Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Nafarroa Beherea. Arbasoen harpeetatik Harpeko Saindura

2001-09-30 -- 1823.zenb

Nafarroa Beherea. Arbasoen harpeetatik Harpeko Saindura

Iosu Etxaniz

Nafarroako herrialdeko "seigarren merinalde"a Ipar Euskal Herriko lurralderik zabalena da, baina bere populazioa ez da 30.000 pertsonara iristen, nekazal lurra izanez emigrazio handia ezagutu du-eta. Jende gehiena baserri eta nekazal-gune txikitan isolatuta bizi da, eta erliebe zailak, bailara txiki eta maldatsuek, ogibide hori ere zaildu egin dute. Ez dago ia industriarik eta turismoari dagokionez, azpiegitura txarrek ez dute batere erraztu. Agian eskertzekoa izan da. Horrela, isolamendu horren ondorioz, Nafarroa Beherearen historia, ohitura, monumentu eta jendearengana diren bezala iritsi ahal izango dugu, kanpoko eragin folklorizatzailerik gabe. Gure nazioko probintziarik euskaldunena den honek sekulako altxorrak gordetzen ditu bere baitan: Izturitzeko haitzuloak (agian Euskal Herriko ikusgarrienak), Bidarrai inguruak, Baigorri eta Garazi herriak... dena paisaia orlegi eta ederrez bustirik. Eta kontuan hartu Irati beste baterako utzi dugula...

Hazparneko eliza izango da gure abiapuntua, oraindik ere Lapurdin. Hau Elhuyar anaia kimikarien jatorria eta Francis Jammes olerkaria hil zen herria da. Bere izen bereko kalean museo bat dauka.
Eliza aurretik zuzen-eskumara Baiona-Donapaleurako bidea hartuko dugu. Lekuinen (Bonloc) ezkerrera egingo dugu, eta Donestiri - Saint-Esteben (XVII.eko eliza polita) igaro ondoren, 2 km.ra gauza bera egingo dugu.
Beste 1 km. eta Donamartirin (St.-Martin-d´-Arberoue) sartuko gara. Hemen, eliza eskuinaldean utziz ezkerreko bidea hartuko dugu. 2´5 km beranduago hiru aparkaleku zeharkatu ostean Izturitze eta Otsozelaiako lezeetako sarreran gaude, Europa Hegoaldeko santutegi paleolitikorik garrantzitsuenetakoan, milioika urtetan zehar sortzen joan den eta azken 50.000 urteetan populatutako altxor magikoa.
Berriz ere Donestirin ezkerrera egin Heletarantz. 5 km.ra eskuinera joaz herri honen erdialdean sartuko gara, Baigura mendiaren magalean. Azoka plaza eta bere ingurua, eliza eta hilerria nabarmenduko ditugu, baina Heleta herrialde osoan ospetsu bihurtzen duena azaroaren 24-25ean ospatzen den Zaldien Azoka koloretsua da. Baserritarrak edonondik datoz tratuan aritzeko eta jatetxeek plater tradizionalenak eskaintzen dituzte, kantitate handitan gainera.
1 km. aurrerago ezkerrera egin eta 5 km.rako Irisarrin sartuko gara. Hemen Donibane Garazi-Ortzaizerantz eginez herriko erdialdea zeharkatuko dugu. XII. mendeko Jerusalengo Ordearen Zaldunen Ospitale mugagabea nabarmentzen da, XVI.ean Maltako Ordearen eskuetara pasatu zena. Gaur egungo eraikina XVII.ekoa da, aurreko mendean suntsitu ostean.


Harpeko Saindua, estalagmita mitikoa

Ortzaizerantz, Bidarrai ondoko Itsusiko harri gorrixkak ikusgai ditugu. Ortzaizen Erdi Aroko jauregi eta XVII-XIX.eko baserri ederrak mirestuko ditugu, harri gorrixkaren gaineko bere ateburuekin. St. Julien elizak ere bisitatxo bat merezi du.
Ondoren eskuinera eginez, 6 km.ra Bidarraiko erdialderako sarrera-zubia dugu, herria dagoen mendixkaren behealdean. Hura pasatuta, eskuinera eta aurrerago ezkerrera eginez zentrora igoko gara.
Harpeko Saindura iristeko zera egin behar dugu: leku beretik jaitsi, ezkerrera dugun zubi semizirkular bat igaro eta ezkerrera egin, ibaia gure ezkerrean utzita; hemendik aurrera zuzen eta gorantz jarraituko dugu. 2 km.ra "Infernuko Zubia" pasatu eta handik 1/2 km.ra bidegurutzean eskuin-behera jo. Beste 2 km.ra beste zubi bat igaro eta handik 1,5 km.ra zirko natural baten azpian den bigarren baserrian aparkatuko dugu, oinez amaituz.
Errepidera itzuliz, Baigorrirako bidean Arrosa ondotik pasako gara, eta 3 km.ra Eiheraldetik.


BIDARRAI

Orreagako Monastegiak XII. mendean fundaturiko priorego-tokia, azkenean 1723an independizatzen da. Mendixka baten gainean kokaturik, behe nafar estiloko etxe zuridun herri honen alde batean frontoia, aterpea eta Herriko Etxea ditugu, eta bestean tonu gorrixkako eliza. Hemendik, inguruko mendi gorritxoen bista polita da.


Harpeko Saindua

Kotxez hurbildu ostean, baserri baten atzealdetik hasten den galtzada moduko bat igoko dugu, aurrean dugun mendi-zirkurantz. 150 bat metrora, bidegurutze moduko batean ezkerrera zuzen-zuzenean haizperaino eramango gaituen lurrezko bidezidor bat hasten da. Bertan, ehunka urtetan gurtu den "izerdi egiten duen santua" dugu, hots, giza-itxurako (imajinazio pixka batekin) estalagmita. Ohituraren arabera, ur horrek azalaren gaixotasunak sendatzen ditu, eta sinesturik, jende askok hainbat buruzapi eta arropa utzi ohi du kobazuloan.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan