SOLDADUTZA BUKATU DA, GIZARTE ZERBITZUAK EZ
Iosu Etxaniz / Mikel Asurmendi
Militarismoaren aurka tinko aritu direnek lanean jarraituko dute aurrerantzean, armada profesionalaren aurka, esate baterako. Orain arteko borrokan bataila oso garrantzitsua irabazi dute, pozik egoteko arrazoi franko dute antimilitaristek. Alabaina, soldadutzaren amaierak ordezko gizarte zerbitzuaren bukaera dakar berarekin, eta horrek hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundetan (GKE) berebiziko eragina izan dezake.
Soldadutza egin nahi ez zuen hainbat eragozle ordezko gizarte zerbitzuetan aritu izan da orain arte; beren betebeharrak oso zabalak izaten ziren: musika banda bateko partaide izatea, hala nola pertsona nagusien laguntzaile, kasu. Gizarte zerbitzuetan lehen ez zeuden zenbait zerbitzu berri sortu eta beste batzuk indartu egin ziren urteen poderioz. Hartara, Espainiako Estatuaren administrazioan nahiz zerbitzu zibiletan kezkaturik daude hemendik aurrera gerta daitekeenaz. Gizarte zerbitzu hauen laurdena gal daitezkeela pentsatzen dute-eta.
Hego Euskal Herrian ez dirudi aldaketa honen eragina honesbeste nozituko denik. Izan ere, gure gizartean intsumisioaren aldeko jarrera zabala izan da, bai gizabakanoen aldetik, bai elkarteen aldetik. Euskal GKE gehienek ez dute urte hauetan ia eragozlerik erabili. PSS (Gizarte Prestazio Ordezkoa) delakoaren aurka egon ziren hasiera-hasieratik, eta hartara, ez du ematen beren zerbitzuak ziurtatzeko arazo handirik izango dutenik aurrerantzean. Hainbat erakundetako bozeramalerekin hitz egin dugu, ia-ia guztiak iritzi berekoak dira.
eragozleei agur.
Badago eragozleekin lan egin duen erakunde garrantzitsu bat: Gurutze Gorria. Gure inguruko eragozle gehienen zerbitzu-lekua izan da gaur egunera arte. Aldaketaren aiduru izaki, erakunde hau datorren urteko aldaketarako prestatu da azken bi urtetan. Gipuzkoako Gurutze Gorriaren lehendakari Enrique Samaniego ez da kezkaturik agidanez:«Gipuzkoan 4.000 inguru bolondres edo boluntario ditugu, horietatik 1.300 inguru mobiliza dezakegu edozein unetan. Iaz, hauetatik 387 eragozle ziren, aurten 128 baino ez. Hau da, hamar boluntarioetatik eragozle bat dago Gipuzkoan. Kopurua ez da handia. Gainera, beren zerbitzua burutzeko erraztasun guztiak eskaini izan dizkiegu eragozle hauei, bai lekuari bai egutegiari dagokionean. Behin zerbitzua bukatu ostean beraiek ere boluntario jarrai dezaten politika moduko bat landu dugu. Edozer gertatu ere, prestatuta gaude».
Enrique Samaniegok Pasaiako portura iristen diren polizoien kasua azaldu digu adibide gisara. Gurutze Gorrian ari diren eragozleak dira etorkin eta polizoiei hizkuntza erakusteaz arduratu direnak, baita hemengo errealitatean murgiltzen lagundu dituztenak:«Eragozle hauek maisuak dira. Unibertsitatean edo beste ikastetxetan jarduteaz gain, ordu batzuk pasatzen dituzte klaseak ematen gurekin. Gainera, zerbitzua bukatutakoan hauetakoren batek gurekin jarraitzea espero izaten dugu. Beraz, ez dut uste zerbitzu hori bertan behera geratuko denik».
Desagertuko ez den beste zereginetako bat larrialdien eta anbulantzien zerbi-tzua izango da. Gaur egun dauden larrialdietarako bost postuak (Deba Goiena, Elgoibar, Tolosa, Donostia eta Hondarribia) bere horretan mantenduko direla argitu digu Gurutze Gorriko lehendakariak. Boluntarioek -edota kasu batzuetan kontratatutako pertsonek- eragozleen lana burutzea izango da aldaketa bakarra.
GAINONTZEKOETAN BERRIZ?
Beste elkarte batzuek, aldiz, betebeharreko zerbitzu batzuk birplanteatu beharko dituztela ematen du. «Gizalde» elkartearen aldetik -bolondresen koordinaketarako zerbitzua- jaso dugun informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian ordezko gizarte zerbitzuaren eragina aisialdiko taldeetan nabarituko da bereziki. Elikagai-bankuetan, musika-bandetan (Debako kasua azpimarratu digute) eta kirol federazioetan batez ere. Eremu honetako adibiderik argiena pilota federazioarena izan da. Roberto eragozle bezala aritutako lagun bat da. Bere kasua argigarria izan zaigu:"Ni pilotari amateurra izan naiz betidanik eta soldadutza Bizkaiko Pilota Federazioarentzat lanean betetzeko aukera izan nuen. Federazio honek pala erakustearen aldeko saiakuntza egitea erabaki zuen orain dela urte batzuk. Haur eta gaztetxoei modalitate horretan irakatsiko zieten pilotariak-edo behar zituzten hartara. Dozena bat mutil sartu ginen, eta, egia esan, lana ez zen batere gogorra, astean pare bat ordu ematen genuen gaztetxoei laguntzen. Federazioaren asmoa edo itxaropena eragozleok gero boluntario bihurtzea zen, baina ez da hori gertatu, ezagutzen dudan ia jende guztiak ekimena utzi du. Tamalgarria da, honen ondorioz palaz jokatzen ikasten ari zen hainbat gaztetxo bakarrik eta laguntzarik gabe geratu delako. Arrazoi bat edo beste dela-eta, gauzak horrela gertatu dira».
ETORKIZUNIK GABEKO ALTERNATIBAK.
Euskadiko Gazte Kontseilutik esan digutenez, egungo gizarte zerbitzuen egoera, orokorrean, ez da kezkatzeko modukoa. Esan bezala, euskal GKE gehienen politika ordezko gizarte zerbitzuaren eta eragozleak hartzearen aurkakoa izan da-eta. Espainiako Estatuan honen inguruan kezkatuago daude, eta dagoeneko Madrilgo Gobernuak honen inguruan figura berri bat asmatu nahi duela dirudi: bolondres zibilaren figura. Hau da, eragozleek orain arte egin duten lan berbera egiteagatik soldata bat jasoko duten «bolondres» berriak. Ekimen honek iritzi kontrajarriak eragin ditu eta jadanik gizatalde gehienak honen aurka agertu dira. Pentsatzekoa denez, Euskal Herrian ere ez du arrakasta handirik izango
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.