Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
Einsteinen antzera, laborategian sartuta ematen dute goiza aita-alabek. Baina ipuinetan bezala, goxokizko oinarria du Arzaktarren fabrikak. Bertan esperimentatzen dituzte asmakizunik irudimentsuenak: karamelozko kabiak, patatazko akordeoiak, datilekin egindako txistorrak... Janariei forma ezinezkoak ematen dizkiete, kontrako zaporeekin konbinatzen dituzte eta eskultura bihurtuta aurkeztu. Elkarrizketarik dibertigarriena egin zaigu: platerak eta galderak nondik ekin pentsatu, atalka desmontatu, eta ahoan urtzen utziz. Zuei ere guri bezain aho-zapore ona utziko dizuelakoan, on egin!
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Zeintzuk izan dira zuen liburu honen nondik-norakoak?
Miren Azkarate EUTGn hasi zen, 1971n, Letretako karrera ikasten (artean ez zen Euskal Filologiarik). Bost urteren buruan nota disdiratsuz karrera bukatu, Seminarioan urtebetez irakaskuntzan aritu eta EUTGra itzuli zen, 10 urtez irakasle izatera. Oso emankorrak izan zitzaizkion urte haiek: Mitxelenaren gidaritzapean tesia egin zuen eta liburu honen oinarriak eraiki zituen, azken hiru urteetan Euskal Morfologia ikasleei azalduz.
Eta noiz hasi zen zuri dagokizun parte hartzea?
Miren Azkaratek EUTGtik alde egin zuenean, ordezkorik utzi gabe. Nork emango hurrengo urteetan Euskal Morfologia? Besterik ezean, niri sorbaldaratu zidaten. Ordu txarrean, ez baitzen liburuetan gai horren laburpenik! Iruditu zitzaidan hoberena nuela Mirenen beraren eta bere ikasle argi izaniko Esther Zulaikaren apunteetaz baliatzea, ez nuela inon laguntza hoberik aurkituko. Mundu hartan ordurako sartuak zirenek oroituko dira zein tristea zen liburuen eta materialen egoera, horrelako ikasgaiak euskaraz irakatsi behar zituztenentzat. Hutsune hura betetzera dator liburu hau, eta irakasleek ez dute gaurdanik laguntza txikia somatuko.
Nori bururatu zitzaion liburua egitearena?
Niri. Hirugarren urterako jada gaiaren jabe hobekixeago egina nintzen. Are, ukitu bat eman eta ordenagailuz pasa nituen apunteak, faltan ematen nituen literatura zaharreko aipamenez osatuz. Eta halako batean, Mireni deitu eta esan nion: "Uste dut zeure apunte hauek biribildu eta liburu polita eta oso beharrezkoa atera dezakezula". Eta Mirenek aintzat hartu zuen nik esanikoa.
Mikel Asurmendi
Espainiako Unibertsitate Legearen aurreproiektuari aurre egingo dion beste Unibertsitate Lege proiektu bat iragarri berri duzu. Azalduiguzu ekimena, mesedez.
Gauzatu nahi dugun proiektua Espainiakoaren bi ardatzen kontra joatea nahi dugu. Batetik, Konstituzioak unibertsitateari onartzen dion autonomia barruan bere politika burutu dezan. Oraingo legea arau txikietan sartzen da eta ez du autonomia errespetatzen. Bestetik, Espainiako Unibertsitate proiektu berriak ez du aintzakotzat hartzen EAEk alor horretan dituen eskuduntzak. Gainera, Madrileko Gobernuak bere lege proiektua onartu ondoren (Madrileko Gortetan izapideak egiten dituen bitartean) gure unibertsitateak ezin die bere erronkei erantzun. Espainiako legearen aldaketarik eman ezean, gure unibertsitate propioa garatzeko Legebiltzarrean geure proiektua aurkeztu behar dugu ezinbestean.
Nola burutu nahi duzu egitasmo hori?
Unibertsitate guztien premiei erantzuteko, EAEko unibertsitate publikoa, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean aritzeko konprometitu naiz. Urte honen amaierarako lege proiektu propioaren zirriborroa prestatu eta urte hasieran Euskal Legebiltzarrera bideratu nahi dugu bertan erabaki dadin.
Baina, azken finean ekimenak egungo ordenamendu juridikoarekin topo egiten badu, ez duzue Lege propioa aurrera ateratzerik izango.
Gobernuaren hauteskunde programan agertzen denez, egun dugun autogobernu mailan aurrera egin behar dugu; Gernikako Estatutuaren eskuduntza guztiak bete beharko lirateke. Une honetan dugun autogobernu maila erasotua izan da oinarrizko legeen bitartez, eta egoera honi buelta eman behar diogu. Finean, herritarren borondatea harantzago joatea denez gero (Gobernu honen programak dioenez) guk herri honen burujabetza bidean bultza egin behar dugu. Gu ez gara abertzale arrazoi erromantikoengatik. Ongizatean sinesten dugunok autogobernuaren eskuduntzak ezinbestekotzat jotzen ditugu herri orekatuago eta libreago bat izateko.
Demagun Unibertsitatearen autogobernuan sakontzeko lege propio hori Legebiltzarrak onartzen duela. Madrileko Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean helegite bat aurkeztuko du eta betikoan egongo gara.
Guk ere badugu Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztea, baina egia da, Madrileko Gobernuak «hogeita hamaika» eskutik ditu. Espainiako Gobernuak auzitegi horretan suspentsioa eskatzeko gaitasuna duelako, sakoneko iritzia eman aurretik. Aitzitik, guk helegitea aurkezteko eskubidea daukagu, arrazoi emango digute edo ez, baina ez daukagu suspentsioa eskatzeko gaitasunik.
EAEn eman den testuinguru politiko berriarekin ba al dago aurre egiteko aukerarik?
Gatazka politikoa sortzea badugu behintzat. Bere gordintasunean esanda, gatazkak ez gaitu beldurtu behar. Alderantziz, gatazkak bere oneritzia lortuko duen heinean, Legebiltzarraren gehiengoak onartzen duen heinean, gatazka beharrezkoa ikusten dut. Elkarrizketan oinarrituta eta denon arteko adostasun zabalean gauzatua betiere. EAn eta Euskal Gobernuan hortik abiatuta beste marko juridiko batera joateko konprometitu gara.
n Errealistak izanik zein mailan jarri daiteke marko juridiko berria?
Hasteko herriaren gehiengoak nahi duen mailan. EA nire alderdia independenziaren aldeko izanik ere, guk gehiengoaren erabakia errespetatuko dugula diogu. Gure autogobernuari eta gure legeei edozein eraso egiten zaion mementutik gure proiektu propioa aurkeztuko dugula ere esaten dugu. Esaterako, Unibertsitatearen kasuan Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dugun lege proiektu hori egiteko, ditugun eskuduntzetan oinarrituko gara, estatutuan kontenplatzen diren eskuduntzetan. Unibertsitatearen arloan elkarlan bat egin behar dugu, eta Europa mailan egin ere. Guk ez dugu sinesten autarkian. Elkarlanean aritzeko prest gaude baina ez inoren erasorik onartzeko.
Europa aipatu duzu. Euskal irakaskuntzan lau hizkuntza ikasi beharra adierazi duzu berriki. Artean, euskara bera ez da ongi garatua gure irakaskuntzan.
Gizarte normalkuntza lortzen ez dugun heinean, zaila da hizkuntz normalkuntza lortzea. Euskara ez da guztiz garatua irakaskuntzan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzatik ahalegin berezi bat egin da azken urteotan eta emaitzak onak dira. Euskara asko garatu da hezkuntz sistemaren bitartez, eta beste bi belaunaldietan euskalduntze prozesua sendotuko da EAEn. Eleaniztasuna bultzatzeko konpromiso bat hartu dugu Eusko Jaurlaritzan. Horrek ez du esan nahi euskarari buruz egin diren ebaluaketa guztiekin konforme gaudenik. Edozein kasutan, nik ez dut sinesten elebakartasunean, eleaniztasunean sinesten dut Europako Batasunean mugitzeko eta enplegu munduan aukera gehiago izateko.
Politikaren gordinera etorriz. AABk presoek eta bere senideek jasaten duten sakabanaketa politikaren konplizeak izatea leporatzen diote EAJ eta EAri.
Sakabanaketaren ardura EAri aurpegiratzeak ez du hanka ez bururik. EA betidanik izan da presoen sakabanaketaren kontra, presoen eskubideak eta bereziki bere senitartekoenak bortxatzen dituelako. Senitartekoek ez dute inolako lege hausterik egin, ez dute indarkeriarik bultzatu. Salaketa orokor hauek ezjakintasunean egindako salaketak dira. Sakabanaketarekin bukatu behar dugu behin betirako eta horren alde izango gaituzte beti.
Batasunak Mayor Orejak nahiko lukeen errepresio politikaren aliatuak izatea ere aurpegiratu dizue, horretarako Ertzaintza erabiliz.
Ez nator bat iritzi horrekin, herri honetako normalkuntza politikoa ez delako soilik bide polizialetatik etorriko, neurri politikoak beharrezkoak dira herri honetan bakea sendotzeko. Hala ere, edozein indarkeri espresio burutzen den neurrian edozein polizia demokratikok bere lana egin behar du. Legea hausten dutenen kontra aritu behar du Ertzaintzak. Bizitza eskubidea oinarrizko eskubide bat da eta edozein poliziak edozein pertsonaren aurkako erasoa saihestu behar du. Poliziaren betebeharra hori izanda ere, horrekin ez da konponduko hemengo arazoa, konforme. Arazoak sustrai politikoak ditu, eta honelako arazo baten aurrean neurriak ez dira mugatu behar bide polizialera ez errepresibora bakarrik. Eusko Jaurlaritzak ez du holako politika bultzatzen eta gaiari bere orokortasunean ekiten dio. Zer nahi du Batasunak, bide poliziala albo batera uztea batzuek indarkeria erabiltzen duten bitartean?
Zeregin horretan poliziaren tortura salatu ohi da. Zuk espainol polizien eta Ertzaintzaren arteko betebeharra ezberdinduko al zenuke?
Hasteko, onartezina da atxilotuaren deklarazioak lortzeko tortura erabiltzea. Poliziak ezin du aritu giza eskubideak urratzen dituztenen kontra euren eskubideak bortxatuz, jakina. Ez dakit Guardia Zibila eta Espainiako polizia nola aritzen diren, baina ez dut uste Ertzantzak torturatzen duenik. Ertzaintzak ez du torturatzen eta kasuren bat emango balitz salatu beharko litzateke. Hemen batzuek giza eskubideak guztiz urratzen dituzte eta beste batzuek Ertzaintzaren zeregina zalantzan jartzen dute prentsaurreko baten bidez. Ertzantzak torturatzen duela plazaratzea interesatzen zaie. Auzitegira jo dezaten eta bertan benetako salaketak diren edo herritarren artean mesfidantzak sorrarazteko eginak diren erabaki dadila. Hori egiten ez den bitartean ez dut sinesten tortura praktikatzen denik.
Ertzaintza polizia integrala izatea ere zalantzan jartzen da. «Gerra zikina» bezala kontsideratu diren kasuak ez dituela inoiz argitu. Donostian izandako azken atentatua, kasu.
Ertzaintzak ikerketak bideratu ditu eta ez du erantzulea aurkitu. Ikerketak burutu bai baina beti ez da lortzen erantzulea harrapatzea. Ebatzi gabeko kasu asko dago, tamalez. Donostian orain gutxi, Muskizen eta Abandon orain urte batzuk, eta trantsizio garaian Alonsotegin gertatutako atentatuak daude argitzeko. Egia da, susmoak daude eta ez dira egundo argitu. Baina ez Ertzaintzaren ardura eskasagatik. Ertzaintza polizia integrala da eta segitzen du ikertzen eta bilatzen.
Euskal Gobernuak normalizazio politikoa lortzeko gehiengoa dauka orain. Batasunak ezin izango du politika baldintzatu lehen bezala. Zein da zure ikuspegia?
EH zenak eta orain Batasuna denak uste zuen legealdia baldintzatuko zuela, aurreko legealdian ardatz bat izan zelako. Zoritxarrez, ETAk suetena apurtu ondoren, Batasuna nolabaiteko isolamendu politiko batean kokatu da eta beste alderdiek ez dute harreman normalizaturik izan nahi egoera horretan. Herri honen bakea eta normalkuntza lortzeko ezinbestekoa da alderdi guztien arteko harremanak garatzea. Ikuspegi abertzale batetik begiratuta abertzaleen arteko gutxieneko puntu batzuk adostea beharrezkoa dugu.
Ezker abertzalearekin berriz harremanak gauzatzea posible ikusten duzu?
Saiatu beharko genuke, behintzat. Lehenbizi, hauteskunde ondorengo emaitzei buruzko gogoeta egin beharko genuke alderdi guztiek. Ez dut esan nahi Batasunak egin ez duenik, denok egin behar dugula baizik. EAJ-EA koalizioak lorturiko arrakastaren gakoa, neurri batean, PP eta PSOE alderdi espainolisten aldetik jasan genuen erasoaren ondorioa izan zen. Baina, batez ere, egungo marko juridikotik beste marko baterantz joateko konprometitu ginelako da. Beraz, burujabetasunean sakondu behar dugu herritarrekiko konpromisoa betetzeko.
Gobernu honek erantzukizun handia du beraz?
Bai. Bake prozesua eta normalkuntza politikoari abiada sendo bat emateko herritarren gehiengoaren iritzia sartu behar da ordenamendu juridikoan. Legegintzaldi honetan saio berezi bat egin beharko genuke, eta erabateko aldaketa ezin bada egin, egungo ordenamendu eta marko juridikoan gutxienez autodeterminazio eskubidea de jure sartu beharko litzateke. EAE eta Nafarroako erkidego autonomikoen legedian eskubide historikoen aipamena egiten da eta horrek ez du aipamen hutsean geratu behar, baizik eta herri eta nazio bezala eskubide horiek eguneratu behar ditugu. Konstituzioan eskubide hori azaltzen da eta hori da gure borroka politikoa.
Zeintzuk dira borroka politiko horrek bilatzen dituen emaitzak lortzeko eragozpenak?
Hasteko indarkeriari buruz gogoeta bat egin behar dute batzuk. Hondamendira baino ez garamatza indarkeriaren estrategiak, abertzaletasuna indartu beharrean ahuldu egiten baita. Batasunak gogoeta egin beharko luke eta batik bat ETA erakunde armatuak.
Autodeterminazioari buruzko galdeketa aurreikusten duzu legealdi honetan?
Ezinbestekotzat jotzen dut autodeterminazio eskubidea sartzea gaurko marko juridikoan. Egungo markoa herriari kontsultatuz onartua izan zen eta oraingo markoaren aldaketa lortu nahi badugu herriaren iritzia kontuan hartu behar da. Tamalez, ez dut uste independentzia biharko lortuko dugunik, baina herriaren iritzia ezinbestekoa da demokrazian. Hori autodeterminazioaren eskubidea aitortzea da. Legealdi honetan eskubide hori sartua izan dadin kontsulta egin behar zaio herriari