Bizkaiko Labe Garaiak izan ziren joan den mendean Ezkerraldeko motorea, eta beren garrantzia gogorarazteko asmoz-edo, Sestaoko Labe Garaietako Erretiratuek altzairutegi zaharren inguruko erakusketa antolatu zuten joan den hilean. Urriaren 9a bitartean zuri-beltzeko ehunen bat argazki izan ziren ikusgai Sestaoko musika eskolan.
Labe Garaiak Ezkerraldearen bihotza.
Enpresak eraikitako trenbide-sareak 53 kilometro zituen, horietarik gehienak Bilbo eta Portugalete elkartzen zituen ibilbideari zegozkionak. Trenek Barakaldo eta Sestaoko altzairutegietan geldialdiak egiten zituzten, Trianoko (Gallarta) meatzetatik atera lehengaia jaisteko edo ekoitzitako produktuak batetik-bestera eramateko. Mende hasieran lan horretan zaldiek tiratutako gurdi gidariak aritzen ziren, baina aurrerakuntza teknologikoei esker garraioa azkarrago eta errazago egin zitekeen, hogeita bi lokomotora eta ehunka bagoiei esker.
Langile guztiek, dena den, lepoko zapiak erabili behar zituzten lokomotoreek eta, oro har, makina ia guztiek isuritako keari aurre egiteko. Kapela eta txapela ere jantzi ohi zuten, baina zikinkeria alde guztietatik sartzen zitzaien, eta lanaldia bukatzerako aurpegia erabat belztuta zeukaten. Behealdean fraka nasaiak eta mantala. Udako beroak giroa itogarria bihurtzen zuen.
Garai gazi-gozoa.
Hala ere, Sestaoko Erretiratuen Elkarteko idazkari eta diruzain Pedro Trigoren ustez, momentu alaiak ere bizi zituzten. Adibidez, elikagaiak inon baino merkeago eskaintzen ziren Kontsumorako Kooperatiba edo ekonomato bana ireki zituztelako Barakaldo eta Sestaon. Labe Garaietako Zuzendaritza Batzordeak aginduta altzairutegian lan egiten zutenek bakarrik izan zitezkeen bertako bazkide, aurrez ordaindutako hamabost pezeten truke.
Dena den, ekonomato hauen inguruan1909an altzairutegietako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako araudia nahikoa salagarria da, batik bat, ondokoa dioen artikulua: "...Biltegiko nagusiak produkturen bat ustelduta edo puskatuta dagoela ohartuko balitz, Kooperatibako lehendakariari jakinarazi beharko lioke, honek erabikirik egokiena har dezan...".
Bestalde, Labe Garaien lan eskaintza asetzeko Espainia aldetik langileria handia etorri zen, baina bizitzeko tajuzko tokirik ez eta altzairutegiko buruek etxeak eraikitzeari ekin zioten. Guztira bi mila etxebizitza. Horrezaz gain, hiru eta hamazazpi urte bitarteko haur eta gaztetxoek ikas zezaten zenbait eskola martxan jarri ziren. Ikasle guztiak, noski, Labe Garaietan aritzen zirenen seme-alabak edo beren kargura zeuden adin txikikoak ziren. Zentzu honetan Pedro Trigok dio larunbatetan ere klasera joan behar izaten zutela apaizek hala agintzen zietelako, eta gaixotasun kutsakorren bat zuenari eskolara sartzea galarazten ziotela. 1907. urtean Labe Garaietako Zuzendaritza Batzordeak idatzitako araudiaren arabera, ikasleek beren irakasleak, lantegietako zuzendariak eta, oro har, altzairutegiko goi-karguak agurtu behar zituzten eskola barruan nahiz eskolaz kanpo. Nagusiei zuzendutako klaseak arratsaldetan izaten ziren, ordu eta erdiz.
60ko hamarkadara arte gauzak dezente ondo joan zitzaizkon Sestao eta Barakaldoko langileriari. Jendearen arteko harremana oso ona zen, ez zen istilu handirik izaten eta langileak txikiteoan elkarrekin ibiltzen ziren. Herriko jaietan, gainera, senide eta lagun guztiak bazkari herrikoietan biltzen ziren, eta erromeriak aldarte onean igarotzen zituzten.
Labe Garaiak krisialdian.
Baina 1963.ean enpresa bere hilobira eramango zuen finantza-krisialdia hasi zen. Bi urte beranduago, hala ere, altzairutegiak teknologikoki berriztatzeari ekin zioten, ehunka langile kaleratuz. Makina berriek ez zuten arazoa konpondu, eta enpresa dirua galtzen hasi zen ohi ez bezala. Orduko Europako Komunitate Ekonomikoak diru-laguntzak eman zituen jarduera industriala gera ez zedin, baina PSOEren ekonomia politikak Labe Garaietako gainbehera sakondu eta ateak betirako ixtea eragin zuen.
Ricardo Galdósen ustez, langileria ere itxieraren errudun izan zen, neurri batean, langileek ez zutelako kinka larriaren kontzientziarik izan, eta erantzukizunik hartu ez zutelako. Dena dela, Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna oso handia izan zela ziurtatzen du.
80ko hamarkadan sindikatuek eta langile mugimenduek Labe Garaien bizi iraupena bermatzeko ahaleginak bikoiztu zituzten lankideen kaleratzeak salatuz eta beren etorkizuna argitu zedin eskatuz
AHVk (Bizkaiko Labe Garaiak), ehun urte beteko lituzke datorren urtean bere jarduerarekin jarraitu izan balu. 1902an sortu zenean 6.000 langile zituen eta 147.778 tona altzairu ekoizten zuen urtean. Garaiko 32 milioi pezetako kapital sozialarekin abiatu zen AHV. Gerra osteko urteetan sekulako hedapenari eman zion hasiera eta bere baitan enpresa mordoa sortu zuen: Sefanitro (1941), Aguas y Saltos del Zadorra (1946), Orconera (1948), Siemens (1954)... II. Mundu Gerra amaitu zenetik altzairu gordinaren kontsumoa etengabe hazi zen eta probetxua atera nahi izan zion horri AHVk. 60ko hamarkadaren amaieran hedakuntzari bultzada ikaragarria eman nahi izan zioten. Ekoizpena 1.300.000 tonataraino handitzea zen asmoa, %50eko hazkundea, beraz. 1973ko udazkeneko petrolioaren krisiak, ordea, errealitate gogorra ipini zuen mahai gainean: birmoldaketa. AHVko plantila 22.000 langilekoa zen, talde osoarena 35.000koa eta apurka beheraka joan zen kopurua. Zeharkako lanpostuak kontuan hartuta, orotara 40.000 langile geratu zen kalean
![]() |
|
||||
1828 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa