«BAI EUSKARARI» BRETOIA
Euskal Herriko «Bai Euskarari» akordioa eredutzat hartuz, «Ya dÆar brezhoneg» (Bai Bretoierari) izeneko akordioa abiatu dute Bretainian. Euskal Herrian egin bezala, urriaren 5ean gizarte eragileek hizkuntzaren normalizaziorako konpromisoak hartzeko prest direla sinatuko dute. Hurrengo hilabeteetan gizarte eragileak sektoreka elkartuko dira eta gogoeta egingo dute, bretoieraren normalizaziorako neurriak adostu eta martxan jartzeko.
OFIZIALTASUNERAKO FOROA UDALBILTZAN
Udazkenean Euskararen Ofizialtasunerako Foroa jarriko du abian Udalbiltzak, euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizialtzat jo dadin lege proiektu bat sustatzea helburu izanik. Horretarako, udaletxeetan mozioak aurkeztuko dira lehenik eta ofizialtasuan herrietan aplikatzeko planak jarriko dira martxan ondoren.
NAFARROAKO AUZITEGI NAGUSIA KRITIKO
Rafael Ruiz de la Cuesta Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak Miguel Sanzen gobernuaren hizkuntza politika kritikatu du berriki. Era berean, administrazioek nafar guztientzako zerbitzua eskaini behar dutela aldarrikatu du. Ruiz de la Cuestaren esanetan, Nafarroako Gobernuak Administrazioko euskararen erabileraren inguruan erabilitako irizpideak zalantzan jarri ditu eta Justizia Jauregiaren errotulazio elebiduna aldarrikatu du halaber. Gobernuarekin akordiorik lortuko ez balu, Administrazio Gaietarako Auzitegira jotzeko asmoa agertu du.
EUSKALTEGIAN IKASTEKO LAGUNTZAK
Geroz eta udal gehiagok ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteko. Denentzako ez da izaten, baina gazte, ikasle eta guraso batzuek laguntzak jasotzeko aukera izaten dute. Besteak beste, Donostiako eta Irungo udalek ematen dituzte halakoak.
AMARICAREN ALDEKO SINADURAK
HAINBAT artista Gasteizko Amarica aretoaren itxieraren aurka agertu da. Hain zuzen ere, Arabako Kultur Diputatuak orain bi aste esan zuen ofizialki Amarica itxi egingo zela, Diputazioaren aburuz Artium Arte Garaikideko Museoak areto honen eginkizuna beteko baitu. Artista multzo hau ordea, ez dago ados honekin, eta dagoeneko 500 sinadura jaso ditu Amarica itxi ez dezaten.
«DAKIT» ARGITALDARI BERRIA
ARGITALETXE berri bat aurkeztu zen joan den astean Baionako Unibertsitatean. «Dakit» du izena eta dagoeneko lehenengo bi liburuak aurkeztu ditu. Sabin Oregi da argitaldaria. Eta argitaletxeko taldean besteak beste, Helene Dumercq marrazkilaria, Caroline De Otero argazkilaria eta Maitane Ugarte hizkuntz arduraduna daude.
EOS-EN DENBORALDI BERRIA
EUSKADIKO Orkestra Sinfonikoak urriaren 1ean hasiko du denboraldi berria. Lehenengo kontzertu hori Iruñeko Gaiarre Antzokian eskainiko du. Bertan, Ramon Lazkanoren «Ilunkor» obra estreinatuko du. Eta horrez gain, Mozart, Elgar eta Kodalyren obra bana eskainiko du. Guztiak ere Gilbert Vargaren gidaritzapean, eta Dezsö Ranki pianista hungariar famatuaren laguntzaz. Kontzertu hau ondoren, Gasteiz, Bilbo eta Donostian eskainiko du.
ERROMATARRAK IRUNEN
ERROMATARREN garaiko hainbat aurkikuntza egin da azkenaldian Irunen. Azkena, erromatarrek 80. eta 200. urteen artean eraiki zuten zubia. Hori da behintzat Arkeolan elkarteak baieztatzen duena. Joan den otsailean topatu omen zituzten zubiaren lehen aztarnak, baina iraileko marea biziak etorri arte ezin izan dituzte ongi aztertu arkeologoek. Zubia egon zela frogatzen duten egurrezko zutabeak topatu dituzte. Zutabe hauek zera erakusten dute, zubiak sei metro eta erdiko zabalera zuela, eta luzerari dagokionez, ehun metro baino gehiagoko luzera duen zubia izan daiteke. Hala balitz, Europan topatutako egurrezko zubien artean, luzeena litzateke. Zubi honen aurkikuntzatik bi ondorio nagusi atera daitezke: batetik, erromatarrak bertan denbora dezentez egon zirela; eta bestetik, Bordele, Irun, Iruñea eta Mediterraneoa lotzen zituen galtzada bat egon zela.
IRUDI ETA SOINU ESKOLA
PRIBATUA da eta ez du inolako titulaziorik eskainiko. Baina hala ere, Nafarroako lehen Irudi eta Soinu Eskola da orain gutxi Iruñean ireki eta martxan jarri dutena. Bertan, grabazio estudioetako eta produktoretako profesionalak ari dira lanean. Izan ere, alor honetan ikasketa batzuen beharra somatzen zuten. Bertan bideo, telebista eta soinuko kurtso orokorrak emango dituzte; baina baita hainbat ikastaro berezi ere: hala nola, bideo eta telebistako kamera, edizio digitala eta postprodukzioa edota soinu teknikariarena. Guztira, bost grabazio estudio izango ditu: bata, soinu teknikari ikasketetarako, bestea ediziorako, errealizaziorako eta azkena, telebista platoa izango da.
- Montxo Armendariz zuzendariaren hitzak dira hauek «Consumer»en adieraziak: «Filmak euren balio zinematografikoagatik baloratu behar dira, eta ez euren aurrekontuengatik».
- Sebastian Lizasoren iritziz, «bertsolariok eguneroko jardunean bizi dugun lagunartea hartzen badugu oinarritzat, txapelketak giro horrekiko ozpinetik gehiago du gozotik baino. Egia da, ordea, bertsolaritzak aldikako astindu batzuk behar dituela». «Bertsozalea» aldizkarian eginiko adierazpenak dira.
- Koldo Zuazok Euskaltzaindiako Kongresua zela-eta «Euskaldunon Egunkaria»n esandakoak dira honakoak: « (Egungo euskarak) lau gaitz larri dituela uste dut: hiztunak erakartzeko ahalmenik ez; hizkuntza sortzeko sena ihartu izana; gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza lotura eten izana, eta euskara arrotz eta exotikoa garatu izana (...) Hiztunen ustez, egungo euskarak ez du indarrik, ez du ematen jolasteko eta gozatzeko aukerarik (...) Batuaren izenean, orain arteko euskara bertan behera utzi, eta oso euskara arrotz eta exotikoa, Marteko euskara izendatu dudana sartu da gure bizimoduko arlo gehienetan».
Karlos Argiñanoren webgunera iritsi gara nabigatzen ari ginela. www.karlos.net-en euskaraz aurkitutako gauza bakarra Karlosek agurrean esaten duen «kaixo famili» izan da. Informazioari dagokionean, asko eta interesgarria da aurkitutakoa, baina gaztelania hutsean dago dena.
Imanol Uribe zuzendaria hil honetan hasiko da «El viaje de Carol» filma errodatzen. Haurrak dira honen protagonista. Besteak beste, Maria Barrancok eta Juan Jose Ballestak hartuko dute parte.
Elektrobikinis talde bilbotarraren kideak banantzea erabaki dute. Hori dela-eta euren bigarren CDaren grabaketa bertan behera geratu da.
Ramon Agirrek «Ondo esan beharko» izeneko lana sortudu. Obra dagoeneko taularatu da, baina urrian estreinatuko da Donostian.
Kaotiko talde berriak «Mundo Kaotiko» lehen lana aurkeztu zuen joan den astean Oihukaren eskutik. Talde berrian Kaos Etilikoko hiru taldekide ohi daude. Eta letrak La Pollako Evaristok idatziak dira.
Diego Galanek «Jack Lemmon nunca cenó aquí» liburua idatzi du.
Martin Ugalderen omenez, azaroaren 5etik 9ra Donostian nazioarteko biltzar bat burutuko da. Bertan, haren literatur lana eta pentsamendua aztertuko dute.
PRINTZA
Joxe Rojasen iritzia da hau «Aizu!» aldizkarian plazaratua:
«Errealitatearen perbertsio hutsa da ikus-entzunezko kultura. Gero eta perbertsio handiagoa gainera. Ikus-entzunezko hedabideek, eta bereziki telebistak, goitik behera aldarazi dituzte egiaren eta errealitatearen kontzeptuak. Telebistan agertzen ez dena ez da existitzen; tutu katodikoak igortzen duen edozer, berriz, egia biribila da, edozein zalantzaren gainetik dagoena.
Duela gutxira arte, Atlantikotik alde honetara behintzat, telebista publikoa izan da nagusi, eta errealitatearen perbertsio ahalmena botere publikoen onerako erabili izan da batez ere. Baina garai horiek ere aspaldi joan dira, eta orain telebista pribatua da jaun eta jabe. Pribatuen helburu nagusia ekonomikoa da argi eta garbi: zenbat eta etekin handiagoa, hobe. Horrek beste urrats bat dakar errealitatearen perbertsio horretan: telebistan agertzen ez dena ez da existitzen... eta dirurik ematen ez duena ez da telebistan agertzen. Beraz, dirurik ematen ez duena ez da existitzen, eta dirua ematen duena egia biribila da. Errealitatea komertziala ez bada, ez da errealitatea».
Uzeik Interneten duen Euskalterm terminologia datutegia tresna baliagarria da oso. Hemendik aurrera gainera etengabe eguneratuko dute eta elikatuko dute; izan ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hartu dute bere gain berau eguneratzea.