Nere bordatxotik
Iñaki Eizmendi 'basarri'
Aurreko astean, asteroko ontan, Amatiño gazteak nere izena aitatzen zuen. Ez det ezagutzen, baiña gaztea dala entzunik nago. On dakiola, gu ere izan giñan da. Onela bukatzen zuen neri zegokidan zatia: "Gezurra dirudi Basarri jaunaren kategoriako jaun batek horrelakorik esatea". Zuk gogorazi gabe ba-daki Basarrik azken kategoria dala berea. Itz ori etzenduen aitatu ere egin bear. Basarrik ez du motibo aundirik ere kategoriako gizona izateko. Ezpaita Instituto ta Universidadeak zapaldutako gizona. Bai orregatik euskaldun oso. Edan duen ur guzia euskaldun iturritik edan du. Erdel kutsudun iturri bateko ura eskeintzen zaionean, probatu orduko konturatzen da. "Au ez dek lengoa bezin jatorra", esaten du bere baitan. (...) Ez dago jakintsua, "intelektuala" ta akademiko izan bearrik itz batzuk errian sekula ez dirala itsatsiko konturatu al izateko. Baserri danak Errezil-en ez daudela ba-dakit zu bezin ondo, baiña Errezil-goak baiño sarriago bixitatzen ditut beste zenbait erritakoak. Ba-ditut motiboak Gipuzkoa ta Bizkaia ezagutzeko. Ez naiz etxetik irten gabe egondakoa, zuk dakizunez. "Legazpiatik nator". "Azpeitiatik nator", "Illargiatik nator" esango duen baserritarrik ez dezu aurkituko ez Goierrian eta ez Beterrian. Ez da "Erromeri batetan izan naiz" esango duenik ere, "erromeri batean" izan naiz baizik. Eibar-en "Getarixatik nator" esaten dala? Erderaz esan oi dana, "no hay reglas sin excepción". Laurek esaten dutenak noiztik du indar geiago amar millak esaten dutenak baiño? Bote okerra emen, bote okerra an. Akerraren adarrak baiño okerrago gaude oraintxe. Pekaturik aundiena auxe: "euskal barrutiko minori" kaxkar bat "maioriaren" gaiñetik jarri nai izatea (...) (1971-X-31)
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.