Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-28 16:11:48
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-10-14 -- 1825.zenb

Pilar Iparragirre

Bilduta ziren Erroman Eliza Katolikoko gotzainak, Sinodo deitu batzarra ospatzeko. Ordukoan, bi gai garrantzitsu eztabaidatu behar zituzten: apaizen zeregina, alde batetik, eta zuzenbidea munduan, bestetikà Apaizen eginkizunari bueltak ematen hasiak ziren, errazagoa zitzaien nonbait. Haatik, gerorako utzia zuten gairik korapilotsuena, alegia bakoitzari dagokiona emanaz, zuzentasunez jokatuz aritzeko era nola zegoen munduan erabakitzeari zegokiona. Zergatik ote? Horixe azaltzen saiatzen zen ZERUKO ARGIA, bere lehen orrialdean eta editorialean.

ZUZENGABEKERIA NAGUSI
Antza denez, gotzain horien artean bazen gai biak loturik aztertzea nahi izan zuenik ere, apaizen zerbitzu edo ministerioa berez gizartearen arazoekin loturik behar lukeela sinetsita zeudelako, baina ezin izan zituzten konbentzitu Sinodoko besteak, haien ustez gai biak lotzeak "beste teologi-ikuspegi" bat eskatzen zuelako, "apaizaren politiko eta gizartearekiko lotura" onartzen zuena. Gehiegitxo, beraz.
Gotzain inkonformisten jarrera txalotzen zutenetakoa zen Arostegietar Jok, Z. ARGIAren lehen orrialdean idazten zuena. Ez izaki bera gotzain, ordea, ezin bada Erromako bileran Eliz barrutiko egitekoez aritu. Han ez, baina Z. ARGIAn esatea zuen barnean zeramana, eta horixe egiten zuela, lagunak!
"Gaur eguneko mundua zuzengabekeriaz leporaiño beteta dagoala, nork ukatu? Oso aberats, bakar batzuk, eta miseri gorrian gizatalde aundia", eta okerrena, bere ustean bederen, "zoritxarrez, gizon eta erri aberatsenak kristau izenekoak diraà".
Jarraian, munduan zehar antzematen zuen zuzengabekeria azpimarratzeari ekiten zion: "Indarrez giza-eskubideak zapaltzen dituzten agintariakà Askatasunik gabeko erriak nork bere pentsaerak agirian agertzeko, politika, erlijio eta langille arazoetanà Gartzeletan atxilotuok jasotzen dituzten zigor eta makilkada gorriak. Langille, sindikato, politikako elkarteak iñolaz sortu eziñ dituzten erriak. Erriaren nortasun, izkuntza eta etnia oinperatuak arkitzen diran lurraldeak. Razismoa. Totalitarismoa. Hainbeste zuzengabekeria dago munduan!".
Gauzak horrela, hauxe zen Arostegietar Jok-en epaia: desafio gogorra egina ziola Munduak Elizari, hitzetan jartzen saiatzen zen desafioa, hain zuzen ere: "Hogei gizaldi Eliza bizi dala munduan. Nolatan hainbeste zuzengabekeria? Kristoren mezua, Elizak eraman bear dio munduari. Kristoren mensajea onetan datza: Gizon bakoitza eta guziak Kristok maite izan dituan bezela, gizonok elkar maite bear dugu. Gizon guziekiko maitasuna, beraz, Kristoren mezua. Maitasun onek berea du aitormen au: Diñatasunean, aundi dira gizon guziak eta eskubide berdiñak dituzte. Aski indar ote du mezu orrek gaur eguneko zuzengabekeriak lurretik uxatzekoà? Balio al du mundu zuzenagi bat egiteko? Erantzun zuzen eta egoki bat eman behar dio Elizak munduaren desafioari".

ELIZAREN ZUZENTASUNA KOLOKAN
Lanaren egileak bazekien, horregatik, geroxeago bazen ere, hura guztia eztabaida zitekeela Sinodoan. Dena den, eztabaida berari buruz ere izango zituen bere zalantzak, zeren, badaezpada, eskema gisako bat eskaintzen zien Erroman bildutako gotzainei:
"Sinodoaren galdera izan diteke: Zuzenak ote dira gure erakundeak? Elizaren jokabide eta gobernatzeko era beti ote datoz bat gizonari dagokion diñatasunaz? Elizaren bizitza eta egoera ez dira berdiñak emen eta an; jokabideak ere desberdiñak dira; zein dira zuzenak? Zein okerrak?".
Arostegietar Jok kristauak, bere aldetik, horrela ikusten zuen arazoaren zera:
"Sinodoaren erabaki eta agiriak konkretuak bearko lirake. Postura garbi bat beiñik ar beza Elizak. Gogorkeriarik gabe, baiña oso iraultzaille, agertu bear du Elizak. Emeki eta enplastoz konpon ditezkean arazorik ez dugu esku artean. Batzuen geiegikeriari eta erri osoetako miseriari eusten dioten erakundeak azpiz-gora irauli bear dira. Gizon eta erriei, beren askatasun, diñatasun eta aurrerapenak zuzenduko dizkien erakundeak eman bear zaizkie. Errien askatasun billa dabiltzanekin bat egin bear du Elizak. Gizarte zuzen eta berri bat sortzeko burrukan diardutenekin alkartu bear du Elizak. Erri zapalketak eta totalitarismoak gogorki sala bitza Elizak. Diplomazi gutiago eskatuko nioke nik gaur gure Eliza maiteari"
PILAR IPARRAGIRRE

Lore Agirrezabal

Ospe handiko jendea liburuetan, biografietan, hilezkortu ohi da. Baina ospetsuena bezain bizitza interesgarria aurki dezakegu pertsona arruntengan. Horiei buruz, ordea, ez da inoiz idatzi. Ez behintzat Edward Roset idazlea biografiak idazten hasi zen arte. Orain 350.000 pezetaren (14.000 libera) truke liburu bateko protagonista izan zaitezke, eta 500.000 pezetagatik (20.000 libera) zortzi aletan bizirik iraungo duzu betirako.

"Oñati, ni jaio nintzen herria, haran zoragarri batean dago Gipuzkoaren bihotz-bihotzean, mendiz inguratuta (...). 1938ko ekainaren 16 hartan, diotenez, eguna zoragarri argitu zen, eguzkiak indartsu argitzen zuen, zalantzarik gabe haur jaio berri hari ongi etorria emateko". Jaio berri hura, Eduardo izenez bataiatu zuten Oñatiko San Migel parrokian, eta Edward Roset izena eman zioten Britainia Handiko kontsulatuan. Hitz horiekin hasi zuen Rosetek bere biografia. Baina horrekin nahikoa ez eta edonori gauza bera egiteko aukera eman nahi dio, alegia, gure bizitzako gorabeherak, argazki eta guzti, ehun bat orritan kontatzeko aukera.
Bere biografian kontatzen duenez, euskaldun-britainiar hau Hondarribian bizi da gaur egun. Duela hamabi bat urte Stanley argitaletxea sortu eta ingelesezko testu liburuak idazten hasi zen. Horrek, ordea, ez zuen bere idazteko grina asetzen eta historia nobela batzuk idatzi zituen. "La Conquista del Amazonas", "El estratega Cartagines" eta "Invasion!" eleberriek Mundo Conocido argitaletxe sortu berriaren baitan ikusi zuten argia. Argitaletxe berak eskaintzen digu orain, etxeko apalategian geure biografia edukitzeko aukera. Baina hauek ez dira salgai jartzekoak, ez ditugu liburudendetan ikusiko. Edward Rosetek adierazi digunez, beraiek ez dute inolako eskubiderik liburuen gainean: "Liburua norberarentzat da eta bere gogora argitaratu nahi badu berak ikusiko du zer egin, baina guk ez ditugu salgai jartzen, normalean senideentzat izaten dira".


DATUAK BILDU ETA FORMA EMAN.

Biografia guztiak urratsez-urrats osatzen dira. Bai Juan Sebastian Elkanorena baita Julen Gerrerorena ere. Liburudendetan ikusten ditugun liburukoteak ez dira idazlearen etorri onaren emaitza hutsa, noski. Ezta Mundo Conocido argitaletxekoak ere. Bertan, biografiei buruzko sekretu guztiak ez, baina ia denak argitu dizkigu Edward Rosetek. Izan ere, dokumentazio eta idazketa lan astunak arintzeko formula bat baino gehiago asmatu da ezinbestean eta horietako bat azaldu digu biografiagileak.
Galdera sorta bat, grabagailua, eta historia garatzeko eskema jakin bat dira oinarrizko baliabideak Mundo Conocido argitaletxean. Hasteko, lehenengo egonaldian, lehendik eginda duten biografia bat erakusten diote bezeroari eta berak nolakoa nahi duen zehazten du. 500.000 pezetagatik zortzi liburu eskura ditzakezu. Beste aukera bat ale bakarra egitea da: 350.000 pezeta. Hortik aurrera eskatzen diren aleek 40.000 pezeta (1.600 libera) balio dute.
Biografiak arinak eta irakurterrazak izan daitezen, letra eta lerro tarte handi samarrekoak egiten dituzte. Orriak horixkak izaten dira, eta liburuaren azala gogorra eta eskuz egina. Larruzko azalarekin ere eska daitezke, baina 25.000 pezeta garestiago da. Liburuaren egitura zehaztu ondoren, edukia lantzen hasten dira: protagonista izango denari galdera sorta eta grabagailua ematen dizkiote, eta berak egiten du dokumentazio lana, pixkanaka erantzunak grabatuz. Baina maiz, norberak ez du jakiten grabagailuari nola hitz egin eta nahi izanez gero, edo behar izanez gero, idazleak lagun diezaioke.
Hilabete baten buruan liburu bateko protagonista bihurtuko zaituzte Edward Rosetek eta bere taldekideek. "Normalean hilabete batean egiten dugu; hilabete idazten, baina lehenago informazioa biltzeko lauzpabost bidaia egin behar izaten dira laguntza behar badu, nahiz eta normalena lan hori protagonistak egitea den. Grabagailu bat eman eta galderen erantzunak grabatzeko eskatzen dugu, informazio horrekin istorioa osatzen da; egun batean haurtzaroa, gero gaztaroa, bitxikeriak, bidaiak, bere gustuak...", azaldu digu Rosetek. Gero horri nobela itxura eman behar zaio:
"Horretarako, normalean, eskema bera jarraitzen dugu, baina bitxikerien arabera alda daiteke". Modu kronologikoan atontzen dute liburua, bizitzako aro bakoitza atalka banatuz. Argazkiek ere leku garrantzitsua betetzen dute, bestela, idazlearen hitzetan, "gatzik gabea" gerta baitaiteke liburua. Nahi izanez gero, zuhaitz genealokioa ere sar daiteke.

HAMAIKA IRAKURTZEKO JAIOAK.

Orain arte Mundo Conocidon idatzi dituzten biografiak pertsona helduenak dira, 80 eta 90 urte bitarteko agureenak. Izan ere, zaharrak hamaikatxo bizitakoak dira eta askok bizipen horiek gogoan izan nahi dituzte, beren bilobei kontatu eta... Baina adinean aurrera egin ahala geroz eta leku gutxiago izaten du gure memoriak eta kontu horiek bizirik mantentzeko liburua gordailu aproposa da. Edward Roseten iritziz biografiak lekukotza baten gisakoak dira: "Ondorengoek irakur dezaten oso polita da, askotan atzera begiratu eta gure aiton-amonek zer egin zuten ez baitugu jakiten". Horrexegatik, agian, bezero gehienak protagonista izango denaren bilobak edo seme-alabak izan ohi dira: "Beraien artean bildu eta, hamar baldin badira, bakoitzak 50 mila pezeta ordainduta, beren aitona zenaz bizi guztirako oroitzapen polit bat izango dute, prezioa ez da beste munduko ezer".
Kronika gogorrak kontatu dizkiote Roseti orain arte argitaratu dituzten liburuen protagonistek: makien garaiko istorioak, Stalingradon "Dibisio urdina"rekin egondakoenak, Frantzian erresistentziarekin jardun zuen baten gorabeherak, apaiz izandako batek kontatutako istorio «intimo» eta delikatuak..."Honetara jartzen den laurogeita hamar urteko aitona besaulkian eserita ikusi eta harritu egiten naiz, baina kontua da istorio mordoa dutela kontatzeko, eta oso polita da hori jasotzea. Nik neuk nire biografia idatzi nuenean emozioz beteriko asteak igaro nituen, guztia oroituz eta berriz biziz... Gauza asko ahantzi ohi dugu eta horrela behintzat idatzita geratuko dira".
Modurik "txoroenean" hasi zen Roset biografiak idazten: "Lagun batek esan zidan Frantzian emakume bat biografiak idazten hasi zela eta arrakasta handia lortu zuela. Berekin hitz eginez niri ere horrelako zerbait egiteko gogoa sartu zitzaidan", azaldu digu idazleak. Duela hilabete batzuk ereindako haziak lau liburu eman ditu. Orain artekoak gazteleraz idatzi dituzte baina euskaraz, frantsesez edota ingelesez ere egin dezakete. Rosetekin batera, lau kolaboratzaile ari dira honetan, filologoak denak; eta etorkizunerako asmo jakinik ez duten arren, bizirik dagoen pertsona ospetsu baten biografia idaztea gustatuko litzaioke Roseti. Bitartean, Matahariren biografia prestatzen ari da, eta laster beste eleberri bat amaituko du: "Desaparecida".
Urteek aurrera egin ahala ugaritzen dira bizipenak, eta horiek ahanzturan gal ez daitezen, gordetzea gauza ederra da. Baina batzuetan gure ganbarak huts egin diezaguke eta hobe izaten da oroitzapenei leku seguruago bat aurkitzea. Rosetek eskaintzen duena izan daiteke leku horietako bat

Daniel Udalaitz

Egoitza nagusia Bilbon duen eta, besteak beste, Correo Español eta "Diario Vasco" egunkariak argitaratzen dituen Grupo Correo Español eta egoitza Madrilen izanik "ABC" argitaratzen duen Prensa Españolak beren arteko bat-egitea iragarri dute, batak bestea bere baitan hartuz. Bat-egite hori datorren abenduan emango da aditzera ofizialki, enpresa bakoitzeko batzar nagusiek operazioa onartu ondoren. Administrazio kontseiluak joan den irailaren 27an bildu ziren bi enpresetako batzar nagusiek abenduan onartu beharko dituzten bat-egite akordioak sinatzeko. Operazio honetan Grupo Correo Españoleko 3,75 akzioko Prensa Españolako akzio bat trukatuko da. Horretarako finantza-enpresa espezializatu batek bi enpresa horietaz egin duen balioztapena hartu da kontuan. Balioztapen horren arabera Grupo berriaren balioa 300.000 eta 400.000 milioi pezetaren (12.000 eta 16.000 libera) artekoa litzateke.
Atzerriko lehiakortasuna ziurtatzeko xedez, bat-egitearen helburu nagusietako bat burtsan sartzea da, eta hala adierazi dute arduradun nagusiek. "Konpainia berriak balio erantsi handiagoa eta tamaina handiagoa du eta merkatu horietara aterako da ziur, epe laburrean ez bada ere", esan du Jose Maria Bergaretxek, oraindik izenik ez duen komunikazio talde berriko lehendakariorde exekutibo eta kontseilari ordezkariak. Zantzu guztien arabera burtsan agertze hori ez da gauzatuko urtebete inguru igaro arte, burtsako merkatuak kolokan jartzen ari den nazioarteko egoera politikoa bere onera etortzearen baldintzapean. Halaber, Bergaretxek iragarri duenez, bat-egitearen beste helburuetako bat beharrezko dimentsio finantzarioa lortzea da, "enpresa eta kazetaritza esparruko proiektuari epe luzerako jarraipena ziurtatzeko". Hori izango da burtsan agertzeko oinarria eta beste helburu bat lortzen lagunduko du: "atzerrian lehiakortasunez aritzeko gaitasuna eskuratuko du, nazioarteratzea estrategia berriaren ardatz nagusi izaki".
Komunikazio esparruko enpresa talde berriaren egoitza sozial berria Madrilen kokatuko da eta egoitza fiskala Bilbon. Bat-egite horren ondorioz eratuko den sozietate berria Espainiako Estatuko enpresa handiena izango da komunikazio arloan, eta 2002ko urtarrilean hasiko da jardunean. Grupo Correo Españolek erakunde berriaren %78,95 kontrolatuko du, eta ABC argitaratzaileak, berriz, %21,05. Talde industrial berriko lehendakari izango den Santiago Ibarrak dioenez, "Grupo Correok Madrilen oin bat jartzeko aspalditik zuen ilusioa beteko du operazio honen bidez".


TALDE BERRIAREN DATUAK.

Bat-egite honetatik sortuko den konpainia berria 135.000 milioi pezetako (811 milioi euro) aktiboekin jaioko da. 2000. urtean 98.789 milioi pezetako fakturazioa izan zuen, eta 14.553 milioi pezetako etekin garbiak lortu zituen (zergak ordaindu ondoren). Taldeka banatuta, 2000. urtean, Grupo Correo Españolek 61.108 milioi pezetako fakturazioa eta 11.542 milioi pezetako etekin garbiak izan zituen. Grupo Prensa Españolaren fakturazioa, aldiz, 30.000 milioi pezetakoa izan zen eta 3.011 milioi pezetako etekin garbiak lortu zituen.
Hedabideen esparruko enpresa-talde berriak biltzen dituen 18 egunkarien (ikus hurrengo orriko taula) artean 860.000 ale baino gehiago banatzen dira egunero, Banaketa Egiaztatzeko Bulegoaren (OJD) datuen arabera. Bulego horrek ematen dituen datu horiek ez dira beti benetakoak, eta, agian, %10-15ean murriztu beharko lirateke, nahiz eta horiek izan edozein erabaki administratibo edo komertzial hartzeko ofizialki kontuan hartzen direnak. Irakurle kopuruari dagokionez, Talde guztiari begira, egunean 3,4 milioi irakurle dituela jotzen da, Hedabideen Azterketa Orokorraren datuen arabera (EGM 2001-ren bigarren ekitaldia).


ESPAINIAKO BATASUNAREN ZERBITZARIAK.

Hedabideen esparruko proiektu oro enpresa proiektu bat baino zerbait gehiago da. Aldi berean ideologi proiektua ere bada, eta oso interes jakinen alde jokatzen du, independente izenez baliatu arren. Eta Grupo Correo Españolek nahiz Grupo ABCek enpresa interesez gainera, interes ideologikoak dituzte. Eta negoziaketa luzeen ondoren bat-egitera iritsi baldin badira, enpresa interesek eta ideologi interesek bat egiten dutelako izan da. Bi talde handi horiek ondo asmatu dute unean uneko egoera politikora egokitzen. Hori bai, une honetan bi taldeek Espainiako eskuin soziologikoaren interesen deiari erantzun diote, nahiz eta horien irakurle asko, batez ere El Correo Español eta El Diario Vascokoak, euskal abertzaletasunaren eta Espainiako ezkertiarren esparrukoak izan. Eta orain ere interes berberen bidetik jarraitzen dute.
Eta iritzi hori ez da txosten hau sinatzen duenaren iritzia. Hedabide horiek beraiek, enpresa talde horiek beraiek dira horrela adierazten dutenak. Esate baterako, Grupo Correoko editorialak honela zioen irailaren 19an, operazio hori iragartzerakoan: "Grupo Correo kazetaritza arloko enpresa baten hazkundearen ondorio da, Ybarra familiak 1910. urtean "El Pueblo Vasco" egunkariarekin hasi zuena, eta, gerora, 'El Correo Español'ekin bat eginez eta beste hainbat egunkari atxikiz, esperientzia handia bereganatu du irakurle eta erkidego ezberdinetara egokitzen. Egunkariak, gainerako hedabideak bezalaxe, batez ere beren xede diren erkidegoen askatasun adierazpenaren kudeatzaile dira, eta, beraz, ezinbestekoa dute haien izaera eta interesetara egokitzea. Horregatik, orain atxikitzen diren hedabide guztiek beren nortasunarekin jarraituko dute bete-betean, nahiz eta familiartasun komun bat bereganatuko duten...".
Bi talde horiek bat datoz beren oinarri ideologikoetan. Laburbildurik esateko, Konstituzioarekiko, Espainiako batasunarekiko eta Errege Koroarekiko erabateko leialtasuna agertzen dute. Horrela adierazten du editorial luze horren beste atal batek: "Bat-egitera bultzatzen gintuzten pizgarri ekonomikoak eta zentzuzko argudioak handiak izanik ere, bat-egite hori guztiz ezinezkoa gertatuko zen Prensa Españolaren eta Grupo Correoren artean kidetasun profesional on bat eta oinarrizko irizpideekiko batasun sakon bat izan ez balitz. Prentsa funtsezko zerbitzu publiko gisa hartzen dugu, askatasun zibilei atxikirik, eta gure baliabide guztiak ordenamendu konstituzionalaren menera eta haren euskarri eratu dira, autonomien aniztasun handi eta aberatsa Estatuaren batasunarekin uztartzearen gidari eta gure elkarbizitza baketsuaren oinarri diren balio moralen ikur eta gordailu den Koroaren zerbitzari leial..." .

Mikel Asurmendi

Iparraldean bertatik bertara ekoizturiko egunkari bakarra dago:«Sud-Ouest». Bertako gizartearentzako informazioa eskaini arren, ez du Euskal Herri osoaren errealitatea lantzen. Euskal Herriaren ikuspegi osoarekin egiten diren egunkariak, berriz, «Euskaldunon Egunkaria» eta «Gara» -Hegoaldean sortuak- euskaraz eta gaztelaniaz idatziak dira nagusiki. Iparraldean euskara ulertzen ez duen jendearentzako egunkari baten beharra antzeman du kazetalgintzan diharduen hainbat pertsonak. Euskal Herri osoko ikuspegitik eguneroko informazioa eskaini lezakeen eguneroko baten beharrak sortu da «Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta».


EREMU NATURALA LANDU.

Pirinio Atlantikoak departamenduko Jean-Jacques Lasserre presidentea eta Nafarroako Miguel Sanz lehendakaria azpiegituraz mintzatzeko bildu ohi dira, baita Alain Lamassoure eta Roman Sodupe Euskal Eurohiriaren karietara bildu ere komunzki. Ipar eta Hego Euskal Herriko errealitate historiko-kulturalez bestera, interes eta harreman politiko-ekonomiko komunak ari dira garatzen egun. Horiek baina ez dira modu natural batez islatzen hedabideetan. Mugaz gaindiko errealitate bat eraikitzen ari da, baina informazioa mugan gelditzen da. Konparazione baterako, «Sud-Ouest» egunkariaren informazioa Akitania Erregioaren ikuspegitik lantzen den antzera landu nahi dute «Euskal Herriko Kazeta» bere egileek: Euskal Herriaren ikuspegitik Ipar Euskal Herrirako.«Eremu natural batean bizi gara, azken urteotan ukatu omen den muga hor dago oraindik ere. Berlineko pareta erori zen, baina Bidasoakoa hor dago. Alta, gero eta jende gehiago ari da mugaz gaindi elkarrekin bizitzen eta errealitate hori ezagutarazi nahi du egunkari honek» diosku Hur Gorostiaga kazetako zuzendariak.

Kazetaren eragileek bere finantziazioa aztertu zutenean, tamaina honetako proiektu bat gauzatzeko bertako kazetal enpresak ez zirela aski sendoak ohartu ziren; egitura sendoagoa bat behar zuten. Frantziako Estatuko «Hachette» bezalako enpresa editorial inportante bat, kasu. Honengana jo zuten baina honek kapitalaren sarrera handia eskatzen zuen eta ekoizpenaren kontrola ere. Orduan, EKHErengana (Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea) jo zuten. Elkarte hau interesatu zen eta kapitalaren %20 bere gain hartu zuen. Gaineratikoa, %80, ekimen pribatuen ekarpenekin osatu dute.
«Gara» EKHEren eskutik sortu zenez, hainbat esames kaleratu da kazeta berri honen inguruan:«EKHE sortu zen komunikabide berriak sortzeko; era pluralean. æGaraÆ izan zen lehena. Xiberoko Boza ere, kasu, EKHEk lagundu zuen larri-larri zebilenean. Egunkari berri hau sortzea nahi ez dutenak «Gara»rekin lotzen saiatzen ari dira EKHEk kapitalaren %20 jarri duelako. Ahal bezain irudi itsusia zabaldu nahi dute guri zangoak mozteko», zehaztu digu Hur Gorostiagak.
Ez omen dute ezer ezkutatzerik. Kazeta KIEn inprimatuko dute, «Gara» inprimatzen den leku berean; Usurbilen. Bordelen inprimatzeko bi ordu gehiago beharko lukete. Gainera, %30 merkeago ateratzen da Hegoaldean inprimatzea.

IDEIA ETA EDUKI BERRIAK.

Finantza alorrean zailtasunak izanik ere, merkatua badagoela diote kazeta honen eragileek. Ideia eta eduki berriak ekartzea da gakoa. «La Semaine», «Sud-Ouest», «Republique des Pyrénées», «France 3» eta herri aldizkarietan aritutako 16 kazetarik osatzen dute erredakzioa, baita orain gutxi arte «Gara»n aritu den Iñaki Lekuonak ere. 20 langile dira guztira:«Nahiz eta hasieran merkatua irabazteko lan militante asko egin beharko dugun, profesionalek eginiko egunkaria izanen da gurea» gehitu du zuzendariak.
Iparraldeko frantses prentsan ia ez dago iritzi artikulurik, eta sailari toki berezia eman nahi diote. Joera ezberdinetako 22 pertsonen iritzi artikuluak agertuko dira hilean, bakoitzaren bat eguneko. «Courrier des lecteurs» delakorik ez dago ere, eta aukera hori eman nahi diete irakurleei. Enpresa honen talde editoriala «Baigura Communication» da:«Ez dugu editorialik eginen ordea. Kazetari bati ez dagokio zer den on eta zer den txar esatea, gure ustez. Horren ardura hemengo gizartearen eragileei utzi nahi diegu».
24 orrialdeko kazeta bat kaleratuko dute astelehenetik ostiralera, larunbatekoak 32 orrialde izanen ditu eta astelehenekoa kirol berri soilez osatua izango da. Frantsesa izanen da nagusi hasieran, baina poliki-poliki euskarak leku gehiago hartzea nahi dute berau ez dadin sinbolikoa izan:«Oinarria finkatzen badugu, beste proiektu asko dugu pentsatuta. Igandean ateratzea eta euskararen tokia zabaltzea, kasu».
Kazeta goizeko 8etarako ziurtatzen zaie harpideei etxean, ia-ia Lapurdi osoan. Gainerako lurraldeetan eguerdi aitzin, berriz. 3.000 ale zabalduko dituzte kioskoetan. Egunkari honek ez du mementoz deus ziurtatua, «abentura bat da», baina eskaera bati erantzuten diote zuzendariaren hitzetan:«Egunkaria ateratzen denean jendeak juzka dezan eta kritikak badira ongi etorriak, baita animoak ere. Konfiantza eta pazientzia eskatzen diogu jendeari, hasieran peto batzuk eginen ditugu, baina aitzina egitea besterik ez dugu izanen»

Nagore Irazustabarrena

Monika? Isabel naiz, Karrikirikoa. Pisua osatu ote duzuen galdetzeko hots egiten dizut...». Isabel Ferreira Karrikiriko idazkaria Pisukideak zerbitzuko erabiltzaile batekin ari da telefonoz hizketan Iruñeko euskara elkartearen egoitzan. Monika tuterarra da eta euskara ikasten ari da. Bere pisukidea aldiz Heletakoa da, baina bera ere euskaltegiko ikaslea. Euren etxean badute beste batentzako tokia eta pisukide euskaldun zaharra topatzeak mesede handia egingo lieke euskaraz hitz egiteko orduan.

Beste hainbat tokitan gertatzen den bezala, Iruñean ere ez dago pisu asko alokatzeko. Kontuan izan behar dugu gainera nafar hiriburua bi unibertsitateren egoitza dela (Opus eta NUP), eta horrek alokairu eskaera handitzen du. Pisua bilatzea zaila bada, berau euskal hiztunekin konpartitzeak zailagoa dirudi.
Edo, hobe esanda, zailagoa zirudien Karrikiri elkarteak duela hiru urte Pisukideak zerbitzua abian jarri zuen arte. Zerbitzu horren xedea euskaldunak bizi diren etxe batean gela alokatu nahi duenari edo gela bat libre izanda euskaldun bati alokatu nahi dionari lana erraztea da, batzuk eta besteak harremanetan ipiniz.
Hastapenetik hona, zerbitzuak gora egin du, eta unibertsitateko ikasturte hasiera izanik, une honetan eskaera ugari dute. Etxean gela bat eskaintzen dutenak gutxiago dira, ordea, eta Isabel Ferreirak gelak eskaini ditzaketen euskaldunei dei berezia egiten die. Gela bila datozen ikasleak Nafarroa iparraldetik datoz batez ere, zonalde euskaldunetik. Baina ez denak. Asier bizkaitarra da, Deustukoa, eta Karrikiriren zerbitzuari esker Monikarekin jarri da harremanetan. Haiengana hurbildu garenean erabakia hartzear omen zeuden. Hau argitaratzerako agian bizkaieraz jo eta ke jardungo dute etxeko sukaldean.
Zerbitzuaren erabiltzaileak ez dira hala ere ikasleak soilik. Ikasturte hasieran gehiengoa izanik ere, unibertsitarioak gutxi gora behera zerbitzua erabiltzen dutenen %50 dira. Beste erdia langileak omen dira, Isabel Ferreiraren esanetan «Baskongadetatik datozenak batez ere».
badakizu nolako fama duten... Inmak adibidez nahiago ditu langileak, «badakizu ikasleek nolako fama duten, dena txikituta uzten dutela...». Iruindar honentzat Pisukideak zerbitzua ez da berria. Duela hiru urte pisu bat alokatu eta berak bakarrik ordaintzea zaila ikusi zuenez, gelak alokatzea erabaki zuen. AEKn irakasle 12 urte luzez jarduna da eta Karrikiriren sorreran ere parte hartu zuen. Horregatik, berehala izan zuen zerbitzuaren berri eta azken bi urtetan langileak hartu izan ditu etxean, «gipuzkoarrak gehienak, azken unean irakasle postu bat eskaintzen dietenak-eta».
Pisukideak zerbitzua erabili nahi duenak fitxa bat bete behar du, bere izena, kontaktua eta pisua non duen (eskaintzen kasuan) edo non nahiko lukeen (eskaeretan) ipinita. Eskaerei dagokienez, gehienek Alde Zaharrean bizi nahi dutela ipintzen dute, baina Ferreiraren esanetan «hori ez da beti posible». Nongoak diren, ikasle edo langile diren, adina... ere galdetzen zaie. Oro har bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen saiatzen dira. Zerbitzuaren arduradunak kontatu digu garai batean eskaintza guztietan neskak eskatzen zituztela «garbiagoak eta langileagoak omen garelako» eta eskaera orrietan, berriz, mutilak besterik ez. «Orduan ez zen ezer egiterik».
Hortaz, Iruñean gela bila dabilenak edo etxean pisukide berri bat behar duenak 948 222589 zenbakira hots egin edo Karrikiriren egoitzara (Xabier Karrika 2 bis behea) jo dezake zuzenean. Pisukideak etxea txukun-txukun izango duenik ez dute bermatzen. Euskalduna izango dela bai

hemeroteka

1824. zenbakia | 2001-10-07
1823. zenbakia | 2001-09-30

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan