Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-10-21 -- 1826.zenb

Pilar Iparragirre

Udazkenean ondo sarturik jada, ikastaro berrian murgilduta, jende gaztearen arreta irabazteko garai egokia zen. Beharbada horregatik eskaini zion ZERUKO ARGIAk bere lehen orrialdea "Droga" gaiari. Nonbait beldurtzekoa zen haiek hedatzen ari ziren moduaà etxetik kanpo. Izan ere, honela oharrarazten zitzaion letra larriz irakurleari: "Euskal Erriaren ondoan bai Frantzian eta bai Espaiñan, asko ari da zabaltzen". Etxean zer, ordea? Euskal Herria drogaz guztiz garbia ote zegoen, bada?


DROGA MALTZURRENAK

Olalde izenpetzen zuen batek egindako azterketaren arabera, "Drogak gaurko munduan, batez ere gazteen artean, sortu duen korapilloa, ez da nolanahikoa. Urrutiago joan gabe, Euskal Erriko mugetan bertan asko izan dira zigortuak drogazale edo droga-saltzaille zirelako".
Arazo larria, zalantzarik gabe, baina gaitz erdi, auzoan gertatu bide zen bakarrik. Horrelako euskaldunik ez zegoelako, ala euskal drogazaleak besteak baino azkarragoak zirelako? Olaldek ez zuen hori argitzen.
Hark zioenez, Euskal Herriko mugaz harantz guraso jendea beldurrez airean zegoen "gazte jendeak gero eta gehiago erabiltzen" zituelako "æatxisÆ, æmarijuanaÆ, æanfetaminakÆ, æeroinaÆ, æL.S.D.Ædirelakoak". Zorionez, ez zirudien gaztedi horrek arazorik zuenik edariarekin, alkohola ez baitzuen Olaldek inon aipatzen. Bestelakoa zen haren kezka: "Zer neurritan erabiltzen ote dituzte?". Galdera garrantzitsu honen jarraian, horregatik, ohar bat zetorren: "Ez daukagu oraindik Euskal Erriko datorik eta Frantziakoez baliauko gara oraingoz".
Beraz, izan bazela drogazaleren bat gurean ere ondoriozta dezakeguà


INJEKZIOEN ERABILPENA

Dena den, Olaldek ematen zituen Frantziako datuak ez ziren inor lasaitzeko modukoak: "1966 urtean, milla eta bostehun frantzesek artzen zuten droga indizio bidez. Millak, eroina erabiltzen zuten. Gaur berriz, ofizialki, ogeita amar milla frantses dira ala ohitutakoak. Au da, zenbaki ori motz gelditzen da. Frantses auen adiña, hamasei urtetatik ogeita bostekoa da. Gizarte mailla guztietan sortzen dira, bai aberatsetan, bai estudianteetan, bai langilleen artean ere. Baiña batez ere uri aundietan bizi diran ikasleak, batxiller-ikasleak dira gehien erortzen direnak drogapean. Esan diteke Frantziako ikasle gazte auetatik, ehuneko 20, drogazale, batez ere atxis-zale direla".
Beharbada irribarre egin duzu azken hau irakurtzean, irakurle. Baina zer egingo diogu, Olaldek ez zuen haxixa batere maite, nahiz entzuna izan bereizi behar zela beste batzuengandik: "Atxis bera, sendagillearen iritziz, ez da pozoi bat, baiña oso kaltegarria bai", baieztatzen zuen. Zergatik hori?
"Asi gaitezen atxis-aren salerosketatik. Droga hau erosterakoan, nahi eta nahi ez, beste drogatuekin arremanetan jarri behar izaten du erosi nahi duenak. Eta atxis-sailtzaileak ez du etsiko beste droga gogorren bat saldu arte. Or dago benetako arriskua: bide ortan jarriz gero, ez dago, gehienetan, atzera egiterik eta ustekabean, eromena edo eriotza ekar dezaketen drogazale bihurtzen dira".


KALTEAK ETA ORDAINAK

Oliebenstein sendagile eta drogetan aditu frantziarrak emandako datuetatik Olaldek ondorioztatua da aurrekoa. Beste honako hau, ordea, nahikoa bere kabuz erabaki zuela esango nuke: "Atxis, irurogeita amar bat eratara azaltzen da plazara eta, esandakoak esan, Pakistan aldeko atxisak opioa dauka eta oso gogorra da. Opioa arrisku aundiko droga da; eroina, opiotik sortzen da. Bestalde, atxis erretzea legez kanpo ibiltzea da eta atxis erretzera biltzen dan taldeak gizartearen legeak zapaltzen ditu eta gizartea bera arriskuan jartzen. Sortaldeko zibilizazioak, opioak galdu zituen".
Apika tirioak eta troiarrak bere komenentziara pilatze horrekin ez zuen irakurle haxix-zalea behar bezala izutu, eta horrela ekiten zion hurrengo pasartean: "Atxis erretzeak ihes egitera bultzatzen du, gizartea ahaztutzera, alferkeriraà asieran, eta gero etxetik ihes egitera, pop-jaietara, eta norberaren buru-erailtzera". Alajaina!


ESTRATEGIA OKERRAK BAZTERTU

Behin esan beharrekoa esanda, ulerkorrago agertzen zen Olalde: "Gazteentzat zoramena eta eriotza itz utsak dira eta ez diete beldurrik. Horiek ez dakite zer dan alienazioa, zer dan betiko morrontza, eta bestalde, ain gertu jartzen diete atsegiña!".
Gauzak horrela, okerreko estrategiak baztertu beharra zegoen. Adibidez: "Gurasoek gazte bati, indizioa artzen badu ilko dala esan diote. Seme orrek ondo daki indizioak ez duela iltzen, probatua baituà Eta ez die jaramonik egiten aurrera ere. Baiña eroinarekin ez dago kontu onik. Eroinazaleak aukera gogorra egin du: zoramena, morrontza eta ziur asko, eriotza. Obe da egia esatea eta droga bakoitzaren kalteak bereiztea", zioen gure Olaldek. Inoiz ez omen berandu, bide onera itzultzekoà Baina hara nola egiten zuen kalte horien bereizketak!
"Zergatik da ain kaltegarri eroina? Asiz gero ezin utzi delako. Ohitura artzen du gorputzak eta ez dago uzterik. Tratamentu gogorra egiñaz ere, ehunetik amar edo amabostek bakarrik lortzen du uztea. Anfetaminak, berriz, buru-muinera jotzen du eta eriotza dakar. Arriskua askoz ere aundiagoa da droga hauekin". Kito

Daniel Udalaitz


Datorren urteko Hego Euskal Herriko sektore publikoaren aurrekontuak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako aldundien, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak, onartzeko atarian gaude. Dagoeneko finkaturiko 2000. urteko aurrekontuaren eta izan dezakeen bilakaeraren arabera, bi bilioi pezeta (40.000 milioi libera) ingurura iritsiko dira. Esate baterako, Nafarroan gaia aztertzen eta eztabaidatzen hasiak dira eta 414.000 milioi pezeta (16.560 milioi libera) ingurukoa izango da. Aurrekontu horien guztien arteko kopuru horretan murrizturik daude Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko konpromisoak eta Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak Espainiako administrazio zentralarekin dituzten betebeharrak (Kupoa eta Ekarpena, hurrenez hurren).
Nondik dator euskal altxortegi publikoetarako dirua, eta zertan eta zertarako erabiltzen da diru hori? Zenbatekoa da Foru Aldundiek Eusko Jaurlaritzari egiten dioten ekarpena, eta zenbatekoa Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak administrazio zentralari egin behar izaten diotena? Erreportaje hau galdera horiei erantzuten saiatuko da Euskadiko Kutxak 2000. urteari buruz egindako txostenean oinarriturik. Eta horretarako, finkaturiko 2000. urteko aurrekontuko datu ofizialak baliatuko ditugu, horiek baitira urtez urte izaten diren diru sarrera eta gastuak, urtero zertxobait handiagotzen direnak. Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen ere, 2000. urteko aurrekontuak luzatu dira 2001. urterako.

DIRU SARRERAK KAPITULUKA.

Foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean dauden konpromiso guztiak murriztu ondoren, euskal sektore publikoaren aurrekontu finkatua 2000. urtean 1.751.727 milioi pezetakoa izan zen. Kopuru hori euskal BPG guztiaren %22koa da, 2000ko ekitaldi horretan bertan. Administrazio publikoen azterketa zehatz baten ondoren, esan daiteke aurrekontua 1.394.054 milioi pezetakoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan (Eusko Jaurlaritza eta hiru aldundiak), eta 357.673 milioi pezetakoa Nafarroan.
Administrazio publikoek eskualdeetako ekonomian duten pisua oso antzekoa da batzutan eta bestetan, nahiz eta EAEn Nafarroan baino zertxobait handiagoa izan (%22,5 eta %21,1, hurrenez hurren). Bestalde, euskal sektore publikoaren 2000. urterako aurrekontu bateratua 1999. urtekoa baino %6,7 handiagoa izango da; EAEn %7,1ekoa, eta Nafarroan %5,2koa.
Nondik datoz diru sarrerak? Diru sarrera gehienak "eragiketa arruntak" izeneko sailetik datoz, hau da, zuzeneko eta zeharkako zergetatik (1.661.114 milioi pezeta; guztiaren %94,8). Zuzeneko zergen artean, bereziki, errentaren gaineko zergetatik (547.190 milioi pezeta EAEn eta 142.113 Nafarroan), eta zeharkakoen artean BEZaren bidetik (446.592 milioi pezeta EAEn eta beste 116.658 milioi Nafarroan. Hortik urrun geratzen da finantza eta kapitalaren arloko eragiketen gaineko zergen bidez lortzen dena (hurrenez hurren 65.133 eta 25.483 milioi pezeta, hau da, kopuru guztiaren %3,7 eta %1,5). Zentzu geografikoan, egitura hori nahiko antzekoa da EAEn nahiz Nafarroan, azpimarratzekoa izan arren EAEn finantza-eragiketek garrantzi handiagoa hartzen dutela (%4,2 EAEn, eta %1,8 Nafarroan).
Zentzu horretan, 2000. urteko ekitaldirako euskal sektore publiko osoan, zuzeneko eta zeharkako zerga horien bidez, aurreikusten den diru sarrera, guztira, 1.579.847 milioi pezetakoa da, hau da, diru sarrera guztien %90,2: 718.086 milioi pezeta zuzeneko zergen bidez, eta 861.761 zeharkakoen bidez. Geografi esparruei dagokienez, ehunekoetan, Nafarroak EAEk baino kopuru handiagoa biltzen du zerga horien bidez (Nafarroak %91,8 eta EAEk %89,8).

ZERTAN ETA ZERTARAKO ERABILTZEN DA?

2000. urteko aurrekontuetan biltzen zen gastua 1.751.727 milioi pezetakoa izan zen euskal sektore publiko guztian; horietako 1.394.054 milioi pezeta EAEri zegozkion, eta beste 357.673 milioi pezeta Nafarroari. Gastu horrek %6,7an gainditu du hasiera batean 1999an aurreikusitakoa. Gastu horren zatirik handiena gastu arrunten sailean izan zen, eta ondoren, tarte handiarekin, kapital eta finantza eragiketetan, hau da, hurrenez hurren, 1.381.111 milioi pezeta (%78,8), 286.341 milioi pezeta (%16,3) eta 84.275 milioi pezeta (%4,8). Gastu kopururik handiena biltzen dutenak transferentzia arrunten eta pertsonalaren gastuen sailak dira; hurrenez hurren, 729.615 milioi pezeta (%41,7) eta 325.049 milioi pezeta (%18,6).
Administrazioetako bakoitzak egindako gastuak aztertuz, ezberdintasun handiak nabari dira batzuen eta besteen artean. Zentzu honetan, eskuartean ditugun datuak kontuan izanik, Nafarroako Gobernuak kapitalaren eragiketetarako joera handiagoa erakusten du (Nafarroak %21,5, eta EAEk %15). Aldiz, EAEk gehiago gastatzen du finantza eragiketetan (EAEk %5,8l, eta Nafarroak %1). Eragiketa arruntetan, berriz, nahiko antzeko jokatzen dute bi lurraldeetan (EAEk %79,2, eta Nafarroak %77,5).
Helburu sozio-ekonomikoen ikuspegitik, aurrekontuetako gastua bi multzo funtzional nagusitan biltzen da: "izaera sozialeko ondasun publikoen ekoizpena" eta "sektore publikorako transferentziak". Horietan erabiltzen den dirua, hurrenez hurren, 736.663 milioi pezetakoa (%41,9) eta 362.277 milioi pezetakoa (%20,7) da. Eta, alde handiz izan arren, hurrengo gastu sail garrantzitsuenak honako hauek dira: "izaera ekonomikoa duten ondasun publikoen ekoizpena" (157.331 milioi pezeta edo %9), "gizartearen segurtasuna, babesa eta sustapena" (113.310 milioi pezeta edo %6,5) eta "izaera orokorreko zerbitzuak" (106.850 milioi pezeta edo %6,1).


EAE-REN ETA NAFARROAREN ARTEAN 220.000 MILIOITIK GORA. Hego Euskal Herriak Espainiako Gobernu zentralarekin duen konpromisoa, Kupoaren edo Estatuarekiko Ekarpenaren bidez, 220.000 milioi pezetatik gorakoa da, 2000. urtean izan zena kontuan hartuz. EAEk, 2000. urtean, 143.969 milioi pezeta eman behar izan zituen, eta Nafarroako Gobernuak beste 51.493 milioi. EAEk 2001. urterako duen behin-behineko kupoa 173.749 milioi pezetakoa da, eta Nafarroak ere, une honetan haren kopuru zehatza ezagutzen ez badugu ere, 2000. urtekoa baino ekarpen handiagoa egin beharko du. Nolanahi ere, esan beharra dugu Nafarroak 2000. urtean Espainiako Estatuari egindako ekarpena 1999. urtean baino 2.016 milioi pezeta gutxiagokoa izan zela.

2002. urtetik aurrera ikusi egin beharko da EAEk Kupoaren izenean Espainiako Estatuari egin beharko dion ekarpena. Hain zuzen ere, orain, urtarrila bitartean, Ekonomia Ituna berritzeko negoziaketan ari dira bi gobernuak, eta hor erabakiko da Kupoaren zenbatekoa.
EAE eta Nafarroak Espainiako Gobernuari ematen dioten diru kopuru hori Gobernu zentralak autonomia erkidego horietako bakoitzean egiten dituen gastuen likidazioari dagokio.
Bestalde, EAEko foru aldundi bakoitzak ere "ekarpen" izeneko konpromisoak ditu EAEko gobernuarekiko, herrialde historikoek autonomia erkidegoaren gastuetan egin beharreko esku-hartzeari erantzuteko. Eta, hain zuzen ere, "ekarpen" horien bidez hornitzen dira, nagusiki, EAEren aurrekontu orokorrak. Ekarpen horien xedea Polizia autonomoa, Insalud eta Inserso, 3R Plana, Inbertsio Estrategikoetarako eta Gaitasun Berrietarako Fondoaren Finantzaketa dira.
Kopuruaren ikuspegitik begiratuta, aurtengo Ekarpenak 845.160 milioi pezetakoak izango dira. 2000. urtean 786.648 milioi pezetakoak izan ziren, eta 1999an 733.029 milioikoak. Kupoa eta hiru Ekarpen horiek batzen baldin baditugu, EAEko hiru foru aldundien arteko 2001. urteko ekarpena 1.018.909 milioi pezetakoa da; 2000. urtekoa 930.617 milioi pezetakoa; eta 1999. urtekoa 851.227 milioi pezetakoa. Lurraldeka, 2001. urtean, Bizkaia da gehien jarriko duena, ekarpen guztiaren %50,67, ondoren Gipuzkoa (%32,93) eta azkenik Araba (%16,40). Nolanahi ere, Bizkaiak bere ekarpen-koefizientea jaisten jarraitzen du urtetik urtera, Gipuzkoaren eta Arabaren kaltetan. Horrela, azken hiru urte hauetan, Bizkaiaren partaidetza hori behera joan da: %51,76 1999. urtean, %51,32 2000. urtean,, %50,67 2001. urtean. Gipuzkoa, berriz, 1999. urteko %32,60tik 2000. urteko %32,72ra eta 2001. urteko %32,93ra igaro da. Eta, azkenik, Araba 1999. urteko %15,64tik 2000. urteko %15,96ra eta 2001. urteko %16,405era

Joxemi Saizar

Beste hainbat herrik bezala, Getariak ere badu bere herri aldizkaria. «Artzape» du izena, bi hilabetez behin kaleratzen da oraingoz eta maiatzean atera zen lehen aldiz. Herriko gai nagusiak biltzen ditu bere orrialdeetan, herriko hizkerari ere bere tartetxoa eskainiz. Bolondres talde batek eramaten du aurrera Gure Txeru elkartearen laguntzaz. Jon Illarramendi koordinatzailearekin mintzatu gara argitalpen berri honetaz.

Duela hilabete batzuk Getariako Udalak Kazetaritza, Diseinua eta Filologiako lizentziatu batzuk elkartu zituen herrian euskarazko argitalpen bat kaleratzearen ideia aurkezteko. Herri informazioa, irakurzaletasuna eta euskara bultzatzearen beharra nabari zuten eta inguruko herrietan (Orio, Zumaia) dauden aldizkarien arrakasta ikusita, haietako batzuk animatu ziren erronkari aurre egitera.
Gure Txeru kultur eta kirol elkarte beteranoarekin harremanetan jarri eta bere lokalean jarri zuten aldizkari berriaren egoitza. Elkarte honek zenbait ikastaro eta mendi irteera antolatzen du eta 300 bazkide baino gehiago ditu ia 3.000 biztanle dituen herrian. Asmoarekin batera, lehen bultzada gisa, Udala materiala (ordenagailua, eskanerra, argazki kamera) eta lehen hiru zenbakietarako inprimategi eta maketazio gastuak ordaintzera konprometitu zen. Horrekin batera herriko dendari, tabernari eta enpresen publizitatetik eta harpidetzetatik (50 harpidedun inguru dituzte) lortu dituzte orain arteko diru sarrerak.
Jon Illarramendi eta Oinatze Cilveti arduratu dira orain arte talde gazte hura (17-33 urte artekoak) koordinatzeaz. Idazten, argazkiak ateratzen eta maketatzen aritu diren lagunen artean atera dituzte jada hiru zenbaki kalera, lehena maiatzaren bukaeran, bigarrena uztailean eta azkena pasa den hilean. "Aurrerantzean hilabetekaria izatea nahiko genuke, batez ere Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak hala eskatzen dutelako bere diru laguntzak lortu ahal izateko, baina oso zaila ikusten dugu. Lan guztiak borondatez ari gara burutzen, baina hilabetekarirako pausoa ematen dugunean pertsona bat kontratatu beharko dugu egun erdiz-edo" adierazi digu Illarramendik. Bera Filologian lizentziatua da eta udal langileei euskara klaseak ematen aritu da orain arte.
Herriko kontuak getariarrez. Aldizkariari izena jartzerakoan buruhauste dexente izan arren, azkenean Artzape izena aukeratu zuten, portuaren gainean dagoen lekua, "getariarrak moilari begira komentario ugari egiteko biltzen garen tokia". A4 neurriko bi koloretako azalean eta zuri-beltzeko orrietan, guztira 28, herriko gaiak jorratzen saiatzen dira: udal gai nagusiak, arrantza, elkarrizketa, erreportaia, inkesta, gazteak, kultura, kirolak eta agenda. Euskara batua da nagusi, baina inkesta eta beste orrialde bat getariarrez idatzita daude. Irailaren bukaeran atera zen 3. zenbakian erreportaia berezia atera zuten koloretan denboraldiko errebelazioa izan den Zumaia-Getaria arraun taldeari buruz, Zumaiako «Baleike» aldizkariarekin elkarlanean.
Lehen zenbakiaren 700 aleak herriko plazan banatu zituzten egileek, baina bigarrenetik aurrera etxeetako buzoietan banatzen da «Artzape». Aldizkariaren arrakasta ikusita, azken zenbakiaren tirada handitu egin dute, 900 alera pasatuz. Badirudi herriko berriak herritarrengana iristarazten asmatu dutela Artzapeko bultzatzaileek

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan