Inongo idatzietan jasorik ez dago. Eta hala ere, Mutrikuko zaharrenak Santu Guztien inguruko gauren batetan -batzuek urriaren 31ean zela diote, gehienak azaroaren lehena dute gogoan eta bada 2a aipatzen duenik ere- herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu.
Parranda egiteko aitzakia ere badela aitortu digu Aritz Arrizabalagak. Mutrikutik kanpoko gero eta jende gehiago hurbiltzen omen da horretara, baina «hau ez dela parranda hutsa adierazi nahi diegu». Horregatik Gaba Beltzean, kale ikuskizunaz gain, diapositiba emanaldiak egin izan dira kalean, tabernak modu berezian dekoratzen dituzte, bere eskaparatea aldatzen duenik ere bada, megafoniatik musika egokia jarri ohi da... guztia jaiak alderdi bereizgarri bat baduela adierazteko. Herritarrak ere, gero eta gehiago, beltzez jantzita irteten omen dira kalera.
Jangek/n Me Gazte Elkarteaz gain, gero eta gehiago dira egitarauaren osaketan parte hartzen duten taldeak. Iazkoan, adibidez, Zine Forum Taldeak, Mugak, bertso eskolak, ikastetxeek, gurasoen elkarteek eta aisialdi taldeak parte hartu zuten. Mutrikuko Gazte Asanbladak ere kontzertu bat antolatu zuen iazko Gaba Beltzean eta aurten berriro sartu dira egitarauan. Gaztetxe berria ere dekoratuko omen dute. «Ea gazteek jai hau gogoz hartu eta erreleboa hartzen diguten».
Gazteek erreleboa apurka hartzen duten bitartean, Aritzek etorkizunerako mila egitasmo darabilzki buruan, Mutrikuko Antzerki Taldea jai berezi honetan inplikatzearena, kasu. Ideiak behintzat ez zaizkio falta: «Heriotzaren mundua oso zabala eta aberatsa da. Hilkutxan sartzen ziren txanponetatik hasi eta Egiptoko piramideak bitarte, dena dago heriotzari loturik». Ideiak soberan, baina denbora falta. Eta dirua ere, nahiko justu. Milioi bat pezeta inguruko aurrekontua izan ohi dute eta gehiena kale ikuskizunek eramaten dute: «Piroteknia erabili ohi da eta seguruak ordaindu behar izaten dira, taldearen garraio eta mantenua bezala». Udaletik eta Tabernarien elkartetik jasotzen dute dirua.
Aurrekontuak aurrekontu, heriotzaren festan bizirik dagoela ospatu nahi duenak, datorren astean Mutrikura hurbiltzea besterik ez du. Gaba Beltzaren iazko afitxak zioen moduan: «Dum vivimus, vivamus»
Aurtengo Gaba Beltzeko ekitaldiak urriaren 31ko gauean hasiko dira. 23:00etan Deabru Beltzak taldearekin su-kalejira burutuko da eta gau osoan zehar kale giro berezia, musika, argazkiak, kandelak, kalabazak... izango dira. Gauerdi inguruan kontzertua egingo dute Gaztetxean.
Hurrengo egunean, Gaztetxean bertan bertso saioa izango da.
Hilaren 2an 22:30etan Pello Añorgak heriotzaren inguruko ipuinak kontatuko ditu Xabier Kultur Etxean.
Amaitzeko, azaroak 3 larunbatean ere jai giro berezia izango da
Badirudi kostaldekoak erakartzen dituela bereziki heriotzak. Izan ere, Mutrikutik kilometro gutxira, Ondarroako Udalak eta «Bolo-Bolo» aldizkariak Azken Agurra testamentu gutun lehiaketa antolatu dute hirugarrenez. Izenak adierazten duen bezala, heriotza aurreko agurrak dira aurkeztu beharrekoak. Aurtengo epea amaitu da , ordea. Parte hartu nahi duenak datorren urtera arte itxaron beharko du. Aurtengo sari banaketa Domu Santu bezperan, hots, urriaren 31n egingo da, 20:30etan Ondarruko Kofradia Zaharraren parean
![]() |
|
||||
1827 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa