NAFARROA OINEZ BIRTUALA
Aurtengo Nafarroa Oinez eguna iristeko hilabete falta bada ere, dagoeneko has gaitezke Lodosako eta Sartagudako ikastolek egin nahi duten eraikin berrirako materiala erosten. Nola? Paratu duten webgunean (www.nafarroaoinez.net) eraikin birtual bat dago eta bertako gelak, mahaiak, aulkiak... eros daitezke. Erosi ahala argiztatu egiten da. Beraz, ez dago zertan itxaron urriaren 21a arte Lodosa eta Sartagudako ikastolei laguntzeko.
EUSKALTEGIRA ITZULTZEKO GARAIA
Urria bertan daukagu, eta beraz, askori euskaltegira bueltatzeko edo hara estreinakoz joateko ordua iritsi zaio. AEKn, udal euskaltegietan edota Abegi euskaltegietan matrikulatzeko epea zabalik dago. Euskaltegiek hainbat berrikuntza eskainiko dute aurten. AEK-k euskaltegi berriak zabalduko ditu Gasteizen eta Sestaon. Udal euskaltegiek gurasoentzako ikastaro bereziak eskainiko dituzte. Abegik autoikaskuntza eta irakaskuntza tradizionala uztartzen duen eredua eskainiko du.
HAUR GEHIAGOK IKASIKO DUTE EUSKARAZ
Ikasturte berria hasi da eta haurrak eskolara itzuli dira. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, EAEn ikasleen %70ak B eta D ereduetan eman du izena. Nafarroako Gobernuaren datuek diotenez, lau ikasletik batek euskaraz ikasiko du aurten. Iparraldean, Ikas-Bi sare elebiduneko ordezkariek eta Euskal Haziak irakaskuntza katolikoaren sail elebidunak eredu elebiduneko matrikulazioek gora egin dutela adierazi dute.
«GAZTEAK ETA EUSKARA» BEKA LASARTE-ORIAN
Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeak herriko gazteek euskararekiko duten jarrera aztertzeko asmoz, beka deialdi bat egin du. Bi aztergai izango ditu bekak. Batetik azterketa kuantitatiboa egin beharko da eta, bestetik, kualitatiboa.
BERTSOAK ETA MUSIKA
BARRICADA, Berri Txarrak, Dikers, Petti, Skalariak, Maider Ansa, Aire Ahizpak eta Dank dira Nafarroako Bertsolarien Elkarteak martxan jarri duen proiektuan parte hartuko duten bakarlari eta taldeetako batzuk. Guztira, hamabost izango baitira urrian grabatuko den diskoan parte hartuko dutenak. Talde eta kantari bakoitzak bertsolariek aurrez prestatutako doinu eta bertsoen interpretazioa egingo du lan honetan. Eta diskoa Gor-ek plazaratuko du datorren udazkenean.
LATINOAMERIKAKO ZITA
HAMAR urte betetzen ditu aurten Biarritzeko Latinoamerikako kultura eta zinemaren «La Cita» Jaialdiak. Hainbat alor jorratuko dute bertan urriaren 1etik 7ra bitartean. Zinemari dagokionez, 9 luzemetrai eta 9 laburmetrai lehiatuko dira Sekzio Ofizialean. Horrez gain, orain arte eginiko jaialdietan Urrezko eguzkia irabazi duten filmak ikusi ahal izango dira. Brasileko laburmetraiak, Venezuela, Colombia, Ecuador, Peru eta Boliviako filmak, pelikula espainiar eta portugesak, euskaraz azpititulatutako zenbait film eta hainbat dokumentalek osatuko dute egitaraua. Literaturan, Latinoamerikako idazleen belaunaldi berriak jorratuko dira. Eta musikan, hainbat kontzertu eskainiko dute Latinoamerikako taldeek.
BILBOKO ARTE EDERRAK
BILBOKO Arte Ederretako Museoko lanak amaitu ondoren, urriaren 27an zabalduko ditu berriz ateak. Berrikuntzen artean, erakusketa gunearen zabalpena, sarrera berriak eta auditorio baten sorkuntza aipa daitezke. Museoak «Gaur, Hemen, Orain» erakusketarekin hasiko du ibilbidea, non Euskal Herriko sormen artistikoa arakatuko den. Hain zuzen, besteak beste, Txomin Badiola, Ana Laura Alaez, Pello Irazu, Sergio Prego, Dario Urzay, Francisco Ruiz de Infante eta Itziar Okarizen lanak izango dira ikusgai.
ARGAZKIEN JOKOA
JOKO gisa izan da ikusleei aurkeztua Iruñeko Zapateria 40ko aretoan urriaren 21a arte paratu den «La mirada compartida» erakusketa. Bertan, nazioarteko 19 artisten argazkiak jarri dituzte. Artista hauetako batzuk argazkiak ateratzen hasi diren eskultore eta pintoreak dira. Besteak, eskultura eta pinturaren alorrean lanean hasi diren argazkilariak. Bisitariaren eginkizuna, hauxe: deskubritzea argazki bakoitzaren atzean zer nolako artista dagoen. Argazkiak, nolanahi ere, gorputzen, objektuen edota paisaien erretratuak dira.
EUSKAL ZINEMA INDUSTRIARANTZ
SAROBE Arte Eszenikoen Zentroak euskal ikusentzunezkoak sustatzeko eta bateratzeko gune bat sortuko du Oiartzunen. Bertan, bi plato eraikiko dituzte eta inguruan, sektore honetako enpresak kokatuko dira euskal zinema industria sortzeko. Bestalde, Sarobek zine eta telebistako kurtsoak eskainiko ditu. Proiektua Donostiako Zinemaldian, hilaren 24an aurkeztuko da.
- Imanol Lazkano bertsolariak «Zabalik»en honakoa zioen: «Jendeak bertso on asko idazten du, baina gero nahiko pobre geratzen da. Izan ere: zer egin bertso horiekin? Hori da arazoa. Lehiaketetako bertsoak antolatzaileen esku geratzen dira, tiraderan sartuta (...)».
- Mikel Insaustiren iritzia da hurrengoa «Gara»n argitaratua: «Oraindik ez dut ulertu zer demontretarako balio duten epaimahaiek. Erabat frogatua dago ez dakitela ikusleek eta kritikoek baino gehiago zinemaz, beraz zentzugabea dirudi izen eta abizenetako pertsona batzuek azken erabakiaren ardura desatsegina beren gain hartu dezaten irrika hori».
- Antxon Ezeiza zine zuzendariaren aburuz, «Euskal zinema gehiago existitzen da eztabaida gisan errealitate gisan baino. (...) Euskal zinema existitzen dela esateko lehen oinarria hizkuntza litzateke». Adierazpenok «El Pais»en eginak dira.
- Xabier Etxeberria, Basarri Bertsopaper Lehiaketako irabazleak «Zabalik»en: «Basarrik berak esaten zuen bertso eskolek ez zutela zentzurik, bertsolaria berez jaiotzen delako, eta eskolatik ezin daitekeela atera. Hori horrela ez dela jakiteko ere balio du nire sari honek».
Espainiako Gizarte Segurantzako web orrian (www.seg-social.es) euskara baztertzen dute. «Cartas de servicio» atalean, gaztelaniaz gain katalana, galegoa eta valentziera erabiltzen dute. Euskararen arrastorik ez dago ordea. Hori bai errespetu falta, hutsaren hurrengotzat gaituzte!
Begoña Bilbaok Paul Henri Capdeviellek 1922. urtean idatzi zuen «Bermeo la sauvage» itzuli du euskarara Txalaparta argitaletxearen eskutik. «Bermeo basatia» liburuak 1912. urtean Kantauri itsasoan izan zen galerna bortitzari buruz dihardu.
Juan San Martin beka sortu berri du Eibarko udalak Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin. Beka honek euskarazko ikerketa sustatu eta Juan San Martin omentzeko helburuak ditu.
Enrike Urdanoz eta Manolo Gilek egin zuten La Oreja de Van Gogh taldearen «Paris» bideoklipa Grammy sarietarako izendatua izan da. Urdanoz eta Gil bideoklipak egiten dituen Iruñeko ITP enpresaren arduradunak dira.
Francisco Escudero zarauztar musikari ospetsuaren obra sinfoniko garrantzitsuenekin bi disko grabatu berri ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.
Jose Luis Zumeta pintoreak «Euskonews & Media» aldizkarian egin zioten elkarrizketan adierazitakoa bildu dugu jarraian:
«(...) Dena eginda dagoela esatea da bide zabalak irekiak daudela, baina gero bakoitzak bere bidea dauka, nahiz eta denok autopistatik ibili, bakoitzak bere bidexka dauka. Eta ematen du gauza berririk edo harrigarririk ezingo dela egin, eta egingo dira, bakoitzak bere bidea daukalako. (...)
Autodidakta izateak bere arriskuak eta abantailak ditu. Eraginik ez duzu, askatasuna ere bai, izan ere, akademikoki ikasten dena ahaztu behar da eta nik ez dut ezer ahaztu behar izan. (...)
Urtero Leioatik ehunka pintore irteten dira. Gu hasi ginenetik oraino gauzak hainbeste aldatu dira... egun karrera egiten dute, ofizioa ikasi eta teoria jasotzen dute, asko ikusteko aukera, informazioa, dena daukate. (...)
Guggenheimek hemengo giroa astindu du, hirien arteko nolabaiteko konpetentzia sortu du eta mugitzen hasi dira. Arrakasta komertzial bat izan da eta astindu duen aldetik asko egin duela iruditzen zait. Gero bere politika ia iparamerikarra denez, euskal pinturari mesede handirik ez dio egin, baina beste gauza onak ekarri ditu. Publikoak zer egiten den ikus dezan ongi dago, modernizatzeko».
Batzuetan ezuste txikiak izaten ditugu. Euskal Zen elkargoak Budharen irakaskuntzak jasotzen dituen «Sutra» liburua argitaratu du euskaraz. Elkargo honek Zen meditazioko praktiketan egiten dituzten irakurketa ozenetan erabiltzen du «Sutra» liburua. Hemendik aurrera euskaraz egin ahal izango dituzte.