Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-11-04 -- 1828.zenb


BIZKAIERARI EUSTEKO ASMOZ

Bizkaiko euskaldun zaharrek euren euskara erabil dezaten helburu duen kanpaina abiatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, «Berbarik onena, zeurea» lelopean. Aldundiaren arabera, euskaldun zahar asko ez dago alfabetatuta eta «berba aberatsa» egin arren, «lotsatu» egiten da. Ekimenak haiek euskaraz egitea lortu nahi du.


INE BI EUSKAL ENPRESARI ISUNA JARTZEKOTAN

Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) isuna jarri nahi die Gipuzkoako bi enpresari, gaztelaniazko inprimakiak bete nahi izan ez dituztelako. Donostiako Galparsoro okindegiari 50.000 pezetako isuna ezarri diote jada. Inprimakiak euskaraz eskatu ondoren, okindegiak hala jaso zituen baina haiek betetzeko arauak gaztelaniaz zeuden. Irurako Atari zurgindegiak joan den astean izan zuen epaiketa Madrilen. Estatuaren abokatuak, legez, hiritarren batek euskarazko inprimakiak eskatzen baditu horretarako eskubidea duela adierazi zuen. Madrileko epaitegiak hilabete barru emango du epaia.


EUSKAL IKASLEEN IV. BILTZAR NAZIONALA

Urriaren 15etik «hezkuntza euskalduntzeko ikasle alternatiba» aztertzen ari da Euskal Ikasleen Biltzarra. Lanbide heziketa eta unibertsitatea euskalduntzeko proposamena, euskara eskubideak bermatzeko proposamena eta irakaskuntza ertaineko eta unibertsitateko euskal kurrikulurantz abiatzeko proposamena aztertzen jardun dute. Diagnosi orokorra egin dute. Hilaren 2an Donostian batzar nagusia egin ostean, behin betiko txostena landu eta hori ikastetxeetan lantzen hasiko dira.


ZARAITZUERA IKASTEKO AUKERA

Duela gutxi argitaratu da Aitor Aranak osatutako «Zaraitzuko Hiztegia». Zaraitzuar baten eskakizunari jarraiki, zaraitzuera ikasteko ikastaroa abiatuko dute azaroaren 10a eta 24a bitartean. Irakasle lanetan Aitor Arana bera arituko da, «Zaraitzuko Hiztegia» eta antzinako testu eta izkribuak oinarri hartuta.


ASTEARTETAN MUSIKA

HAMABIGARREN aldiz ekin zaie aurten Gasteizen Astearte Musikalei. Aurreko urteetan bezala, asteartetan eta Gasteizko Vital Kutxaren Kultur aretoan egingo dira kontzertuak. Guztira, 24 kontzertu eskainiko dira urritik martxoaren 29a arte. Aipatzekoak dira azaroaren 20an Eduardo Santamaria tenoreak eskainiko duena eta abenduan Ricardo Requejok pianoaz joko dituen Aita Donostiaren Euskal Preludioak.


BERTSOAK INTERNETEN

HIL honetatik aurrera martxan izango da Bertsozale Elkartearen webgune berria. Bertan informazio ugari aurkitu ahal izango da, hala nola, bertsolaritzaren historia, Bertsozale Elkarteak argitaratutako lanen katalogoa, agenda, Elkartearen funtzionamenduari buruzko informazioa... Aurten gainera, Bertsolari Txapelketa Nagusiak hartuko du protagonismoa. Izan ere, astelehenero asteburuetako saioetako bertsoen hautaketa bat egin eta ikusgai eta entzungai jarriko dira atari horretan. www.bertsozale.com atariko eduki gehienak euskaraz ezezik, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez egongo dira.


TXOTXONGILOEN MUNDUTIK

TXOTXONGILOAK gorabehera dabiltza azkenaldian gure antzokiak. Izan ere, orain ari da burutzen Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia eta Donostian oraintxe arte egon da «Txotxongilo artegintza» erakusketa Loiola Kultur Etxean. Gainera, txotxongiloen munduko azkeneko berri bat jaso dugu, Iparraldean euskarazko txotxongilo talde bat sortu baita, Azika izenekoa. Taldea Kukubiltxo taldearekin, Baionako MVC Ste Croixrekin eta Garazikusekin elkarlanean sortu da eta Laeticia Laborde, Annie Onchalo, Ińaki Blas eta Beńat Lefever aktoreek osatzen dute. Azaroaren 16an estreinatuko du «Kontu konta zan» lehen lana Izpuran.


EUSKARAZKO ZIKLOA NAE-N

HILABETEKO azken asteazkenetan finkatu du emanaldia aurten Nafarroako Antzerki Eskolaren euskarazko zikloak. Zikloa hasia da dagoeneko. Lehenengo emanaldiaren ostean, azaroaren 27an Vaivenen «Lotsa gabe» eta abenduaren 12an Nafarroako Antzerki Egonkorraren «Ostadarren sorrera» taularatuko dute.


EUSKAL AMERIKARRAK MUSEOAN

AMERIKETARA joan eta bertan bizitzen geratu ziren euskal amerikarrak gogoratu nahi ditu Bilboko Euskal Museoan paratu den «Kanpoko etxe berria: euskal emigrazioa Ameriketara XIX.-XX.mendeetan» erakusketak. Dokumentuak, artelanak, argazkiak... biltzen ditu eta urtarrilaren 27a arte egongo da bertan. Ondoren, Arteara eta Baionara eramango dute.


HAURRAK KLASIKOKI HEZI

HAURRAK musika klasikora gerturatzeko xedez bost kontzertu didaktiko antolatu ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Urrian egin da lehenengoa, eta ondoren, azaroan, otsailean, martxoan eta maiatzan egingo dira. Hauetan ipuinak entzun, dantzatu eta jolastu egingo dute.

- Aitor Mazok «Gara»n honakoa zioen: «Antzerkia oso drastikoa da. Arrakastak edo porrotak bakarrik dute lekua. Okerrena da ez zaituela publikoak kalera botatzen, baizik eta programatzaileak».
- Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendariak «Euskonews & Media» aldizkarian: «Asko eta indarrez bultzatu behar den zerbait daukagu, sormena. (...) Estatuan ez dago parekorik. (...) Zoritxarrez zaila da, merkatuko arrazoiak direla medio, euskarazko pelikulak egitea».
- Anje Duhalderen aburuz, «kantatzeko ohitura galdu egin da, eta nire belaunaldikoak azkenak izango ote garen beldur naiz». Hitzok «Zabalik»en esan zituen kantariak.

- Koldo Izagirrek zera esan zuen «Nabarra»n: «Garai batean ez zen narratibarik ez argitaratzen ez idazten. Horregatik zen nagusi poesia, ez orain baino gehiago argitaratzen zelako. Proportzio kontua da. Gaur egun literatura didaktikoa daukagu, literatura infantila... Merkatu bat dago, eta merkaturako idazten eta argitaratzen duen jende mordo bat. Normala da poesia gutxi argitaratzen delako irudipena edukitzea, baina ez da horrela».

Horrela jarraitzen badu, ikatz tona ugari pilatuko du aurten Nafarroako Gobernuak. Arrazoiak? Asko: D ereduko Iruńeko Eunate ikastetxean atezain erdaldun bat jartzen saiatu zen, Hizkuntza Politikako dirua alemanaren, ingelesaren eta euskararen egoeraren inguruko azterketa soziologikoa egiteko erabili nahi du...

Julio Medem donostiarraren «Lucia y el sexo» filma aukeratu du Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen akademiak aurtengo Oscar sarietarako lehian parte hartzeko.
Pilar Iparragirre arduratu da azaroaren 12an ARGIAren eskutik aurkeztuko den «60ko hamarkadako hitzak. Elkarrizketa hautatuak» liburuko elkarrizketak hautatzeaz. Izenak berak dioen moduan, Zeruko Argian 1963tik 1969ra plazaratu ziren elkarrizketen aukeraketa bat da liburuaren edukia. Besteak beste, Ramon Saizarbitoriak, Gabriel Arestik edota Mari Karmen Garmendiak idatziriko elkarrizketak irakur daitezke bertan.
Gaitzerdi antzerki talde bilbotarrak joan den asteburuan estreinatu zuen «Gosete Kapitaina» obra Getxoko Antzokian.
Asier Serrano, desagertutako Lorelei taldeko kideak bakarkako lehen diskoa argitaratuko du udazken honetan.

Igor Estankonak euskal poeta gazteez honakoa idatzi zuen «Gara»n :
« (...) Ez dut uste bakailaotarrek eta zapaten zorua Idiazabalgo gazta baino altuago daramatenek guk baino gutxiago irakurtzen dutenik, baina gaur egungo joera horiek oso literaturazaleak ez direla iruditzen zait (...). Poesiak, astirik gabe, sosegurik gabe, hain kontserbadoreak ei diren hausnarketaren eta bakardadearen balore horiek barik ezin du iraun, (...).
Herrialde gehienetan gazteen poesia abokatu gazte baten antzekoa da, inork ez dio kasu lar egiten. Oraindik proba desberdin asko gainditu eta bere lekutxoa irabazi behar duen mehatxu idealistatzat hartu ohi da, eta aurreiritzi bidegabeez landa badago iritzi bat, azkura sortu arren, onartu beharrean gaudena: gure teknikari asko falta zaio maila onargarri batera iristeko. Beti pentsatu izan dut ideia ikusgarri batek luma arazorik gabe jartzen duela dantzan. Baina lumak, norabiderik gabe dantzan hasten denean, ideia bera mila zatitan apur dezake. (...)
Euskal poeta gazteok -batek bai behintzat (nik neuk)- azken bekatu hau egin dugu askotan, zeresanik eza zarataz estali. (...)
Irakurlearentzat irudi konplikatuak erakargarriak izan daitezke eta guztiok dauzkagu ametsetako mundura edo beste dimentsio batera bidaiatzeko gogoa, baina idazleak gero eta hitz unibokoagoak erabili, orduan eta ausardia gehiago erakusten du normalean».

Marka guztiak gainditu ditu egin berri den Nafarroa Oinez festak: 125.000 pertsona inguru bildu ziren Lodosan eta Sartagudan. Eguraldi ona lagun, hainbat eta hainbat euskal herritarrek ez zion urteroko hitzorduari huts egin. Aipatzekoa da Nafarroako Gobernuaren ordezkaririk ez zela egon.

hemeroteka

1827. zenbakia | 2001-10-28
1826. zenbakia | 2001-10-21

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan