- Ramon Gaztelumendi, Senideak-Gureak elkarteko kidea biktimen senideen arteko harremanari buruz ćDeiaĆn: «Elkar ulermen bat egon beharko luke. Arazoa ez dago errekonziliazioan, irtenbidean baizik. Senitartekoen artean ez dago borrokarik, sufrimenduaren konpartitze bat baizik, elkar ulertze bat, nahiz eta harreman zuzenik ez izan».
- Kepa Aulestia kazetarien hilketei buruz ćEl CorreoĆn: «Kolonbian, Aljerian, Filipinetan, Errusian edo Bangladesh-en kazetari asko erahil dituzte azken hmarkadan. Kasu gehientsuenetan, baina, lanbideari isiltasuna inposatzearren hil dituzte. Besterik gabe, gerra eta ustelkeriaren jauntxoek ez dute lekukorik nahi. Euskal kasuan helburua maltzurragoa da, hemen terrorismoak medioen beharra duelako presente izateko».
- Henrike Knörr, Euskaltzaindiako lehendakariordea: Garbi dago oraindik ere lortu behar dela euskarari aitor dakion lege nortasuna, eta, bide batez Euskaltzaindiarena ere bai».
- Rodolfo Ares, Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko bozeramailea: «Biolentziarik egon ezean, Konstituzioaren potentzialitatea aztertzeko prest gaude».
Jaime Mayor Oreja Alderdi Popularreko buruzagiaren esanetan, irailaren 11ko EEBBen aurkako erasoak eragina izango du Euskal Herrian eta terrorismoaren aurkako nazioarteko borrokak ETAren amaiera eguna hurbilduko du. Bere ustez, irailaren 11k «lehenagoko eta ondorengo une bat ekarriko du terrorismoaren aurkako borrokan». PSOEren ustez ere, iragan asteko gertakizunek ETAren aurkako elkarlana areagotuko dute.
Ernesto Alberdi preso zornotzarra aske geratu zen hilaren 15ean, Espainiako espetxeetan 21 urte egin ondoren. Urte hauek guztietan Alberdi hamairu espetxetan izan da, azkena Langraitzekoa.
Elkarrik 50.000 sinaduraren sostengua jaso du urrian hasi eta martxoan amaituko den bake konferentziarako. Helburua 40.000 sinadura lortzea zela jakinarazi du Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaileak.
Jakoba Errekondo
Azkenean iritsi da udazken parteko fruten sasoia. Hemendik aurrera sastraketako frutak bildu ahal izango ditugu, baita eurekin mermelada goxoa egin ere.
guztia irakurri
Jabier Agirre
Eusko Jaurlaritzak Lakuan dituen Kontsumoko ikuskatzaileak bisitak egiten hasiko dira datozen egunetan, Euskal Autonomia Erkidegoan funtzionatzen duten solariumak ikuskatu eta aztertzeko asmotan. Beltzaran kolorea hartzeko berariaz prestatutako lokalak ugari dira EAEn (40 Araban, 143 Bizkaian, eta 186 Gipuzkoan, azkeneko zentsuaren arabera), eta bertan ematen den zerbitzuak lege eta arauak betetzen ote dituen kontrolatzea da martxan jarri den ekimen honen nahia.
"Erradiazio ultramoreek begiak eta baita azala ere erasan ditzakete. Eraman eguzki-babeseko anteojuak. Zenbait botika eta kosmetikok sentikortasuna gehitu dezakete". Hori da, adibide bat ematearren, kolore beltzarana ematen diguten makina horiek bistan, edozein kontsumitzaile edo erabiltzailek erraz ikusteko moduan, eduki behar duten oharretako bat. Eta horrelako arauak gehiago ere badira.
Bestalde, ikuskatzaileek kontuan hartuko duten beste puntu bat da ea zentro horiek arriskuei eta arreta-neurriei buruzko informazioa ere behar bezala zabaltzen duten. Zentro horietako arduradunak zerbitzu segurua garantizatzera behartuak daude, eta baita betaurrekoak erabiltzaileei ematera ere.
Larruazala belztea ia ezinbesteko kontua da gaur egun. Eta gutariko askok ez daukagunez astirik brontzeatu naturala lortzeko, brontzeatu artifiziala, norberaren nahierara, eskaintzen duten zentroak ugaldu dira azken aldi honetan. Holakoetara joateko ohitura baldin baduzu, lasai jarrai dezakezu zure usadioarekin, baina kasu egiezu aurrerantzean segurtasuneko oharrei
EZKER BATUA JAURLARITZAN
ETXEBIZITZA eta gai sozialen saila eskuratu du Ezker Batuak, baina bere zeregina Eusko Jaurlaritzan sail baten kudeaketa soiletik harat joan daiteke, bai Ezker Batuak berak bai beste aktore politiko askok azpimarratu duen gisan. Bakegintza eta -PSE-EErenganako- zubigintza izango ei dira kudeaketaz gaindiko eremu horietakoak. PSE-EEk, ordea, gogor kritikatu du Ezker Batua Jaurlaritzan sartzea: batetik, bere boto emaile asko horrekin ados ez dagoela esanda; bestetik, Jaurlaritzaren jardun soziala ezingo dutela inondik inora baldintzatu azpimarratuz. Balorazioak balorazio, argi da Juan Jose Ibarretxek herritarren aurrean sendotasun itxura handiagoa hartzen duela akordio honekin.
KAZETARIEN KONFERENTZIA
EGUNKARIEN Munduko Elkarteak (WAN) antolatuta Bilbon izandako nazioarteko konferentziak, Euskal Herrian hedabideek bizi duten biolentzia egoera salatu zuten eta berau jasaten duten medioetako kazetariei elkartasuna luzatu zien. Konferentziak Euskal Herriko zenbait medio eta kazetarik bizi duten egoera gogorra salatu zuten, baina ikuspegi nahiko aldebakarrekotik, sakonean ez baitzuten aztertu beharbada kazetal ikuspegi batetik garrantzitsuena litzatekeena, hau da, gatazka egoera bat ematen den leku batean komunikabideek eta kazetariek duten zereginaz eta erantzukizunaz. ETAren aurkako salaketa zen konferentziaren helburua eta hori gauzatua geratu zen. Hedabideen jokaeraren azterketa, aldiz, airean geratu da, eta ez dirudi hori denik, gaurkoz, Euskal Herrian eraginkorrena den komunikazio esparruaren lehen mailako asmoetakoa.
TORTURA, EGON HOR DAGO
EDOZELAKO polizi indarrek atxilotutako pertsona bakarraren tortura salaketak nahikoa beharko luke izan gizartean eta erakundeetan kezka sortzeko. Euskal Herrian, aldiz, dozenaka atxilotu izan dira azken hilabeteetan eta horietako askok eta askok tortura salaketak egin dituzte, nagusiki Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak egindako atxiloketetan, baina baita Ertzaintzak egindako batzuetan ere. Tortura salaketa lazgarriak entzun eta irakurri ahal izan dira. Arazoak, alabaina, ez dirudi kezka handirik sortzen duenik agente sozial eta politikoetan, eta sortzen badu kezka hori ez da behar bezala islatzen edo ez du behar bezalako oihartzunik. Torturaren praktika gero eta ezkutagarriagoa eta zuriagoa da, baina horrek ez du ezabatzen, egon hor dago.
AB-REN BILTZAR NAGUSIA
ABERTZALEEN Batasunak (AB) urriaren 6an biltzar nagusi berezia burutuko du. Berean, bi txosten edo mozio kontrajarriak eztabaidatuak eta bozkatuak izanen dira. Txosten batek ABk korronte edo mugimendu ezberdinen elkargune izaten jarraitzea proposatzen du; mozio hau Batasuna alderdiak sostengatzen du. Beste txostena, Matalas, Burujabe, Herriaren Alde, EMA eta EBko inguruko militanteek sinatua da; laurogei kideek sinatua oraingoz. AB Ipar Euskal Herriko alderdi abertzale erreferentea izan dadin ABren estatutuak aldatzea proposatzen dute mozio honen bitartez. AB azkartu eta Lizarra-Garazi berrestu nahi dute, halaber. Batasunak, berriz, bide horrek zenbait sektore kanpo utz dezakeela uste du; euskal departamendua eta euskararen bultzadan ABk egindako lana azpimarratzen du eta, aitzitik, kezka agertzen du hauteskundeetako aliantza politikekin; AB nagusiki hauteskundeetarako gune gisa mantentzea proposatzen du Batasunak.