Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea (EIRE) 1999an sortu zen Euskararen Unibertsoaren mugimenduaren bidetik. Erreferente teorikoa hori izanik, EIRE sortzeko beharra ikusi zuten orduan zenbait irakaslek komunikazio tresna bat izateko eta bakoitzak bere unibertsitatean euskararen garapenaren alde lan egiteko. Euskararen garapen osoa eta eutsigarria dute helburutzat. Bide horretatik, urtero unibertsitate bakoitzean euskarak duen egoera aztertzea izan dute lanetako bat. Baina etorkizunera begira gogoeta sakonagoaren beharra ikusi dute. Euskarazko unibertsitatea klaseak euskaraz ematera ez dela mugatu behar uste dute. Euskarak ikerkuntzan, kudeaketan eta egitura guztietan bere presentzia eduki behar duela diote. Hori dela eta Eukon deritzon kongresua antolatu dute. Arlo guztietako eta unibertsitate desberdinetako irakasleak bilduko dira Bilbon Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan irailaren 27 eta 28an.
Hogei urteko epea.
Lanerako bi epe jarri dituzte antolatzaileek: epe erdia (5 urte) eta epe luzea (2021). Epe horietan euskararen egoera zein izan daitekeen aztertzen ahaleginduko dira kongresuan. Gaur egun, zenbait alorretan (Giza eta Gizarte Zientziak) euskarak garapen franko ezagutu badu ere, beste zenbait alorren egoera ez da hain positiboa, Teknika, Teknologia eta Osasun zientzietan adibidez. "Zientziako esparruetan hori gertatzea normala da. Beste hizkuntzei ere gertatzen zaie. Informatika munduan gaztelania inglesaren menpe dago gai askotan" esan zigun Zabaletak. Garapen hori lortzeko giza aldetik eta diru aldetik baliabide gehiago behar direla uste dute antolatzaileek.
Kongresuan aurkeztuko diren lanen aurrerapenik ez digu eman Zabaletak, baina adibidez UEUren funtzioa eta etorkizuna jorratuko dela badakigu. Kongresuaren ondoren datu ugari eduki ahal izango dugu. Gainera EIREko antolatzaileek kongresuaren ondorio nagusiak aterako dituzte, partaideek bozkatu eta onartzeko, hala badagokio.
Antolaketak babes akademiko ugari jaso ditu zenbait laguntzaileren aldetik, UPV-EHUko bederatzi departamendu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi departamendu; eta babesle finantzario gisa Mondragon Unibertsitatea, UEU, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskadiko Kutxa, EHUko Medikuntza Fakultatea eta Osasuna Euskalduntzeko Erakundea agertzen dira. Laguntzaileak dira bestalde, Deustuko Unibertsitatea, Bilboko Udala, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultatea.
Kongresuaren aurretik, eta berarekin lotuta nolabait, bi mahainguru ere izango dira Bilboko areto berean. Irailaren 25ean ikasleen ordezkariak "Ikasleak etorkizuneko irakasleak" gaiaz arituko dira eta 26an hezkuntza ez unibertsitarioko ordezkariak arituko dira euskal unibertsitateaz pentsatzen dutenaz mintzatzen.
Irailak 27
- Goizean: Euskal unibertsitatearen egoera.
- Arratsaldean: Katalunia, Flandes eta Europako hizkuntza komunitate
txikien kasua. Europako Batasuneko gizartearen aurreikuspenak eta
garapen joerak 2006 eta 2021 urteei begira. Euskal gizartea eta hezkuntza
Euskal Herrian 2006 eta 2021 urteei begira.
Irailak 28
- Goizean: Euskal Unibertsitatea Teknika eta Teknologia, Osasun, Giza eta
Gizarte eta Natur zientzien alorretan. Kongresuaren ondorio nagusien
aurkezpena, bozketa eta onespena
![]() |
|
||||
1822 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa