepideak hobetzearen alde agertu da eta trenbidearen trazaketa lehenetsi du. Miguel Sanz, aldiz, kexu agertu da Pirinioetako Lan Elkarteak eramandako politikarekin. Bere hitzetan, trenbidea hobestea Nafarroako interesen aurka jotzea da.


BERRIKUNTZA BAT MIKEL ZABALZAREN SUMARIOAN

MIKEL Zabalza 1985eko azaroan Intxaurrondon hil zela adierazi zuen aspaldi Vicente Soria guardia zibilak. Geroago, aldiz, epailearen aurrean ezeztatu egin zuen bere hasierako deklarazioa. Orain, Mikel Zabalzaren sumarioa daraman epaileak, Soria guardia zibilaren lehenengo adierazpena aintzat hartzea erabaki du eta berau sumarioan sartu du.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan