Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-10-14 -- 1825.zenb

- Enrique Villar, Espainiako Gobernu ordezkaria EAEn balizko herri kontsultari buruz: «Ibarretxek antzeko hitzak erabiliz esan zuen moduan ćez naiz uzkurtuko edo ez dut zalantzarik izango erreferenduma deitzekoĆ, nik ere diot, nire gobernuak agintzen badit ez naizela uzkurtuko hura eragozteko, legez kanpokoa baita».
- Pernando Barrena, Batasunako buruzagia Aralarri buruz: «Ezker abertzalearen eta bere erreferente politikoa den Batasuna ahultzea du helburu Aralarrek eta ezker abertzaleari lehia politikoa egin nahi dion neurrian, ezker abertzaleari kontra egin nahi dio eta ondorioz, ezker abertzaletik kanpo kokatzen du bere burua».
- Ińaki Anasagasti, diputatu jeltzalea: «Lehendakaria kontsultaz aritu zen, ez erreferendumaz, ez autodeterminazioaz; bera pertsona zuhurra da eta badaki zein den errealitatea; ez du euskal gizartea nahasiko duen ezer egingo».
- Elkarriko Jonan Fernandez ćEgunkariaĆn: «Diskurtsoa eta mezuaren aldetik kointzidentzia bat dugu Ibarretxerekin, baina baita Madrazorekin eta Odon Elorzarekin ere».

Angel Elias Ortega izango da Ezker Batuak Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako izendatu duen kontseilariorde berria. Omer Bertin Oke Beninen jaiotako inmigrantea (hamar urte daramatza Euskal Herrian) izango da Inmigrazio zuzendaria eta Igor Irigoien abokatua Garapenaren Lankidetzarako zuzendaria.
Pepe Rei kazetariak ćLa prensa canallaĆ liburua kaleratu berri du eta bertan 33 urtetako bere ibilbide profesionala deskribatzen du. Egungo kazetaritzaz ere hausnarketa egiten du.
Zuzen ekintza taldea Pariseko La Sante espetxeko harresia garabi baten laguntzaz igaro eta ziegetako leihoetara hurbiltzeko ahalegina egin zuen hilaren 6an. Zaindarien tiro mehatxuen aurrea, aldiz, atzera egin zuten. Edozein modutan, garabi gainean aldarrikapen desberdinak egin zituzten banderen bidez.

Jakoba Errekondo

Eguna moztu, gero eta argi gutxiago eta tenperaturak behera. Honela laburbildu daiteke estreinatu berria dugun udazkena. Neguaren atari aurrean sartu gara eta landareek prestaketa lanak abiatuta dituzte dagoenerako. Haziak zabaltzeko fruituak bota, azalak loditu, kimu-begiak ezkatapean babestu, hostoak jakiz hustu, erreserbak pilatu eta hilabetetako loaldira makurtu.

Negua badator, baina landareentzat soilik ez, baita hauen arerioentzat ere. Zorri, ontto, kukurrutxa, lizun, euli, armiarma eta abar ere negua ahal duten erosoen igarotzeko prestatzen ari dira. Azala bereziki loditutako arrautzak errun, erreserbak metatu, beroki gozoz inguratu, espora iraunkorrak sortu, izotzak joko ez duen landareen zirrikituetan ezkutatu eta abar.
Hala ere, lan hauek denak alferrikakoak izango dira gehienentzat negua na-tural samarra etortzen bada. Hotzak garbitasun latza egiten du. Guk ere gure landareen babesteko sasoi honetan egin dezakegu lanik eraginkorrena. Frutarbolak, adibidez, hostoak erortzen ari direnean olio berezi batzuekin tratatzen dira. Olio honek ezkutuan dauden arrautz, intsektu eta esporen gainean barreiatuz geruza bat moldatzen du eta arnastea eragozten dienez ito egingo dira, neguko hotzaren lana osatuz. Honek arerioen udaberriko lehen belaunaldiak ahulak izatea dakar eta landareen urteko pujaldi indartsuenaren sasoia areagotzen du

Jabier Agirre

Bizimodu luze eta zoriontsua pertsona bakoitzak jan-neurria, ariketa fisikoa edota zailtasunei aurre egiteko mekanismo egokien inguruan hartutako erabaki edo aukeren ondorioa izan omen daiteke". Horixe da, behintzat, Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaile-talde batek atera duen konklusio nagusia, 60 urtean zehar 724 pertsonaren osasun mental eta fisikoa aztertu ondoren, AEBetako Psikiatria Elkarteko aldizkarian argitaratutako lanak esaten duenez, Georges Vaillant arduradunetako baten hitzetan.
Ikerketa, orain arte parekorik izan ez duena, 1940. urtean hasi zen, ikertzaileek zahartze osasuntsu eta zoriontsua aurresateko gai zirela zazpi faktore identifikatu eta gero: alkohol-kontsumo moderatua, ez erretzea, ezkontza egonkorra, ariketa fisikoa, pisu egokia, zailtasunei aurre egiteko mekanismo positiboak edukitzea eta presiorik eza izan ziren 7 faktore iragarle horiek.
Bost urtean behin azterketa fisikoak egin zizkieten ikertutako pertsonei eta baita horien parean aztertutako beste 724 pertsonak osatzen zuten kontroleko taldeari. Azterketa psikosozialak, berriz, bi urtero egin zizkieten. 65 urte bete zituztenean, jatorriz pobreenak ziren gizonezkoen baldintza psikiko eta fisikoak Harvard-eko ikasleek (konparazioko taldean horrelakoak erabili baitziren) 75 urtera iristean eduki zituztenen antzekotzat jo zituzten ikertzaileek. Eta hortik, ikertzaileen ustez, heziketa izan zela esan daiteke diferentzia ezarri zuena, ez dirua ezta estatus soziala ere.
"Zahartzaro aktiboa eta zoriontsua ez da agian zorte-kontua, ezta astroen menpean dagoen zerbait ere, geure geneen eta geure eskuetan dagoen zerbait baizik" esan zuen Georges Vaillant-ek


EKIMEN ZEHATZETATIK HARAT, EZIN OPOSIZIO BATERATUA EGIN

NAFARROAKO Legebiltzarrean egoera politiko orokorrari buruz egindako eztabaidak, oposizioak oposizio politika bateratua egiteko dituen zailtasunak agerian utzi du. Onartutako lege batzuek eta beste zenbait ekimenek, oposizioak unean uneko bategiteak izan ditzakeela erakusten dute, eta ez da gutxi; alternantzia kontuetara iragateko, ordea, gutxiegi. Aurrekontu orokorrak egiteko UPN, CDN eta PSNren artean sortzen diren akordioek, oraindik orain banaketa handia sortzen dute oposizioan. Horrez gain, PSNk euskararen eremu esanguratsuan, UPNri egiten uzten dio, berbaz bestelakoa adierazten badu ere. Ez dirudi samurra gero eta jarrera absolutistagoa erakusten duen UPNri alternantzia eraikitze hori.


AB ALDERDI JADA ETA GAUZA UGARI ARGITZEKE

ALDERDI politiko bihurtzea erabaki ondoren, Abertzaleen Batasunak alderdi izatera iragan behar du. Bere baitako joera politiko desberdinen izaera eta jarduna ildo baten inguruan egituratzea izango du erronka nagusietako bat; beste bat, orain arte ABk bere baitan izandako sektore desberdinen ahotsari forma nola eman. Horrez gain, Batasunako militanteek zer egiten duten ikusi beharko da, baina badirudi aurrera begira ezker abertzaleko bi indar politiko izango direla Iparraldean, Abertzaleen Batasuna eta Batasuna. ABren baitan orain arte aritutako alderdiei dagokienez, 1985ean sortutako Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA) alderdiak, desegitea erabaki zuen ABren biltzarra egin baino zenbait aste lehenago egindako Biltzarrean. 1993an Euskal Batasunarekin (EB) aurkeztu zen Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara. EMA -EBrekin batera- Ipar Euskal Herriko ezker abertzalearen alderdi erreferente izan da azken hamazazpi urteotan. Euskal Batasunak etorkizunari begira hartuko duen jarrerari buruz ez da erabakirik ezagutzen oraingoz.


AZNAR ETA EAJ: TENTSIOA GORA

ASPALDITIK datorren kontua da, baina azken asteotan PP eta EAJren arteko tentsioak gora egin du. Alderdi egunean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak balizko kontsulta bati buruz esandakoak eta honi emandako erantzunek zabaldu zuten haserraldia. Margarita Uria jeltzalea Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusitik kanpo uzteari erantzun zion Xabier Arzalluzek: jeltzaleek Espainiako Legebiltzarra utz dezaketela, eta pentsatzekoa dela Espainian jarraitzea merezi ote duen. Erantzuna berehalakoan Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuaren aldetik, EAJ hartzen ari den arriskua eta integrismo nazionalista zoroari aipamenak eginez. Bitartean, alde bietatik Kontzertu berria negoziatzen. Hor izan daiteke tentsio igoeraren klabeetako bat.


KOORDINAKETAK ETA AAB-EK BAT EGINGO DUTE

EZKER abertzaleko eremu desberdinetan, Iparralde eta Hegoaldeko erakunde desberdinek bat egin izan dute azken hilabeteetan, Euskal Herri osorako erakundeak sortu beharraren irizpideari jarraiki. Oraingoan, Iparraldeko Koordinaketak eta Amnistiaren Aldeko Batzordeek erakunde berri bat sortzeko lanari ekingo diotela iragarri dute. Batze prozesuak 2000. urtean hasi ziren, Jarrai eta Gazteriak-en batzetik gerora Baltasar Garzon epaileak legez kanpo jarri zuen Haika sortu zenean. LABk ere urte berean zabaldu zuen bere jarduna Iparraldera. Senideak-Gureak izan zen urrengo urratsa eta, azkenik, Batasuna Euskal Herri osoan jarduteko sortu da.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan