Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Elkarrizketa mahairako gonbitea

2001-10-28 -- 1827.zenb

Elkarrizketa mahairako gonbitea

Onintza Lasa Arteaga

Datorren urriaren 25ean da ospatzekoa, autogobernuari buruz ihardungo duen osoko bilkura monografikoa Gasteizko Legebiltzarrean. Alderdi bakoitzak bere zilegizko proposamenak aurkezteko aukera izango du. Azken batean, eta Eusko Alkartasunan (EA) defendatzen dugun legez, Legebiltzarretan ez bada, non adieraziko dituzte bada alderdi ezberdinetako herri ordezkariek, beren iritziak eta ekarpenak?

Kasu honetan, Gasteizko Legebiltzarra izango da eztabaidagune, eta saio horretan Eusko Alkartasunak, aspaldian egiten ari den moduan, egungo marko juridiko politikoa agortuta dagoela berretsiko du. Agortuta dago, Gernikako Estatutua ez baita gai, hamaika arrazoi ezberdinengatik, egungo erronkei eta errealitateari erantzuna emateko; ez EAEko errealitateari dagokionez, eta are gutxiago Euskal Herri osoaren kasuan. Eta agortuta dago, funtsean, iruzur egin digutelako. Jakinekoa da Nafarroan Amejoramendu Legea herritarrek bozkatu ere egin ez zuten legea dugula, eta Iparraldean berriz, Frantziako Estatuak ez duela Iparraldea Euskal Departamendu bezala ere onartzen. Hau da egungo «herri argazkia». Herri bezala bere xedeak betetzen ez dituen hiru errealitate juridiko ezberdinetan banatutako herri bakar bat.
ARGAZKI berri bat egia bilakatu nahi dugu, oso argi izanda egungo markotik abiatu behar dugula, eta beti ere bide demokratiko eta politikoak erabiliz. Horretarako elkarrizketa mahai bat proposatzen dugu; eta mahai horretan, ordezkaritza politikoa duten alderdiek behar dute partaide izan. Mahai honen helburua, alderdi politiko bakoitzak bere autogobernuaren inguruko hausnarketa, diagnostiko eta ondorengo irtenbide errezeta eta proposamenak aurkeztea litzateke.
Norberaren zilegizko proposamenak aurkezturik, alderdi politikoen lana eta saiakerak, proposamen ezberdinen inguruan kontsentsu zabalenera iristea izan behar du. Adostasunik ez balego, demokrazia arautzen duen gehiengo eta gutxiengoen kriterioa ezarri beharko litzateke. Honela, aldeko kopuru handiena lortutako proposamenak egingo luke aurrera eta alderdi guztiek onartu eta leialki errespetatu beharko lukete. Eska dakioke gutxiagorik benetako demokrata bati?
Eztabaida aske eta zabal honek gauzatu behar duen mahai honen aurka inor agertuko balitz, bere izaera «ez demokratikoa» agerian jarriko luke, bistan baita, hitz egiteko prest ere ez dagoena, ez dela zentzu demokratikoaren jabe. Ez noa ni balizko portaera honen arrazoien bila ikerketa bat egitera, baina esango dut bestearen iritzi eta gogoetekiko errespetu eza itzela ezezik, demokrazia kontzeptu berarekiko beldurraren isla litzatekeela. Mahai honen funtsa, gure autogobernuari buruzko gogoeta eta proposamenak plazaratzea da, eta ez, inola ere, bakoitzaren proposamena inori inposatu nahi izatea. Guzti guztion artean, aurreraka joan daitekeena erabat sinetsita egiten dugu proposamen hau.
MAHAI honetan, Eusko Alkartasunak «Liburu Gorri» gisa ezagutzen den marko juridiko politiko berri batera iragateko bidea finkatzen duen dokumentua mahaigaineratuko luke, azken helburutzat Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen duelarik, herri bezala dagokion eredu politikoa berau baita. Beste alderdi batzuek federazioa defendatuko dute, edota probintzia gisa berregituratzea, eskuduntza maila, kudeaketa hutsera mugatuz, edo beste edozein proposamen. Guztiak zilegizkoak, guztiak mahai batean planteatu beharrekoak, baldin eta bizi dugun gatazkari irtenbide bat bilatu nahi badiogu.
Elkarrizketa, proposamen eta eztabaida guztien ostean alderdi guztiek adostasun bat lortuko balute (bagenu), edota gehiengoaren borondatea proposamen zehatz baten alde azalduko balitz, Eusko Alkartasunako gizon emakumeok leialki errespetatuko genuke emaitza. Zalantzarik gabe. Ikusteko dago beste alderdi guztiak hori bera egiteko prest dauden.
Horregatik, gure herriak merezi duen gizarte baketsu eta normalizatuaren alde egin dezakegun keinurik onena alderdi guztion elkarrizketa mahai bat eratzea da, zintzotasunez, borondate onez eta elkarrizketaren balioan sinetsita

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan