Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Erronkak eta oztopoak

2001-10-14 -- 1825.zenb

Erronkak eta oztopoak

Xabier Gurrutxaga

Maiatzaren 13ko hauteskundeetako emaitzek ezuste handiak ekarri zituzten euskal politikagintzaren plaza berrira. Batzuentzat espero zirenak baino emaitza hobeagoak egokitu ziren; gau goxoa izan zen abertzale erreformistentzat. Gaua, berriz, guztiz mikatza beren burua konstituziozale eta ez nazionalistatzat jotzen dutenentzat. Mikatzetik harantzago, gaua garratza gertatu zen ezker abertzalearentzat. Izan ere, ETA-EH bikoteak harturiko jipoia monumentala izan baitzen.

Harrezkero talde bakoitzak egin du gertaturikoari buruz bere gogoeta. Batzuen kasuan hausnarketa eta azterketa ez da beharrezkoa zen mailara jaitsi; aitzitik, esango nuke komenigarria den mailaraino bakarrik iritsi dela. Autokritika forma kontuetara mugatu da, mamiari ukitu handirik egitera ausartu gabe. Jokabide horren bi adibide argigarri Alderdi Popularra eta Euskal Herritarrok taldeak dira. Ez dira ohartzen, edo ohartuta ere norbaitzuek ez diete publikoki adierazten uzten, hauteskunde gauak beraien apustu estrategikoaren porrota erakutsi zuela.

MAYOR Orejaren kasuan abertzaletasuna erakundeetatik kanpo uzteko estrategiak errealitatearen aurka egin du txoke, eta istripu horretatik oso gaizki atera da hautagai popularra. Jakin badaki, nahiz eta ezin esan, horrelako beste aukera bat ez duela berriro eskura izango urte dezentetan. Ziur nago Mayor Orejak badakiela euskal politikagintzan berak goia jo duela, eta beraz oso zaila egingo zaiola bere hautagaitza denboran zehar mantentzea gutxieneko sinesgarritasun batekin. Baina gogoeta horrek ez du eramango Alderdi Popularra euskal politikagintzarekiko aldaketak premiazkoak direla ikustera.
Hasi berria dugun legegintzaldirako helburu bakar eta nagusi bat dute popularrek: abertzaleen eta sozialisten artean eraiki daitezkeen zubiak lehertzea. Ezker abertzalearen kasuan, emaitzek ETAk eta EHk gorpuzten duten estrategia politiko-militarraren porrot ikaragarria erakutsi digute. Oker dabil Otegi, Ibarretxerengana joan diren bozak direla-eta, hautagai abertzaleari egindako mailegua dela pentsatzen badu. Herritar horiek, lehenik eta behin, ETArekiko eta EHko zuzendaritzarekiko haserrea azaldu dute. Kokoteraino zeudela ETAren kirtenkeriaz eta EHren menpekotasunaz, alegia. Boza horiekiko erantzukizuna ez da noski Ibarretxerena, Otegirena bazik. Berak ordezkatzen duen talde politikoa da hauteslego horiekiko zordun, eta ez mailegu emaile. Zorrak kitatzen dituenean, orduan egongo da, agian, alde egindako haietatik batzuk berreskuratzeko moduan. Baina egia esan behar bada, maiatzatik hona talde honek esan dituenak entzun ondoren ez dago esperantzarako arrazoi handirik. Batasuna taldearen sorkuntzak zerbait agerian utzi badu, zer hori inboluzio politikoaren konfirmazioa izan da. Ezker abertzalearen menpekotasuna ETAren estrategiarekiko areagotu egin da su-etenetik hona. Ezker abertzalearen baitako pluraltasuna murriztu egin da.


EZKER abertzaleak tregoa garaian izan zuen protagonismoa guztiz zapuzturik gelditu da eta ekimen politikorik gabe dago lozorroan. Alegia, ETAk eta EHko zuzendaritzak bere ohiko bakardade eta isolamendu politikora eraman dute ezker abertzalea. Gaurko ETA, beraientzat ere, eta batez ere beren egitasmo politikoarentzat arazo bat bilakatu dela onartzen ez duten bitartean ez dago zer eginik. Horrexegatik galdu dute euskal politikagintzan su-etenarekin irabazi zuten balio berezia. Oso gogorra da etorkizunaren giltza izango zarela ustea izatea, eta gero kontrakoa frogaturik ikustea. Hau da, herritarrek ez dutela nahi zuk inongo giltzarik izan dezazun.
Eta garaipena lortu duen abertzaletasunak zer egingo ote du? Ba ote daki zer lortu nahi duen lau urte hauetan, eta norekin kontatzen duen langintza horretan? Lehenik eta behin esan behar dugu aurreko legegintzaldian baino libreago dagoela oraingoan. Baina hori esan ondoren aitortu behar da bere indarrekin bakarrik ezin dituela aurrera atera legegintzaldirako jarri dituen oinarrizko helburuak: baketze prozesua eta normalizazio politikoarena, alegia. Badirudi normalizazio politikoaren bidean sozialistekin jorratu nahi duela oinarrizko akordioa. Bakegintzaren arloan berriz, eskarmentu askoren poderioz, badirudi apurka-apurka gogoeta berri bat ari dela jeltzaleen artean nagusitzen: abertzaleen batasunik ezin daitekeela proposatu ezker abertzalearekin ETAk desagertzeko erabakirik agertzen ez duen bitartean. Eta horretarako, jarrera politiko honentzat, ezinbestekoa da ezker abertzalearen baitako krisia areagotzea. Hauek diotenez, azken hauteskundeek zerbait erakutsi badute horixe izan da. Alegia, ezker abertzaleko hauteslego ohiarentzat ere ETA arazo bat bilakatu dela jadanik

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan