Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-10-07 -- 1824.zenb

Gorka Knörr

Gastehiz, erdal herri hau. Hala eta guztiz, maiteago; eta odol-hustuago. Abstraktolarientzako lur egokia, zurrupatu nahi nuke zugan egunero hiltzen den elikatzen zigun gure asaben martirioa... Ia zer dioten jakintsu horiek, arratoi nagusiaren etxean sartu baino lehen... Iruzurti! Horixe, iruzurti!! Gezurra, berriz. Zoin liluragarria den gezurra...; hain ederra nola nekegarri, hain zikin nola ulergarri... Izan ere, iruzurti izatea ongi saritua dago. Erraztasuna. Erraza dena. Inperialismoa. Nazio zapaldu batetan errazena inperialista izatea duzu askotan. Hala eta guztiz ez dut ene arima saltzeko erabakitzik hartu, ezta txaketaz aldatzeko behar den bildurrik sentitu. Baina sentikorra ahal zera? Eta Axularrek erantzun dizu: "gartzelean sartzen zaiztuztenean, sarthu berri hartan, usna on duzu, kiratsa aditzen duzu, erraiak nahasten zaizkit zu, sentikor zara". Bai, eraman ninduten. Gartzelara niņeramatela konturatunintzan. Lehenengo aldiz, sentitu. Lehenengo aldiz, ene tipitasunez jakitun. Leiho-sareak ba zituen gartzela harek... Gastehiz, zugan etorkizuna, zugan eginkizuna, zugan hiltzer, zugan zirrimirri, nazkagarri, inor ez. (...) Ea, Gasteiz, noiz hasi behar dugun gure eginkizuna betetzen, gure egiak lau hegaletara botatzen (...) (1971-X-10)

Gorka Knörr

Gastehiz, erdal herri hau. Hala eta guztiz, maiteago; eta odol-hustuago. Abstraktolarientzako lur egokia, zurrupatu nahi nuke zugan egunero hiltzen den elikatzen zigun gure asaben martirioa... Ia zer dioten jakintsu horiek, arratoi nagusiaren etxean sartu baino lehen... Iruzurti! Horixe, iruzurti!! Gezurra, berriz. Zoin liluragarria den gezurra...; hain ederra nola nekegarri, hain zikin nola ulergarri... Izan ere, iruzurti izatea ongi saritua dago. Erraztasuna. Erraza dena. Inperialismoa. Nazio zapaldu batetan errazena inperialista izatea duzu askotan. Hala eta guztiz ez dut ene arima saltzeko erabakitzik hartu, ezta txaketaz aldatzeko behar den bildurrik sentitu. Baina sentikorra ahal zera? Eta Axularrek erantzun dizu: "gartzelean sartzen zaiztuztenean, sarthu berri hartan, usna on duzu, kiratsa aditzen duzu, erraiak nahasten zaizkit zu, sentikor zara". Bai, eraman ninduten. Gartzelara niņeramatela konturatunintzan. Lehenengo aldiz, sentitu. Lehenengo aldiz, ene tipitasunez jakitun. Leiho-sareak ba zituen gartzela harek... Gastehiz, zugan etorkizuna, zugan eginkizuna, zugan hiltzer, zugan zirrimirri, nazkagarri, inor ez. (...) Ea, Gasteiz, noiz hasi behar dugun gure eginkizuna betetzen, gure egiak lau hegaletara botatzen (...) (1971-X-10)

Pilar Iparragirre

Oi zer sustoa hartu behar zuen ZERUKO ARGIAren irakurleak 1971ko urriaren hastapen hartan. Aldizkaria ireki eta editorialera joz gero, hauxe irakurriko baitzuen, hitzez hitz eta letra larri pottoloz: "Paper zikin maltzur bat. æIkastolak aurreraÆ". Hura ustekabea! Ikastolak aurrera egitearen aurka al zegoen, bada, euskal astekaria? Arazoa, ordea, gehiegi argitzen ez zen beste nonbaiten aurkitzen bide zen: ez dakigu nork ez dakigu non banatutako txosten bateanā Espainolisten erasoa ote?


PAPER ZIKIN MALTZURRA

Halako izenburu sutsua jarriz gero, derrigor zuen-eta, ikastolen aldeko hitzekin hasten zuen editorialegileak berea: "Bai, aurrera doaz Ikastolak. Aldapa gora, izerdi askorekin, buruauste latzekin, baiņa aurrera. Eta aurrera joango ere euskaldun guzion ahalegiņei esker. Eta aurrera besa-tiraka dijoan idi-parearen antzera".
Behin hemen, haatik, zer edo zer ezagutu beharrean zen editoriala egin zuena ere: alegia ikastolen mundua ez zela, kristauen jainkoa bezala, bat eta bakarra. Eta idi-parearenarekin jarraituz, ilustratzen zuen ordurako mundu guztiak jakingo zuen zera hura:
"Bi joera dituzte: bakoitza bere aldera egiten duena bata. Biek batera, aurrera, egiten duena bestea. Nahiz eskubiak tira bere aldera nahiz ezkerrak, bakarrak tiratzen badu, biek amiltzen dira. Joko ori onartu dutenez gero, bakoitzak bere aldera tira behar dio. Baiņa aldi berean, biek batera, aurrera, egin behar dute. Aurrera ez egitera, toki berean gelditu eta bakoitzak bere aldera bakarrik astera, indartsuenaren esku legoke biek amiltzea. Ez dago beste biderik, edo biak aurrera bakarrik tira, lagunkiro, leial eta jator, edo bata bestearen aldera eta biurrikeriei eutsiz aurrera pausuak eman. Eta obea deritzagu bigarren bide au, besa-tiraka dijoazten idi-pareen joera au. Bestela oso erraz sartu bai ditezke, zuzenaren zuzenez, sekulan etxera irixten ez dan bidean".
Zertara ote zetorren hura guztia? Beno, lasai, pausoz pauso egiten omen da biderik luzeena ere:
"Baiņa iņolaz ere ontzat ematen ez dugun jokabidea auxe da: euskal-nortasunarentzat ongarri litzaken guzia desegin nahi izatea. Izena zuen politiko talde baten txanda izango zen. Aldizkari batena edo liburu-xorta batena edo abeslari edo artista talde batena geroā Ikastolen txanda da gaurā Bihar beste zerbaitenaā Begira nolako janari goxoz ezkutatutako garranga eskeintzen diguten: æFaszismoaren haurka - Kamarilla Klerikal eta razistaren aurka - Ikastola Herrikoi eta demokratiko baten aldeÆ. Firma serio onekin eskeintzen dute gezur-ontzien azokara, beren bost orrialdeko jenero eskasa".


EUSKAL NORTASUNA DESEGIN NAHIZ

Nortzuk? Batek daki. Editorealean behintzat ez zen hori argitzen. Etsaiak ziren, dena den: "Zaharra da beren jokabidea: izena duen guzia berenganatuā edo morroi bezala erabiliā edo kakeztuā Euskal-nortasuna duen guzia desegin. Bi indar-etsai dituzte une onetan beren asmoak betetzeko. Ikastolak artzen ari duten indarra eta erri-minez jokatzen duen eliz-alderdia. Min dute Ikastolak euskaldun izatearekin. Min eliz-alderdi aundi bat ere euskaldun agertzearekin. Euskal nortasuna indartzeak ematen diote min datorren bidetik datorrela. Ezin dute eraman Ikastolak indartzerik. Ikastolei indartzen laguntzerik. Orregatik erantsiko dizkie Ikastolei izan dezaketen gaitzik eta ajerik txarrenak".
Jai zuten, halere, zeren ikastoletan "Klerikalismoaren, razismoaren, faszismoaren, reakzionarismoaren eta diskriminazioaren gaitz kutsakor, ustel eta ilgarriak jota daude. Ez dugu gaitz oien aurka txertoa arturik daukatenik esaten, baiņa bai gaitz oietan itotzeko arrixkurik gabe arkitzen direla".
Dena dela, editorialgileak izendatzen ez zituen etsai horiek "gauza bat iritxi nahi lukete: Ikastoletako indarrak nahastu, elkarrekin piakaiztu, elkarren aurka ipiņi. Gezurraren bidez sortutako saltsa eta zurrunbilloan Ikastolen gidaritza artu". Eta horren aurrean: "Ba da euskaldunok esnatzeko garaia. Tranpa berdiņean erortzen gera arlo guzietan. Guk ere ez dugu euskera utsik nahi. Eta badakite ongi aski. Berak ez dute nahi iņolaz ere euskal-nortasunik".
Eta amaitzeko, honako eskakizuna: "Fededun ala fedegabe (utz dezagun ori bakoitzaren aukeran) elkar gaitezen. Erriaren onerako, euskal eta langille arazoa gogoan ditugularikģ

Ainara Gurrutxaga

Egoskorra, ahoberoa eta oso alferra izan daitekeen arren, Bambulo abenturazaleak badu jendearen ikusmina sortzen duen zerbait. Ez da beste kanidoen gisakoa eta horregatik maiz txakur berde bat baino arraroagoa dela ere esan izan diote. Bilboko bizileku erosoa utzi eta bidai luze batean murgiltzea erabaki zuen egun batean txakur intelektual honek. Virginia Imaz aktoreak gorpuzten duen animaliak bidaia honekin Historia ofizialeko hainbat memento garrantzitsutan txakurrek jokatutako papera ezagutaraztea du helburu: "Historialari izango naiz. Okerrak konpontzeko, noski. Nire idazkietan beti izango da tartea txakurrentzat baita bestelako banakotasun marjinalentzat ere". Nahiz eta erabaki hura hartu zuenetik urte asko igaro, Bambuloren idazkariari esker ezagutu ditzakegu orain arratoi-txakur eszentriko honen memoriak.

Txalok atondutako lan honetan, beraz, Historia hankaz gora jartzeko proposamena luzatzen zaigu. Xabier Agirre aktoreak antzezlanak nolabaiteko kritika bat ere mahaigaineratzen duela uste du: "Historiagileei zuzendutako kritika da batez ere. Azken finean Historia beti irabazleen ikuspegitik kontatzen da. æBambuloÆn garbi gelditzen da, ordea, prismaren arabera gertaera bera hamaika modutan uler daitekeela".
Testuen moldaketa egiteaz eta ikuskizuna zuzentzeaz arduratu den Ramon Bareak aspalditik zuen asteasuarraren istorio baten gainean lan egiteko gogoa: "Oso gogoko dut Atxaga. Gainera, nobelagile ospetsu izan aurretik idatzi zituen lehen antzezlanak elkarrekin landu genituen, kale antzerki bidez bere testuak erabiltzen baikenituen".

Atxagaren konfiantza OSOA.

Bere idazlanak oholtza gainean ikusten ohituta dagoen idazleak ez zuen ideia honen aurrean inolako baldintza edo oztoporik jarri. "Hasieratik bertsio honengan konfiantza zuela adierazi zigun". Ikuskizunean agertzen diren hainbat bideo zatitan parte hartzea ere onartu zuen idazleak, beste pertsonaia ezagun batzuekin batera (Alex de la Iglesia, Santiago Segura eta Alex Angulo horien artean).
Bareak Atxagak argitaratutako hiru liburuetatik lehenengo biak aukeratu zituen nolabaiteko hasiera eta amaiera zuen istorio bat osatzen zutelakoan, Bambuloren lehen urratsak eta krisia hizpide dituztenak, alegia.
Zuzendariaren aburuz oinarrizko testuak elkarrizketa ugari dituenez testuen antzerkirako moldaketa nahiko erraza izan da. Era berean, nobelaren egitura narratiboa mantentzeko ahalegin berezia egin du Txalok: "Testu originaletan kontakizunak sekulako jauziak ematen ditu bai denboran eta baita espazioan ere. Hori horrela mantendu nahi genuen eta horregatik du antzezlanak halako kutsu zinematografikoa". Pascal Gaignek espreski lan honetarako konposatutako musikak areagotu egiten du kontakizunaren film kutsua.

BERROGEI eszena aldaketa BAINO GEHIAGO.

Bambulio, Bambulus edo Bambulides arbasoen izena Historiako liburuetatik desagertu izanak bultzatzen du Bambulo egiaren bila. Nola uler daiteke Hego Poloa Amundsenek aurkitu zuela zabaltzea, finean txakurrez bultzatako trineo batean iritsi bazen? Ikerketek aurrera egin ahala Salomon erregeari bi amen arteko hautaketan Bambuloren arbaso batek lagundu ziola deskubrituko du, besteak beste.
Leku eta memento ezberdinak irudikatzeko Jose Ibarrolaren ikonografia eta espazio eszenikoaren bidez panel erraldoi batzuk kokatu dituzte eszenategian. Hauen gainean hainbat bideo eta irudi proiekzio egiten da, eta beharrezkoa denean aldeetara ere mugitzen dira panelak. Barearen hitzetan, "muntaia oso korapilotsua izan da. Azken finean paisaia irudikatuak eratu behar izan genituen eta gero guztiari halako bizitasun bat eman. Hasieran mugimendudun irudi gehiago sartu nahi genituen baina lehen entsegutan protagonismo larregi zutela ohartu eta ia irudi gehienak estatiko bilakatzea erabaki genuen".

Muturreko pertsonaiak NAGUSI.

Txaloren azken lana ikuslego zabal bati zuzendutako komedia bat da, taldeko kideek azaltzen duten moduan, "umore zuriz zipriztindutako komedia bat". Bambulok "kontinenteko txakurrik inteligenteena" dela iritzi badio ere, funtsean oso bihozbera den animalia da. Pertsonaia nagusiaren izaerak pailazo batenarekin parekotasun handia izan zezakeela eta Virginia Imazi proposatu zioten Bambuloren larruan sartzea. Sudur gorria txakur baten muturrarekin ordezkatuta fikziozko pertsonaia sinesgarri bilakatzen du Imazek, nahiz eta testu kopuruak sarri bere antzezlanari mugak jarri: "Clown ikuskizunean testua ez da %50 baino gehiago izaten. Gainontzekoa azpi-testuek, jolasek... osatzen dute. Hemen ordea, testuak karga handia du". Imazek inguruan dituen pertsonaia guztiak sei aktorek gorpuzten dituzte: Loli Astorekak, Begoņa Bilbaok, Itziar Rekaldek, Carmelo Muņozek eta Xabier Agirrek, hain zuzen ere. Jose Kruz Gurrutxaga Muņozen ordezkari izango da euskarazko bertsioan. Bambulo bezala, antzerki obraren gainontzeko pertsonaiak ere karikaturizatuta daude: "Niretzat ikuskizunak komiki mundutik puntu bat ere badu, pertsonaiak marrazki bizidunen modura azaltzen zaizkigu. Horregatik da hain dibertigarria", dio Agirrek.
ĢCommedia dell´ Arteģ edo fartsatik oso gertu dauden antzezpenek hein batean aldrebeskeriaren bidez ikusleari irribarrea lapurtzen diote: "Txantxatik edo ironiatik oso gertu dagoen barrea dela uste dut, azken finean mundu guztiak daki Amerika ez zuela txakur batek deskubritu. Baina jolaserako gonbite bat da: zergatik ez pentsatu Colonen txakurra izan zela lehen zaunka egin zuena?".
Bilboko estreinaldiaren ondoren Bambulok Gernika, Iruņea, Villabona, Alacant, Donostia eta Gasteiz bisitatuko ditu

Daniel Udalaitz

Irailaren 11ren aurretik munduko ekonomia, atzeraldira iritsi gabe, motelaldi batean sarturik zebilen. Baina I-11 data historikoa bihurtu da. Estatu Batuetako muin politiko, ekonomiko eta militarraren aurkako erasoak ekonomi jardueraren erabateko geldiunea eragin zuen, haren kudeatzaileek zer egin ez zekitela geratu balira bezala. Ekonomiak sentiberatasun handia erakusten du politikaren gorabeheren aurrean, eta oraingo honetan, Estatu Batuetan gertatu denak, hain ustekabekoa eta ikaragarria izanik, bete-betean jo du munduko ekonomia. Batez ere, etorkizun hurbilean, nahiz erdi mailan edo luzera begira, sortzen dituen zalantzengatik. Mundu osoko burtsak, dagoeneko moteltze ekonomikoan sarturik zeudenak, dar-dar egin eta amildu egin ziren. Handiena eta garrantzitsuena, Wall Streetekoa, bertan behera geratu zen inolako jarduerarik gabe zenbait egunetarako, eta handik lau egunera ireki zuenean, beherako joerarekin jarraitu zuen, nahiz eta beherako joera saihestu nahian Administrazioek likidezia sartu zuten, banku zentralek interes tasak jaitsi zituzten eta inbertsiogileen abertzaletasunari ere dei egin zitzaion.
Berehalakoan, Ipar Amerikako hegazkin enpresek milaka langile kanporatzeari ekin zioten, eta gainerako herrialdeetakoak ere erasanda gertatu ziren mundu osoko hiritarrek, Manhattaneko Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako erasoa telebistan zuzenean ikusi ondoren, jasandako ondorio psikologikoagatik. Aldi berean, petrolioaren prezioak ere ikaragarri gora egin zuen, nahiz eta gero prezioek orekatzeko joera hartu. Nolanahi ere, mundu osoko krisialdi politiko honen ondorio ekonomikoak epe ertain edo luzera begira aztertu beharko dira. Zein izango da ekonomiaren bilakaera mundu osoan, orokorrean, eta Euskal Herrian zehazki? Ondorio garbiak ateratzeko goizegi izan arren, nola halako zantzu batzuk suma daitezke, Amerika eta Europako ekonomiaren arduradun batzuen eta ideologikoki egungo sistema ekonomikoari atxikita dauden aditu ekonomiko batzuen eskutik.


EKONOMIAK EZ DAKI ZALANTZAN IBILTZEN.

Aditu guztiek diote politikak zuzen-zuzenean eragiten diola ekonomiari -aldi berean honek hari ere eraginez- eta ekonomiak ez dakiela zalantzan luzez ibiltzen. Zalantzak guztiz suntsituta utzi dezake ekonomia. Adituen artean, baikorragoak eta ezkorragoak daude, baina, nolanahi ere, denek berebiziko garrantzia ematen diote zalantza giroaren iraupenari eta Estatu Batuek emango duten erantzun militarrari. Bestalde, gehienek diotenez, epe laburrean arazoak laster etorriko dira bere onera, eta benetako arazoak epe ertainean sor daitezke.

Amerikako ekonomian zeresan handia dutenen hitzetan, hala nola Erreserba Federalen Lehendakari Alan Grespanek dioenez, krisialdiak "ondorio esanguratsuak izan ditzake epe laburrean, etorkizunaren gaineko zalantzak areagotzen badira", baina hala ere, espero duenez, "gure onera etorriko gara eta iraganeko oparotasuna berreskuratuko dugu". Europako Banku Zentrala are baikorragoa da oraindik eta, dioenez, "ekonomiaren moteltzea oso epe laburrekoa izango da". Baieztapen horiek ez dakigu inbertsiogileengan konfiantza eragin nahian esanak diren edo errealitatearen adierazpen garbia diren benetan.
Hala ere, Europan nahiz Euskal Herrian azterketa gehiago egin dira. Horrela, Antton Perez de Calleja euskal aztertzaileak dioenez, amerikarren erantzun militarrak mundu guztiaren itxaropenengan eragina izango du. Denboran luze jotzen duten bereizketarik gabeko erasoen okerreko bidea hartzen badute (gizarte zibila barne), ondorio neurtezineko krisialdian amilduko da ekonomia. Aldiz, egiten diren urratsak politikoak baldin badira, aliantza handi bat gorpuzten bada, eta palestinarren arazoari -bere ustez, hori baita honen guztiaren ernamuinean dagoena- ahalik eta ikuspegi objektiboenez begiratzen bazaio, nahiko azkar lor daiteke ekonomia bide onetik abiatzea berriro.
Ikertzaile honen iritziz, epe ertainean kontsumitzaileen jokabideetan izango dituen ondorioak eta gasturako joera zuzentzea izango da zailena. Gutxiago gastatu eta gehiago aurrezteko joera sortuko da, eta hori guztiz kezkagarria da egungo egoeran. Zentzu honetan, beste ikertzaile batek, Miguel Sebastian BBVAko Azterketa Zerbitzuko zuzendariak, hiru eszenatoki ekonomiko ikusten ditu erasoaren ondorioz. Etsipenaren eszenatokia, abertzaletasunaren eszenatokia eta oinarrizko eszenatokia: bizitzak aurrera darrai. Sebastianen arabera, kontsumoa da Amerikako ekonomiaren ardatz nagusienetakoa, eta ekipoan egiten duen inbertsioa bi digituko kopurura jaisten ari da. Kontsumitzaileek duten konfiantza hausten bada, dio, bat-bateko atzeraldi latza etor daiteke bertako ekonomian... Nolanahi ere, ondorio horiek oso iragankorrak izango dira. Ezin dugu ahaztu, pertsona kopuru beldurgarria galdu arren, Amerikako produkzio egiturak ez duela urraturik jasan. Gainera, dio Sebastianek, Amerikako ekonomiaren politikak nahiko maniobra aukera duela, monetaren nahiz zergen arloan, eskariaren esparruan astinaldi iragankor bati aurre egiteko. Eta, gainera, "abertzaletasunaren" eszenatoki bat eratzen bada eta gastu publikoa nahiz pribatua koordinatzen badira, eragin makroekonomikoa, doluminentzako epe baten ondoren, are susperraldi ere bihur baitaiteke. Kontsumoa, berriro ere, %3raino eror daiteke eta inbertsio pribatua berrindartu egin daiteke, defentsan, segurtasunean eta teknologian egingo den inbertsio publikoaren gorakadaren itzalean.
Hala ere, Perez Callejaren ustetan, orain arte ere munduko ekonomiaren egoera nahiko korapilatsua bazen, are nahasiagoa gertatuko da hemendik aurrera. Oso bestelakoa izango zen erasoaldia erabat ekonomi egoera oparoan gertatu izan balitz. Orain zailagoa izango da haren epe ertaineko ondorioei aurre egitea, eta horiek dira arriskutsuenak, eta ez epe motzekoak, zeren epe motzean, esan bezala, oso azkar itzul baitaiteke normaltasunera.


HEGO EUSKAL HERRIA EZ DA %2 BAINO GEHIAGO HAZIKO.

Oraingo honetan gerta daiteke munduko hiru ekonomia indartsuenak (Estatu Batuak, Europa eta Japonia) ekonomiaren atzeraldian erortzea. Baina, adituek diotenez, Banku Zentralak eta herrialde guztietako ekonomiako ministerioak gogor saiatuko dira horrelakorik gerta ez dadin, beren politika guztiak koordinatuz horretarako, ekonomia berrindartzeko neurriak hartzeko ausardi handiz jokatuz. Gogoratu beharra dago bai Estatu Batuetan eta bai, azkenaldian, Europan inflazioa kontrolpean dagoela. Kontsumo pribatuak behera egiten badu, kontsumo eta inbertsio publikoak bete dezake haren hutsunea.

Beraz, gobernuen ekintza bizkor eta tinkoak aurreikus daitezke, eta munduak berriro ere bere konfiantza berreskuratzeko moduko keinuak egingo dituzte, nahiz eta ez den hain erraza izango. Hazkunde aurreikuspen guztiak beheraka doitzen ari ziren. Nazioarteko Moneta Fondoak %1,25era jaitsi du Eurogunearen hazkundea, eta urtearen hasieran %2,5ean aurreikusten zen. Munduko ekonomiaren hazkunderako aurreikuspenak doi-doi iristen dira %2ra, eta hortik behera atzeraldirako bidea zabalik geratzen da.
Euskal Herrian, Frantzia eta Espainiako estatuetan zatiturik, ikertzaileek %2,5etik beherako hazkundea aurreikusten dute; Espainian, berriz, %2,5ekoa; eta Frantzian %2tik beherakoa. Horrek esan nahi du datorren urteko ekitaldia, 2002koa, aurtengoa baino okerrago izango dela, eta Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako hazkunde itxaropena ez dela %2tik gorakoa izango. Berez, Perez de Callejaren ustez, gure ekonomiak, Europako gainerakoek baino jokaera hobea izango zuela bazirudien ere, bere itxaropenen hondoratze oso azkarra erakusten zuen esportazioen esparruan gertatzen ari zen beherakadaren ondorioz, hain zuzen ere, nazioarteko merkataritzaren uzkurtzeari oso lotua dagoen esparruan, eta, esan gabe doa, esparru hori nabarmen kalteturik gertatuko dela erasoarekin eta haren ondoren sortu den gerra-atari giroarekin.


BURTSEN JOKABIDEA.

I-11ko erasoaldiaren ondoren, burtsak amildu egin ziren, nahiz eta oraindik ezin den esan 1929ko, 1987ko edo 1990eko crash-era iritsi zirenik. Zergatik? Burtsak ekonomiaren eta politikaren ispilu dira beti. Horrela, herrialde baten ohiko giroan gorabehera txarren bat gertatzen den bakoitzean, burtsak behera eginez erantzungo du. Esaterako, gerra baten edo politika arloko egonezinen baten beldurra sortzen bada, crash baten atarian egon gaitezke. Gaur egun, mundu guztiko burtsak gune nagusietan interesak dituzten inbertsiogile handien eskuetan daude, eta, horren ondorioz, sekulako lotura dago batzuetako eta besteetako emaitzen artean, eta horrek eragin handia du crash giroa eta urduritasuna kutsatzeko eta munduko bazter guztietara arrapalada bizian hedatzeko.

Burtsako beste crash baten atarian al gaude? Crash hitza 1929ko ekonomi krisialdian sortu zen, eta 1987koan berriro erabili zen azken hamarkadetako burtsako erorialdia izendatzeko. 1987an Wall Streeten lortu ziren etengabeko gailur historikoek eta burtsetan bizi zen baikortasun eroak prezioen amiltze beldurgarria ekarri zuen. Urriaren 19ko astelehena, "astelehen beltza" aurrerantzean, Dow Jonesen %22,6ko erorialdiarekin itxi zen. Nazioarteko merkaturik indartsuenak eta baliorik sendoenak ere ez ziren onik atera delako "crash" bortitza iritsi zenean. Burtsetako mamu hori berriro agertu zen, hiru urte beranduago, Estatu Batuak Irakeko erasoan sartu zirenean (1990), nahiz eta erorketa ez zen 1987ko mailaraino iritsi.
Gaur artean, beherakada handiak izan badira ere burtsetan ez da benetako "crash" egoerarik gauzatu. Baina gerta daiteke EEBBen erantzun militarra bereizketa gabea eta luzea baldin bada. Hori bai, irabazten aterako dira armagintzako industriak, pisu handiko lobbya EEBBetan, eta, halaber, eraikuntza-enpresak, gerrak suntsitutakoa berreraikitzeko garaian. Burtsetan crash giroa egon arren, enpresa horien balioek aparra bezalaxe egingo dute gora. Dagoeneko, gerra atarian egote hutsarekin ere, goraka ari dira

Nagore Legarreta

Gure herriko kaleetatik paseatu eta paretetan itsatsita dauden kartelak irakurtzen baditugu, ohartuko gara musika elektronikoa entzuteko aukera ematen diguten jaialdietako kartel koloretsuak gero eta ugariagoak direla. Herri gehienetan egoten da "musika moderno hori" jartzen duten tabernaren bat eta gure koadrilako baten lagun batek sekulako musika aparailuak erosi dituela entzuten dugu DJ famatu egin asmotan. Hala ere Euskal Herrian musika elektronikoaren ibildea hasi besterik ez da egin.

Musika elektronikoa Euskal Herrira noiz iritsi zen zehaztea oso zaila den arren, 80ko hamarkadara jo behar dugu. Garai honetan sintetizadoreak, erritmo kaxak eta beste hainbat makina, ohikoagoak ziren beste instrumentu batzuekin batera (baxua, gitarra, pianoa eta abar) erabiltzen hasi baitziren musika egiteko. Garai hartatik hona musika elektronikoak garapen handia izan badu ere, hastapenetan besterik ez gaudela esan dezakegu. Hala ere, badaude musika elektronikoaren inguruan lanean ari diren pertsonak, horren adibide dugu urriaren 5etik 7ra Donostian Sirope Kolektiboak antolatu duen Elektronikaldiaren hirugarren edizioa. Bertan musika elektronikoa dantzarako musika baino zabalagoa dela ikusteko aukera izango dugu.


estilo elektronikoak.

Musika elektronikoa izenez ezagutzen dugun musikak estilo ugari biltzen ditu. Rock musikarekin gertatzen den bezala, adar ugari ditu, horiek nahastu egiten dira eta denboran zehar estilo berriak sortzen doaz. Baina estilo guzti horiek ezaugarri bat bera dute komunean: teknologia digital eta elektronikoa erabiltzen da musika sortzeko bitarteko gisa. Xabier Erkizia, Berako Ertz musika esperimentaleko jaialdiaren antolatzaileak azaldu digunez, entzulearen gehiengoak musika elektronikoa dantzarako musikarekin lotzen du eta musika elektronikoaren inguruan eduki dezakeen jakintza ondoko herriko diskotekan musika jartzen duen DJaren izenera mugatzen da.
Musika elektronikoak dituen estilo horien guztien artean entzunenak zeintzuk diren zehaztea oso zaila da, are zailagoa kontuan hartzen badugu abesti berean estilo ugari aurki ditzakegula. Musika elektronikoan entzuten diren estilo ezagunenen sailakapena egin digu abuztuaren 14 eta 15ean Oiartzungo Itzela eta Pagoa aretoetan egin zen Electrogaia jaialdian antolatzaile lanetan aritu zen Eli: "Drum'n'bass eta Trip Hopak erritmo mantso eta lasaiak dituzte, reggaearen antzekoak dira. Estilo hauek Donostiako Etxekalte klubean eta Elektronikaldian entzun ditzakegu adibidez. Housea disko musikaren antzekoa da, erritmo geldo baina berokoa, Ibizan asko entzuten da. Technoak erritmo gogorragoak ditu eta hotzagoa da, azken hau da batez ere Electrogaian entzun dezakegun musika".
Musika elektronikoak Euskal Herrira iritsi zenean oso jarraitzaile gutxi zituen, baina denborarekin entzuleei belarriak egiten hasi zaizkie eta hau dantzatzen ikasi dute. Xabier Erkiziaren aburuz "diskoteken fenomenoa gero eta zabalagoa den heinean entzulegoa ere errazago moldatzen da musika honetara. Beti ere dance musikari buruz ari bagara, noski. Musika esperimentalagoak guztiz onartuak izateko lan handiak egin behar bada ere bidea egiten ari da". Bestalde makinek egindako musika jendeak lehenagotik gustuko zituen musika estiloekin nahasten denez, onarpen ezberdinak izan ditzakeela adierazi digu Elektronikaldiaren antolaketa lanetan dabilen Mikel Unzurrunzaga "Makalak": "Jazza gustuko zuen jendeak baliteke makinekin egindako jazz berria gustuko izatea, berdin gertatzen da funk eta breakbeataren nahasketarekin, heavya eta musika industriala ala junglearen nahasketarekin, eta indie popa eta elektronika esperimentalaren nahasketarekin".


DISKO JARTZAILEAK, I-DJ-AK.

Musika elektronikoa arrakastatsua bihurtu den heinean DJak ere ugaritzen doaz. Kontua da musika elektronikoaren zaletuek gustukoa duten musika sortu nahi dutela. Rock musika gustuko dutenek instrumentuak erosten dituzte, horiek jotzen ikasten dute eta talde batean biltzen dira abestiak sortu eta entseatzeko. DJek gauza bera egiten dute, euren lana besteek egindako abestiak ahalik eta era egokienean nahastea, kantuen bertsioak egitea edota abesti berriak sortzea izango litzateke. Hori guztia egiteko mota guztietako tresnak erabiltzen dituzte: biniloak, CDak, MDa, ordenagailuko programak, sanplerrak, nahasketa mahaiak eta abar.
Selektah Kolektiboko Aritz Usandizagaren ustez DJ izateko gustuko musika eta horrek sortzen dituen sentimenduak besteengana iristeko nahia izan behar da. Basque Electronic Diaspora disketan lanean aritu den Bixent Iriarten aburuz, "lehenengo diskoak lortzeko grina izan behar da, ondoren disko onak lortu eta azkenik lana egin behar da disko guzti horiekin istorio bat osatzeko".

ENTZUTEKO AUKERA.

Musika elektronikoa entzun nahi duenak egun nahiko aukera ditu, arazoa gustuko duen musika elektronikoa topatzea izan daiteke, besteak beste. Horien artean aipatzekoak dira: Donostiako Etxekalte kluba; Lasarteko Zulo; Oiartzungo Pagoa eta Itzela; Iruņeko Mas y Mas, Artsaia eta Nicolette; Gasteizko El Cairo; Bilboko Conjunto Vacio, Azkena eta Palladium; Zarauzko Dada; Bergarako Jam Aretoa; Lekeitioko Kabaua. Iparraldeari begira jarriz, Miarritzeko tabernaren batean musika elektronikoa entzun daiteke. Argi dago gero eta pub eta taberna gehiagotan musika elektronikoaren aldeko apustua egiten ari direla. Bestalde, sarritan musika elektronikoa ez da leku zehatzetan entzuten, kontzertuen antzera, musika elektronikoaren inguruko ekitaldiak antolatzen dira. Besteak beste, hauek dira ekitaldi horietako batzuk:
- Ekainaren hasieran Beran egindako Ertz jaialdian, bide konbentzionaletik kanpo lanean dabiltzan mundu zabaleko artista eta musikariei leku bat eskaintzen zaie. Ez da musika estilo konkretu batera mugatzen, baina teknologiak ematen dituen aukerak direla-eta jaialdi honetan makinekin saltsan ibiltzen diren artistak gero eta gehiago dira.
- Abuztuaren 14 eta 15ean Electrogaia jaialdi handia izan genuen, 28 DJ-ek 30 ordu musika eskaini zuten.
- Irailaren 22an antolatu zen Equinoccio jaialdian aldiz, musika elektronikoa ikus entzuteko emanaldiekin tartekatu zituzten udazkenaren etorrera ospatzeko.
- Asteburu honetan Donostian munduko bazter ugaritatik etorritako artistekin Elektronikaldia antolatu dute Sirope Kolektibokoek, musika elektronikoak dituen estilo ezberdinak ezagutaraztea dute helburu. Donostiako Gasteszena eta Kursaaletik igaroko diren musikarien artean Jaki Liebezeit, Burth Friedmann eta Revķlutionari Dub Warriors izango ditugu.
- Urriaren 6tik aurrera, Oiartzungo Pagoan larunbatero musika elektronikoaren inguruan saioak izango dira Eukal Herriko nahiz mundu mailako DJekin.
- Bestalde, Selektah Kolektiboko kideek festak antolatzen dituzte. Girotzen hasteko, "Daddy Jeff", "Wanka", "Molte MC" eta "DZ"ek hip-hop emanaldia eskaintzen dute eta ondoren Aritz Usandizaga "Ghetto Sound Sistem"ek estilo ezberdinetako musika jartzen du. "Rapa musika elektronikoa ote? Selektah Kolektiboak hip-hoparen eremuak gainditu eta musika ezberdinak bultzatzen ditu bere kontzertu eta festetan, baita musika elektronikoa ere", dio Aritz Usandizagak

Pilar Iparragirre

Makina bat zalantzei aurre egin beharrean izan ohi gara euskaldunok, gure hizkuntzan idazteko orduan. Zein ote esan nahi duguna zehazki adieraziko duen hitzik aproposena, edota perpaus nagusiak eta mendekoak jatorren lotzeko era? Are okerrago oraindik, nola antzeman benetan euskaraz pentsatzen ari garen ala inguratzen gaituen erdara horren menpe jarraitzen duen gure burmuinak? Bada, dudamuda horiek guztiak uxatzeko asmoz dator "Euskal Estilo Libururantz. Gramatika, Estiloa eta Hiztegia", Xabier Alberdi eta Ibon Sarasolaren artean eginiko liburua.



EUSKARAREN KALITATEA HELBURU.

Inor gutxi ausartuko da, gaur egun, zalantzan jartzera euskararen batasunak gure hizkuntzaren bilakaeran egundoko aurrerakada suposatu zuela, eta oraindik batasun hori abian bada ere, euskal komunikabideen hedadurarako laguntza paregabea eta urte gutxitan hainbeste jende euskaldun ikasi bihurtzeko ezinbesteko tresna izan dela. Besterik da ikasitakoari eman ohi diogun erabilera, ordea, eta horrexek kezkatzen ditu adituak, hain zuzen. Alegia ohiz darabilgun euskararen kalitateak. Eta zein ote kalitatezko euskara?
Miren Azkaratek erantzuten dio galdera horri, Xabier Alberdi Larizgoitiak eta Ibon Sarasola Errazkinek idatzitako "Euskal Estilo Libururantz. Gramatika, Estiloa eta Hiztegia" liburuari egin dion aurkezpenean: "Batasunaz gain, edo batasunaz areago, kalitateak sortzen digu ardura. Eta nola defini dezakegu zer den kalitatea? Hitz bitan esateko, erabileremu bakoitzerako hizkuntza-eredu egokia erabiltzea. Beraz, erabileremuak askotarikoak diren neurrian, euskara-ereduez hitz egin behar genuke, eredu bakarra ez baita nahikoa izango".
Hizkuntzalari honen esanetan, eredu egokiak, batzuetan, euskara batua erabiltzea eskatuko du, baina ez beti. Eta bestalde, eredu egokiak, gehienetan, aukera egitea eskatuko du: gramatikalak diren egituren arteko aukera, eta hiztegi batuan ageri diren hitzen arteko aukera, besteak beste. Eremuaz ari dela, unibertsitateko euskara aipatzen du Miren Azkaratek, eta hauxe dio hartaz: "Ez dago inolako dudarik, unibertsitateko euskarak ezingo duela gramatika-akatsik izan, eta, erabilera estandar zainduari dagokion neurrian, Euskaltzaindiak batasunerako emandako arauak bete beharko dituela; arau hauek eurak ere gaurko erabilera agramatikalak saihestea dute helburu behin baino gehiagotan. (ā) Horretaz gain, onargarriak diren egituren artean, ahalik eta hedadura handiena dutenak aukeratu beharko lituzke, unibertsitario gehienek errazen ezagutuko dituztenak".
Bete-behar horiek, bistan da, ez dagozkie bakarrik unibertsitateko irakasle eta ikasleei. Oso urrutira joan gabe, gu bezalako kazetarioi ere badagozkiguā Betetzen ditugun ala ez, beste kontu bat da, ordea.

ALBERDIK EGINIKO PROPOSAMENAK.

Eta hain zuzen euskaraz idazten dugun gehien-gehientsuenok dauzkagun zalantza horiei erremedio ematera datoz Xabier Alberdi EHUko Euskal Filologia Saileko irakasleak eta Ibon Sarasolak, unibertsitate bereko katedradun eta euskaltzainak, egun erabili ohi den euskara estandar idatziaren gainean egin dituzten gogoeta, kritika eta zuzenketa proposamenak.
Bi zati nagusi eta osagarritan banatuta dago liburu hori. Lehenengoan, Xabier Alberdik aztertutako gramatika zalantzak eta hutsegiteak agertzen dira. Bigarrenean, berriz, Ibon Sarasolak jorratutako "Zalantzen hiztegia" dator.
Hirurogeita zazpi ataletan banatu ditu Alberdik euskaldun alfabetatu eta ikasien gramatika zalantza eta hutsegite nagusienak, bakoitzaren azalpena, gehientsuenetan, adibide batzuen azterketarekin osatuz. Horretarako, euskal literatura tradizioa eta Euskaltzaindiaren gomendio-erabakiak hartu ditu oinarritzat Alberdik. Adibide akastunak eta haien berridazketa zuzendua eskaintzen ditu. Hona hemen adibide horietako gutxi batzuk:
3"Zuk eta guk egingo dugu (eta ez zu eta guk egingo dugu)".
3"Eusko Jaurlaritzaren proiektuak (Eusko Jaurlaritzak egin/egiteko dituen proiektuak)".
3"Eusko Jaurlaritzako proiektuak (Eusko Jaurlaritzatik datozen proiektuak)".
3"Joan zen igandez Urbian izan ginen" idatzi beharrean, "Joan zen igandean Urbian izan ginen" idatzi beharko litzateke. "Euskara batuz ari dira"ren ordez "Euskara batuan ari dira". Eta abar luzea, jakina.
Horrelako zalantzarik ez duzuela? Zuentzat hobe. Nolanahi ere, duda izpi ren bat somatu orduko, badakizue konponbidea non aurkitu.

IBON SARASOLAREN EKARPENA.

Hitzen aldetik sortzen bazaizue kezka, berriz, jo Ibon Sarasolak jorratutako "Zalantzen hiztegia"ra. Euskaltzaindiak atera berri duen Hiztegi Batuaren lehen argitaraldia oinarri duen zati horretan, euskaltzainak hautatu dituen mila eta bostehun sarrera inguru aurkituko dituzue. Ibon Sarasolak hautatutako sarrera horiek, sarritan oker erabiltzen direnak edota iruzkinen bat merezi dutenak dira, eta hurrenkera alfabetikoan antolaturik agertzen dira liburuan, non, modu labur eta ulergarrian, hiztegi zalantza ohikoenen inguruko argibide eta xehetasunak aurkituko dituzuen.
Hori bai, labur beharrez, ikaragarri murriztu behar izan ditu azalpenok Ibon Sarasolak. Beraz, hitz jakin bateko argibide gehiago nahi izatera, egile beraren "Euskara Batuaren Ajeak" liburura edota "Orotariko Euskal Hiztegia"ra jo beharko duzue

hemeroteka

1823. zenbakia | 2001-09-30
1822. zenbakia | 2001-09-23

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan