JAUZI BAT EROSTEKO GONBITA
Baionako Bernat Etxepare lizeoa beharrean dago. Hiru behar ditu: batetik liburutegia osatzea, bestetik fisika-kimikako laborategia hornitzea eta azkenik informatika sarea egokitzea. Frantziako Hezkuntza Ministerioak egiten dituen eskakizunak betetzeko asmoz eta ikasleei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz, « Jauzi bat euskararen alde» diru bilketa kanpaina abiatu dute. «Jauzi» edo bonoak 10 eurotan salduko dituzte urtarrila bitartean eta kontzertu bat egingo dute Hegoaldean.
KIROLAN EUSKARA GEHIAGO ERABILI DADIN
Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol munduan euskararen erabilera areagotzea xede duen kanpaina abiatu du. Hiru urteko egitasmo horretan hainbat sentsibilizazio kanpaina egingo dira haur, gazte eta helduek kiroletan euskaraz egin dezaten. Aurtengoan eskolako kirolari emango ditoe lehentasuna eta horretarako, bailaretako euskarako arduradunekin elkarlanean jardungo dute. 2002an kirol federazioak euskalduntzea izango dute xede eta 2003an kirol instalazioak.
EUSKARAREN HERRITIK MUNDUARI BEGIRA
Izenburu horixe dute Leioan urriaren 16tik 20ra bitartean egingo diren euskara jardunaldiek. Urte hau Europako Hizkuntzen Urtea dugu, Leioa Erandiotik banandu eta elizate izatera igaro zenetik 475 urte joan dira eta Iñaki Gamindek Leioako euskararen inguruko liburua egin du. Hori guztia aitzakiatzat hartuta, euskarak munduan duen lekuaz hausnartzeko beta hartu dute Leioan. Besteak beste, J. M. Sanchez Carrion «Txepetx»ek, Jon Sarasuak eta Miquel Strubellek emango dituzte hitzaldiak.
ESKOLA AGENDAK IKASLE BIZKAITARRENTZAT
Bizkaiko Aldundiak probintzia horretako gizarte eta kulturako hainbat pertsonaia ezagunen berri ematen duen eskola agenda bat karrikaratu du. 14 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendurik dagoen agenda honen 20.000 ale argitaratu dira.
BERTSO TXAPELKETA MARTXAN
GUZTIRA, 173 bertsolari saiatu badira ere Bertsolari Txapelketa Nagusira iristen, kanporaketetan 30 bertsolarik hartuko dute parte. Eta hain zuzen ere, urriaren 21ean emango zaie hasiera hauei. 30 horietatik batzuk Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Iparraldeko txapelketa eta kanporaketetan sailkatu ziren, eta besteak, 1989 eta 1993ko Txapelketetan finalista izandakoak dira. Bost taldetan banaturik, saio bakoitzeko lehena eta guztira puntu gehien duten zazpiak finalaurrekora iritsiko dira, 1997an finalista izan zirenekin batera. Ondoren, bi saio egingo ditu bertsolari bakoitzak eta puntu gehien lortzen dituzten zazpiak finalean izango dira abenduaren 16an. Egun horretan ere izango da berrikuntzarik. Izan ere, goiz eta arratsalde jokatuko den finalean, saioko puntuazio altuena duten bi bertsolariek jokatuko dute soilik azken txanpa.
ANTZERKIAK 26 URTE GASTEIZEN
IRAILAREN amaieran ateak zabaldu bazituen ere, Gasteizko XXVI. Antzerki Jaialdiak aurrera jarraitzen du. Eta lanak ikusgai izango dira azaroaren erdi alderarte. Dirudienez, izen ezagunek eta ez hain ezagunek erakarrita, inoiz baino hobeto saldu dira abonoak. Oraindik ikus daitezkeen obren artean, aipa daitezke, Euripidesen «Medea» non Nuria Espertek parte hartzen duen, Teatro de la Danzak taularatzen duen «Paseando a Miss Daisy» Amparo Rivellesekin, edota Andaluziako Antzerki Gunearen «Otelo el moro» eta Leo Bassiren « La vendetta»... Euskal talden artean, hortxe izango dira Dar Dar Produkzioaken «Alizia bitxikerien lurraldean» eta Tanttakaren «Errudun jaioak».
IPUINEN MUNDUAN BARNA
IPUINEK duten garrantziaz ohartuta, Galtzagorri elkarteak «Ipuinez ipuin» egitasmoa jarri du martxan Begoñako Barrutian. Bertan eta hil osoan zehar hainbat ipuin biltzaileri buruzko erakusketa paratu dute, Joxe Miel Barandiaran, Wendworth Webster, Resurrección María Azkue edota Jacob eta Wilhelm Grimm bezalako izenak ageri direlarik. Orain arte ipuinak biltzen aritu direnen lana erakusgai jartzeaz gin, ipuinak entzun ahal izango dira Joxe Mari Carrerre, Antton Irusta, Pello Añorga edo Ray Buenoren ahotsetan. Eta ez hori bakarrik, entzuteaz gain, kontatzen ikasteko parada ere badago egitasmo honen barne. Hil hau Bilbon igaro ondoren, Donostira, Durangora eta Gasteizera iritsiko da ipuinen magia.
FABRIZIO PLESSI ETA TAPIES
UDAZKEN honetarako eskaintza abian du Guggenheim Bilbao Museoak. Ez dira Plessi eta Tápies gonbidatutako bakarrak. Sei aurkezpen estreinatu dituzte. Hona batzuk: "Hiri modernoa" titulupean XX. mende hasierako artistengan hirietako paisajeak inspiratutakoa izango da ikusgai. Fabrizio Plessi bideoartistak bereak aurkeztuko ditu. Jeff Koons-ek berriz, kultura kapitalistari buruz egindako gogoetak ezagutaraziko ditu. Tápies eta Txillida batera ageriko dira "Materia eta pentsamendu bisuala" izenburupean.
HITZ BITAN
- Koldo Almandozek: «Film laburra zinegintzan murgiltzeko eta esperimentatzeko modu bat izan daiteke, geroago, film luzeetara jauzi ahal izateko. Nik ez dut horrela ikusten. Hau da, nire ustez, film laburra bera genero bat da. Literaturan adibidez, argi ikus daiteke; nobela eta ipuinak genero independienteak dira». Hitzok «Irutxulo» aldizkarian esan zituen.
- Koldo Zuazok «HABE» aldizkarian honakoa zioen: «Euskara batua aurrera atera dugu, lan izugarria egin da, baina euskara batua ez da euskara guztia, euskara batua hizkuntzaren zati bat da, hizkera bat, eta badira landu beharreko beste hizkera batzuk».
- Paddy Rekalderen iritziz: «Literaturan subertsioa hilda dago... lauzpabost maki dabiltza bidezidorretan barrena, eta irabazteko esperantza galdu badute ere, zirikatzea ezinbestekotzat jotzen dute prime-time, kulturarantzazu, barrebako idazle gazte arduuuuuratsu, gugenjein eta ongi eta gaizkiaren gaineko superkritikoen montajearen aurrean bizirauteko».
- Pello Varelak «Gara»n: «Ikus-entzunezkoen ia produkzio osoa EITBren inguruan egiten da, eta honek euskal produktoreak bizirauteko beharraren menpe jartzen ditu».
Euskal Aktoreen Batasunak webgunea paratu berri du Interneten: www.actoresvascos.com hain zuzen. Bertan euskal aktoreen katalogoa agertzen zaigu, antzerki ikastaroen informazioa... Eduki aldetik interesgarria da, baina bertan euskarak duen leku txikia salatu nahi dugu.
Ander Lipusek Koldo Mitxelena kulturunean emaniko euskal antzerkiari buruzko hitzaldia, Lipus bera kide den Antzerkiola Imajinarioa taldearen ibilbidea eta talde honen æ8 olivettis poéticosÆ obra nagusia biltzen duen liburua plazaratu du Hiru argitaletxeak. Oraingoz, gaztelaniazko bertsio soilik argitaratu da.
Joseba Sarrionandiaren «Lagun izoztua» lehenengo nobela udazken honetan izango da kalean Elkarlanean argitaletxearen eskutik.
Jabier Muguruzak «Hain guapa zaude» izeneko bosgarren diskoa argitaratu du Metak diskoetxean. Guztira, 14 kantaz osatua dago eta besteak beste, Kiko Veneno eta Et Incarnatus harizko orkestrak parte hartu dute.
Josu Zabaletak jaso du Euskadiko 2000. urteko literatur saria, itzulpen arloan. Guy de Maupassanten «Fantasiazko ipuinak» euskaratzeagatik irabazi du. Gaztelaniazkoan berriz, Fernando Aranburu garaitu da.
Ramon Agirrek euskal antzerkiaren inguruan adierazitakoa da honakoa «Euskaldunon Egunkaria»n egin zioten elkarrizketan:
«(...) Oso gutxi idazten da antzerkirako. Iparraldean euskarazko testu gehiago sortzen dira, Antton Lukuk eta Pantzo Hirigaraik, adibidez, lan interesgarriak egiten dituzte. Gainera, badakite gero taularatuko dituztela. Lehen hemen genuen sistema da hori, duela hamar bat urtekoa. Orain, ordea, zaila da hemengo konpainia batek hemengo antzezlan bat taularatzea. Horregatik ez dira testu gehiago sortzen; antzerki obra batek ez baitu zentzurik antzeztu ezean. (...) Programazioaren %90 administrazioaren esku dagoenez eta administrazio mailan harremanik ez dagoenez, oso komunikazio gutxi dago. Eta guk ez dakigu edota ezin dugu muga hori gainditu. Izugarria da dagoen banaketa; nik ez dut inoiz antzeztu Iparraldean. Eta badut gogoa. Ez dago zubirik, ea hasten garen sortzen, zeren eta administrazioa zubiak egiteko zain egonez gero, uste dut ez naizela inoiz joango. (...)
Bi bertsioak (euskarazkoa eta erdarazkoa) merkatuari begira egiten dira; ez dago bietara egiteko arrazoi naturalik. Bi hizkuntzetan antzezten dugunean ero moduan ibiltzen gara askotan. Euskarazko obra baten planteamenduak txikiagoa izan beharko du, emanaldi gutxiago eskainiko baitira, eta horrek ez du antzezlan handiago baten kostuak ordaintzeko aukera ematen (...)».
«Kalaputxi» aldizkaria sortu berri da Mutrikun, Karenka komunikazio elkartearen ekimenez. Hilaren bukaeran jasoko dute lehen alea mutrikuarrek euren postontzietan. 28 orriko aldizkarian herriko hainbat albiste bilduko dute. Guztira, 1.400 ale banatuko dituzte hilero. Bejondeiela!