Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-10-14 -- 1825.zenb


OSASUN ARLOA EUSKALDUNTZEKO

UEMA, ELA, LAB eta OEE (Osakidetza Euskalduntzearen aldeko Erakundea) osasun arloa euskalduntzeko xedea duen sinadura bilketa abiatzekotan dira. Aipatu taldeek esan dutenez, Osakidetzan euskalduntzeak izan duen geldialdiari eta Osasunbidean izandako atzerakadari egin nahi diote aurre. Hilabete honetan ekingo diote sinadurak biltzeari.


«BAI EUSKARARI AKORDIOA» 74 HERRITAN

Dagoeneko «Bai Euskarari Akordioa» 74 herritan martxan da. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak orain arteko saioez balorazio positiboa egin du. Proiektuaren arduradun Zigor Etxeburuak esan duenez oraingo saioak beste herrietara zabaltzeko baliagarriak izango dira. 74 herrietan 2000 gizarte eragile ari dira proiektu honetan lanean.


EUSKARAREN ERABILERAREN IV. NEURKETA

Euskararen kaleko erabilera neurtuko du SEI elkarteak, neurketa hau 1989az geroztik egiten den laugarrena da. Horretarako Udalbiltzak bost milioi pezetako diru laguntza eman dio SEIri. Azterketa hori egiteko 800 behatzaile jarriko ditu SEIk kalean. 260.000 lagun behatuko ditu, milatik gora biztanle dituzten herrietan. Dena den, Iparraldeko eta Nafarroako herri txiki zenbait ere kontuan izango dituzte. Urrian eta azaroan egingo dute behaketa eta urte hasierarako prest egongo da.


EUSKARAZKO ETIKETADUN PRODUKTUEN ALDE

Horixe du helburu EHE taldeak Iparraldean abiatu duen kanpainak, euskal ekoizkinek euskarazko etiketak eramatea. EHEk 45 enpresari egin zion kanpainan parte hartzeko eskaintza eta haietako hamabostek eman dute baietza. Ekoizle horiekin eta lor ditzaketen berriekin San Martin egunerako merkatua antolatu du EHEk.


EUSKARRI BERRIAK

DUELA urte eta erdi inguru sortu zuen Euskal Kultur Erakundeak webgunea. Orain gune hori garatu nahi du elkarteak. Berrikuntza aipagarriena Ipar Euskal Herriko artisten gida elektronikoa izango da. Musika, dantza, kantua, arte plastikoak, antzerkia edo literatura jorratzen dituzten artisten xehetasunak izango dira bertan. Urtarrilerako jarriko da martxan, eta guztira, hirurehun bat artista bilduko ditu gidak.
Bestalde, artisten xehetasunak ez baina artea digitalizatuko du Nafarroako Unibertsitateak Nafarroako Hezkuntza eta Kultura sailarekin sinatutako akordioaren bidez. Hiru urteren buruan Nafarroako monumentu historikoen argazki katalogo osoa egina izango da.


ANTZERKIAREN UMOREA

UMOREZKO Antzerki Jardunaldiak 20. edizioa du aurten Pasaian. Urriaren 18an hasi eta 21a bitartean honako lanak taularatuko dira. Topo Antzerki Taldeak «Uppsalako banpiroa» estreinatuko du lehen egunean; 19an berriz, Almeriako Basur Teatrok «Nius» taularatuko du; hurrengo egunean Alikanteko Jįcara Teatrok «Pasarela Otońo-Infierno» antzeztuko du eta egun berean Swingtzaileak taldeak jazz klasikoa eskainiko du; azkenik, hilaren 21ean Italiako Luciano Federico taldeak «Loko Tidiano» taularatuko du.


ARTIUM-EN ARRAKASTA AZKARRA

APIRILEAN inauguratuko den arren, eta jasandako polemikatik urrun, Gasteizko Arte Garaikideko Artium Museoak bi albiste garrantzitsu jaso ditu. Bata, Madrilen egiten den Arco arte garaikideko nazioarteko azokaren 2002ko edizioaren aurkezpena bertan egingo dela. Azaroan beraz, Artiumen emango da jakitera otsailean burutuko den azokaren egitaraua eta partehartzaileak. Gainera, urtero azokara doazen galerien katalogoak Artiumi emango dizkio Arcok, non liburutegi bat osatuko den. Beste albistea zera da, 2002. urtean Nazioarteko Museoen Konferentzia Artiumen egingo dela. Bertan izango dira Europako arte areto garrantzitusenetako arduradunak.


MIRA ANTZOKIA MARTXAN

USTE baino zailtasun gehiago topatu ditu Iruńeko Mira antzokiak ateak zabaltzeko. Joan den urteko sanferminetan ireki bazen ere, ondoren, itxi egin behar izan zuten. Urtebete geroago, azaroaren 10 eta 11 finkatu dituzte aretoa martxan jartzeko data gisa. Hala ere, joan den astetik Oreka taldeak zirku eskola abian jarri du. Bertan, malabareak, akrobaziak, dantza eta antzerkia ikasi ahal dira bederatzi hilabeteko ikasturtean.


BILBOKO IDATZ HARROBIA

JON Kortazarrek Bilborekin lotura izandako idazleei buruzko «Bilbao, 700 urtez idazten» liburua osatu du. Lehenengo atala euskal idazleei zuzendua dago. Bertan, Rafael Mikoleta, Bizenta Mogel edo Resurrecion Maria Azkue ageri dira. Bigarren atalak gaztelaniaz idatzi zutenak jorratzen ditu, hala nola, Unamuno edo Blas de Otero.

- Hasier Etxeberriak honela zioen «El Mundo»n: «Euskaldunok, Alaskako fokatxoen antzera, zaindu eta babestu beharreko espezieak baino ez gara gaur. Karga bat baino ez bere arbasoen hizkutza ikasteko astirik ez daukan gizartearentzat».
- Edu Murumendiaraz Aukeran dantza taldearen zuzendariak «Deia»n adierazi zuenez, «kanpoan egin behar da izena lehenengo, gero etxean onartzerko».
- Unai Elorriagak «Euskaldunon Egunkaria»n: «Literatura guztietan daude liburu onak eta liburu ez hain onak baina komertzialak. Euskal Literaturan ere denetarik egon behar du, baina gu ohituta gaude igual sasoi batean Atxaga, Sarrionandia eta halakoak irakurtzen, eta horiek guztiak liburu onak ziren».
- Juan Luis Zabalaren aburuz, «euskara, zalantzarik gabe, Donostiako Zinemaldiko arduretako bat da. Buruhauste bat zehatzago. Donostiako Zinemaldia, izenak izen, dantzariak dantzari eta markoak marko, Espainiakoa baita beste inongoa baino lehen, beste inongoa baino indar handiagoz. Ez ala?». «Euskaldunon Egunkaria»n jasotako hitzak dira.

Pasa den astean Gazte Antzerkiaren XVII. Erakustaldia egin zen Irunen. Hamaika antzezlan ikusi ahal izan ziren bederatzi talderen eskutik. Jaialdi txukuna da eta gazte taldeei euren lana zabaltzeko aukera ematen die. Baina salatzekoa da ez dutela euskarazko lanik aukeratu. Ez al da halako talderik Euskal Herrian?

Lourdes Ońederra izango da aurrerantzean EITBko hizkuntza aholkularia, Miren Azkarateren lekua betez.
Anje Duhaldek urrian plazaratuko du bere disko berria Elkar-en eskutik. Diskoan George Brassens-en letrak baliatuko ditu Duhaldek.
Fernando Gonzalez nafarraren «Velocidad» laburmetraiak sari berri bat irabazi du. Hain zuzen, Astorgako Laburmetrai Jaialdian Ikusleen Saria eskuratu du.
Espido Freire laudiotarrak «Diabulus in mśsica» izeneko nobela kaleratu du. Lan honen protagonista Londresera bidaiatzen duen gazte bilbotar bat da.
Gabriel Celayaren poesiak, prosa, marrazkiak eta beste hainbat objektu biltzen du Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatu duen erakusketak azaroaren 17a arte.
Pantzo Hirigarairen «Lamindegiko laminak» obra estreinatu du Xirrixti Mirrixti antzerki taldeak Donibane Garazin. Ondoren, Euskal Herriko hainbat lekutan emango du.


Bernardo Atxagak «Ostiela!»n euskal kulturari buruz esandakoak dira hauek:
«Ba datorkit Bilboko udaletxean kultura kontuetan ari den pertsona bat eta esaten dit, Bidebarrietako liburutegian poesia aste bat antolatu behar dutela, maila handikoa, eta lehenengo egunean Jose Hierro egongo dela, eta egunetako bat euskal poesiari eskaini nahi lioketela.(...) Non eta Bilbon entzun behar hori. Noren ahotik eta ęeuskal indar politikoekĘ agintzen omen duten udaletxe bateko arduradunagandik! Esan nion gutxi gorabehera: ęBeraz, zuk uste duzu Hierrok baduela nahiko balio egun bat berari eskaintzeko, berari bakarrik eta ez, kasu ęPoetas de los alrededores de AranjuezĘ delakoei; Lete bat, berriz, edo hemengo beste hainbat poeta, Izagirre bera, ęeuskal poesiariĘ eskainitako egunean sartu nahi dituzu. Zuretzako euskal poeta guztiek ez dute berdintzen Hierroren balioa. Ba nik, esaten dizut euskal poeta askok, aipatutakoak eta beste batzuk, ez diotela inolako inbidiarik HierroriĘ. (...) Horrelako komentarioak maiz entzuten nituen orain dela 25 urte, baina egin dugun bidea egin eta gero! Gainera, kultura antolatzaile horiek, (...) zergatik dira hain amateur kaxkarrak? (...) Kultur antolatzaile gehienek botere mediatikoek eragindako arrakastari jarraitzen diote, eta gainera atzo goizeko jendea da, ez daukate inolako nortasunik. Ezin dute izan bere esperientzia urriagatik eta sortu diren giroan sortuta».

«Euskal unibertsitatea, 2021» kongresua egin berri du EIRE Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak, benetazko euskal unibertsitate baterantz abiatzeko asmoz. 115 biltzarkidek hartu dute parte eta hainbat estrategia finkatu dituzte etorkizunerako. Guztia euskal eduki eta egituraz hornitzeko.

hemeroteka

1824. zenbakia | 2001-10-07
1823. zenbakia | 2001-09-30

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan