- Xabier Arzalluz, EAJko EBBko lehendakaria: «Terrorismoaren aurkako nazioarteko uholdea baliatuz, Aznarrek egoera bere mesederako erabili nahi du. ETA eta terrorismo islamiarra oso desberdinak dira eta ez dut ulertzen biak berdintzeko duen joera. Abiapuntua agian berdina da, baina hori bakarrik, arazo oso korapilotsuak dira. Norbaiti bururatzen zaio, akaso, IRA eta terrorismo islamiarra nahastea?».
- Jesus Egiguren PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia: «Demokrazia batean erabaki batzuk hartzen direnean horiekiko begirunez aritu behar da. Euskadik testuinguru zehatz batean onartu zuen Estatutua eta, uneren batean, norbaitek beste marko berri baterantz joan nahi badu, beste kontsulta batera joan beharko da eta Estatutua aldatu».
- Rosa Diez, PSOEko eurodiputatua Ibarretxe lehendakariari buruz: «Euskal herritarren borondatea -nazionalisten borondatearekin nahasten duena- betearazteko jartzen duen indar bera ETArekin amaitzen jartzea nahiako nuke, dioenaren arabera, badirudi herritarren borondatea ez dela ETArekin amaitzea eta».
Carlos Iturgaitzek, Jaurlaritzak unibertsitateko lege berri bat sortuz gero Ibarretxe lehendakaria desobedientzia bultzatzen ari dela uste du. Ez da PPren buruzagiak botatako harribitxi bakarra, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuari Juan Mari Atutxak luzatutako kritikak direla eta honi, «demokraziaren historian legebiltzarrak izan duen lehendakaririk sektarioena» izatea leporatu baitio.
"Navarra en Martxa" hilabetekari berria sortu berri da Nafarroan. Jaime Ignacio del Burgo Azpiroz -izen bereko UPNko diputatuaren semea- da aldizkariko zuzendaria, eta Del Burgo familiak zuzentzen duen Laocoonte argitaletxeak atera du.
Juan Jose Lizarbe PSNko idazkari nagusiak 2003eko foru hauteskundeetan UPN Nafarroako Gobernutik at geratu beharko litzatekeela ari da errepikatzen behin eta berriz azken asteetan.
Jakoba Errekondo
Eguna moztu, gero eta argi gutxiago eta tenperaturak behera. Honela laburbildu daiteke estrenatu berria dugun udazkena. Neguaren atari aurrean sartu gara eta landareek prestaketa lanak abiatuta dituzte dagoenerako. Haziak zabaltzeko fruituak bota, azalak loditu, kimu-begiak ezkatapean babestu, hostoak jakiz hustu, erreserbak pilatu eta hilabetetako loaldira makurtu.
Negua badator, baina landareentzat soilik ez, baita hauen arerioentzat ere. Zorri, onddo, kukurrutxa, lizun, euli, armiarma eta abar ere negua ahal duten erosoen igarotzeko prestatzen ari dira. Azala bereziki loditutako arrautzak errun, erreserbak metatu, beroki gozoz inguratu, espora iraunkorrak sortu, izotzak joko ez dituen landareen zirrikituetan ezkutatu eta abar.
Hala ere, lan hauek denak alperrikakoak izango dira gehienentzat negua na-tural samarra etortzen bada. Hotzak garbitasun latza egiten du. Guk ere gure landareen babesteko sasoi honetan egin dezakegu lanik eraginkorrena. Frutarbolak, adibidez, hostoak erortzen ari direnean olio berezi batzuekin tratatzen dira. Olio honek ezkutuan dauden arrautz, intsektu eta esporen gainean barreiatuz geruza bat moldatzen du eta arnastea eragozten dienez ito egingo dira, neguko hotzaren lana osatuz. Honek arerioen udaberriko lehen belaunaldiak ahulak izatea dakar eta landareen urteko pujaldi indartsuenaren sasoia areagotzen du
Jabier Agirre
Duela gutxi, Californiako Unibertsitatean egindako hainbat ikerketa argitaratu dira, eta berorietan iradokitzen denez, kakaotan aberatsak diren jakiek efektu kardio-babesleak omen dituzte, kakaoaren ekintza antioxidatzaile eta antitronbotikoari esker.
Pertsona heldu osasuntsu eta ez erretzaileetan ikusi izan denez, kakaoa ahoratu eta handik 2-6 ordura plaketen agregazioa aktibatzen duen bulkada geratu egiten da (horrek koaguluak edo odolbatuak sortzeko zailtasuna dakar). Bestetik, txokolatea irentsi eta handik pare bat ordura plasmaren gaitasun antioxidatzailean %31ko gehikuntza nabarmentzen da, oxidazioko produktu batzuk %40 inguru jaisten diren bitartean. Txokolatea, ardo beltza eta te berdea bezala, aberatsa da flabonoideetan (epikatezina eta prozianidina izenekoetan batez ere). Eta frogatua geratu da kakaoa edo txokolatea duten jakiak irentsi ondoren epikatezina-mailak igo egiten direla odolean (horrek ahalmen antioxidatzailea gehitu egiten du) eta peroxidazio lipidikoaren produktuak jaitsi egiten direla, horrek plaketen eranskortasuna edo agregazioa gutxitzea dakarrelarik, ardo beltzaren kasuan gertatzen den mekanismoaren oso antzekoari esker.
Aurrez aipatutako ikerketa horiek beste hainbat "mesede" ere egozten dizkiote txokolateari (bihotzeko gaitzen kontra jarduteaz gain, prozesu kantzerigenoetan eta sistema immunearen estimulazioan ere arituko litzateke itxuraz). Beraz, irakurle, jan txokolatea beldurrik gabe, ahoa gozatzeaz gainera zure sistema kardiobaskularrari ere sekulako mesedea egingo diozu-eta
ALDERDI EGUNAREN ONDORENGO BIHARAMONA
FESTAREN ondorengo biharamon fisikoa, festak utzitako biharamon politikoa baino azkarrago pasatu da zalantzarik gabe. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak berriz egin zion erreferentzia EAEko herritarrei zuzenduko dien balizko kontsultari. Publikoki behintzat idea airean da eta ez dago argi lehendakaria zertaz ari den, nahiz eta autodeterminazioaz ari dela interpreta litekeen, hori baita arazo politikoaren alde arantzatsua. ETAk bere jarduna gerarazteari buruzko herritarren iritzia zein den argi dago, autodeterminazio kontsulta baten aurreran herritarrek zer esango luketen ez.
ARALAR, ALDERDI POLITIKO JADA
ASPALDITIK espero zena gauzatu da eta HBn sortutako Aralar ildo politikoa alderdi bilakatu da. HBren zatiketa historikoa, beraz, errealitate da jada eta ezker abertzaleak beste eskaintza politiko bat du bere baitan. Bi gauza ikusi behar orain epe laburrean: batetik, alderdi berriak eguneroko jarduera politikoan aritzeko eta eragiteko duen gaitasuna zertan den; bestetik, Euskal Herriko lurralde desberdinetan duen hedapena. Batasunak ezik, gainerako alderdi guztiek ondo hartu dute alderdi berriaren etorrera.
DESOBEDIENTZIA ZIBILAREN EGUNAK ZARAUTZEN
DATORREN urriaren 12 eta 13an, Euskal Herri osoko hainbat taldek desobedientzia zibilaren lehenbiziko egunak antolatu dituzte Zarautzen. Borroka molde honek azken urteetan bere oihartzun maila pixka bat handitzea lortu du, nahiz eta oraindik bere eragina oso txikia eta puntuala den. Edozein eratan, antolatzaileek hausnarketarako tarte bat gehiago zabaltzea lortu dute eta horrek ideiak argitzeko bere emaitzak izango ditu aurrera begira.
ERREFERENDUMAREN AUSARDIA
GAZTELUKO Plazako lur azpiko aparkalekuari buruz Iruñean egindako erreferendum alternatiboak ia 20.000 iruindarren ustea eraman zuen hautesontzietara. 18.462 pertsona aparkalekua egitearen aurka azaldu zen eta 1.108 aurka. Espero zitekeena zen, gehienak aurkakoak izatea, baina oraingoan garrantzitsuena ez ziren baizkoak eta ezezkoak, partehartzea eta halako kontsulta bat garatzeko ausardia baizik. Bestetik, antolatzaileek ondo nozitu duten bezala, botereak eta komunikabideek halakoetan duten indarra agerikoa izan da.
LAKUNTZAKO UNIBERSAL DANTZALEKUA TXIKITUA
LAKUNTZAKO Unibersal dantzalekua (lehenago Ilargi eta Matraka ere deitu izan dena) txikitua geratu da ustez ETAk jarritako lehergailu baten eztandaren ondoren. Susmoen arabera, droga auzietan nahastua izateagatik jarri dio ETAk lehergailua. Astelehen goizean, halaber, ustez ETAk jarritako beste lehergailu batek kalte handiak sortu zituen Gasteizko Justizia Jauregian.
ERREFUXIATUEN KANPORATZE AGINDUA EMAN DU PARISEK
PIRINIO Atlantikoetako Andre Viau prefetak 16 euskal errefuxiaturi eta herritar arrunt bati hilabeteko epea eman die Frantzia utz dezaten. Prefetaren esanetan, "orden publikoa nahastea helburu duen erakunde terroristako militante aktibo" dira Errefuxiatu hauetako batzuk hogei urte daramate Ipar Euskal Herrian eta, ez dute behin ere arazoak izan Frantziako justiziarekin. Den-denek lurraldean bizitzeko arauzko paperak dituzte.