Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-10-07 -- 1824.zenb


EUSKARAZ ZERRENDA UTZI DU UEU-K

Interneten dagoen «EuskaraZ» posta zerrenda kudeatzeari utzi dio Udako Euskal Unibertsitateak, azkenaldian hartutako norabidearekin ados ez dagoelako. UEUren esanetan, euskararen inguruan eztabaidatzeko lekua zen «EuskaraZ» eta beste gaien inguruan hitz egiteko gune bihurtu da. Zerrendakideen artean galdeketa bat egin eta gero (gehienak berdin jarraitzearen alde agertu ziren), zerrenda uztea eta beste bat moderatzea erabaki du. Utzitako zerrenda euskalgintzako beste erakunde batek hartzea nahi luke UEUk.


EUSKARAREN ALDEKO PRESTIGIO KANPAINA

Euskal Kultur Erakundeak eta Euskal Konfederazioak hainbat ekimen antolatu dute 2001 Hizkuntzen Europako Urtea dela-eta «Euskara ikas eta erabili» lemapean. Azaroaren 5etik 24ra askotariko ekitaldiak izango dira, besteak beste, hitzaldiak, kantaldiak eta bertso saioak. Nabarmentzekoa da ekimen hauen artean, Euskal Irratiek Europako beste 60 irratirekin batera hizkuntza gutxituen inguruan egingo duten irratsaio berezia.


HIZKUNTZEN EUROPAKO EGUNA GUREAN

Irailaren 27a Europako Hizkuntzen Eguna izan zen eta euskalgintzako hainbat erakundek Espainiako eta Frantziako Estatuek euskarari ezartzen dioten diskriminazioa salatzeko baliatu zuten. Kontseiluak hizkuntz aukera berdintasuna, hizkuntza eskubideen bermea eta bere lurralde osoan euskara lehentasunezkoa izatea aldarrikatu zuen. Euskal Herrian Euskarazek, bestalde, Euskal Herri osorako euskara lege bakarra eskatu zuen.


SURFEKO HITZ TEKNIKOAK EUSKARATZEKO

Urola-Kostako udalek surfari buruzko euskarazko fitxa didaktikoak sortzeko beka deialdia egin du, kirol arloko euskarazko material eskasiari aurre egiteko asmoz. Urriaren 26a arte proposamenak eskatzeko aukera dute interesa dutenek.


ARABAKO GUNE HISTORIKOAK

HIL honen 16an hasi eta lau egunetan zehar hirigune historikoen kontserbazioari buruzko Arabarri foroa burutuko da Gasteizko Montehermoso kultur gunean. Bertan izango dira, besteak beste, Arabako Arkeologia Museoko zuzendari Amalia Baldeon eta Diputazioko ondare historiko-arkitektonikoko zerbitzuko buru Juan Ignacio Lasagabater. Foro honen xedea Arabako hirigune historikoen errekuperazioaren egoera zein den aztertzea da.


ARRIOLA SARIAK

ELORRIOKO Arriola Kultur Aretoak zortzigarren aldiz arte eszenikoetan lan egiten duten artista, talde, antzoki eta elkarteak sarituko ditu aurten urriaren 5ean. Hauexek dira aurtengo sarituak: Programazio saria La Fundicion aretoarentzat izango da; Julio Perugorriak eramango du Antzerki Produkzio eta Banaketa saria; Jose Ibarrolak eszenografiari dagokiona; Aitor Agorriak Teknikoaren saria jasoko du eta Eva Forestek Antzerki Liburuen banatzaile saria eskuratuko du.


ARTISAUEN JARDUNALDIAK

ZERAMIKA, larrugintza, otargintza... guztiak izango dira ikusgai eta ikasgai hilaren 11tik 14ra Ordizian burutuko den Artisaualdian. Gabiltza Gipuzkoako artisauen elkarteak eta Ordiziako Udalak antolaturik, laugarren aldiz egingo dira aurten Artisautza Jardunaldiak. Guztira, 52 artisauk hartuko dute parte. Aurtengo berezitasunen artean: damaskinatua, kaligrafia eta iltzez egindako irudien erakustaldiak, hitzaldiak eta bordatu erakusketa aipa daitezke.


ANTOÑANARI BURUZ

PABLO ANTOÑANA izango da Koldo Mitxelena Kulturuneko protagonista urriaren 8tik 11ra, egun horietan berari buruz hitz egingo delako «Pablo Antoñana: libertad sin cargos» izeneko jardunaldietan. Lehenengo egunean Felix Marañak eskainiko du hitzaldia Antoñanari buruz; hilaren 9an, berriz, Miguel Sanchez-Ostiz izango da hizlari; 10ean Pablo Antoñanak berak «Testamento» izeneko hitzaldia emango du, eta azken egunean «Lurraren Mugarriak» izeneko liburua aurkeztuko da.


NAFARROAREN KONKISTA

HOGEI urtetan eginiko lanaren ondorio da Pedro Esarte historialariak kaleratu berri duen «Navarra 1512-1530. Conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico» liburua. Garai hartako agiri guztiak miatuz konkista garaian gertaturiko kulturaren inposaketa jarri du agerian Pamielaren eskutik plazaratu den 900 orrialdetako obra honetan.


LAUROGEI URTEKO ORKESTRA

LAUROGEI urte beteko ditu aurten Bilboko Orkestra Sinfonikoak. Urte horiek guztiak ospatzeko aurtengo denboraldia baliatuko du. Guztira, hemezortzi programek osatuko dute denboraldia, hauetako gehienak bikoitzak. Ekitaldi aipagarriena datorren urteko martxoaren 7 eta 8an burutuko da. Egun horietan eta Arriaga antzokian, euskal konpositoreei emango baitzaie garrantzia. Besteak beste, Carmelo Bernaola izango da protagonista. Denboraldian zehar, ordea, badaude beste hainbat protagonista garrantzitsu. Hala nola, Boris Belkin bakarlaria, Isabelle Van Kelen eta Victoria Mullowa biolin joleak.

- Ur Apalategiren aburuz, «Literatura sistema ilustratzeko, libertitzeko tresna da (...). Baina aldi berean, tresnarik egokiena jendea pentsarazteko. Arteak soilik sistema defendituko balu, nehork ez luke irakurriko. Eta soilik engaiamendura mugatuko balitz, iraultza litzateke, ez literatura. Artea ez da ekintza». «Euskaldunon Egunkaria»n egin zituen adierazpenok.
- Txomin Badiola artistak «El Cultural» gehigarrian: «Artista gazteengan bilatzen diren ezaugarriak, orokorrean, irizpide zaharkituei dagozkienak dira. Juzkatzea edo hautatzea baino interesantegoa litzateke ulertzen saiatzea».
- Mikel Aizpuruak honakoa zioen «Deia»n: «Publikoa aldatu egin da. Azpillaga eta Lopategi elkarrekin aritzen ziran garaian, publikoa dana zan bat eta bera; danak ados egozan idea bategaz (...) Euskadi edo euskara berbak aitatzeak publikoa berotzen eban (...) Gaur egun publikoak ez dau gura gauza bakar bat; iritzi anitza dauka».
- Jose Mari Zabalak zera esan zuen«Euskaldunon Egunkaria»n: «Ekonomia arloan oso bizkorrak diren agintariak izango ditugu, baina kulturalki zeharo erreakzionarioak dira».

Justiziako langileen artean nagusi den CSFI sindikatuak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzak agente judizialei, laguntzaileei eta ofizialei ezarritako hizkuntz profilengatik. Sindikatuak dioenez, euskalduntzeak borondatezkoa izan behar du. Hamaika entzuteko jaioak gara.

Urtz talde pasaitarra urteetan isilpean egon ostean, bosgarren diskoa grabatzen ari da.
Iñaki Ugarteburuk eta Unai Elorriagak itzuli dituzte hurrenez hurren lehengo astean aurkeztu ziren Agustin Fernandez Pazen «Albak hamahiru urte» eta Marilar Aleixandreren «Etorkizunik ez». Bi lanok Elkarlaneanek plazaratu ditu Branka bilduman.
Alejandro Zabala pianistak zuzenduko du Donostian dagoen Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioa. Zabala, Ainhoa Arteta sopranoaren ohiko laguntzailea da.
TÆOmbligo taldeak joan den astean estreinatu zuen Iruñeko Gaiarren Antzokian «Como la seda» lana.
Jon Andueza zuzendari, gidoilari eta aktorea «Aita Guria» film laburra prestatzen ari da. Uztailean Elgetan errodatu zuen eta orain muntaketa amaitzen ari da. Filman, besteak beste, Martxelo Rubio eta Oihana Maritorenak parte hartzen dute.

Urtzi Urrutikoetxeak «Gara»n idatzia:
«(...) Idazle gehienek igarri dute zeinen zaila zaien gaur egungo liburu bizi bat idaztea eta banago itzultzaileek ere antzeko arazoa izango dutela elkarrizketaz jositako lanak itzultzeko. Baina zabalago joka dezakete, itzulpena izaki ez dute-eta gure kaleko hizkerari lotu behar. Gidoilariek bai, horiek ere ætxungoÆ daukate. (...) Badira urte batzuk gazteon hizkerak ia ezer sortzen ez duela, Asisko eta besteren baten ahaleginen bat salbu. Sistematikoki Bilbo, Iruñea edo Gasteizko erdaretatik itzuli edo kopiatzen da. Eta Baionan antzera delakoan nago. (...) Beti esan dugu egitea zela garrantzitsuena eta orain euskara batuari direnak eta ez direnak egotzi gura zaizkio. Txarto dago eskola edo telebista etxera sartu eta umearena nagusitzea aitita-amamenaren gainetik. (...) Baina euskara fosilizatu bada, ez dut uste batuaren errua denik. Elebitasunez mozorrotutako diglosia da hori dakarrena, euskara hutsez bizi ezina, eta bizitza arrunterako balioa galtzea.
Txapelokerrak æpikoloÆ bihurtu dira, berba berritu ezinik, berdin txakur txiki barik zegoenaÆpelaÆ barik dago, ætalegoÆ pare bat non lortu. Euroaren froga deitu nion behinola, gure miseriak ateratzeko baino ez bada ere: denok hutsetik hasi behar dugunez, aukera ederra Euskal Herri osoko hizkerak sortzeko, baina zerbaitek diost hegoan espainoletik eta iparrean frantsesetik, izendatu dugula gauza bera (...)».

Nafarroako Gobernuak suhiltzaileentzako bi lanpostu deialdi egin zituen udan, bietan atzerriko hizkuntzak jakitea baloratuago dago euskara jakitea baino. Hori dela-eta CCOO, ELA, ESK, LAB eta UGT sindikatuek Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera helegiteak aurkeztu dituzte. Txalo bero bat.

hemeroteka

1823. zenbakia | 2001-09-30
1822. zenbakia | 2001-09-23

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan