artikulu nagusira itzuli
Bost irizpide nagusi aurrerantzean aliantzak egiteko
Javi Lozano EILASeko arduradunak, ELA eta LABen arteko elkartasuna hautsi ondoren sortutako egoeratik abiatuz, bost irizpide proposatu nahi ditu, aurrerantzean egin daitezkeen aliantzetan kontuan hartzeko.
Lehenengoa, arlo sozio-politikoagoan, bakearen aldeko borrokari lehentasuna ematearen alde ageri da, hartutako bidetik jarraituz. Alegia, giza eskubide guztien aldarrikatzea, eta urratzen diren bakoitzean gaitzestea, ETAren jarduera militarra amaitzeko eskatzea, PPren eskutik Zuzenbidezko Estatuan gertatzen ari den bermeen urradura eta askatasunaren galera salatzea, eta elkarrizketaren aldeko bidea bultzatzea. Iruditzen zaio bortizkeriaren edozein adierazpen epaitzeko garaian irizpide etiko-moral berberak erabiltzeko ahalegin berezia egin beharko luketela, datorrela datorren lekutik, manikeismoetan erori gabe eta, horregatik, haren adierazpen onartezinak tinkotasunez salatzen jarraituz. Zentzu honetan, bide horretatik sartzen diren sindikatu eta talde bakezaleekiko lankidetza hobetzearen alde ageri da. Halaber, azken bolada honetan elite politikoen artean gertatzen ari den aurkakotasun ikaragarriak sortzen duen arriskua kontuan izanik, gizartearen haustura saihesteko, bakoitzak bere jarrerak kontu handiz zaindu beharra azpimarratzen du.
Bigarren irizpidearen arabera, aliantza guztiak hauen eduki aurrerakoian oinarriturik aztertu beharko dira, nagusiki beraientzako sentiberatasun handienekoak diren gaietan: gizarteko desberdintasunen aurka, baztertutako sektoreen alde, egonkortasunik gabeko lanpostuen aurka, enplegua banatzearen alde, gazteak eta emakumeak lan iraunkorraren esparruan sartzearen alde, gizarte prestazioei eutsi eta hobetzearen alde... Batasunari batasuna izate hutsagatik gehiegizko garrantzirik ez emateko eskatzen du. Lozanok dioenez, sindikatu batzuk temati jarraitzen dute itun orokorrak (laneko erreforma, pentsioak...) lortzearen aldeko jarrera itsuarekin, eta, beraien ustez, jokabide hori kaltegarria da eta "ez dugu inolako asmorik horrekin bat egiteko".
Hirugarren irizpidea inor ez baztertzearen aldeko jarrera tinkoa hartzea litzateke. Sindikatu batzuk uko egiten diote, Lozanok dioenez, jarduera bat edo bestean esku hartzeari, honako edo halako alderdi bat sartzen bada; jarrera hori, gainera, bi norabideetan gertatzen da, alde batetik nahiz bestetik. Horren aurrean, "tinko eutsi behar diogu batasun ahalegin bakoitzaren eduki zehatzak aztertzeari, eta aldez aurretiko baldintzak jarri nahian dabilena izan dadila bere burua kanpoan uzten duena".
Laugarren irizpide gisa, "hezkuntza sistemaren gizarte mailako lanari dagokionez, gurearen antzeko helburuak dituztenekin lankidetzarako harreman iraunkorragoak edukitzea", proposatzen du EILASeko arduradun honek.
Azkenik, bosgarren irizpidea aliantzetan malgutasunez jokatzea litzateke; aldarrikapen kutsu handieneko esparruak jorratzerakoan (negoziazioak, hitzarmenak eta abar), ahal den neurrian, antolamendu sindikal guztien batasuna lortzeko malgutasuna.
Hezkuntza munduaren geldotasun larria kontuan izanik, Lozanok dioenez, guztiz ezinbestekoa da ahalik eta batasunik zabalena lortzea edozein mobilizazio bultzatzen saiatu ahal izateko
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.