Katixa Garate
Anarkista bat atxilotu du Italiako poliziak, Milango Nekazari Bankuan eta hiriko tren geltoki nagusian lehergailu bana jarri izanaren susmopean. Polizia etxean hainbat ordu izan ostean, anarkistak bere buruaz beste egiten du seigarren solairutik jauzi eginez. Poliziaren arabera, ezustean gertatutako heriotza da. Betiere, poliziaren arabera izaten baita.
Horixe da Dario Fo Nobel saridunaren «Muerte accidental de un anarquista» antzezlanaren abiapuntua. Lanak 1921ean Estatu Batuetan izandako gertakaria du oinarri. Etorkin italiar bat atxilotua izan zen anarkista izateagatik eta bere buruaz beste egin «omen» zuen. Fo italiarraren obrak, ordea, 1970ean kokatzen du gertakizuna.
Milango Komisarian hainbat pertsonaia bilduko da anarkistaren «ezusteko» heriotza argitzeko: komisarioa, Pisani eta Bertozzo inspektoreak, ero bat, poliziaren agente bat eta, azkenik, Maria Feletti kazetaria.
Aitor Mazo sartuko da eroaren larrutan eta egun batzuk lehenago bertan gertatutako heriotza argituko du beste pertsonaia guztiei ziria sartuz eta botereak egiten dituen gehiegikeriak salatuz. Kike Diaz de Radak jokatzen du komisarioaren rola eta Asier Hormaza eta Ramon Ibarra dira Pisani eta Bertozzo inspektoreak, hurrenez hurren. Mikel Martinezek egiten du polizia agentearen papera eta Esther Remirok Maria Feletti kazetariarena. Zuzendari lanetan, aldiz, Pere Planella katalana aritu da.
Aitor Mazok gorpuzten duen eroak beste pertsonaia guztiak nahastuko ditu; izan ere, histrionismoa pairatzen du eta horrenbestez, hainbat pertsonaiaren larrutan sartuko da. Epaile, militar eta apaiz izango da. Hala, hankaz gora jarriko du bulegoa eta berarekin dauden beste pertsonaiak. Poliziak egindakoa estaltzen laguntzen ari dela uste dute besteek, kontrako guztia egiten ari den bitartean. Hori guztia eszenografia sinple batean, komisaria bateko bulego batean, non mahaia, idazmakina, leihoa eta aulkiak besterik ez dauden. Leihoko ikuspegia aldatzen den heinean solairuz aldatuko gara eta beraz bulegoz. Eta ikuspegi horretxek komiki itxura ematen dio, amaieran bereziki.
Umorea borborka dario Foren kazolari. «Muerte accidental de un anarquista» komedia politikoa izaki, boterearen gehiegikeriak azaleratzen ditu: tortura, poliziaren eta justiziaren gehiegikeri eta metodoak... Gizakiaren babes eza azken finean, kontzientzia politikoa badu batez ere. Baina horretarako Foren luma zorrotzak barrea erabiltzen du, hori baino gehiago sarkasmoa eta ironia. Baina horrek ez dio antzezlanari indarrik kentzen. Izan ere, hausnartzera bultzatzen du ikuslea, barre egiteko gogorik kendu gabe. Haur zirenean trenarekin nola jolasten zuten agertzen duten eszena barrez lehertzekoa da eta zer esanik ez himno anarkista italieraz abesten dutenekoa.
Aitor Mazok oso ondo betetzen du eroaren papera, pertsonaiaren komikotasuna izugarria da, indar handiko eroa sortu du eta ikusleak bere zakuan sartzea lortzen du. Asier Hormaza eta Kike Diaz de Radak ere inspektore harrosko eta enbusteroak gorpuzten asmatu dute. Taldeak orokorrean lan txukuna eta dibertigarria egin du eta horren adierazgarri da estreinaldian, hilak 11n, jaso zuen txalo zaparrada.
ELKARLANAREN FRUTUA.
Tentazioak Kataluniako Zitzania Teatre eta Teatre de Calaixekin elkarlanean ekoitzi du antzezlan hau. Kike Diaz de Rada Tentazioak ekoiztetxeko kideak adierazi digunez, hainbat kointzidentziren fruitu izan da «Muerte accidental de un anarquista»ren muntaia: «Fori 1997an Nobel saria eman ziotenetik, bere obraren bat taularatzeko gogoa genuen. Obra hau egin nahi genuen bereziki, bizitasun handia duelako. Gainera, azken hogei urteetan ez da obra hau muntatu Espainian. Kointzidentziak egon dira, Pere Planellak duela hogei urte muntatu zuen obra hau. Orduan berarekin lan egindako aktore batek berriz egiteko gogoa zuen eta baita guk ere».
Azkenaldian hainbat euskal antzerki taldek elkarlanaren bidetik jo du. Horren arrazoiaz galdetuta zera esan digu Diaz de Rada aktoreak: «Gastuak murrizteko modu bat da. Katalunian eta hemen eszenografia bera erabiltzen dugu adibidez. Batek zonalde batean egiten du eta besteak bestean. Gainera, guretzako zaila da obra baten emanaldiak Katalunian egitea, katalanez izan gabe».
Tentazioak klasiko garaikide baten aldeko apustua egin du oraingoan. Dario Foren «Muerte accidental de un anarquista» 1970ean idatzitako obra da, baina oraindik ere gaurkotasun handia duena. Gainera, eduki politiko oso argia du. Horren inguruan zera adierazi digu Kike Diaz de Radak: «Gustatzen zaidan obra bat da, oso obra konprometitua, kontzientziatua, baina ez du tonu sektariorik. Zera da, satira politikoa umorearekin, 30eko kabaretaren oinordekoa».
Gaur egun ez dira halako obra politikoak maizegi ikusten. Trantsizio garaian, euskal antzerki taldeak ugaltzen hasi zirenean, salaketa antzerkia maizago ikusten zen taula gainean. «Gaur egun gazte jendea da salaketa antzerkia egiten duena, gainera talde batzuk oso onak dira. Baina joera bat dute: egiten ari direnari garrantzi neurrigabea ematea». Hain zuzen ere, Foren obra honek hain arrakastatsu izateko duen gakoa honakoa da: mezu politikoa igortzen du, baina ez da manifestu aspergarri bat. Diaz de Radaren hitzetan, « testu hau herri antzerkitik oso gertu dago; sinpatikoa da, transzendentala izan gabe. Fo gizon erradikala da, konprometitua, eskubideen alde borrokatzen duena eta gainera dibertigarria».
IBILBIDE OPAROA.
Tentazioa 98an sortu zen eta Donostian du egoitza. Zazpi kide fundatzaileen artean produktoreak, gidoilariak eta aktoreak daude: besteak beste, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Julio Perugorria. Lourvier´s taldearekin elkarlanean egindako «LourvierÆstory», Triciclerekin muntatutako «Ez da hain erraza» eta Korrika 12ren baitan egindako «Komeriaka» lanen ostean, hau da taularatu duen azken antzezlana. Esan beharra dago konpainia honek ikus-entzunezko alorrean lan egiten duela halaber, «Ertzainak» telesaila eta «Ez gaude konforme» saio laburra egin ditu, esaterako.
Etorkizunari begira hainbat proiektu dute buruan. Antzerkiari dagokionean, Lourvier´s taldeko Oscar Terolekin antzezlan bat prestatzeko asmoa dute. Ikus-entzunezkoen arloan, aldiz, proiektuak zehaztu gabe dituzten arren, film laburren bat izango da tartean.
Mementoz, «Muerte accidental de un anarquista» izango dugu ikusgai. Urriaren 25ean euskarazko bertsioa estreinatuko dute Getxoko Antzerki Jaialdian eta ordutik aurrera Euskal Herriko txoko-bazter ugaritan ikusi ahal izango da
Pilar Iparragirre
Hondartza" zekarren mahaigainera 1971ko irailaren amaieran Luis Haranburu-Altunak, astero-astero idazten zuen bere "Euskal Mitologia" sailean. Eta hori, aurretik aitortu arren: "Ene zango iletsu eta meharrak, ez dute aspaldian eguzkiaren argirik ikusi. Ez dakit zein konplejo ezkutuak eraginda ez naizen aurtengoan hondartzara joan". Baina, nolakoa den pertsona, "Agian hargatik, hasia naiz hondartzaz pentsatzen, eta zenbaiterainoko jentaldeak harat doazen jabeturik, hondartzaren sekreto gordearen bila iharduki dut" aitortzen zuen idazleak.
BARANDILATIK BEGIRA
Nola ikusten ote zuen hondartzara joatea, haren hondarra zapaltzeko hain gogo gutxi erakutsitako gizonak? Bada, horrela: "Gorputz beztuak, aurpegi gorrixkak, mila gisatako gorputzak kiskaltzen, erretzen. Larruei bapainua darie, eguzkiaren bapainua. Hondar horia behean, eguzki bortitza goian, eta tartean zango, zoin, bular nagiak. Hondartza amets leku da; ameskeriaren toki. Oro da errea eta guzti da bero. Hondartzak aldare bat dirudi, eta han dautza gorputzak eguzkiari eskeiniak. Ofrenda handi bat da hondartza".
Ikuspegi bitxia, ez da hala? Halere gogoeta sakonagoak eragiten zizkion, horrela baitzioen jarraian: "Bizia eta beroaren arteko lotura klara da eta oso maiz aipatua, mendebaleko alkimia eta medizinaren historian zehar. Sua eta biziaren arteko ekuazioa Paracelso-ren sistimaren oinarri eta zutabe da. Paracelso-ren baitan suak bizia dakar eta bizia su da. Pentsaera hau oso errotua dakusagu Erdi Aro eta gerozko gizaldietan".
Aurrekoek izandako sinesmen haiek guztiak gogoratzea oso ondo zegoen, baina, ba ote parekorik une horretako hondartzazaleen artean? Bada, bai, dirudienez!
"Egun eta geure artean asko da eguzkiaren birtute osasungarrian sinesten duenik. Sarri entzuna dut, eguzkiak azala gogortu egiten duela eta gero neguan hotz txikiagoa izaten dela", zioen bipilki Haranburu-Altunak.
HONDARTZA, HERRIAREN OPIO
Sinesmen kontuaz aparte, eguzkitan egon eta bainua hartzeko asmotan itsasertzera hurbiltze horrek ba ei du bestelako ondoriorik ere. Hauexek: "Jendetza biltzen da hondartzan. Hondartzan hortzez gora datzanak, ez du agian aldameneko ezezagunaz hitz eginen, baina ezezagun eta jende estranio hoik laket zaizkio, bere pasibo egoeraren gordailu baitira. Hondartzan pertsona, multzo trokatzen da. Inor ez da norbera, jendetza baizik. Bata langilea izanen da, merkatari bestea eta beste hura burges. Baina denak nahasturik, beren larru arruntaz jantzirik, jendetza dira, masa bat osatzen dute". Alajaina! Sekula ikusi al duzue horrela zeuon burua? Nik ere ez, jakina. Bada, kontua ez zen hor bukatzen! Izan ere, hondartzan, Luis Haranburu-Altunaren ikuspegiz behintzat; "burgesa eta langilea ez dira nabarmentzen. Ugazaba eta proletarioa batera dautza, hondar berdinean etzanik", eta, beraz, "hondartza klaseen ukazioa dugu. Ez da hondartzan sozial gisako desberdintasunik nabari. Han suma daitezkeen berezkundeak biologia edo fisiologiaren mailakoak dira. Bata argala, bestea itsusi eta liraina hurrengoa".
Hots, larrugorritan geratuz gero, denak berdinak ematen dugula. Ahà baina, askok aurkakoa uste arren, hilerrian bezala, horretan ere izan badira bereiztasunak! Gorputza bera ere diruz alda daitekeela ahaztu zitzaion aztertzaileari! Bistan da, orduan ez zegoen modan liposukzioaren zera, eta agian masaje eta abarrena ere gutxi. Horrela bada, ez da erabat harritzekoa hark zioena: "Hondartzan, gorputza da nagusi. Gizartea eta bere desberdintasunak hondartzaren atarian gelditzen dira, jantzi eta poltsen gisara. Hondartza, gizartearen kontraesanetatik at dago". Egia ote? Bada, ez, antza! Izan ere, "funtsean eta nor beraren barne muinean azalezko sozializazio hori, benetakoaren itxura arlotea baizik ez da. Jendetzaren barnean gorderik norberaren baldintzak ukatzen ditugu". Kontuan eduki, beraz. Ondoko mezutxo hau ere bai, badaezpada: «Agian, hondartzako sozialismoa, balizko amets baten inurria dugu. Eta jakina, uda sasoian, hondartzan lortzen den gizarte leuna eta epela, klaserik gabekoa, neguak zapuzten du». Argi, bada!
Amaitzerakoan, oso zuhur izaten saiatzen zen Haranburu-Altuna: "Orain artekoa irakurri ondoren norbaitek pentsa dezake, hondartza begitan hartu dudala. Ala fede! Ez zezakean norbait horrek okerrago pentsa. Jatorra, bidezkoa, zuzena, ongarria... hori guztia eta gehiago deritzat hondartzari. Baina... Bakar bakarrik, eta udaitzanaren mugan, hauxe esan nahi nion irakurleari hasera haseratik: Agian, udako eguzkiaren argitan itxura alaiagoz ikusi duzu Euskal Herria. Behar bada pentsatua duzu Euskal Herria hondartza bat dela, osatua eta penarik gabea. Baina aski duzu hondartzatik bi pausoz aldaratzea, Euskal Herriaren aurpegi gaizto eta egoera tristeaz jabetzeko. Agian errealitatea itzalean datza. Han... eguzkirik ez den tokian. Nahiz euskaldunok bakantzak har, Euskal Herriak ez du oporrik"
Daniel Udalaitz
J oan den maiatzaren 1ean garbi ikusi zen ELA eta LABen arteko hausturaren irudia, euskal gizarteari hainbesteko onura ekarri dion zazpi urteko elkartasuna desagertu izanaren ondorioz. Haustura hori ez zen bat-batean etorri, eta, maiatzaren 1ean bakoitzak bere aldetik ateratako argazki horren aurretik, pixkana joan zen gauzatzen. Elkarrekin aritu ziren bitarte horretan, euskal sindikalgintzan indartsuenak diren bi sindikatu abertzale hauen arteko batasunak beste sindikatu txikiago batzuen ekintza batasuna eragin zuen, hala nola ESK, HIRU, EHNE edo EILASena.
ELA eta LABen arteko haustura horrek, bere baitan eta kanpora begira izan dituen eraginez gainera, ondorio garbiak izan ditu gainerako sindikatuetan ere, eta denak ari dira beren estrategiak berraztertzen, aurrerantzean egin beharreko aliantzen nondik norakoa erabakitzeko. Horietako bat EILAS sindikatua da, Hego Euskal Herriko irakaskuntzaren arloan garrantzi nabarmena duena. Sindikatu hau, dagoeneko, hasia da bere baitan eztabaidatzen egoera berrian egin beharrekoa, eta, arduradunek diotenez, "kokapen berria aurkitzeko eta bide egokiena hartzeko" baliagarri gertatzea da beren asmoa. Horrela ageri da "Cambio de agujas en el movimiento sindical vasco" (Euskal sindikalgintzaren urrats berriak) izeneko txosten luze batean. Txosten hori Javi Lozanok sinatzen du, eta beren "Eskola Publikoa" organo ofizialean argitaratu zen joan den ekainean, zeinak gai interesgarriak jorratzen dituen eztabaida horretarako gogoetari begira.
BATASUNAREN KRISIALDIA.
Lozanok ELA eta LABen arteko batasunaren krisialdia aztertzen du bere ikuspegitik. Dioenez, ETAk su-etena iragarri aurretik ere izan ziren krisialdi horren lehen aztarnak. ELAk abiadura handiagoa ezarri nahi izan zuen batasun horretan, hainbat arlo barnebilduz: antolamenduaren alderdi batzuk, fundazioak elkartzea, erresistentzi-kutxa bateratua osatzea eta abar. Ezartzen ari zen batasun ikuspegi horrek ikara eragin zuen LABen zuzendaritzan. Hausturaren bigarren eragilea LABek CCOOrekin sinatu zuen Funtzio Publikorako Ordainsarien Ituna izan zen. Itun hori asko kritikatu zuten ELA, ESK eta EILASek, bai edukiarengatik eta bai sinatzeko erabilitako prozedurarengatik.
Su-etena hautsi ondoren, Lozanok dioenez, ELAren eta LABen bideek elkarrengandik urruntzea besterik ez dute egin, bai "ETAren jarduera odoltsuari buruz" duten jarrera ezberdinean eta bai negoziazio kolektiboetan. Eta horren adibide garbitzat metalaren arloan gertatutakoa aipatzen du. ELAk bere alderdi errebindikatzaileena indartu zuen, nahiko egokiak irizten ez zitzaizkion akordioak sinatzeari uko egin zion eta mobilizazioak bultzatu zituen. LABek, aldiz, hainbat hitzarmen sinatu zuen UGT eta CCOOrekin batera.
Alderdi sozio-politikoetan, berriz, Lozanok dioenaren arabera, LAB guztiz nabarmen kokatu zen estrategia politiko jakin batean (apirilaren 10eko greba orokorra izan daiteke horren aztarna adierazgarriena). Jarrera horrek, bere iritziz, ezinezko egiten du bi sindikatuen arteko inolako elkartasunik, norabide politikoaren adostasun batean oinarriturik ez bada. Horregatik gertatzen da "LABen erabateko bakardadea esparru horietan". "Adostasunik gabe lan arloko aldarrikapenetan eta adostasunik gabe jokabide orokorrean, ez zuen inolako zentzurik batasun itxura formal hutsa ematen jarraitzeak".
EILAS-EN ZEREGINA.
Lozanok, lehenik, bere sindikatuak 98ko martxoan egindako VI. Biltzarra ekartzen du gogora. Bertan, sindikalgintza bi multzo nagusitan egotearen haustura aztertu eta "gezurrezko neutraltasunari" ihes egitea erabaki zuten. ELA-LABekin elkartzeko arrazoi nagusiak bi izan ziren. Batetik, erabaki esparru propioen aldeko jarrera hartzea EAEn eta Nafarroan, eta, bestetik, batasun horren jarrera aurrerakoia: mobilizazioa bultzatzeko gogoa, esparru sindikalaren geldotasuna astintzea, Ekimen Legegile Herrikoia -ELH- bezalako ekimenei bidea egiteko aukera, lanaldia murriztea edo enpleguaren banaketa.
Baina, dioenez, ez zituzten begiak estalita ELA-LABen arteko batasunak berekin zekartzan zenbait zailtasun ez ikusteko: "ELAk eta LABek irakaskuntzan, publikotasunarekiko orokorrean, eta euskal eskola publikoarekiko zehazki, duten ikuspegiak zer hobetu asko izan du betidanik, eta hala du oraindik ere"; sektore bakoitzaren bata bestearen aurkako irudia; subiranotasuna aurrerakoitasunez eta egoki erabiltzea ala ez; eta beste indar sindikal batzuen gai oso jakinak bazterrean uztea ala ez. Azken gai honi dagokionez, Lozanok gogora ekartzen du bere sindikatuak alderdikeriak alde batera utzi eta gai jakin bakoitzean CCOO eta UGTrekiko ahalik eta batasun mailarik handiena lortzen saiatzearen aldeko jarrera erakutsi duela.
Nolanahi ere EILASeko txostengileak gauza bat ikusten du nabarmen: ELA eta LABen arteko ekintza batasunaren ondorioz gauzatutako ekimen nagusiek -35 orduengatiko maiatzaren 21eko greba, ELHren eta oinarrizko soldataren aldeko jarduera iraunkorra- betiere "gure erabateko adostasuna izango zutela". Bere ustez ekintza horiek denak oso baliagarriak izan dira sindikatuen mugimenduaren geldotasuna hausteko, eta aire freskoa ekarri dute sindikalgintzaren berrikuntzarako, gizartearen eta elkartasunaren aldeko jokabideak indartuz. Adierazi duenez, antzeko zerbait esan daiteke ekintza sindikalaren beste esparru batzutan: laneko osasuna, emakumeen aldarrikapenak, presoen eskubideak...
Txostengilearen ustez, oso zaila da aliantzak ezarritako bidean bere sindikatuak zenbateko eragina izan duen jakitea. Tamainaren ezberdintasunagatik, sindikatu bakoitzaren zereginagatik... "kontua da, ELA eta LABek elkarrekin hartzen zituzten erabakien bidetik jo beharra genuela ezinbestean, aldaketa oso txikiekin". Errealitate horrek "bere ezaugarriak lausotzearen arazoa eragin dio" EILASi. Horrela, behin baino gehiagotan, "besterik gabe, blokearen alde bat gehiago bezala agertu gara gizartearen aurrean, beren bideak ezartzeko ELAk eta LABek izan dituzten baliabideak izan gabe. Eta horrek garrantzi handia izan dezake une honetan, hain zuzen ere irakaskuntzan, gure esparruan, geure ekimenak agertzeko garaian, garen bezala agertzeko eta pentsatzen duguna argi eta garbi adierazteko, geldotasun nabarmena sumatzen denean".
Mutur-muturreko polarizazio eta oldarkortasun politikoaren testuinguruan, dio Lozanok, "egiten genituen kritikek, sektore batetik bestera egindako erasotzat hartzearen ondorioz euskal gizartearen esparru batek errezeloz begiratzeko arriskuak edo alderdikeria areagotzeko arriskuak, esate baterako, oinarri sendoak zituztela ikusi da, eta ezin izan diogu ezberdintasun hauek eragindako irudi kolektiboari ihes egin»
Iosu Etxaniz
Irratian iraultza teknologiko berria gertatzen ari da. Ekoizpen sistema analogikoen ordez, tresna digitalak sartzen ari dira irrati estudioetan. Hauek azkarragoak eta seguruagoak izateaz gain, soinu kalitate bikaina eskaintzen dute. Irratietan suertatzen ari den digitalizazio prozesu honek, ordea, lan egiteko eta entzuteko ohiturak aldatzera behartuko gaitu, irratia zerbitzu anitzeko hedabide bihurtuko da-eta. Hala ere, batzuek irratiak berean jarraituko duela uste dute; hitza eta laguntasuna eskainiko duela, alegia.
Iritziak iritzi, aldaketak egunean-egunean gertatzen ari dira eta irratiak bere historian zehar erakutsi du garai berrietara egokitzeko malgutasuna duen hedabidea dela.
50eko hamarkadan, telebista agertu zenean, desagertu baino, espezializatu egin zen; eduki konbentzionalak uhin ertainerako geratu ziren, FMaren sorrerarekin irrati musikala jaiotzen zen bitartean. 80ko urteetan berriz, CDa sortu zen, entzuleek soinu sistema digital batekin izan zuten lehen harremana, eta irratiek beren binilo zaharrak aldatzeari ekin zioten. Gaurko erronka digitalizazioa da, bai ekoizpenean (zenbait emisoretan nahikoa aurreratua) zein entzunaldian (hargailu digitalak garestiak dira oraindik ere).
Estudio digitalen euskarri berriak
. Orain arteko sistema analogikoekin soinua lehenbizi kinada elektriko eta ondoren berriz ere soinu bihurtzen zen, prozesu mekaniko baten bitartez, eta bidean informazioa edo kalitatea galtzen zen. Digitalizazioak, aldiz, soinua sistema bitarrera (0 eta 1 zenbakien arteko konbinaketa multzoa) bihurtzen du; ondorioz, kalitatean aurrerapen handia eskaintzeaz gain sistema honek soinua erabiltzeko bide berriak zabaldu ditu. CD bat erabiliz, nahi dugun puntuan hasi edo moztu dezakegu abestia, diskoak aurrez programa daitezke eta LP zaharrek baino edukiera askoz handiagoa dute. Aurrekoaren barietatea den "DVD-Audio"an, berriz, talde edo kantari baten diskografia osoa gorde dezakegu eta minidisc delakoa oso erabilerraza suertatzen da prentsaurreko edota unitate mugikorretan, bere tamaina txikia dela-eta. Beste euskarri bat DATa da, ohiko kaseteen bertsio digitala.
Baina gainean eraman daitezkeen euskarri hauez gain, estudioetan disko gogorreko sistema digital indartsuak barneratzen ari dira. Asko dira, baina beraien kapazitate eta erabilpenei dagokienez, antzera funtzionatzen dute. Bertan emanaldian parte hartuko duten soinu guztiak (sintoniak, efektuak, abestiak, hitzak...) grabatu ostean, ordenagailuko nahasketa mahaiari esker nahi bezala nahastu, editatu eta erabiltzeko moduan geratzen dira. Lana errazteaz gain, sistema honekin muga bakarra langilearen sormen ahalmena da, eta ez, orain arte bezala, estudioaren ahalmen teknikoa. Gainera, kronika eta elkarrizketetan izaten diren akats eta hutsuneak igartzeko arriskurik gabe konpontzeko aukera dago. Azkenik, sistemaren ahalmenaren arabera, disko gogorreko memorian hainbat ordu grabatu -eta emititzeko- aukera dago, nahi bada eguneko 24 ordutan eta kontrolatzen inor egon behar izan gabe.
Informazio jarioa ISDN-z eta internetez. Zerbitzu Integratuen Sare Digitalak izenekoa (ISDN) telefono linearen antzekoa da, baina askoz datu kapazitate handiagoa jasan dezake eta datuok azkarrago bidaltzen ditu. Gainera, audioaz gain linea beretik bestelako informazio zabala garraia daiteke, guztia kalitate digitalaz.
ISDNaren laguntzaz, bestalde, gaur egun internet bidez irratsaioak eman eta jaso daitezke; horretarako ordenagailuak Real Audio bezalako programa bat eta soinu txartela besterik ez ditu behar. Horren inguruan, duela hiru urte Iruñean izandako Komunikazio eta Teknologia berriei buruzko V. Jardunaldietan zenbait ondorio atera zen. Internet zerbitzu eta hedabide berriei irekitako leihoa den neurrian, irratiek ere bertan egon behar dutela ondorioztatu zen. Emisorek sarean nabigatzea eta irratia entzutea ekintza bateragarriak izatea lortu behar zela adierazi zen kongresuan, errealitatean ez baita hori gertatzen.
Internetek, ondorioz, hainbat erronka aurkezten die irratiei, hala nola, nabigatzaile entzuleek programazioa kartara eta nahi dutenean aukeratu ahal izatea, edota sarerako bereziki prestatutako produktuak asmatu behar izatea.
Euskal irratiak eta erronka digitala. Emisoretan sistema digitalak nagusitu ondoren, hurrengo urratsa frekuentzia banda digitalaren ezarkuntza izan daiteke. Arazoa zera da, DAB izeneko banda berri honek ohiko AM eta FM ordezkatuko omen dituela, eta frekuentzia berrira igarotzeko baliabiderik ez duten emisore txikiak, gure kasuan euskara erabiltzen duten irrati gehienak, bazterturik gera daitezkeela.
Segurtasunik ez dakarren etorkizun honen aurrean, euskal irratiak eraldatze-prozesuan sartu dira; tresneria digitalak ekipo analogiko zaharrak ordezkatzen hasi dira eta hainbat emisore lokalek beren estudioak informatizatu dituzte, Gorlizko Irrati lokala, Tas-Tas eta Hala-Bedi irrati libreak, edota Bilbo Hiria zein Gure Irratia elkarte-emisoreak kasu. Aldaketa honek, besteak beste, soinu kalitatean hobetze nabarmena ekarri die, batez ere musika saioetan.
Digitalizazioak euskal irrati alternatiboei ekarri dien beste onura bat euren arteko artxibo elkartrukatzea erraztea izan da, betiko telefono eta kaseteak internetek eta RDSI linea bidezko artxibo bidalketek ordezkatuz. Horrenbestez, euskarri berri hauek inoiz baino informazio gehiago bidali eta jasotzea ahalbidetzen die gure irratiei.
Azkenik, lehenago ikusi dugun bezala, programak ordenagailuz grabatu eta nahi denean emititzeko aukera izateak irrati txikien betidaniko ametsa betetzea ekarri du: eguneko 24 orduetan emititzea. Kontuan hartu behar da horrelako irrati ez profesionaletan partehartzaileen ikasketa eta lan orduek zeharo mugatzen dutela programazioaren iraupena.
DAB frekuentziak, AM eta FM.
Estudioen digitalizatzeak emisore handi eta txikien arteko aldea murriztu duen bitartean, emisio digitalera heltzen garenean azken hauen desagerpena etor liteke. Ez bihar, baina bai agian etzi edo etzidamu. Aldaketa honek euskaraz aritzen diren irrati txikientzat ondorio nabarmenak izango ditu.
Batetik, Espainiako Estatuko irrati handiek guretzako deskonexioak egiteko aukera gehiago izango dute, baina orain artekoa ikusita ez diote euskarari tarte larregirik emango. Teknikoki ere gauzak ez dira oso errazak izango DABarekin, egin beharreko inbertsioak altu xamarrak izango direlako eta irrati lokal askok ezin izango dietelako aurre egin.
Teknologia berrien munduan ere, dena den, ate bat ixten bada leiho bat irekitzen dela esan ohi da, eta zailtasunei aurre egiteko eta desagerpena saihesteko irrati txikiek interneten laguntza izan dezakete. Irratiok edonondik beren mezua sarearen bidez zabal dezakete, interneteko "dial birtual" baten bidez. Honek gainera, informazioa mundu osora, oso koste baxuaren truk eta modu errazean hedatzeko aukera eskaintzen du, ordenagailua, audio programa eta soinu txartela besterik ez baitira behar. Esandakoa, FM desagertu eta DAB nagusi denean honen hizkuntza ia bakarra gaztelera (edo frantsesa) bada, euskal irratien geroa sarean aurkituko dugu.
Gorka Etxebeste, Euskadi Irratiko albistegi arduradunak irrati honen sare informatikoa digitalizatzen 1996ko martxoan hasi zirela dio, Donostiako Miramongo estudio berrietara aldatu zirenean, hain zuzen. Hortik aurrera irratian iraultza teknologikoa bizi izan dute, betiko kasete eta bobinak alboratu eta euskarri digitalak erabiltzen hasiz.
Euskal Herriko etorkizuneko irratigintza dela-eta, bere iritziz, "estudioak eta euskarriak digitalizatu ostean, urte batzuk barru frekuentzia digitalerako lizentziak luzatuko dira, baina bertan ez da irrati guztientzako lekurik izango, lizentziok mugatuak izango direlako. Hala ere, FM eta AMko irratiak inoiz desagertzekotan urte asko igaro beharko dira, denbora luze horretan egoerak berean jarraituko baitu".
FM eta AMk luzaroan gurekin jarraituko badute ere, Gorka Etxebestek frekuentzia digitalek abantaila anitz dutela aitortzen du: "Hondarribitik Gasteizera autoz bidaiatuz gero ez da bospasei aldiz diala mugitu beharko, kalitatea askoz hobea izango da eta irratien arteko elkarlanerako aukera asko zabalduko dira"
Ainara Iraeta
Bi laia hartu eta haien gainean ibiltzeko frogarik egin al duzue inoiz? Ez da batere erraza. Laia baserrietan lurra mugitzeko erabiltzen zen, eta oraindik toki gutxi batzutan erabiltzen den tresna da. Lurra altxatzeko eta iraultzeko erabiltzen dute baserritarrek. Burdinazkoa izanik, laiak bi punta zorrotz ditu eta hezten hauek lurrean sartu eta higituz, lurra mugitzen da eta palanka eginez, baserritarrek lurra altxatzen dute. Benetan lan gogorra da, mugitu behar den lurraren azalera kontutan izanik. Deskantsu garaian, desafioan hasten ziren baserritarrak eta horrela, laia lasterketa sortu zen. Gaur egun Artajonan eta Garesen urtero egiten da lasterketa hau. Hau guztia Luisfer Etxeberria goizuetarrak azaldu digu, Kulki enpresako bazkide batek.
Kultura eta kirola hitzen eta esanahien baturaz sortu zen Kulki enpresa pribatua 1998. urtean. Asier Lafuentek, Kulkiko beste bazkideak dioenez,"euskal kultura eta herri kirolak berreskuratu eta euskaldunei hurbiltzeko asmoz sortu zen ideia hau".
Asier eta Luisfer Hezkuntza Fisikoko ikasketak egiten ari zirela, artegatasun berdinak zituztela, eta proiektu bat aurkeztu zuten Akitania Euskadi Nafarroa Fondoan. Beka bat eman zieten eta joko eta kirolen jatorriak ikertzen hasi ziren. Ikastetxetan herri kiroletako saioak egiten hasi ziren, eta jarduera arrakastatsua zela ikusirik, enpresa bat bilakatu ziren.
Kulki eta bere bi bazkideen abiapuntua ondorengoa izan zen: kulturak herriari izaera eta nortasuna ematen badio, eta jokoak kulturaren zati garrantzitsu diren heinean, gizarteari jolasten erakutsi behar zaio eta bertako jolasak direnak eta izan direnak plazaratu behar dira. Joko eta kirol hauen plazaratzeak eta praktikatzeak, euskaldunen kultura aberastuko du. Umeek gainera ikusten duten guztia ikasten dutenez, joko hauek haurrei zuzenduak daude nagusiki.
Zergatik desagertu dira joko eta kirol ugari?
Asierrek adierazi digunez,"Euskal Herriko gizartea, nekazal gizarte izatetik, gizarte industrializatua izatera pasa zenean, ingurune guztia desagertu eta bizimodua aldatu zen. Honek eragin zuzena izan zuen joko hauetan. Fenomeno horrekin jolas hauek desagertzen joan dira. Egiten ditugun aktibitate hauek plazaratzeko eta praktikatzeko dira, jendeak baloratu egiten ditu eta bere kulturan barneratzen ditu. Horregatik sortu genuen Kulki, gizarteak ezagutza hauek ikas eta barnera ditzan. Historikoki Euskal Herriko kirol guztiak lan mundutik etorri dira eta kirol bilakatu. Herri kirol bilakatzearen arrazoi nagusia joko guztiek dema edo norgehiagoka izan dutela abizen da; norgehiagoka honek mantendu ditu bizirik, eta bakoitzaren abilezia neurtzeko izan dira beti. Kirol hauek helduek praktikatzen zituzten eta haurrek berriz, inguruan zituzten materialekin egiten zituzten jostailuak eta haiekin jolastu".
Asierren ustetan "bertako kultura eta kirolen oinordekotza jasotzeak badu bere garrantzia, hau ere bertako kulturaren zati bat baita eta euskal identitatearen parte bat. Haurrei beraz, gure jokoekin jolasten eta hauek bereganatzen ere erakutsi behar zaie". Asier eta Luisferrek bere gurasoek eman dieten aberastasuna dute, gurasoek erakutsi dizkiete joko eta ohitura asko. Horretaz gain ordea, lan etnografikoak aztertu dituzte. "Beste informazio iturri garrantzitsu bat jende nagusia da. Haiekin hitz egiten dugu eta joko eta istorio piloa kontatzen dizkigute. Altxor eta aberastasun izugarriak dituzte pertsona nagusiek. Plazaratzen garenean ere, hirugarren adineko jendea etortzen zaigu eta gauza ugari ikasten ditugu. Jendeak bere haurtzaroa oroitzen duenean gainera, normalean oroitzapen politak izaten dira eta hori gogoratzeko eta kontatzeko prest izaten dira beti. Luisfer eta biok beti ikasten eta informazioa biltzen ari gara" azaldu digu Asierrek.
Jostatzeko eskaintza zabala
. 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako jokoak izaten dira Kulkik eskaintzen dituen gehienak.
Hala ere, bere eskaintza askoz ere zabalagoa da. Herri Kirol lehiaketak adibidez, 12 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduak daude eta institutuetan nahiz herriko jaietan egiten dituzte.
Gurasoentzat ere jostailu zaharren erakusketa bat antolatzen dute. "Jostailu zaharrak berreskuratu ditugu; kortxo egur edo intxaurrez eginiko jostailuak erakusteaz gain, gurasoek ere seme-alabekin joko hauek egin ditzaketela da honen bidez zabaldu nahi dugun mezua" dio Asier Lafuentek. Azkenik betiko jostailuen tailerrak ere egiten dituzte umeekin. "Erakusketan dauden jostailuak egiten erakusten diegu. Ikastetxe eta udaletxeek erosten dituzte batez ere gure zerbitzuak" azaldu digu Asierrek.
Herri Kirol eta Artzai Jolasak, Herri Kirol eta Baserri Jolasak eta Herri Kirol Lehiaketak izenburupean, Kulkik Euskal Herriko edozein enparantza, eskola, frontoi edo txokotan iraganeko jolasak ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Ikusteaz gain, parte hartzeko aukera badute bertaratutakoek eta orain urte batzuk haurrek zituzten jostailuekin jolas dezake. Gune hauetan, laien gainean edo hankapaloen gainean lasterketak egiteko aukera badute. Lasto altxaketan parte hartu, orga txokoan ibili eta txingak altxatu. Bi orduko saioaren ostean, parte hartzaileek euskal jolasak eta kirolak ezagutu dituzte eta hau guztia jolasean. "Hasiera batean haurrak lotsatuta kanpo aldean geratzen dira baina lehenengoa gerturatu eta gero denak batera etortzen dira. Luisferrek eta biok haurrak gustuko ditugu eta oso ongi konpontzen gara. Partehartzea izugarria izaten da eta jakinmin handia izaten dute gaztetxo nahiz nagusiagoek" diosku Asierrek. "Egun komunikabidetan kirol batzu izugarrizko ohiartzuna izaten dute eta badira bestalde, kirol minoritarioak direnak eta hoien artean daude herri kirolak. Jendeak ikusi eta ezagutzen dituenean, oso atsegin ditu eta oso interesatuak egoten dira gaztetxoak"
Joxemi Saizar
Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea (EIRE) 1999an sortu zen Euskararen Unibertsoaren mugimenduaren bidetik. Erreferente teorikoa hori izanik, EIRE sortzeko beharra ikusi zuten orduan zenbait irakaslek komunikazio tresna bat izateko eta bakoitzak bere unibertsitatean euskararen garapenaren alde lan egiteko. Euskararen garapen osoa eta eutsigarria dute helburutzat. Bide horretatik, urtero unibertsitate bakoitzean euskarak duen egoera aztertzea izan dute lanetako bat. Baina etorkizunera begira gogoeta sakonagoaren beharra ikusi dute. Euskarazko unibertsitatea klaseak euskaraz ematera ez dela mugatu behar uste dute. Euskarak ikerkuntzan, kudeaketan eta egitura guztietan bere presentzia eduki behar duela diote. Hori dela eta Eukon deritzon kongresua antolatu dute. Arlo guztietako eta unibertsitate desberdinetako irakasleak bilduko dira Bilbon Bizkaiko Batzar Nagusien aretoan irailaren 27 eta 28an.
Kongresuak bi eduki mota izango ditu: alde batetik kanpotik (Katalunia, Flandes, Europako hizkuntza komunikate txikiak) eskatu diren txostenak, eta bestetik Euskal Herriko txostenak. Horien artean lau alor espezifiko batekoak (Teknika eta Teknologia, Osasun zientziak, Giza eta Gizarte zientziak, Natur Zientziak) dira eta besteek euskararen historia unibertsitatean eta gaur egungo egoera aztertuko dute datu asko emanez. Azken lan hau EIREko zuzendaritzak burutu du. Joxe Azurmendik eta bere taldeak gogoeta orokorragoa aurkeztuko du. 40 txostengiletik gora izango dira guztira. "Euskararen Unibertsoak diskurtsoaren berrikuntza suposatu zuen eta orain kongresu hau erreferentzia izatea espero dugu", adierazi digu Iñaki Zabaleta talde antolatzailearen ordezkariak. Orain arte euskararen egoeraren inguruan bildu dituzten datuak gaindituta geldituko direla erantsi digu. Kalitatezko kongresua espero dute antolatzaileek. Guztira 20 komunikaziotik gora izango dira kongresuan, partaide zerrenda itxi egin da aretoa bete delako eta itxaron zerrenda zabaldu dute.
Hogei urteko epea.
Lanerako bi epe jarri dituzte antolatzaileek: epe erdia (5 urte) eta epe luzea (2021). Epe horietan euskararen egoera zein izan daitekeen aztertzen ahaleginduko dira kongresuan. Gaur egun, zenbait alorretan (Giza eta Gizarte Zientziak) euskarak garapen franko ezagutu badu ere, beste zenbait alorren egoera ez da hain positiboa, Teknika, Teknologia eta Osasun zientzietan adibidez. "Zientziako esparruetan hori gertatzea normala da. Beste hizkuntzei ere gertatzen zaie. Informatika munduan gaztelania inglesaren menpe dago gai askotan" esan zigun Zabaletak. Garapen hori lortzeko giza aldetik eta diru aldetik baliabide gehiago behar direla uste dute antolatzaileek.
Kongresuan aurkeztuko diren lanen aurrerapenik ez digu eman Zabaletak, baina adibidez UEUren funtzioa eta etorkizuna jorratuko dela badakigu. Kongresuaren ondoren datu ugari eduki ahal izango dugu. Gainera EIREko antolatzaileek kongresuaren ondorio nagusiak aterako dituzte, partaideek bozkatu eta onartzeko, hala badagokio.
Antolaketak babes akademiko ugari jaso ditu zenbait laguntzaileren aldetik, UPV-EHUko bederatzi departamendu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi departamendu; eta babesle finantzario gisa Mondragon Unibertsitatea, UEU, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskadiko Kutxa, EHUko Medikuntza Fakultatea eta Osasuna Euskalduntzeko Erakundea agertzen dira. Laguntzaileak dira bestalde, Deustuko Unibertsitatea, Bilboko Udala, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultatea.
Kongresuaren aurretik, eta berarekin lotuta nolabait, bi mahainguru ere izango dira Bilboko areto berean. Irailaren 25ean ikasleen ordezkariak "Ikasleak etorkizuneko irakasleak" gaiaz arituko dira eta 26an hezkuntza ez unibertsitarioko ordezkariak arituko dira euskal unibertsitateaz pentsatzen dutenaz mintzatzen.
Unibertsitate Legea dela eta Madrilgo eta Gasteizko Gobernuak eztabaidan ari diren honetan, EIREko ordezkariek argi dute Madrilgo proiektuak bere asmoak aurrera ateratzeko eragin negatiboa duela, "unibertsitatea deszentralizatu eta euskaldundu behar delako eta Madriletik alderantzizko bidea proposatzen dute". Hori ekiditeko Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroako Foru Erkidegorako lege propioaren alde agertu dira kongresu honen antolatzaileak l
Iñigo Bidetxea
Aski ezaguna da nazioartean Donostiako Zinemaldiak duen garrantzia, Bette Davisek glamour-a eman zion behin, beste hainbestek eman dioten bezala. Robert Aldrich zuzendari bikainak ordea, «Whatever happens to Baby Jane?» zintan, Davisen bestelako izaera biluztu zuen, zakarragoa, libreagoa, iraultza maitatzen zuena. Sail Ofizialean zeluloidezko bitxiak aurkitu ditzakegu, baina Donostiako Zinemaldiak badu bestelako izaerarik, ziztatzaileagoa dena, alegia.
Zizta egiten duenak Zabaltegi Saila izena darama, harro. Askatasuna du ezaugarri nagusitzat. Formatu, iraupen, estilo eta genero desberdinetako pelikulak programatzeko librea da. Zentzu orotan berriena den zinea ikusteko parada ematen die zinezaletuei. Dudarik gabe, ikusle bizienen eta kritikari zorrotzenen arreta erakartzen du. Horrelakoa da Zinemaldiaren aurpegi ezkutua, beste nazioarteko zinemaldietan aurrez aurkeztutako film onenak, zinegile berrien emaitza interesgarrienak eta epaimahai ofizialeko kideen azken lanak dira gozagai.
FRESKOTASUNAREN BILA.
Zabaltegi Sailaren barne, Zuzendari Berriak Sariak distira eta bereziki freskotasuna mantentzen du. Spielbergen Indianak galdutako kutxa bilatzea lortu bazuen, Zinemaldiko arduradunek beste hainbeste espero dute. Honetan, aurkeztutako lan guztiak egileek filmatutako lehenengo edo bigarren pelikulak behar dute izan. Aurten aurkeztutakoek badute oro har ezaugarri beretsurik, adibidez, hiri guztiz ezberdinetan baina funtsean oso antzeko arazoak dituztenetan, bizirik irauten saiatzen den jendearen erretratuak dira ikusgai. Generoko izenburuekin ere egiten dugu topo, badira zientzi fikziozko abenturak, epikoak, fantastikoak eta nola ez, zinema esperimentala. Espainiako zinemak garrantzizko presentzia du aurtengo lehiaketan, "Salvajes", "Stranded-Naufragos" eta "Un perro llamado dolor" elkarrekin lehiatuko dira; gainera, Espainia aurkeztuko diren beste bi filmetako ekoizkide ere bada: "El sueño del caimán" pelikularena Mexikorekin eta "Vidas privadas"ena Argentinarekin.
Zuzendari berriek ez dute Hollywood edota Cannesen onespenik espero, beraien lana ikusgai izatea da duten helburu bakarra. Ray Lawrence, Ineke Smits, Asif Kapadia, edota Srdan Golubovic, izen ezezagunak dira, baita "Autrement", "The Bank", "Last Ball" edota "Elling" filmak ere. Agian ez dira zinema areto askotan estreinatuko, Zinemaldia eta gero makina bat ahaztu egingo dira, baina ez dudarik izan gehienak, gure ahotan izango direla etorkizunean. Guztiok ezagutzen ditugu zinegile klasikoak, Kapra, Donnen, Ford, Ray, Hawks... miresten ditugu, baita aipatu lehiaketan parte hartzen dutenek ere. Callahan zuzendari ezezagun estatubatuarrak ordea ironiaz erantzungo lizuke galdetzen ausartzeaz gero... "Gu hemen gaude eta gure garaia da, nor da Billy Wilder?".
EZEZAGUN EZAGUNAK.
Zuzendari berriak ezezagunen askatasunaz baliatzen dira, independentziaz jokatzeko ez dute arazo handiegirik (diruaren eskasiarena alde batera utzita, noski) eta ekoiztetxeen tentakuluak saihesteko gai dira nahiz eta hauek, beraien bizkar zuri-garbiak zaintzeko prest agertu.
Hala ere, deitura ezezagun horien atzean badira ospeaz gozatzen dutenak, hauek aztertuko ditugu:
Christophe Otzenberger
Frantziako dokumentalista bikain eta konprometituaren lehenengo film luzea da «Autrement». Gizartearen aurrean mesfidati agertu izan da beti, bere esanetan, gizakien jokabidea ulertzea zaila egiten zaio. Hori horrela, 1999an "Fragments sur la misére" zinta apartekoa filmatu zuen, giza jokabideei kritika zorrotza eginez.
Droga edukitzeagatik atxilotuak izan diren hiru aktoreren istorioa kontatzen digu Otzenbergerrek bere azken lanean. Nekazari gune batean lan egitera behartuta, elkarren kontra dauden bi mundu ezberdin erakusten dira aipatu filman.
Robert Connolly
Australiako zine ekoizle ospetsuenetakoaren lehen lana zuzendari gisa. Ohikoa izaten da gidoilariak edota aktoreak zuzendaritzara jauzi egitea baina ez horrela ekoizleak. Thriller politikoa aukeratu du Connollyk bere lehen lanerako. ABC telebista kateko zenbait telesailetako zuzendari izandakoa, "The bank» pelikula, Arenafilm ekoiztetxearen laguntzaz filmatzea lortu du Melbournen. Lanerako grina erakusten du eta baikorra da erabat, filmaketan arazoak sortuz gero. Aktore eta talde teknikoak, lanerako giro aproposa sortzen duela diote.
Petr Vaclav
Vaclaven bigarren luzea da hau, «Paralelni Svety», orain bost urte egin baitzuen debuta "Marian" film txalotuarekin. 1999an "Praha Ocima" zuzendu zuen, 100 minutuko drama, aktore lanetan Lawrence Côte eta Karel Roden aritu ziren eta Vaclavekin batera, Martin Sulik eta Vladimir Michalek-ek filmatu zuten zinta. Ez zuen arrakastarik izan baina kalitatezko lana burutu zuen. Oraingo honetan, bi gazteren arteko maitasun harremana kontatzen du, bikotea beraien bizitzak apurka-apurka banatzen ari direla ohartzen da, nahiz eta elkar maitatzen jarraitzen duten.
Gizakien arteko harreman honekin Txekiako Pilsengo Zinemaldiko Sari Handia irabaztetik dator.
Tomas Gislason
Lars Von Trier zuzendari aski ezagunaren muntatzailea da Gislason. Berak idatzi, zuzendu eta muntatutako lan esperimentala da «Point of view». Dogmaren legeak ezarri zituen zuzendaria izan du lagun filmaketan eta elkarrekin lortutako emaitza, bikaina izan da oso. Kalifornian zehar egindako "road movie" gisa egituratua dago eta bertan, hiru pertsonaiaren istorioa kontatzen da. Bitarteko gutxirekin filmatu zuen Gislasonek hiru hilabetetan. Dogmaren menpekoa ote?
Luna
2025ean Martera egiten den bidaldia kontatzen du Lunak, «Naufragos» pelikulan. Aktore ezagun eta bikainak bildu ditu lan honetarako, besteak beste, Vincent Gallo, Maria de Medeiros eta Joaquim de Almeida ikus ditzakegu pantaila erraldoian. Espainiako zinemaren ustekabe atsegina izan da Lunaren azkena. Hollywood eta Lanzaroten ingelesez filmatuta dago, beraz, ekoizpen aldetik ahalegin berezia egin dutela nabaria da, horren ardura "Dolores Pictures" ekoiztetxeak hartu du.
Hauek lagin bat besterik ez dira, zinemak ezkutatu egin ditu bere zeluloidezko kamerinoen atzean, publikoarentzat ikustezin bihurtu dira eta nazkatuta erabat, erabaki irmoa hartu dute. Ez dira John Wayne-ren bizkarra miresten geldituko, agian ordua iritsi da cowboy zaharkituari aurre egin eta errebolberra ateratzeko. Tiro egiteko gai izango ote dira?