Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-09-23 -- 1822.zenb

HAUR JOLASA BAINO GEHIAGO

Ainara Iraeta

Bi laia hartu eta haien gainean ibiltzeko frogarik egin al duzue inoiz? Ez da batere erraza. Laia baserrietan lurra mugitzeko erabiltzen zen, eta oraindik toki gutxi batzutan erabiltzen den tresna da. Lurra altxatzeko eta iraultzeko erabiltzen dute baserritarrek. Burdinazkoa izanik, laiak bi punta zorrotz ditu eta hezten hauek lurrean sartu eta higituz, lurra mugitzen da eta palanka eginez, baserritarrek lurra altxatzen dute. Benetan lan gogorra da, mugitu behar den lurraren azalera kontutan izanik. Deskantsu garaian, desafioan hasten ziren baserritarrak eta horrela, laia lasterketa sortu zen. Gaur egun Artajonan eta Garesen urtero egiten da lasterketa hau. Hau guztia Luisfer Etxeberria goizuetarrak azaldu digu, Kulki enpresako bazkide batek.

Kultura eta kirola hitzen eta esanahien baturaz sortu zen Kulki enpresa pribatua 1998. urtean. Asier Lafuentek, Kulkiko beste bazkideak dioenez,"euskal kultura eta herri kirolak berreskuratu eta euskaldunei hurbiltzeko asmoz sortu zen ideia hau".
Asier eta Luisfer Hezkuntza Fisikoko ikasketak egiten ari zirela, artegatasun berdinak zituztela, eta proiektu bat aurkeztu zuten Akitania Euskadi Nafarroa Fondoan. Beka bat eman zieten eta joko eta kirolen jatorriak ikertzen hasi ziren. Ikastetxetan herri kiroletako saioak egiten hasi ziren, eta jarduera arrakastatsua zela ikusirik, enpresa bat bilakatu ziren.
Kulki eta bere bi bazkideen abiapuntua ondorengoa izan zen: kulturak herriari izaera eta nortasuna ematen badio, eta jokoak kulturaren zati garrantzitsu diren heinean, gizarteari jolasten erakutsi behar zaio eta bertako jolasak direnak eta izan direnak plazaratu behar dira. Joko eta kirol hauen plazaratzeak eta praktikatzeak, euskaldunen kultura aberastuko du. Umeek gainera ikusten duten guztia ikasten dutenez, joko hauek haurrei zuzenduak daude nagusiki.


Zergatik desagertu dira joko eta kirol ugari?

Asierrek adierazi digunez,"Euskal Herriko gizartea, nekazal gizarte izatetik, gizarte industrializatua izatera pasa zenean, ingurune guztia desagertu eta bizimodua aldatu zen. Honek eragin zuzena izan zuen joko hauetan. Fenomeno horrekin jolas hauek desagertzen joan dira. Egiten ditugun aktibitate hauek plazaratzeko eta praktikatzeko dira, jendeak baloratu egiten ditu eta bere kulturan barneratzen ditu. Horregatik sortu genuen Kulki, gizarteak ezagutza hauek ikas eta barnera ditzan. Historikoki Euskal Herriko kirol guztiak lan mundutik etorri dira eta kirol bilakatu. Herri kirol bilakatzearen arrazoi nagusia joko guztiek dema edo norgehiagoka izan dutela abizen da; norgehiagoka honek mantendu ditu bizirik, eta bakoitzaren abilezia neurtzeko izan dira beti. Kirol hauek helduek praktikatzen zituzten eta haurrek berriz, inguruan zituzten materialekin egiten zituzten jostailuak eta haiekin jolastu".

Asierren ustetan "bertako kultura eta kirolen oinordekotza jasotzeak badu bere garrantzia, hau ere bertako kulturaren zati bat baita eta euskal identitatearen parte bat. Haurrei beraz, gure jokoekin jolasten eta hauek bereganatzen ere erakutsi behar zaie". Asier eta Luisferrek bere gurasoek eman dieten aberastasuna dute, gurasoek erakutsi dizkiete joko eta ohitura asko. Horretaz gain ordea, lan etnografikoak aztertu dituzte. "Beste informazio iturri garrantzitsu bat jende nagusia da. Haiekin hitz egiten dugu eta joko eta istorio piloa kontatzen dizkigute. Altxor eta aberastasun izugarriak dituzte pertsona nagusiek. Plazaratzen garenean ere, hirugarren adineko jendea etortzen zaigu eta gauza ugari ikasten ditugu. Jendeak bere haurtzaroa oroitzen duenean gainera, normalean oroitzapen politak izaten dira eta hori gogoratzeko eta kontatzeko prest izaten dira beti. Luisfer eta biok beti ikasten eta informazioa biltzen ari gara" azaldu digu Asierrek.



Jostatzeko eskaintza zabala

. 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako jokoak izaten dira Kulkik eskaintzen dituen gehienak.
Hala ere, bere eskaintza askoz ere zabalagoa da. Herri Kirol lehiaketak adibidez, 12 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduak daude eta institutuetan nahiz herriko jaietan egiten dituzte.
Gurasoentzat ere jostailu zaharren erakusketa bat antolatzen dute. "Jostailu zaharrak berreskuratu ditugu; kortxo egur edo intxaurrez eginiko jostailuak erakusteaz gain, gurasoek ere seme-alabekin joko hauek egin ditzaketela da honen bidez zabaldu nahi dugun mezua" dio Asier Lafuentek. Azkenik betiko jostailuen tailerrak ere egiten dituzte umeekin. "Erakusketan dauden jostailuak egiten erakusten diegu. Ikastetxe eta udaletxeek erosten dituzte batez ere gure zerbitzuak" azaldu digu Asierrek.
Herri Kirol eta Artzai Jolasak, Herri Kirol eta Baserri Jolasak eta Herri Kirol Lehiaketak izenburupean, Kulkik Euskal Herriko edozein enparantza, eskola, frontoi edo txokotan iraganeko jolasak ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Ikusteaz gain, parte hartzeko aukera badute bertaratutakoek eta orain urte batzuk haurrek zituzten jostailuekin jolas dezake. Gune hauetan, laien gainean edo hankapaloen gainean lasterketak egiteko aukera badute. Lasto altxaketan parte hartu, orga txokoan ibili eta txingak altxatu. Bi orduko saioaren ostean, parte hartzaileek euskal jolasak eta kirolak ezagutu dituzte eta hau guztia jolasean. "Hasiera batean haurrak lotsatuta kanpo aldean geratzen dira baina lehenengoa gerturatu eta gero denak batera etortzen dira. Luisferrek eta biok haurrak gustuko ditugu eta oso ongi konpontzen gara. Partehartzea izugarria izaten da eta jakinmin handia izaten dute gaztetxo nahiz nagusiagoek" diosku Asierrek. "Egun komunikabidetan kirol batzu izugarrizko ohiartzuna izaten dute eta badira bestalde, kirol minoritarioak direnak eta hoien artean daude herri kirolak. Jendeak ikusi eta ezagutzen dituenean, oso atsegin ditu eta oso interesatuak egoten dira gaztetxoak"

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan