- Xabier Olano, Batasunako bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan: «Abertzaleok badakigu zer egin behar dugun, badakigu gatazkak kopontzeko bidea elkarrizketa dela. Borondatea eta elkarrekiko ulerkotasuna da behar dugun bakarra, oinarri moduan giza eskubideak eta herri honen eskubideak hartuz».
- Miguel Buen, Gipuzkoako PSE-EEko idazkariorde nagusiak ęDeiaĘn: «Autogobernua eta bakegintzari buruzko eztabaida zabalik da, baina edozeren gainetik beharrezkoa da demokratok, txantaia, erahilketa, beldurra eta, finean, ETA eta bere ingurunearen aurrean bil gaitezen».
- Juan Jose Lizarbe, PSNko idazkari nagusiak ęDeiaĘn: «EAEko nire alderdikideek beren espazio soziala zabaltzeko balioko dien berezko proiektu politiko autonomoa izan dezaten espero dut. Hauteskundeetako emaitzen erantzukizuna gurea izan zen, baina izan genuen ulergarritasun eza ere nahiko handia izan zen. Hauteskundeen ondoren dena aldatu dela uste dut».
Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburua haize-erroten aurka jotzen zuen On Kixoterekin erkatu du iraileko bere bigarren asteko artikulu batean ęThe EconomistĘ aldizkari ospetsuak. Eta haize-errotak euskal nazionalismoa dela dio astekariak. Laudorioz jazten du Aznar, baina akats bat bizkarreratzen dio: euskal auzia konponbidean jartzeko gaitasun eza, 2004an gobernuburu kargua utzi ondoren historiara estatu gizon handi gisa iragatea oztopatuko diona. EAJrekin, liskarra baino elkarlana landu beharko lukeela uste du aldizkariak, eta autodeterminazio erreferendum bat baimendu beharko lukeela, horretarako Konstituzioa bermoldatuz.
Ińaki Azkuna Bilboko alkateak udaletxan erretzeko debekua jarri du dekretuz. Alabaina, arau berria inposaketatik baino kontzientziaziotik errotu nahi duela jakinarazi du.
Jakoba Errekondo
Hostoa galtzeko ohitura duten zuhaitzen ezkutuko izaeren margoak azaleratzen dira orain, udazken aldera. Ezki antzezleen horia, astigar zanpatuen gorria, ametz okerren arreaą
Beltza da, hala ere, aspaldiko urte hauetan gure paisaiaren udazkeneko margo agintaria. Udazkenekoa soilik ez, urte guztikoa. Pinudiaren txanponen zaleok bizitza zurbilaren margoaz jantzia dugu paisaia, gure buelta. Txanponak, ordea, bi aurpegi omen ditu. Bi aurpegi, kantoia eta txuloa ere bai diot nik, eta txulotxo horretatik amildu eta galtzen ari da pinudien dirutza. Barrualdeko goiko mendi hotzetan hor nonbait, baina itsasaldeko mendimagal goxo eta errekazulo epeletako pinudiak gorritzen ari dira. Eta pinudiak gorritu ahala bateren batzuen kopetak eta patrikak belzten.
Lurrean, lur epel eta hezeetan pagotxa aurkitu duen Fusarium generoko ontto baten eraginez alferrik galtzen ari omen dira pinuak. Bere aurkako borroka zaila da, pinudi guztietako lurra tratatu beharko bailitzateke. Elorrio dugu, beraz. Basogintzan ari den sektorea aztoratuta dabil, behin udazkenduko pinua eta orduan etorkizuna pinutu, belztu...
Jabier Agirre
Familiako medikuak eta lehen mailako atentzioan diharduten profesionalak izango dira datorren azaroaren 14tik 17ra bitartean Donostiako Kursaal Batzar Jauregian bilduko direnak. Kongresu erraldoi hori Osatzen izeneko Familia eta Komunitate Medikuntzako Euskal Elkarteak antolatuko du, espezialitate horrek urtero-urtero Espainia mailan egiten duen topaketa nagusiaren barruan. Aurtengoa XXI. suposatzen da, eta bertan 4.000tik gora parte-hartzaile egongo direla aurreikusten da, mila baino gehiago Euskal Herritik kanpokoak. Eta hainbeste parte-hartzailek Donostialdea osoko hotel guztiak (eta baita Bilbo ingurukoak ere) beteko dituztela aurreikusten da, Euskal Herrian 800 milioi pezetako gastuak eginez.
Baina alderdi zientifikoa da hemen aipatu nahi nukeena. Batzorde antolatzaileko burua den Ińaki Berraondo doktorearen hitzak erabiliz, "familia medikuek biltzen dute pazienteari gertatzen zaionaren informazio guzti-guztia. Eta horrexegatik, pazienteek pertsonetan espezialista bezala ikustea nahiko genuke", beste batzuk bihotzeko edo belarriko espezialista bezala ikusten dituzten bezalaxe. Kongresuaren ardatzetako hiru etorkinen, pertsona edadetuen eta minbiziak jota dauden pazienteen arreta edo atentzioa izango dira. Baina horiez gain, egongo da besterik ere, adibidez osasun-zentroetan kudeaketa edo gestioa aurrera eramateko modu berriak, eta familia plangintza, batzuk aipatzekotan.
Izango dugu datozen asteotan Kongresuaren berri gehiago orrialde hauetan, baina galtza bete lan badute antolatzaileek gisa horretako kongresu izugarria txukun ateratzea nahi badute
ATXILOKETA BERRIAK FRANTZIAN
ASIER Oiarzabal Txapartegi, Oihane Errazkin Galdos, Dolores Lopez Resino, Didier Agerre eta Alberto Maria Ilundai ustezko etakideen atxiloketek, Frantzia eta Espainiako segurtasun indarren elkarlanak beste urrats bat eman dutela erakusten dute. Oiarzabal ETAko logistika sailaren arduraduntzat jo dute iturri polizialek eta, hauen arabera, Landetako Saint Jean de Marienne herrian dinamita lapurketa bat egiteko prestaketa lanetan ari ziren.
BALIZKO GOBERNU KRISIA
LAKUAKO gobernu krisiaz azaleratu denaz entzun eta irakurri ondoren, gobernu krisia berba potoloegia dirudi hasi berria den gobernuaren lehen urratsak definitzerakoan. Agerikoa da Ezker Batuaren sarrerak ekarritako kargu eta sail banaketa berriak EAJ eta EAren artean piztu duen haserrea. Hortik gobernu krisira, ordea, tarte handia dago. Ez dirudi, Carlos Garaikoetxea EAko buruzagiak azpimarratu duen bezala, hiruko gobernu berriaren lehen urratsetan berau sostengatzen duten alderdiek halako luxurik izan dezaketenik.
GARAPEN KONTSEILUAREN PROPOSAMENA
IPAR Euskal Herriko "2010 Garapen eskema" egitasmoaz arduratzen den Garapen Kontseiluak berebiziko proposamen bat egin die Eusko Jaurlaritzari nahiz Nafarroako Gobernuari. Kontseilu honetako Battitta Boloki zuzendariaren erranetan, gobernu bi hauek bere gogoetetan partehartzea nahi dute. Bolokik "Larrun" aldizkarian jorraturiko "2010eko Euskal Eurohiria" gaiaren karietara egin ditu adierazpen hauek. Ipar eta Hegoaldeko instituzioen arteko harremanak landu eta azkartu beharra ezinbestekotzat jotzen du.
EKAITZA ASTEKARIA AUZIBIDEAN
W0RD Trade Centerraren aurkako erasoaren karietara "Guezmer"rek sinaturiko marrazki bat agertu zen Iparraldeko Ekaitza astekarian. Dorre bikiak, hegazkinak eta ke artean, Nous en avions tous révé... ... le Hamas l'a fait! (Denok amestua... "Hamas"ek egin du) zioen marrazkiak. André Viau prefetak hexagonoko prentsan zabaldu du marrazkia eta Baionako Jean-Jacques Bosc prokuradoreak inkesta abiarazi du Ekaitzaren aurka. Lehen unean, Allande Sokarros zuzendaria eta erredakzio taldea deituak izan dira auzitegietara. Zuzendariak 5 urteko espetxe zigorra jaso lezake eta 300.000 ( 7,5 milioi pezeta) liberako isuna agerkariak. Ekaitzaren azken zenbakian agertu bezala, Guezmerren binetak kontrobertsia ezberdin eta ugari sorrarazi du astekariaren irakurleen artean.
BARNE TIRA-BIRAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO PSE-N
BIZKAIKO Batzar Nagusietako PSE-EEko hamar batzarkidetatik zazpik, Josu Montalban beren bozeramailearen kargugabetzea eskatu diote Patxi Lopez sozialisten Bizkaiko idazkari nagusiari. Honek uko egin dio eskaerari, ęsorgin ehizariĘ ekiteak ezer ez lukeela konponduko adieraziz. Eskaera ekainean egin bide zen, eta Montalbanek Bizkaiko PSE-EEren gehiengoak markatutako ildoa ez ordezkatzea salatzen dute.
BESTE ZIGOR BAT GEHIAGO
DOZENAKA dira zigorraren hiru laurdenak beteta dutelako libre beharko luketen euskal presoak. Gehienak, ordea, beren zigorra osotasunean beteta ateratzen dira. Sakabanaketaren amaiera eta presoaren osasun eskubide duinaren alorrarekin batera, euskal presoen eremuak zintzilik duen osagai nagusiena da.