Datorren ostegunean, azaroak 1, hilerriak lorez beteko dira urteroko hildakoentzako omenaldi zabalean eta iluntzean animak lurrera jaitsiko dira. Baina hurrengo egunetik aurrera, gizarteak bere ezkutalekura bidaliko du berriro heriotza. Hildakoak bizion begiradetatik aseptikoki babestuko dituzte eta, dena makilatzen den garaiotan, gorpuak makilatuta aurkeztuko zaizkigu soilik. Haurrei aitona bidaia luze batean dela esango zaie, lehen haurrak Paristik zetozela esaten zitzaien modura; Eros eta Tanatosen ezkutaketa jokoa. Gizarte industrializatuan heriotza tabu bihurtu da. Gauzak asko aldatu dira bizitza eta heriotza bat ziren garaietatik.
Historiaurreko trikuharrietatik hasi eta hildakoen errautsak gordetzeko urna berrietaraino, hamaika izan dira hildakoak gordetzeko erabilitakoak. Heriotza beti heriotz. Baina hilobiek ez ezik, heriotzarekiko jarrerak ere aldaketa handia jasan du historian zehar. Nabarmenena, gertuen dugulako beharbada, egun bizi dugun aldaketa da, XVIII-XIX. mendetik hona gertatu dena.
Euskal Herria preindustrialean, beste toki askotan bezala, hilzorian zegoenari ez zitzaion bere egoera larria ezkutatzen. Alderantziz, behar-beharrezkoa zen hari gauzak garbi adieraztea, une horretarako presta zedin. Etxeko heriotza zen hura, senitartekoz inguratuta. Eliza katolikoa bizitzako esparru guztietan sartuta zegoen garaian (eta heriotza bere esparru indartsuenetakoa zen, zalantzarik gabe), hiltzera zihoanak damutzeko eta sakramentuak hartzeko aukera behar zuen, bere arima salbatuko bazuen. Hura zen ondo hiltzeko bidea. Heriotza txarrak, istripu batean edo bihotzekoak jota bat-batean gertatutakoak, betiko kondena zezakeen hildakoaren arima. Europako literatura erlijiosoak ederki azaltzen du hauxe eta Euskal Herrian ere badugu gaiaren inguruko hainbat idazle: Kardaberaz, Palacios, Mendiburu, Tartas bera...
Behin heriotza gertatutakoan, egin beharreko lehenengo gauza gertakaria jakinaraztea zen. Horretarako elizako kanpaiak jotzen ziren. Euskal Herriko hainbat tokitan erleei esaten edo kantatzen zitzaien heriotzaren berri. Beste toki batzuetan ganaduari ere esan behar zitzaion. Ondoren, gorpua prestatu behar zen: auzoko etxekoandreak jazten zuen berau, beti ere hildakoaren begiak itxi ondoren (ez zen komeni hildakoari begietara zuzen begiratzea, heriotz batek atzetik bestea ekar baizezakeen). Gorpua ohean edo, beranduago, hilkutxan ipini eta gurutze bat jartzen zitzaion esku tartean, bularrean. Hildakoari hankak lotzen zitzaizkion batzutan, dirudienez bizien mundura itzul ez zedin. Kandelak piztuta, gaubeilari ekiten zitzaion: auzoko guztiak hurbildu ohi ziren hildakoaren etxera, iluntzetik egunsentira. Hurrengo egunean, gorpua elizara eramaten zen, elizbide edo hilbide finkotik. Ezin zen besterik erabili. Elizan hiletak burututa, gorpua ehorzteko ordua iristen zen. Dena ez zen ordea katolikoki «zuzena» eta duela gutxi arte hainbat ohitura «pagano» gorde da Euskal Herrian: txanponak eta bestelako objektuak zerraldoan uztea, animaliak eskaintzea...
Hilobia eliza barruan bertan izaten zen, eta, tokirik ezean, inguruan. Beste mundura iristeko erraztasunak jarri izan zaizkio betitik hildakoari. Historiaurrean toki altu eta irekietan eraiki ohi ziren trikuharriak, zerutik edo dena delakotik gertu. Erdi Aroko eguzki formako hilarriak ekialdera begira ipintzen zituzten. Eta kristaua izanik, infernua saihesteko zer zen hobea Jainkoaren Etxean ehortzia izatea baino?
Hildakoa lur azpian, lur gainekoek hileta-bazkari garesti eta jendetsuak egiten zituzten, etxekoen ekonomiaren kalterako, baina egoera animikoaren onerako. Jakiez gain, edaria ere ugari izaten baitzen bazkari hauetan. Heriotzaren atsekabea gainditzeko lagungarri zen bazkari itxurako «carpe diem» hura.
Euskal Herria barrokoko heriotzaren inguruko ohituren deskribapen hau orokorra da, noski, eta tokian tokiko ezaugarri bereizi mordoa jaso dute etnografoek. Esan beharra dago, gainera, mendebaldeko gainerako herrialdeetan ere ohiturak oso antzekoak zirela garai horretan.
Bizitza eta heriotzaren arteko lotura egun baino estuagoa zela esan genezake. Heriotza onartuagoa zegoen. Halabeharrez, heriotza tasa askoz ere altuagoa baitzen garai hartan, haurrei dagokienean batik bat.
Gaur egun, ordea, gauzak oso bestelakoak dira. Hasteko, hilzorian dagoenaren aurrean disimulua nagusitu da. Asko eta asko ospitalean hiltzen dira eta handik zuzenean beilatokira eraman ohi dira gorpuak. Heriotza etxetik bidali dugu.
Hilbide sakratuek ez dute jada zentzurik eta elizetan aspaldi ez dago tokirik zerraldoak bertan ehorzteko. XVIII. mendetik aurrera hilerriak eraiki ziren herrien kanpoaldean (garbitasun eta toki arazoengatik, besteak beste). Baina kanposantuak berak desagertzeko joera datorrela ere pentsa daiteke, gorpuak erraustea gero eta ohitura zabalagoa baita.
Beraz, egun etxetik kanpo hiltzen gara eta gorpua profesionalen esku utzi eta desagertu egiten da. Berragertuz gero, ederki makilatuta erakutsiko digute, bizirik balego bezala. Ez dadila begi aurrean heriotzaren arrastorik ageri. Fikzioa odolez gainezka eskaintzen diguten bitartean, Dorre Bikietako biktimen irudiak debekaturik daude. Heriotza ukatu nahi dugu eta tabu bihurtu dugu.
Eros eta Tanatos.
Sexua eta heriotzaren arteko harremana bitxia da aspalditik. «Orgasmoa eta heriotza bi neska adeitsu dira» zioen Baudelaire-k. Bernini eskultoreak Santa Teresa Jainkoarekin harreman mistikoan irudikatu zuenean ere, haren aurpegiak ez zirudien orgasmotik urrun.
Iraultza Industrialaren aurretik heriotza, nolabait, onartuagoa bazegoen, gertuagotik bizi zelako zen, neurri handi batean. Heriotza ona eta txarra bereizten ziren moduan, bazen beste bereizketa bat: haurren eta helduen heriotza.
Sistema demografiko tradizionalean haurtzaroa zen heriotzak gehien erasotzen zuen talde demografikoa. Jaiotzak baldintza eskasetan izaten ziren, garaiko baldintza higienikoek infekzioak eragiten zituzten, elikadura ere ez zen egokiena... 1726-1850 epean Oñatin jasotako datuak aski esanguratsuak dira («Una Noble Señora: Herio Anderea», Juan Madariaga): bataiatutako mila haurretatik 257 zazpi urteak bete baino lehen hil ziren. Urte batzuetan kopuru horiek are larriagoak dira. 1776-1780 urteetan esaterako, 778 haur izan ziren bataiatuak eta horietatik 311 hil ziren zazpi urteak bete bitarte, milako 400 beraz.
Kontuan hartu behar dugu, gainera, hilda jaiotzen ziren haurrak edota erditzean hiltzen zirenak sarritan ez zirela dokumentuetan jasotzen. Horrela bada, bizitzaren lehen urteetan haurren erdia inguru hiltzen zela esan genezake.
Egoera horretan, gizarteak onartu egiten zituen «esperotako» heriotza hauek. Insensibilizatuak zeuden nolabait. Elizgizon eta gurasoen kezka bakarra haurra bataiatzea izaten zen, hildakoak beste munduan kristauen abantailaz gozatzeko aukera izan zezan. Linboa ez zen infernua, noski, baina aukeran zerua nahiago
![]() |
|
||||
1827 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa