GAZTELUKO PLAZA, HIRIA ULERTZEKO BI MOLDE DESBERDIN
Xabier Letona
Plaza baten azpian aparkaleku bat egiteak, horrexek aztoratu du Iruñea azken bi hilabeteetan. Halako dozenaka egiten dira egungo hirietan, tira-bira batzuekin zenbaitetan eta kontsentsuz askotan. Iruñekoa, ordea, Gazteluko Plaza da, kolore guztietako iruindarren plaza kuttuna. Horrek sorrarazi du ekaitza. Iruñean griñaz bizi da eztabaida: aparkalekua bai, ez, modernitatea zer den, erreferenduma, poliziaren kargak, proiektuaren aurkako kale agerpen jendetsuak, udal agintarien jauntxokeriak... Jakinmina handia da, ikusi besterik ez dago plaza inguratzen duen hesian zabaldutako leihatiletatik herritarrek etengabe nola begiratzen duten. Eta amorrua ere bai, hezsan kolpatu ondorengo hotsak lekuko, batez ere gauez eta asteburuetan gehiago. Iruñeko Kale Nagusiak harridura erakutsi zuen urteetan egin gabeko Riau-Riauak abuztuaren beroan kalea lepo bete zuenean. Atzerritar zenbaitek San Ferminak uztailean ez ote ziren galdetzen zioten elkarri. Gazteluko Plazarenak haserrez, pozez, festaz, kolorez eta kezkaz jantzi du aurtengo Iruñeko uda sargoritsua. Askoren oposizio barrunbatsua eta boterearen itzal isil eta harroa aurrez aurre dira.
Arazoa ez da atzo goizekoa, eta sustraiak ondo finkatuta ditu denboran. 1930 inguruan egin zen Gazteluko Plazako azken bermoldaketa eta harrezkero antzerako itxura mantendu izan du gaur arte. Baina lur azpiko aparkalekuaren proiektua zehazki, 1973an proposatu zen lehenbiziz. Orduan Iruñeko udalak gehiengo osoz atzera bota zuen, gutxi gorabehera egungo aparkalekuaren oposizio nagusiak erabiltzen duen argudio nagusietako batekin: «Hobe da aparkalekuak zentruaren inguruan eraikitzea».
PROIEKTUAREN NONDIK NORAKOAK.
Iruñean sarri eta aspalditik entzun ohi dira Gazteluko Plaza eta Sarasate Pasealekuaren lur azpiko aparkalekuen oihartzunak. Edozein modutan, UPNk ez zuen proiektu zehatzik erakutsi 99ko udal hauteskundeetako programan. Hala ere, 99ko amaieran proiektua lehiaketa publikoan atera zen. Arkitektoen artean zabaldua zegoen proiektua ondo hautatutako æetxekoÆ batzuen artean banatuko zela eta horren froga zera da, Nafarroan dauden 680 arkitektoetatik 4 bakarrik aurkeztu zirela lehiaketara. Clua arkitektu katalanari -Nafarroako Unibertsitateko (Opusekoa) irakaslea- eman zioten Gazteluko Plazako aparkalekuaren proiektua egiteko zeregina eta Alonsori Sarasate Pasealekukoa. Aparkaleku proiektuekin jarraitu aurretik, dena den, Iruñeko eremu honetako trafikoa eta aparkalekuaren beharrari buruzko ikerketa bat egin behar zen. Hala egin zen eta emaitza bitxiak izan ziren: aparkalekuok ez ziren behar-beharrezkoak, inguruan diren lur azpiko beste hiru aparkalekuek -zezen plazakoa, Rincon de Aduana eta Carlos III.a kalekoa- hasebetetzen dutelako lur azpiko aparkalekuetako eskaria. Gaztelu Plazakoa, beraz, ez zen beharrezkoa, baina egiten bazen beteko zen, eta azken argudio honek balio izan zuen egindako azterketak proiektuari ateak zabaltzeko. Arrazoiak ugari egon daitezke, aldekoak zein kontrakoak, baina aipatu hiru aparkalekuen erraietan sartuz gero, erraz ikus liteke, ostiral eta larunbat arratsaldetan salbu, toki asko eta asko libre direla.
Alde Zaharrean eta lehenengo zabalgunean dagoen aparkaleku eza, ordea, begibistakoa da, eta bertan bizi direnak eta merkatariak dira arazoaren zama gogorren bizkarreratzen dutenak. Diagnostiko horretan kontsentsua dago alde guztietan, eraiki beharreko alternatibetan dira desberdintasun nagusiak: hiri ereduan, honen kudeaketan eta hirian autoak izan behar duen tokian oinarritzen da auziaren eztabaida. Arazoari modu zabalago batean helduz, herritarrek udal kudeaketan izan behar duten protagonismoa legoke auziaren ardatzean.
Proiektua aurrera zihoala ikustean, Iruñeko Alde Zaharreko Mahaiak -Auzokideen Elkartea gehi Merkatarien Elkartea-, lur azpiko lau aparkaleku proposatu zituen alternatiba gisa honako ordena lehenetsiz: Santa Maria Errege Plaza, Santo Domingoko egungo lur gaineko aparkalekua, Rincon de Aduanakoa eta Compañia kalekoa. Azken bi aparkaleku hauek eginak dira dagoeneko.
enpresa hautaketaren inguruko gorabeherak.
Dena aipatzea luze joko lukeen gorabehera ugariren ondoren, eraikuntza lanei ekiteko martxoan zazpi enpresa aurkeztu ziren zabaldutako lehiaketa publikora eta apirilaren hasieran EYSAri (Estacionamientos y Servicios S.A) eskaini zitzaion iluntasunez beteriko prozesu batean. EYSA, Fomento de Construcciones y Contratas (FCC) enpresaren filiala da. FCC Estatuko eraikuntza enpresa garrantzitsuena da, Marcelino Oreja da FCCko lehendakaria eta Koplowitzdarren inperioak kontrolatzen du kapitalaren %33rekin.
EYSAk ez zuen aparkaleku proiektu eskaintza merkeena proposatu, ezta auto gehien hartzen zuena ere, baziren udalari urteko kuota handiagoa ordaintzen ziotenak eta beste hainbat eskaintza hobe egiten zituztenak, hori dioskute guk arkitektoen artean egindako kontsultek. Proiektua, alabaina, eta ezkutuko interesen susmopean, EYSAri eskaini zitzaion. Hala diosku horietako arkitektu batek: «Aurkeztutako enpresen artean zegoen Carlos III.eko lur azpiko aparkalekua egin zuen enpresa eta puntu askotan baldintza hobeagoekin, baina enpresa hautatzeko irizpide-zerrendan puntu asko oso korapilotsuak dira eta oso modu subjektiboan baloratzeko modukoak, kudeaketa moldea, esperientzia...». Hautaketa egin zuen epaimahaia bost pertsonez osatua zegoen: Yolanda Barcina alkatea eta berak hautatutako lau zuzendari (herri lanak, hirigintza, ingeniaritza eta ekonomia). Lehiaketara aurkeztutako hiru enpresek prozesuaren aurkako helegitea jarri zuten.
Azkenean EYSAk 800 plazako aparkalekua egingo du, erdia bertako bizilagunentzat eta erdia erdigunera doan herritarrarentzat. Plaza bakoitzak 2.850.000 pezeta (114.000 libera,) balioko du eta erosten duenak 75 urtetan erabili ahal izango du. Eraikuntza eta hustiaketan 5.000 milioi pezetako gastua izango du eta 16.000 milioi pezetako sarrerak aurreikusten ditu, beraz, 11.000 milioi pezetako irabaziak. Hustiaketan egiten dituen irabazietan dago gakoa, aparkalekua bera egiteak ez baitu diru æaskoÆ ematen (400-500 milioi pezeta). Horregatik, adibidez, Santo Domingoko parkin proiektua lehiaketa publikora atera zenean, ez zen enpresarik aurkeztu, enpresen arabera hustiaketa baldintzak ez zirelako oso errentagarriak.
Ikusi beharko da orain datorren asteetan zer gertatzen den: batetik hor da erreferendum alternatiboaren deia eta, bestetik, egiten ari diren aurkikuntza arkeologikoak. Zenbait gauza agertu da dagoeneko, baina garrantzitsuena nahiko ezustekoa izan da, erromatarren garaiko aurkikuntzak dira eta. Ez bide dira lehen mailakoak ere, baina erromatarrek Nafarroan egin zuten denboraz eta kokaguneaz ikerketa lerro berriak zabal ditzakete. Oraindik indusketa lanek aurrera darraite eta Biana Printzea erakundeak eman behar du eraikuntza lanekin jarrraitzeko azken oniritzia. Edonola, EYSAk ez dirudi dena aurrera aterako den inongo zalantzarik duenik, eta hala jokatzen du, prentsan aparkalekurako plaza eskaera egiteko epeak zabalik ditu jada eta egunkariko iragarkiak dioen Arrieta kaleko bulegora jo dugu. Kontraste gisa datu bitxi bat: orain arteko aparkalekuen eskaera egiteko, bai bizilagunaren bai autoaren inguruko datu mordoxka eskatzen zen moduan, oraingoan izena eta erroldatze agiria besterik ez dira erakutsi behar. Nire aurreko neskak, bere agiriak entregatu ondoren ea noizko bukatuko den galdegin dio bulegariari: «Ez dakit, gainera orain æhildakoÆ horiek agertu direnez...». «Hildakoak?», galdegin du harriduraz neskak, «bai neska, hala deitzen diet nik topatu dituzten erromatarren arrasto horiei». Muturra okertu du neskak eta zera erantzun: «Bada, jakin ezazu hemengo jende askorentzat æhildakoakÆ udaletxean daudela» (gaztelaniaz izan zen elkarrizketa eta æhildakoÆ hitzari honek kale hizkuntzan duen æzamaÆ adiera eman zion neskak). Mutu geratu zen bulegaria
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.