Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-09-30 -- 1823.zenb

Daniel Udalaitz

Azken orduko eguraldi gorabehera larririk ezean, XXI. mendeko lehen uzta kalitatezkoa izango da Errioxan, baina baliteke mahatsaren prezioak behera egitea. Horrela laburbildu daiteke Errioxako Ardoaren Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileko adituek eta ekoizleen sektore batzuk egiten duten iragarpena.

Mahats bilketari buruzko aurreikuspenak egiteko garaian, adituek mahastien osasun egoera ona eta mahatsaren heldutasunak izan duen duen bilakaera egokia balioesten dute. Une honetan baldintzak betezen dira eta, hala, azken orduko arazorik sortzen ez bada, XXI. mendeko uzta kalitatezkoa izango dela dirudi.

KLIMA ONA ETA IZURRITE EDO EKAITZIK EZ.

Orain artean oso klima ona izan da mahatsarentzat. Tenperatura egokiak eta gorabehera aipagarririk ez, leku jakin bat edo bestetan izan ezik; eta ekaitz garrantzitsurik ez jasan izanak ere berebiziko eragin onuragarria du. Landarearen zikloan zehar izurriteek edo gaixotasunek ere ez dute kalte aipagarririk eragin mahastietan, eta, horregatik, eguraldiak zertxobait laguntzen badu, kalitate handiko ardoa lortuko da Kontseilu Arautzaileko adituen ustetan.
Ekoizleek gehiegizko mahats kopuruaren kezka dute, eta ekoizpen handiegiak saihesteko neurriak hartzekotan dabiltza. Horrela, batzuk, dagoeneko, mahats sortak murriztu egiten dituzte mahatsondoetan, geratzen direnen kalitatearen mesedetan. Zenbait upelategik jakinarazia dute zazpi edo zortzi mahats sorta baino gehiago dituen mahatsondoetako mahatsik ez dutela erosiko. Nolanahi ere, ez dirudi erraza hektareako 6.500 kilotik gorako uztarik aurrera ateratzea, hori baita Kontseilu Arautzaileak Jatorrizko Izendapenaren inguruan jarritako gehienezko muga.
Kalitatea handia izango bada ere, mahatsaren prezioak oso behera egitearen kezka azaldu dute ekoizleek. Zenbait kooperatibak oraindik saldu gabe ditu iazko ardoak, eta aurten ezingo dute ardo gehiago egin; izan ere, hamabost egunetan merkatuan mahats kopuru handiak biltzeak jaitsiarazi egiten baitu prezioa. Upelategiak egoera horretaz baliatzeko arriskua ere nabarmena da, bai baitakite ekoizleek ez dutela hainbeste mahats gordetzeko biltegirik, eta horrek are gehiago jaitsaraziko luke mahatsaren prezioa. Arabako Errioxako Ekoizleen Elkarteak ere horrelaxe adierazi du, hau da, kalitateko mahatsa izan arren prezioak behera egingo duela. Nolanahi ere jakin badakite upelategiak kalitaterik handieneko mahatsen bila joango direla eta ordaindu egingo dutela. Aitzitik, prezio ezberdin ugari egongo dela aurreikusten dute.

ESPORTAZIOAK AMILDU.

Azken hamarkadan Errioxa ardoak hazkunde ikusgarria izan du, bere salmentak hiru aldiz handiagoak bihurtuz kopuruari dagokionez, eta bost aldiz handiagoak balioari dagokionez. Baina bilakaera horrek erabateko etena izan du 1999. eta 2000. urteetan, eta beherakada handiak izan ditu merkatu guztietan, batez ere esportazioetan: %30 kopuruan, eta %12 fakturazioan. Horren arrazoia prezioen igoera izan zen. Hori ikusteko, nahikoa da Errioxako ardoen esportazioek azken hamarkadan izan duten bilakaera jasotzen duen goiko taulari begirada bat ematea.
Horrela, 1990. urtean 23 milioi litro eta 8.526 milioi pezetako (341 milioi libera) esportazioak izatetik 1995ean 59 milioi litro eta 26.000 milioi pezetakoak (1.040 milioi libera) izatera heldu ziren, eta gailurra 1998an egin zuten 71 milioi litro eta ia 42.000 milioi pezetarekin.
Hortik, erabat amildu ziren 1999. eta 2000. urteetan: 57 milioi pasatxo 1999an, eta ia 40 milioi litro 2000. urtean. Hala ere, bi urte horietako fakturazioa, prezioek izandako igoeragatik, ez zen txikiagoa izan: 44.000 milioi pezeta 1999. urtean, eta 38.630 milioi pezeta 2000.ean.
Egoera honek kezka larria sortu du sektorean, nahiz eta hazkunde garai luzearen tarteko bolada bateko krisialditzat hartzen den. Hori kontuan izanik, esparru horretan aurreikusten ziren inbertsioak aurrera egiten jarraitzen dute. Edozein modutara ere, krisialdi horrek mahatsaren eta ardoaren prezioarekin kontuz ibili beharra erakutsi die; izan ere, 1999. urtean 400 pezetatik gorakoa izan zen mahats kiloaren prezioa eta beranduago ardoarena.
Azken hamarkada honetan Errioxako ardoak hedatze handia izan du maila guztietan. Horrela, Errioxako Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak emandako datuen arabera: ekoizpenerako azalera 43.000 hektareatik 52.000 hektareatara igo da; errendimendua hektareako 37.4 hektolitrotik 60 hektolitrora; barneko salmentak, 77 milioi litrotik 140 milioi litrotara, eta esportazioak 26 milioi litrotik 70era; eta, azkenik, upelategiak, 100 izatetik 262 izatera iritsi dira.
Prezioek igoera apala izan zuten azken hamarkadan zehar, 1990eko 374 pezetako batez besteko preziotik 1999ko 772 pezetakora igaroz. Baina bilakaera orekatu hori guztiz etenda gelditu zen 1999. urtean. Izan ere, 273 milioi litroko uzta izatetik 216 milioi litro izatera jaitsi baitzen, eta horrek mahatsaren prezioa izugarri igotzea eragin zuen. Errioxako ardo gaztearen litroa, batez beste, mila pezeta ingurura iritsi zen, aurreko bi urteetan 586 pezetakoa izanik. Ulertzekoa denez, egoera horrek bere isla izan zuen merkatuan, bereziki kanpoaldeko merkatuetan. Horrela 1998an 71 milioi litroko esportazioak izan baziren, ondorengo urteetan 51 eta 39,8koak izan ziren, %20,15 eta %30,24ko beherapenak nozituz, hurrenez hurren. Salmenten balioa, berriz, 44.000 milioi pezetatik 38.500 milioi pezetara jaitsi zen.
Errioxako salmentek Alemanian jasan zuten beste inon baino eragin handiagoa, eta 2000. urtean %67 murriztu ziren -bi urtetan 16 milioi litrotatik 4ra jaitsiz-. Beste hainbat herrialdetan ere beherakada garrantzitsua izan zuen: Holandan (%38) eta Suedian (%34). Errioxako ardoaren merkaturik garrantzitsuenak diren Britainia Handian eta Suitzan %18an jaitsi ziren salmentak. Salbuespen gisa Mexiko aipatu behar da, %17,55ean igo baitzen Errioxako ardoaren salmenta. Nolanahi ere, Errioxako ardoaren bezerorik onena Britainia Handia da oraindik, han 9.700 milioi pezeta eskuratu ziren eta 12 milioi botila saldu. Salmenta kopuruari dagokionez, Suitza eta Alemania dira hurrengo herrialde garrantzitsuenak.
2001. urte honetan zehar Errioxako ardoa hasia da beren salmenten kopurua berreskuratzen, eta batez beste %50 igo ditu bere esportazioak. Joan den urtean, uzta handiagoa izan zutenez, 150 pezetara jaitsi zen mahats kiloaren prezioa, eta horrek prezioak murriztea eta salmentak berreskuratzea ekarri du.

PRODUKZIOA MUGATZEA.

Bere iritzia adierazi duten aditu guztiek diotenez Nafarroako ardoaren sektoreak duen arazorik larriena gehiegizko soberakinetan datza, eta, beraz, ezinbestekoa dute ekoizpena mugatzea kalitatea hobetzeko. Nafarroan ardoaren sektoreak 80 upelategi eta 6.500 mahastizain ditu dagoeneko. Nafarroako Jatorrizko Izendapenarekin 16.516 hektarea ditu, eta beste 5.802 Errioxako izendapenarekin.
2000ko uztan 160 milioi kilo mahats inguru bildu ziren, eta horietako 125 milioi kilo Nafarroako Jatorrizko Izendapenaren barruan sartu ziren eta 35 milioi kilo Errioxako izendapenean. Horrek esan nahi du 2000. urteko uztan aurreko urtekoan baino 45 milioi kilo gehiago bildu zirela.
Kontseilu Arauemailea neurri batzuk ari da hartzen ekoizpena murrizteko eta ardo nafarren kalitatea hobetzeko. Esate baterako, produkzioa hektareako 8.000 kilotara mugatzea, aurreko urteetan onartu zen %25eko igoerarik egin gabe. Kalitateari buruzko parametro batzuk ere ezarri ditu kolorearekin.
Nafarroan ere XXI. mendeko lehen uzta oparoa izatea espero da, eta, ondorioz, prezioek behera egingo dutela eta aurreko urteetan baino askoz gutxiago ordaindu litekeela uste dute. Errioxan bezalaxe oso kalitate handiko mahatsak ondo ordainduko dira, baina ez dirudi mahats arrunta kiloko 50 pezeta baino gehiago ordaintzeko asmorik dutenik upelategiek.
Gauza jakina denez, Nafarroan ardo gorri, beltz eta zuriak ekoizten dira. Joaquin Pegenaute Nafarroako Ardogintza eta Enologia Estazioko zuzendariak dioenez, ardo gorria izan da "kalitatearen aitzindaria", lehen, orain eta beti; ardo beltzak etorkizun izugarria du kalitatezko ardoetan, bai ardo gazteetan eta bai onduetan; ardo zuriei dagokienez, Chardonnayrekin "kalitate handiko ardoak lor daitezke" zenbait ingurutan.
Azken asteetan adierazpen batzuk entzun dira Nafarroako Jatorri Izendapeneko ardoek sumatzen duten merkatu kuotaren galera iraunkorrak eragiten duen kezka nabarmenduz. Izan ere, urtearen lehen seihilekoan %3 jaitsi baitzen berriro. Nafarroako administrazioak bolada txar baten ondoriotzat jo zuen beherapen hori, baina adituen ustetan, beherako joera horrek horrela jarraituko du, baldin eta sustapen aldetiko zuzenketaren bat egiten ez bada. Esate baterako, Errioxako Izendapena daraman ardoaren kasuan, hari dagokion plan bat osatu da, 400 milioi pezetetako aurrekontuarekin, Errioxako ardoei bultzada indartsu bat emateko asmotan

Pilar Iparragirre

Udazkena iritsi bezain laster, Jose Artetxe idazlearen bizitza amaitu zen, ZERUKO ARGIA erabat hunkituz. Izan ere, urteetan aritua izan zen gizona aldizkarian idazten, batzuetan alai, besteetan triste, azkenengoetan nahikoa haserreturik. Eta halako batean hartan gehiago ez idaztea erabaki bazuen ere, bereetako bat zen aldizkariarentzat, eta haren heriotzaren orduan, lehen orrialde osoa eta editoriala eskaintzen zizkion ordainetan.


ZU ERE EZ IZAKI JAINKO

Joan berri zen gizona eta hark eginikoak ekarri nahi zituzten gogora. "Agur, Joxe!" esaten zion "eziñaren itomenez leertu" beharrean, "itxaropen-zirrindari" eutsi nahirik zebilen Etxaniztar Nemesiok. Eta "Noiztik zindugun gure belarrietan?" galdetzen zen, erantzunez jarraian: "Ez atzotik, askozaz ere leenagotik. Aitzolen egunak ziran. Donostian `El Dia' egunkaria sortzekotan zirala eta idazle berrien artean bezala gazte bat, azpeitiarra eta Artetxe izenekoa. Ala asi ziñen euskal egunkarietan erderaz idazten. Euskeraz ere noizean bein agertzen ziran zure lanak. Gero etorri zan gerrateko gau beltza. Argi asko, arek eramanak zituan, mendebal izu baten erasoak janda, ainbeste eta ainbeste langille argi. Zu, bizirik gelditu ziñan, argi-zerrenda baten atzean, gure paperetan idazten".
Bizitza oso bat laburtzea zaila da, baina ez Nemesio Etxanizek, ez beste inork, garbi aitatzen ez zituzten gauzen artean, gerrate hartan Jose Artetxe egondako bandoarena zegoen: suma erraza, halere, Gipuzkoako Diputazioan lan egiten zuela kontuan hartzen bada. Dena den, zeharka bazen ere, zer edo zer aitatu nahian ibilia ematen zuen Nemesio Etxanizek, besteak idatzitako lan ospetsuenen berri eman eta gero, hauxe baitzioen: "Azkena, gure gerrate denborako zure pasadizuakà Eta jakiña, zu ere ez izan Jainko, eta gizona zeran aldetik, batzuentzako akatsez ikutua agertu izan zera, zeure iritzietan. Ori baita gizona, doai ederrez eta ajez osatua".


GAZTEEKIN HASERRE

Salbador Garmendiak, berriz, gaztea izaki, azken urteetako Jose Artetxe ezagutu zuen. "Orain dela hiruzpalau urte. Euskaltzaindiak Etxegarairi eta beste batzuri gorazarre bat, ohorezko aipamen bat egin zien. Etxegaraiz Joxek hitzegin zuen. Oroitzen naiz. Kopeta zabal, haundi, buruko adatsa atzera. Aurpegia trianguluan. Sendo, bero, sutan bailegoen irakurri zuen irakurri zuen guztia. Harriturik utzi ninduen. Ez zen hura nik ezagutzen nuen Joxe! Bazkal garaian, zenbait gazte bildu ginan haren ondora. Iritzi desberdinik azaldu zen. Joxe, bereari gogor. Begiak, su. `Liburuetan agertzen den Joxe eta haragizko Joxe ez dira bat eta bera'. Isilik geratu zen. `Baliteke'. Artean, Z. ARGIAn sartu berri nintzen. Behin batez, gure Joxe, ezpainak estu eta eskutan jestorik ez, Z. ARGIAra azaldu zen.`Zu, Garmendia, zer iruditzen zatzu liburu hori?'. Berehala konturatu nintzen zertaz ari zen. Isilik geratu nintzen. Gisako erantzun bat aurkitu nahiko nukeen. Joxe sikologoak: `Bai, bai, Ramon Saizarbitoriaren liburua, zer iruittu zatzu?'. `Nobela, nobela gisa eta batez ere obserbazioaren aldetik oso ona iruditu zait, bainaà'. `Abajo el clero! Abajo el clero!'oihuka esan eta aldegin zuen. Handik piska batetara, Z. ARGIAn lanean ari zirenei, telefonoz barkazioa eskatu zien".
Ez ziren horietan amaitzen Salbador Garmendiak Joxe Artetxerekin bizitako pasarteak, horregatik: "Korrektore lana eman zidaten Z. ARGIAn. Ondo edo gaizki, zuzen edo oker, zerbait saiatzen gara. Artetxerenak ere zuzentzen nituen. Batek baino gehiagok esan zidan,`hi, aspaldi honetan, Jose Artetxek euskara ikaragarri ikasi dik'. Aldez egia zitekeen, aldez gezur. Azpeitiako euskera ondo ezagutzen baitzuen, eta hori bederen ikasi beharrik ez zuen. Azpeitiako fonetismoak eta lokalismoak zuzentzea ez bide bitzaion gustatzen Joxeri. Artikulu batetan, bospasei falta tiki zuzendu nion. Z. ARGIAra etorri eta oso haserretu omen zen. Zenbait hitz gogor esan ere bai. Z. ARGIAn ez zuen gehiago idatzi. Geroztik, Diputazioko Liburutegiaren alboan Euskaltzaindiak duen gelara sarritan joan naiz. `Egun on, Joxe'. `Egun on, Garmendia'. (à) Behin batean, Euskaltzaindiaren gelako atea ezin zabaldurik nenbilaneko batean, Joxerengana jo nuen. `Joxe, atea ezin zabaldurik nabil'. Berehalaxe etorri zitzaidan. Giltza eskutatik ken eta su batean hasi zen atea ireki nahiz. Nahi eta ezin. `Hemengo giltzak oteia, gero! Ez otezuà besten bat hartu!'.`Ez dakit, ba'. `Zaude. Belaxe jetxiko naiz. Ea arkitzen detan'. Lotsatuta utzi ninduen. Liburutegitik kontserjeria aski urruti dago, eta eskailera asko jaitsi eta igo behar da. `Ez jauna, gehiegi litzake Joxe. Eskerrik asko, nerau joanen naiz'. Joxe zuzen, Joxe zorrotzà Joxe umil, Joxe bihozpera!"

Nagore Irazustabarrena

Artea desmaterializatzen ari omen da. Objektu fisikoak gero eta garrantzia gutxiago du, ideiak jan baitio apurka garrantzi hori. Eta, hala ere, ez da hainbeste denbora eskultoreek estatua hutsak besterik egiten ez zituztenetik. Erantzun borobila emate aldera, 100 urte direla esan daiteke, XX. mendeko data baitute modernotzat har daitezkeen eskultura lanek.

Artearen esparru guztietan ekarri zuen iraultza aurreko mendeak, baina abangoardiak berebiziko apurketa ekarri zion eskulturari. Barroko garaitik eskulturaren oinarriak ez ziren berrikusi eta artistek estatua hutsak egiten jarraitzen zuten. Eskultura eta estatua esanahi bereko hitzak ziren haientzat.
Bi hitz horien arteko esanahi desberdintasuna ezagutu nahi duenak, urriaren 21a arteko epean Gasteizko Vital Kutxa aretora gerturatzea du egokiena. «Eskulturaren iraultza XX. mendean» izenburupean 27 artisten maisu lanak bildu dituzte, eskultura modernoaren bilakaeraren erakusle. Eta irakasle. Bildutako ia 60 lanekin unitate didaktiko bat osatu baitute. Obrak kronologikoki antolatu eta testu osagarriez lagundu dituzte, bisitariak, begi aurrean dituen harri eta metal puska landuez haratago, ehun urte horietan eskultura munduan izandako aldaketa handia ikus eta uler dezan. Britainia Handia, Estatu Batuak, Italia, Espainia eta Frantziatik ekarri dituzten piezak ez dira tamaina handikoak, erakusketaren koherentzia mantentzeko, batetik, eta eskultura erraldioek garraio eta espazio arazoak eragingo lituzketelako bestetik. Dena den, obra txikiak izanik ere, ez zaie erraza gertatu izen handiko hainbeste artisten handiren obrak biltzea. Rodin, Arp, Picasso, Miro, Txillida, Oteiza... Horien guztien lanak areto bakar batean erakustea ez da egunero egiten den gauza. Eta ez dirudi erakusketa hau Gasteiztik kanpo beste inon ikusteko aukerarik izango denik.

Rodinen eskutik.

Aldaketaren lehen urratsak Auguste Rodin frantziarraren eskutik, edo hobeto esanda, bere eskuekin egindako lanetatik etorri ziren, XIX. mendea amaitzear zela. Giza irudiekin lanean jarraitu zuen Rodinek. Baina ordurarte gorputz biluzia testuinguru mitiko, klasiko edo literarioetan soilik onartzen zenean, hark gizabanako arrunta biluztu zuen brontzean. Edozein gizakiren jarrera azaltzen zuen, gorputzaren irudia desmitifikatuz, eta bere garaikideen artean eskandalua sorraraziz.
Rodin ez zegoen bakarrik, hala ere, eta beste eskultore batzuek ere ekin zioten mendearen hastapenetan bidea zabaltzeari. Rodriguez edo Rosso horren adibide dira, baita Aristides Maillol frantziarra ere. Rodinen lanean sinbolismoa nabari bazitekeen ere, mugimenduko eskultura adibide nagusia Maillol eta bere emakumezko gorputzak direla esan daiteke.
Sinbolismoa aipatu dugu, baina abangoardiako beste mugimenduek ere izan zuten emaitza eskultorikoa. Expresionistek Afrika beltzaren eragina ekarri zuten, futuristek mugimendua erantsi eta konstruktibistek, aldiz, espazio egituratuak. Eskulturaren ikuspuntu aniztasuna kubisten eskulturen planoek ekarri zuten eta horren adibide mordoa dago bildurik Gasteizko erakusketan: Archipenco, Lipchitz, Picasso... Berezko estiloa landu bazuen ere, kubistetara iritsi garen honetan, ezin ahaztu Julio Gonzalezen lana. Batetik, bere lan ugarik kutsu kubista nabaria du (aurreko orrialdean ipinitako adibideak, esaterako); bestetik, Picassok espainiarra izan zuen maisu eskultura kontuetan.


Arp toki guztietan.

Vital Kutxan topatu daitekeen artistarik garrantzitsuenetakoa Jean edo Hans Arp alsaziarra da (Jean frantsesez idazten zuenean; Hans alemanez idatzitakoa sinatu behar zuenean). Margolari, poeta eta eskultore, abangoardiako makina bat mugimendutan parte hartu zuen. 1912an «Blau Reiter»eko expresionistekin batu zen. Hamarkada horren erdialdera abstrakziora jo zuen eta 1916an, Zurichen, mugimendu dadaistaren fundatzaileetako bat izan zen. Ordutik aurrera bere estiloa kurbaz beteriko abstrakzioan oinarritu zuen.
20ko hamarkadan Parisera joan zen bizitzera eta han surrealistekin egin zuen bat (Gasteizko erakusketan, mugimendu honetako beste artista garrantzitsurik ere bada; horren lekuko lerro hauen gainean ipini dugun Daliren eskultura). Egurrezko erliebe margotuak eta kartoizko eraiketa umoretsuak landu zituen garai hartan. Vital Kutxa aretora «Forma» izeneko bere lan bikaina ekarri dute.

Giacomettik 100 urte.

Zaila da Alberto Giacometti italiarraren lana mugimendu jakin baten barruan kokatzea, baina ukaezina, era berean, XX. mende aldakorrean utzi zuen arrastoa. Aurten betetzen da gainera bere jaiotzaren mendeurrena, eta Gasteizera bere lana ekartzea lortu dute, eragozpenak eragozpen. Izan ere, Giacomettiren beste bi eskultura ekartzeko negoziazioak itxita zeudela, Suitzako Giacometti Fundazioa finantza ustelkeria kasu batean nahasi eta gobernu suitzarrak muga itxi zien italiarraren arte lanei.
Giacomettik tradizio zaharretatik edan zuen (Erdi Aroko eskultura, Egiptokoa...), baina natura eta ingurua izan zituen iturri, nagusiki. Bere ikerketa lanen ondorioz, irudiak muturreraino luzatu zituen Borgonovokoak, estilo arin eta hauskorra erdietsiz. Horrela, eta artistak berak bere lan piktorikoaren garrantzia erreibindikatu bazuen ere, eskultore gisa markatu zuen joan berri den mendea.
Vital Kutxako erakusketako piezak «harri bitxi»tzat jo ditu Marisa Oropesa komisarioak, bere tamaina txiki eta garrantzia handiarengatik. Azkenean, nolabait, XX. mendean hiru dimentsiotako formak sortzearen arteak emandakoaren maketa baten aurrean gaude. Pribilegio bat

Mikel Asurmendi

Emile Larre idazle gisa plazaratu zaigu berriz ere. Baigorriko Bastida auzoko Belarreako baserrikume hau 1926an sortu zen. Orduz geroztik Iparraldeko herri eta plaza asko ezagutu du. Bastidako plazan pilotan ikasi zuen lehenik, ondoko Urdoze auzoan eskolan ikasi gero. Handik Uztaritzera joan zen; lehen Seminariora. Piarres Lafitte izan zuen maisu, honek seinalatu zion bizibidea hein batean. Soldadutza Bordelen egin zuen erizain gisa. II. Mundu Gerra garaia izaki, alemanen ondoan bizitzea suertatu zitzaion. 1945ean Baionako Seminario handira joan zen eta 1951n eman zuen lehen meza. Predikari, pilotari, kantugile edota bertsuemaile eman du mende erdi bat luze; herriz herri, plazarik plaza.


PERTSONAK ETA HERRIAK.

Emile Larre baigorriartzat jo izan dugu eskuarki. Orain, autobiografia honen bidez, haratago joan gara; Baigorriko mendietan goiti, Belarrea etxalderaino:«Etxea biziki garrantzizkoa da. Enetzat etxea baita lehen: etxeak egin nau, etxeari esker naiz egin eta giristino ere bilakatu. Aldi batez, Bastida auzo ttipian egin naiz, hori da enetzat herria. Eliza Bastidan eta eskolaUrdozen ezagutu ditut. Baigorri sei kilometroetan genuen eta ez nintzen hainbat baigorriarra. Baigorri baino abantxu lehenago Bidarrai herria ezartzen dut ene bizitzan. Baigorrin frantses giroa sentitzen hasi nuen lehen aldikotz. Konparazione, karriketarrak txisteraz aritzen ziren pilota plazan eta gu, aldiz, eskuz», diosku Emilek.
«Ene artzain-etxolak» liburuaren azalean Belarrea ageri da, Iparla mendiaren magalera. Bastida auzoan goiti, berriz, Larre sendiaren Haitzalde borda dago. Borda horretako pentzeetan eman zuen Emilek haurtzaroa. Liburuaren izenburua, berriz, bere bizitzaren metafora da:«Artzainak aipatzean, bizitzan ezagutu ditudan pertsonak izan ditut gogoan. Etxolekin, berriz, ibili ditudan herriak ezagutzera eman izan nahi ditut».
Hazparne, Urruña, Aiherra, Irisarri eta Donibane Garazin -gaur egun- aritu da apaiz lanetan. Zerbitzu ugari eskaini du gizaldi erdi batean. Aiherra herrian zegoela (1975ean) izendatu zuten euskaltzain oso; Rene Lafon hizkuntzalariaren tokia hartu zuen. Euskaltzaindiako herri literaturaren batzordean dago, Antonio Zabala batzordekide duelarik. Honek eman zion adorea bere biografia izkiriatzeko:«Norbera dakienaz mintzo da. Ni naiz ene buruaz gehien dakiena. Haatik, ez nekien nola hasi, zer moldea eman liburuari. Hori izan zen ene lehenbiziko kezka».
«Herria» kazetan izkiriatzen du oraindik ere, Iparrraldeko euskararen ezagule eta erabiltzailearen eredua izaki, bere izkribuak biziki laudatuak dira:«Liburua ene etxeko euskaran behar dut idatzi, pentsatu nuen. æHerriaÆ kazetan etxeko euskararen kutsua ematen diot pixka bat, baina kutsu zabalago bat ere ematen diot denek irakurri behar dutelako. Liburuan Belarrea eta Bastidako euskararen hautua egin dut. Ene burua lasai sentitu dut, arrunt goxoan sentitu naiz; horrek lagundu nau naturalki izkiriatzen».
Haurtzaroko bizipenek leku zabala dute liburuan, jostetek berealdiko tokia izan zuten gure solaskidearengan. Haatik, mundu hura, engoitik liburuan baino ez ote dagoen irudipena hartu dugu. Hots, mundu hura joana dela, jagoitik ez dugula gehiago ezagutuko:«Haur denborako bizimoldeak dituzu, aspaldiko gauzak dira, haurtasuna berritu dut liburua idaztean. Mundu hura ez da oraingo bera, bistan da. Belarreatik 100 metrora badira haurrak euskaraz ez dakitenak, eta hori izugarria da». Horrela izanagatik, Emilek ez du bere haurtasunaz zaharkeri bat bezala mintzatu nahi, euskaltasuna gaurkotasunez bizi baitu berak eta bere etxekoek ere bai:«Zorionez eta jainkoari esker, nire ilobek ene jite hori gorde nahi izan dute, Belarrean euskaraz egiten da, ene sortetxean nahikari hori atxiki dute, beharrik».


«SEGIDA» elea edo hitza.

Baigorriko pilotariek «Zaharrer Segi» izena eman zioten herriko pilota elkarteari, eta halaxe du izena egun ere. Iparraldeko bizitzan eta gizartean badago gizaldiz gizaldi atxiki den ele gako bat: «segida» hitza. Etxealdearen segida, arbasoen bizimoldearen segida, kulturaren segida, hizkuntzaren segida:«Atx! Hitza badago, baina hitza ez da aski. Ez Baigorrin soilik, Garazin edota hiru lurraldeetan euskal kulturari segida ematea nekeza da. Baigorri eta Garazi eskualdeetan, konparazione, errugbia nagusitu zaio pilotari. Hori da ene kezka handiena, burutik buru ezin itzali dezakedana, ene mina hori da. Nik baietz, segida badela erran nahi nuke, baina aski indarrik ba ote da?».

Orduan gizartea elizkoia zen erabat. Familia laborari ia-ia bakoitzetik seme bat seminariora joan ohi zen; herri bakoitzean apaiz bat zegoen. Egun, kasu, lau apaiz dira Garazi eskualdeko 11 parrokietan. Apaiza izatearen kariaz galdetu diogu Emileri:«Ba al dakit nik nihaurek? Gauza horiek zailak dira erantzuten. Alabaina, erraiten ahal dizut ez nuela apaiza bidean sartzeko hertsatu ninduenik izan. Aita-amatxiek bide horretan abiatzeko nahikaria ene baitan neramala erraiten zuten».
Haurridetako zaharrena bera zen eta orduan zaharrenak hartzen zuen etxearen segida:«Zaharrenak behar zuen etxeari lotu, eta kezka hori ibili nuen ene baitan nehori erran gabe. Kezka handia izan zen enetako hori nola konpondu. Ene burua libre sentitu behar nuen. Eskolako beste lagun bat atzeman nuen, etxeko haurride nagusia zela, ni bezala, eta nik bezala apez bidea egin nahi zuela». Mutiko lagun haren etxea aldiz, ez zen arrunt laborari etxea, ez zuten lurrik. Eta bere burua konbentzitzen lanak izan zituen Emilek. Kezka hura emeki-emeki gainditu zuen alta.

II. MUNDU GERRA.

13 urte zituela piztu zen II. Mundu Gerra; Uztaritzeko seminarioan zegoelarik. Emileren bizitzan eta orobat Iparraldeko elizarenean berebiziko eragina izan zuen alemanen okupazioak. «Herria» kazeta aitzinetik «Eskualduna» izan zen Ipar Euskal Herriko euskaldunen erreferente eta bilgune. Errepublikarren aurkakoa, tradizionala oso, eta alemanen aldekoa izateaz seinalatua. Gerra garaian itxi zuten. Piarres Lafittek hartu zuen haren segida 1944an. Emile Larrek, berriz, Lafitteren segida hartu zuen 1959an:«Hiru lurraldeak korritu ditut eta herriak ezagutzen eta maitatzen ikasi ere. Eneaz kanpo ikusi nuen lehen lurraldea Zuberoa izan zen; 18 urtetan. Mauleko kolegioaren zaindari lana egin nuen. Bertako kantak, euskara eta herria ezagutu nituen». Ez da harrezkero geldirik izan. Hainbat herri -edo berak dioen gisan- eta etxola ezagutu ditu:«Zazpi urtez barneko misiolari lanetan ere ibili naiz; herriz herri predikari. Jardunaldiak antolatu ditut, Euskal Herria maitatzen ikasi dut eta æHerriaÆ kazetaren zuzendaria izan naiz horri esker»· Emileren erranetan, lan horiek denak ohartu gabe egin ditu, bidean bide, elkar ulertu beharrez. Orain, zenbaitetan, batzuei zuberotarrez edo, konparazione, hegoaldeko euskalkiak ez dituztela konprenitzen entzuten die, eta errazkerian erortzen direla iruditzen zaio. Euskara ibilian ikasten dela erran digu Belarrea etxaldean sortutako «artzaina»k: «Bizimolde honek eman dit biziaren gustua, ez naiz ni txoko bateko gizona, ez naiz lagun batekilako gizona, edo adiskide gutxikoa. Jite honek anitz ezagutza emaiten dit. Gazteek erraiten didate: denak zure familiakoak dira, zure auzokoak, denak zure herrikoak!».

ZORRA KITATU BEHARREZ.

Gizon honek elizan hartu zuen egongia, eta egongia honetatik tinko atxiki zaio herriari:«Autobiografia hau zor baten ordaintza duzu. Lehenik aita eta amarenganako, etxekoenganako, haiek egin nautelako. Bigarrenik, ene irakasleenganako eta orobat Euskal Herriarenganako». Liburua bi zatitan emana da, prosaz lehena eta bertsoz bigarrena: «Biziaz kantari» izenburukoa.
Lehen zatiaren azken atalak «Berriz haste balitz» izenburua du:«Errana dut ez diodala erantzun bat eman nahi galde horri, baina ageri da atal horretan eman dudala. Guk egin duguna hor da eta gehiago nahiko genuen egin bizitzaren sail guztietan, euskaldunon eta giristinoen egitekoa baita». Gizon hau ez da gelditzekoa. Asteartero Donibane Garazitik Baionara bidea egiten du «Herria» astekariaren azken ukituak ematera. Elizako kantiken berritze lana hartu zuen orain urte batzuk; Xabier Iratzederren segida hartu zuen nolazpait:«Segida hitza handiegi da enetako kasu honetan. Iratzeder bakarra baita, bere lana apartekoa da; horretarako emana eta konsakratua bizi da Belokeko monastegian». Honela jarraitu du Belarreako semeak:«Elizako kantuetan berritze bat ekarri behar zela erabaki zen azken Kontseiluan. Lehenengo kantuen bidez arimak salbatu behar zirela erraiten zen, horiek hitz handiak dira, baina funtsean zer? Ebanjelioak elkar maitatzea eta laguntzea erakusten digu, baina sozial mailan ere lan egin behar da, eta testuinguru horretan saiatu naiz kantika berriak asmatzen. Ez uste izan lehenengo apezen zeregin guztiak gure gogozkoak zirenik. Gure ideiak berritzearen alde lan egin dugu eta lagunkideen pentsamoldea aldatu da».
Bigarren atalean bertsoak eta kantuak bildu ditu:«Irudimen izpi bat eta asti pixka bat baditudalarik, asmatzen ditut kantuak. Betidanik gustatu izan zait, ene josteta da». Euskaldunok geure barne korapiloak ditugula dio liburuaren pasarte batean. Honatx arrapostua:«Euskalduna baldin bada korapiloak izanen ditu bere baitan, edo ez da euskalduna gehiago. Euskaldunak galdua baitu bere sosegua nolazpait. Euskaraz lan eta bizi dugunon jitea da, eta min hori ez bagenu ez genuke eremu honetan lan egingo, ez zuk, ez nik, ez beste askok»

Nagore Zuzuarregi

Ingraxi eta Roke dira Zarauzko "Txaparro" aldizkariko mantxetatik agurtzen ari zaizkigunak. Joan zen mende hasieran aberatsen oporleku izan zen Zarautz; orduko herriaren ohiko irudiak dira hondartzako toldo eta bainujantzi luze marradun txuri-urdinak. Eta handik irten dira bi pertsonaia hauek ere beren "txaparro" luzeekin; Zarautzen bainujantzia izendatzeko erabiltzen den "txaparro" izena bereganatu duen aldizkariari jartzeko. Beren ardura izango da herriko albiste guztiak Zarauzko txoko guztietara barreiatzea.

Joan den ostiralean ikusi zuen argia lehen aldiz "Txaparro" aldizkariak. Duela urtebete hasitako proiektuaren gauzatzea izan da berau. Talde eragilearen helburuak dira zarauztarrek informazioa euskaraz jasotzea, hainbat herritar euskaraz idazten eta irakurtzen ohitzea eta bestela notizia izango ez litzatekeen hura notizia bihurtzea.
Proiektuaren sortzailea Txaparro kultur elkartea izan da: "Gipuzkoan, Zarautz da euskarazko herri aldizkaririk ez duen udalerri bakarra. Ia sinestezina baina egia da" diote taldekoek. Hortik sortu zen herriarentzat beharrezkoa zen informazioa argitaratzeko euskarri baten beharra. Egon badago Zarauzko telebista ere baina helburuak oso desberdinak dira eta ez dira inondik ere elkarrekiko lehiakide.

BIGARREN SAIOA.

Duela urte batzuk "Bina-bina" izeneko aldizkaria kaleratzen zen eta askok pentsa dezakete haren ondotik datorrela "Txaparro", baina hark eta honek ez dute elkarren antzik, ez bada biak Zarautzen banatutako aldizkariak direla. Aldizkari berria egiteko talde berria osatu da, teknologia berriagoa da, aldizkariaren itxura modernoagoa da, eta garrantzitsuena «Txaparro»k aurrera begira erronka berrien ardura hartu duela. Herriko kolaboratzaile finkoen argitalpenekin liburuak argitaratu nahi ditu, Zarauzko ohituren inguruko erreportaia sakonak egin, zarauztarren esamolde eta hizkerak gogora ekarri eta, oro har, barne dinamika berria sortu herri kohesioa bultzatzeko asmoz.
Hasiera batean, hileroko maiztasuna izango du «Txaparro»k, baina urtarriletik aurrera hamabostekari bihurtzeko ahalegina egingo da. Euskara hutsean plazaratuko da eta euskarari dagokionez, euskara batua erabiliko da baina herriko esamolde eta hitzak hobetsiko dira. Hogeita lau orrialde izango ditu; hauek, iritzia, herritarren gutunekin, kale inkestarekin, erreportajea, elkarrizketa, kirola, kultura eta herriko albiste laburrekin beteko dira. Eta hamar mila ale banatuko dira. Itxurari dagokionez, azala koloretan izango da eta barrualdea, berriz, txuri-beltzean.
Erredakzio taldea txikia da. Bost pertsonek osatzen dute: bi erredaktorek, maketatzaileak, publizista eta erredakzio kudeatzaileak. Hauek dira lan finkoa izango dutenak, baina hauez gain, talde eragilea eta kolaboratzaileen laguntza jasoko dute. Talde eragilea erredakzio taldeko bost pertsonek eta beste hamar bat herritarrek osatuko dute. Eta kolaboratzaleei dagokienez, badira alero lan egingo dutenak eta baita noizean behin zerbait idatziko dutenak ere. Hauez gain, kazetari, maketzaile edo argazkilari izan nahi duen edozein ikaslek praktikak egiteko aukera izango du.


HERRITIK SORTUA.

Hasiera-hasieratik aldizkari irekia izatea eta herritarren parte hartzea bultzatzea izango du helburu. Horretarako, lehenik eta behin, proiektuaren aldeko herritarren atxikimenduak bildu zituzten talde eragilekoek. Zarauzko hainbat elkarte, jardunbide eta sektoretako jendearen oniritzia jaso dute halaber. Horien artean, badira izen ezagunak: Anjel Lertxundi, Anjel Illarramendi eta Andoni Egaña, besteak beste.Herritarren babesarekin batera, Udalarena ere jaso dute «Txaparro»koek. Zarauzko Udalak herri aldizkariaren baliabide material eta ekonomikoen ardura bere gain hartu du. Hala, epaitegi zaharreko etxea utzi die, eta proiektua abiatzeko eman duen babesa ere ezinbestekoa izan da.
Aldizkariaren finantzaketa, baina, ez da oso-osorik udalaren esku geratuko. Finantza bide ezberdinak izango ditu «Txaparro»k: batetik, Zarauzko Udalaren laguntzaa; bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena; eta azkenik, publizitatea. Izan ere, iragarkiekin aurrekontuaren %30 finantziatzea espero du.
Topaguneko, Euskal Herriko aldizkarien elkarteko, kide ere egin da "Txaparro". Zarauzko herri aldizkaria da hain zuzen elkarte horretako hogeita hamabosgarren kidea

Xabier Letona

Plaza baten azpian aparkaleku bat egiteak, horrexek aztoratu du Iruñea azken bi hilabeteetan. Halako dozenaka egiten dira egungo hirietan, tira-bira batzuekin zenbaitetan eta kontsentsuz askotan. Iruñekoa, ordea, Gazteluko Plaza da, kolore guztietako iruindarren plaza kuttuna. Horrek sorrarazi du ekaitza. Iruñean griñaz bizi da eztabaida: aparkalekua bai, ez, modernitatea zer den, erreferenduma, poliziaren kargak, proiektuaren aurkako kale agerpen jendetsuak, udal agintarien jauntxokeriak... Jakinmina handia da, ikusi besterik ez dago plaza inguratzen duen hesian zabaldutako leihatiletatik herritarrek etengabe nola begiratzen duten. Eta amorrua ere bai, hezsan kolpatu ondorengo hotsak lekuko, batez ere gauez eta asteburuetan gehiago. Iruñeko Kale Nagusiak harridura erakutsi zuen urteetan egin gabeko Riau-Riauak abuztuaren beroan kalea lepo bete zuenean. Atzerritar zenbaitek San Ferminak uztailean ez ote ziren galdetzen zioten elkarri. Gazteluko Plazarenak haserrez, pozez, festaz, kolorez eta kezkaz jantzi du aurtengo Iruñeko uda sargoritsua. Askoren oposizio barrunbatsua eta boterearen itzal isil eta harroa aurrez aurre dira.

Arazoa ez da atzo goizekoa, eta sustraiak ondo finkatuta ditu denboran. 1930 inguruan egin zen Gazteluko Plazako azken bermoldaketa eta harrezkero antzerako itxura mantendu izan du gaur arte. Baina lur azpiko aparkalekuaren proiektua zehazki, 1973an proposatu zen lehenbiziz. Orduan Iruñeko udalak gehiengo osoz atzera bota zuen, gutxi gorabehera egungo aparkalekuaren oposizio nagusiak erabiltzen duen argudio nagusietako batekin: «Hobe da aparkalekuak zentruaren inguruan eraikitzea».


PROIEKTUAREN NONDIK NORAKOAK.

Iruñean sarri eta aspalditik entzun ohi dira Gazteluko Plaza eta Sarasate Pasealekuaren lur azpiko aparkalekuen oihartzunak. Edozein modutan, UPNk ez zuen proiektu zehatzik erakutsi 99ko udal hauteskundeetako programan. Hala ere, 99ko amaieran proiektua lehiaketa publikoan atera zen. Arkitektoen artean zabaldua zegoen proiektua ondo hautatutako æetxekoÆ batzuen artean banatuko zela eta horren froga zera da, Nafarroan dauden 680 arkitektoetatik 4 bakarrik aurkeztu zirela lehiaketara. Clua arkitektu katalanari -Nafarroako Unibertsitateko (Opusekoa) irakaslea- eman zioten Gazteluko Plazako aparkalekuaren proiektua egiteko zeregina eta Alonsori Sarasate Pasealekukoa. Aparkaleku proiektuekin jarraitu aurretik, dena den, Iruñeko eremu honetako trafikoa eta aparkalekuaren beharrari buruzko ikerketa bat egin behar zen. Hala egin zen eta emaitza bitxiak izan ziren: aparkalekuok ez ziren behar-beharrezkoak, inguruan diren lur azpiko beste hiru aparkalekuek -zezen plazakoa, Rincon de Aduana eta Carlos III.a kalekoa- hasebetetzen dutelako lur azpiko aparkalekuetako eskaria. Gaztelu Plazakoa, beraz, ez zen beharrezkoa, baina egiten bazen beteko zen, eta azken argudio honek balio izan zuen egindako azterketak proiektuari ateak zabaltzeko. Arrazoiak ugari egon daitezke, aldekoak zein kontrakoak, baina aipatu hiru aparkalekuen erraietan sartuz gero, erraz ikus liteke, ostiral eta larunbat arratsaldetan salbu, toki asko eta asko libre direla.
Alde Zaharrean eta lehenengo zabalgunean dagoen aparkaleku eza, ordea, begibistakoa da, eta bertan bizi direnak eta merkatariak dira arazoaren zama gogorren bizkarreratzen dutenak. Diagnostiko horretan kontsentsua dago alde guztietan, eraiki beharreko alternatibetan dira desberdintasun nagusiak: hiri ereduan, honen kudeaketan eta hirian autoak izan behar duen tokian oinarritzen da auziaren eztabaida. Arazoari modu zabalago batean helduz, herritarrek udal kudeaketan izan behar duten protagonismoa legoke auziaren ardatzean.
Proiektua aurrera zihoala ikustean, Iruñeko Alde Zaharreko Mahaiak -Auzokideen Elkartea gehi Merkatarien Elkartea-, lur azpiko lau aparkaleku proposatu zituen alternatiba gisa honako ordena lehenetsiz: Santa Maria Errege Plaza, Santo Domingoko egungo lur gaineko aparkalekua, Rincon de Aduanakoa eta Compañia kalekoa. Azken bi aparkaleku hauek eginak dira dagoeneko.


enpresa hautaketaren inguruko gorabeherak.

Dena aipatzea luze joko lukeen gorabehera ugariren ondoren, eraikuntza lanei ekiteko martxoan zazpi enpresa aurkeztu ziren zabaldutako lehiaketa publikora eta apirilaren hasieran EYSAri (Estacionamientos y Servicios S.A) eskaini zitzaion iluntasunez beteriko prozesu batean. EYSA, Fomento de Construcciones y Contratas (FCC) enpresaren filiala da. FCC Estatuko eraikuntza enpresa garrantzitsuena da, Marcelino Oreja da FCCko lehendakaria eta Koplowitzdarren inperioak kontrolatzen du kapitalaren %33rekin.
EYSAk ez zuen aparkaleku proiektu eskaintza merkeena proposatu, ezta auto gehien hartzen zuena ere, baziren udalari urteko kuota handiagoa ordaintzen ziotenak eta beste hainbat eskaintza hobe egiten zituztenak, hori dioskute guk arkitektoen artean egindako kontsultek. Proiektua, alabaina, eta ezkutuko interesen susmopean, EYSAri eskaini zitzaion. Hala diosku horietako arkitektu batek: «Aurkeztutako enpresen artean zegoen Carlos III.eko lur azpiko aparkalekua egin zuen enpresa eta puntu askotan baldintza hobeagoekin, baina enpresa hautatzeko irizpide-zerrendan puntu asko oso korapilotsuak dira eta oso modu subjektiboan baloratzeko modukoak, kudeaketa moldea, esperientzia...». Hautaketa egin zuen epaimahaia bost pertsonez osatua zegoen: Yolanda Barcina alkatea eta berak hautatutako lau zuzendari (herri lanak, hirigintza, ingeniaritza eta ekonomia). Lehiaketara aurkeztutako hiru enpresek prozesuaren aurkako helegitea jarri zuten.
Azkenean EYSAk 800 plazako aparkalekua egingo du, erdia bertako bizilagunentzat eta erdia erdigunera doan herritarrarentzat. Plaza bakoitzak 2.850.000 pezeta (114.000 libera,) balioko du eta erosten duenak 75 urtetan erabili ahal izango du. Eraikuntza eta hustiaketan 5.000 milioi pezetako gastua izango du eta 16.000 milioi pezetako sarrerak aurreikusten ditu, beraz, 11.000 milioi pezetako irabaziak. Hustiaketan egiten dituen irabazietan dago gakoa, aparkalekua bera egiteak ez baitu diru æaskoÆ ematen (400-500 milioi pezeta). Horregatik, adibidez, Santo Domingoko parkin proiektua lehiaketa publikora atera zenean, ez zen enpresarik aurkeztu, enpresen arabera hustiaketa baldintzak ez zirelako oso errentagarriak.
Ikusi beharko da orain datorren asteetan zer gertatzen den: batetik hor da erreferendum alternatiboaren deia eta, bestetik, egiten ari diren aurkikuntza arkeologikoak. Zenbait gauza agertu da dagoeneko, baina garrantzitsuena nahiko ezustekoa izan da, erromatarren garaiko aurkikuntzak dira eta. Ez bide dira lehen mailakoak ere, baina erromatarrek Nafarroan egin zuten denboraz eta kokaguneaz ikerketa lerro berriak zabal ditzakete. Oraindik indusketa lanek aurrera darraite eta Biana Printzea erakundeak eman behar du eraikuntza lanekin jarrraitzeko azken oniritzia. Edonola, EYSAk ez dirudi dena aurrera aterako den inongo zalantzarik duenik, eta hala jokatzen du, prentsan aparkalekurako plaza eskaera egiteko epeak zabalik ditu jada eta egunkariko iragarkiak dioen Arrieta kaleko bulegora jo dugu. Kontraste gisa datu bitxi bat: orain arteko aparkalekuen eskaera egiteko, bai bizilagunaren bai autoaren inguruko datu mordoxka eskatzen zen moduan, oraingoan izena eta erroldatze agiria besterik ez dira erakutsi behar. Nire aurreko neskak, bere agiriak entregatu ondoren ea noizko bukatuko den galdegin dio bulegariari: «Ez dakit, gainera orain æhildakoÆ horiek agertu direnez...». «Hildakoak?», galdegin du harriduraz neskak, «bai neska, hala deitzen diet nik topatu dituzten erromatarren arrasto horiei». Muturra okertu du neskak eta zera erantzun: «Bada, jakin ezazu hemengo jende askorentzat æhildakoakÆ udaletxean daudela» (gaztelaniaz izan zen elkarrizketa eta æhildakoÆ hitzari honek kale hizkuntzan duen æzamaÆ adiera eman zion neskak). Mutu geratu zen bulegaria

Xabier Sagardia

Umorea da Edorta Jimenezen armarik onena, eta aldarte horrekin kontatzen ditu Europan zehar eginiko bidaian bizitakoak sortu zizkion kezka eta gogoeta sakonenak ere, Txalaparta argitaletxean kaleratutako "Europako mugetan barrena" lanean. 103 idazle pilatu ziren Eurobylon literatur tailer alemaniarrak antolatutako trenean, laurogeitik gora hizkuntza europarren ordezkari gisa. 42 egun pasa zituzten elkarrekin, Lisboa-San Petesburg antzinako Europako Iparraldeko espresaren ibilbidea eginez, nahiz oraingoan beste geldialdi batzuk ere egin trenak eta bere ibilaldia Berlinen amaitu. Baldintza bakarra jarri zieten antolatzaileek idazle bidaiariei: trenera igotzen zenak, bidaia amaitu artean ekitaldia ez uztea.

Zurekin batera joandako zenbait idazleren gogoetak ere tartekatu dituzu liburuan. Zergatik hori?
Ikuspegi osoagoa eskaintzearren. "Euskaldunon Egunkaria"ri eta "Gara"ri eskaini nizkien kronikak eta bestela idatzi nituenak daude liburuan. Hiztegirik gabe eta edozein egoeratan egina izan da, hori du bere meritu nagusia. Eta egin badut, aldez aurretik hartutako konpromisoa betetzeko izan da, Idazleen Elkartetik, Eusko Jaurlaritzatik eta Europako Batasunetik diru laguntzak jaso nituelako bidaia hau egiteko, eta euskaldungoarentzat idatzia utzi behar nuela uste nuelako. Zor bat kitatu dut, behintzat.

Bidaiaren balantze moduko bat egiterik ba al duzu?
Bada, bidean joan zena eta bueltan etorri dena ez direla pertsona bera izaten. Erromara joan ohi zelako etorri zitzaion burura Freudi psikoanalisiaren muina dena. Eta Darwinek, Beagle itsasontzian joan zenean, berak nahi gabe ere, bere fede sustraien kontrako teoria berri bat sortu behar izan zuen ikusitakoak azaltzeko. Haatik gerta dakizuke Pigaffetari gertatutakoa ere: Magallanes eta Elkanoren espediziora kronikari gisa joan, eta konturatu ere ez zen egin nor zen espedizio hura amaitu zuen buruzagiaà

Eta zuk, zer ekarri duzu bidaia horretatik?
Gutxieneko programa bat, amesten dudan Euskal Herriarentzat. Guk ditugun arazoak Europan beste leku askotan ere badirelako, besterik esaten diguten arren. Mugak arazo dira oraindik Europan. Badakigu den-denaren azpian ekonomia arazoak daudela, baina, bestalde, gezurra dirudi guk, euskal herritarrok, historian zehar gure artean bakea ezin egitea. Beharbada Sarrionandiak dioen moduan "txikiak izaten ikasi behar dugulako" izango da, eta hori ez da erraza. Umeak ez du txikia izan nahi. Futbolean denek izan nahi dute txapeldunà

Erraz gauza al daiteke zuk ekarritako programa hori?
Ez dut uste, arazoak ez dira gureak bakarrikà Izan ere, Bigarren Mundu Gerra ez da amaitu. Azken batean, Europan ez da amaitu Napoleonen proiektua, estatu handi bat egitearena. Eta besteok zer? Gizabanakoak, zer? Zeren inoiz ez dira pertsona bi hiltzen; banan-banan hiltzen gara guztiok, bakoitza hiltzen da. Beraz, kontua da proiektu horretan gizabanakook zein leku dugun, herriek zein leku duten, eta klase bakoitzak zein leku duen. Hori da gakoa. Eta hori

Gurea bezalako herri txiki batean rock&rollaren inguruan horrenbesteko eragina izan duen mugimendua sortu izanak harridurarako tarterik ematen segitzen du, hastapenetik 20 urtetik gora pasa badira ere. Izan ere, 70eko hamarkadaren hondarrean eta 80koaren hasieran Euskal Herrian sortu eta garatu zen musika eszenak ez du kasik parekorik izan Europan, rockaren agerpenak mugimendu kontrakultural zabala ekarri baitzuen, ezarritakoaren kontrako leherketa. Eta leherketa horren uhinak hamar urtez luzatu ziren eta baita beste aro bati ateak ireki ere.

Orain, distantziak ematen duen argiarekin, Eriz Zapirain kazetariak euskal rockaren hastapenak kontagai dituen dokumentala osatu du Orio Produkzioak etxerako, Iker Trebiño errealizadore lanetan aritu delarik. Aurki ETBko bi kateetan ikusi ahalko da euskaraz nahiz gazteleraz. "Salda badago" izenburupean, dokumentalak rockaren agerpenak gurean izan zuen eragina eta bilakaera aztertzen ditu, beti ere, fenomenoaren ikuspuntu guztiak jorratuta. Zapirainen aburuz, "ez zen soilik mugimendu musikala izan. Izugarrizko jendetza biltzen zen talde hauen inguruan eta hortik milaka gauza sortzen ziren, erabat iraultzaileak. Elkarrizketatuetako batek aipatzen zuen: æGuk badakigu ez dugula gure musikarekin iraultza egingo, baina gure musikak iraultza hori egiten lagun dezakeÆ".
Hala, rock taldeekin batera irrati libreak, fanzineak eta etxe okupatuak sortu ziren. Orduko egoera sozialak eta politikoak eragin sakona izan zuten musika taldeen izaeran, eta baita Ingalaterratik zetorren punk mugimenduak ere. Hitz eta mezu iraultzaileak, gerra hotzaren eta Euskal Herriko egoera politikoaren gaineko aipuak, "no future" eta norbanakoaren ukoa zekarren filosofia... Dena zilegi zen bakarra eta askotarikoa izan zen "euskal rock erradikala" deituko zioten mugimenduan.
Eta eskema zaharkituak apurtze bidean ere, hizkuntzaren inguruko aurreiritzi hertsiak eraitsi egin zituzten artean gutxiengo ziren euskaraz kantatzen zuten taldeek, Zaramak edota Hertzainakek kasu. "æNola liteke rocka euskaraz egitea? Hori atzerriko musika da, ez da gurea...Æ eta halakoak esan ziren; eta ez Zaramaz bakarrik, euskaraz rock and rolla egiten hasi ziren askok jaso zituzten halako kritikak, erabat zentzugabeak nire ustez, aurrez ere atzerriko musikatik edan zuten musikariak egon ere bazeudelako. Nola ez ziren bada egongo? Kritika hura luzatu zuten haiei pentsatzen dut denborak erakutsiko ziela zein oker zebiltzan", dio Eriz Zapirainek.


Drogen astinaldia.

Eta Euskal Herrian nork bere burua begiratzeko ispilu bilakatu zen askorentzat. Baina drogak sartu ziren uholde baten modura. Drogen astinaldia sekulakoa izan zen euskal gaztedian. Bidean ehunka lagun gelditu ziren, informazio eza tartean. Eta rock taldeetan ere arrastoa utzi zuten: RIP, Eskorbuto edo Cicatriz kasu. "Ez da erraza izan gai hau tratatzea, garai hura bizi zuen edonork duelako norbait, lagunen bat, anaia... hila edo hiesak jota. Ahalik eta errespetu handienarekin egiten ahalegindu gara, baina tartean dauden gauza gordin asko ezkutatu gabe. Manolo Gilen eta Iñaki Zarataren esanak adibidez, argigarriak dira". Baina drogek ez zuten rockaren salda akabatu. Aitzitik, batzuetan salda horren osagarri ere izan baitziren. Dena den, gero eta talde gehiago sortzen joan ziren eta lehen labealdikoei bigarren batekoak gehitu zitzaizkien. Garai baten ikur bihurtu dira horietako talde asko: Hertzainak, Zarama, Barricada, Eskorbuto, La Polla Records, Kortatu, Potato, RIP, MCD eta baita mugimendu horretatik haratago zeudenak ere: Itoiz, Ruper Ordorika, M-ak...

Hala ere, "Salda badago" dokumentalean ez dituzte ahaztu nahi izan aitzindarien artean aitzindari izan zirenak: Niko Etxart eta Errobi taldea. Rock egiturak baliatuta musika egiten lehenak izan ziren: "Hegoaldean rockaren hastapenez hitz egiterakoan askotan ez dira aipatu ere egiten Niko Etxart eta Errobi... baina eurak izan ziren rockaren aitzindariak Euskal Herrian. 70eko hamarkadako euren irudiak topatzea ere ezuste zoragarria izan da, eta irudi hauek giro hura islatzeko oso baliagarriak izan dira".


Uhin libreak.

Dokumentala irratsaio baten modura egituratua dago. Arestian aipatu bezala, 80ko hamarkadaren hasiera horretan irrati libre ugari sortu ziren. Horietako bat Eguzki Irratia da. Esatari lana Juan Kruz Lakasta kazetariari egokitu zaio «Salda badago»n. "Landu nahi nituen gai guztiak lotuko zituen elementu erakargarri baten bila nenbilen, musikaz nahiz giro sozialaz hitz egingo zuen narratzaile baten bila. Orduan, lagun batek irratiak joko asko eman zezakeela aipatu zidan. Ideia lausotu horri tiraka, pentsatu nuen irratia bai, baina barrutik ikusia behar zuela, eta zer hobe irrati libre bat baino garai hura islatzeko? Handik erraz sortu zen narratzailearen figura: egun Eguzki Irratian musikari buruzko saio bat egiten duen tipoa izango zen garai hartara eramango gintuena». Hala, gai eta kontu ezberdinei ez ezik, dokumentala osatzen duen irudi sortari ere bide ematen dio esatariak. Atzera begirako bidaia horretan, Zaramako abeslari Roberto Mosso gazte bat ikusiko dugu, argal-argala, mikroari eusten diola edo La Polla taldeko Evaristo, erretzen ari den gurutze bat eskuan.

Denborak aurrera egin ahala, mugimendu hau indargabetuz joan zen, eta 90eko hamarkadaren hasieran nabaria zen euskal rock erradikalaren gainbehera. "Goraldiak eta gainbeherak normalak dira -argitzen du Zapirainek-. æRRVÆ deitu denaren gainbeherak beste zerbaiten goraldia ekarri zuen. Mugimendu hura bukatu zenean, beste bat sortu zen, nahiz eta ez dugun izen konkretu bat, Su Ta Gar, EH Sukarra, Negu Gorriak eta abarrek sortu zutena definitzeko. Haien musikak gauza berriak ekarri zituen euskal musikagintzara, eta haien ondorengoek beste gauza berri gehiago, eta hori beti da aberasgarri, ez?"

Iosu Etxaniz / Mikel Asurmendi

Militarismoaren aurka tinko aritu direnek lanean jarraituko dute aurrerantzean, armada profesionalaren aurka, esate baterako. Orain arteko borrokan bataila oso garrantzitsua irabazi dute, pozik egoteko arrazoi franko dute antimilitaristek. Alabaina, soldadutzaren amaierak ordezko gizarte zerbitzuaren bukaera dakar berarekin, eta horrek hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundetan (GKE) berebiziko eragina izan dezake.

Soldadutza egin nahi ez zuen hainbat eragozle ordezko gizarte zerbitzuetan aritu izan da orain arte; beren betebeharrak oso zabalak izaten ziren: musika banda bateko partaide izatea, hala nola pertsona nagusien laguntzaile, kasu. Gizarte zerbitzuetan lehen ez zeuden zenbait zerbitzu berri sortu eta beste batzuk indartu egin ziren urteen poderioz. Hartara, Espainiako Estatuaren administrazioan nahiz zerbitzu zibiletan kezkaturik daude hemendik aurrera gerta daitekeenaz. Gizarte zerbitzu hauen laurdena gal daitezkeela pentsatzen dute-eta.
Hego Euskal Herrian ez dirudi aldaketa honen eragina honesbeste nozituko denik. Izan ere, gure gizartean intsumisioaren aldeko jarrera zabala izan da, bai gizabakanoen aldetik, bai elkarteen aldetik. Euskal GKE gehienek ez dute urte hauetan ia eragozlerik erabili. PSS (Gizarte Prestazio Ordezkoa) delakoaren aurka egon ziren hasiera-hasieratik, eta hartara, ez du ematen beren zerbitzuak ziurtatzeko arazo handirik izango dutenik aurrerantzean. Hainbat erakundetako bozeramalerekin hitz egin dugu, ia-ia guztiak iritzi berekoak dira.

eragozleei agur.

Badago eragozleekin lan egin duen erakunde garrantzitsu bat: Gurutze Gorria. Gure inguruko eragozle gehienen zerbitzu-lekua izan da gaur egunera arte. Aldaketaren aiduru izaki, erakunde hau datorren urteko aldaketarako prestatu da azken bi urtetan. Gipuzkoako Gurutze Gorriaren lehendakari Enrique Samaniego ez da kezkaturik agidanez:«Gipuzkoan 4.000 inguru bolondres edo boluntario ditugu, horietatik 1.300 inguru mobiliza dezakegu edozein unetan. Iaz, hauetatik 387 eragozle ziren, aurten 128 baino ez. Hau da, hamar boluntarioetatik eragozle bat dago Gipuzkoan. Kopurua ez da handia. Gainera, beren zerbitzua burutzeko erraztasun guztiak eskaini izan dizkiegu eragozle hauei, bai lekuari bai egutegiari dagokionean. Behin zerbitzua bukatu ostean beraiek ere boluntario jarrai dezaten politika moduko bat landu dugu. Edozer gertatu ere, prestatuta gaude».
Enrique Samaniegok Pasaiako portura iristen diren polizoien kasua azaldu digu adibide gisara. Gurutze Gorrian ari diren eragozleak dira etorkin eta polizoiei hizkuntza erakusteaz arduratu direnak, baita hemengo errealitatean murgiltzen lagundu dituztenak:«Eragozle hauek maisuak dira. Unibertsitatean edo beste ikastetxetan jarduteaz gain, ordu batzuk pasatzen dituzte klaseak ematen gurekin. Gainera, zerbitzua bukatutakoan hauetakoren batek gurekin jarraitzea espero izaten dugu. Beraz, ez dut uste zerbitzu hori bertan behera geratuko denik».
Desagertuko ez den beste zereginetako bat larrialdien eta anbulantzien zerbi-tzua izango da. Gaur egun dauden larrialdietarako bost postuak (Deba Goiena, Elgoibar, Tolosa, Donostia eta Hondarribia) bere horretan mantenduko direla argitu digu Gurutze Gorriko lehendakariak. Boluntarioek -edota kasu batzuetan kontratatutako pertsonek- eragozleen lana burutzea izango da aldaketa bakarra.


GAINONTZEKOETAN BERRIZ?

Beste elkarte batzuek, aldiz, betebeharreko zerbitzu batzuk birplanteatu beharko dituztela ematen du. «Gizalde» elkartearen aldetik -bolondresen koordinaketarako zerbitzua- jaso dugun informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian ordezko gizarte zerbitzuaren eragina aisialdiko taldeetan nabarituko da bereziki. Elikagai-bankuetan, musika-bandetan (Debako kasua azpimarratu digute) eta kirol federazioetan batez ere. Eremu honetako adibiderik argiena pilota federazioarena izan da. Roberto eragozle bezala aritutako lagun bat da. Bere kasua argigarria izan zaigu:"Ni pilotari amateurra izan naiz betidanik eta soldadutza Bizkaiko Pilota Federazioarentzat lanean betetzeko aukera izan nuen. Federazio honek pala erakustearen aldeko saiakuntza egitea erabaki zuen orain dela urte batzuk. Haur eta gaztetxoei modalitate horretan irakatsiko zieten pilotariak-edo behar zituzten hartara. Dozena bat mutil sartu ginen, eta, egia esan, lana ez zen batere gogorra, astean pare bat ordu ematen genuen gaztetxoei laguntzen. Federazioaren asmoa edo itxaropena eragozleok gero boluntario bihurtzea zen, baina ez da hori gertatu, ezagutzen dudan ia jende guztiak ekimena utzi du. Tamalgarria da, honen ondorioz palaz jokatzen ikasten ari zen hainbat gaztetxo bakarrik eta laguntzarik gabe geratu delako. Arrazoi bat edo beste dela-eta, gauzak horrela gertatu dira».


ETORKIZUNIK GABEKO ALTERNATIBAK.

Euskadiko Gazte Kontseilutik esan digutenez, egungo gizarte zerbitzuen egoera, orokorrean, ez da kezkatzeko modukoa. Esan bezala, euskal GKE gehienen politika ordezko gizarte zerbitzuaren eta eragozleak hartzearen aurkakoa izan da-eta. Espainiako Estatuan honen inguruan kezkatuago daude, eta dagoeneko Madrilgo Gobernuak honen inguruan figura berri bat asmatu nahi duela dirudi: bolondres zibilaren figura. Hau da, eragozleek orain arte egin duten lan berbera egiteagatik soldata bat jasoko duten «bolondres» berriak. Ekimen honek iritzi kontrajarriak eragin ditu eta jadanik gizatalde gehienak honen aurka agertu dira. Pentsatzekoa denez, Euskal Herrian ere ez du arrakasta handirik izango

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan