Azken guda karlista piztu baino urte batzuk lehenago, 1862an, Daniel Irujo Nafarroako Lizarra hirian jaio zen, hots, Jurramendi ondoko karlisten inguru maitatuenean eta aipatu XIX. mendeko gatazka armatuetan biziki borrokaturiko eremuan.
1937ko militar porrota gauzatu eta ondorengo urteetan, Eusko Jaurlaritzan arituriko partaide batzuen bizitza kinka larrian egon zen. Adibidez, lehendakaria bera herrialde batetik bertzerat ibili zen, Leizaola txiripaz salbatu omen zen Frantzian, eta, horietako une larri batean, Telesforo Monzonen berri izaiteko Afrikako Dakar hirian galde egin beharko genukeen.
Horietako bertze bat, Manuel Irujo jauna, Londresen zen, non Nafarroa barne zuen "Euzkadi"rako konstituzio baten projektua ere prestatu baitzuen. Horri loturik, "Proyecto de Organización Nacional" izeneko agiri estrategikoa landu zuen. Horren bitartez, eta bere hitzen arabera, "se abarca casi toda la vida económica y administrativa de Euzkadi" eta "estudios sobre límites de la tierra vasca". Hau, halere, ez zen lagun bakarraren saiakera izan, zeren eta erbesteratu anitzen iritzia jaso baitzuen, ikuspegi ezberdinen harien bitartez aberriaren jantzia josiz gero itxaropena errealitate bilakatuko zelakoan: "Habrá de surgir un día la ley fundamental de nuestra patria".
Britainiar gobernuak euskal ordezkaritzat hartu zuen Irujo politikari nafarra eta, Churchill sendoaren babespean 150 gudariz antolaturiko batailoia armatu zuen, De Gaulle frantses generalak berak horren beharra nahiz egituraketa txalotuz
"Navarra en su vida histórica"
"La comunidad ibérica de naciones"
"Inglaterra y los vascos"
"Arana Goiri ante los tribunales"
"Instituciones jurídicas vascas"
"Un vasco en el ministerio de justicia"
Hamaika artikulu, "Alderdi"koak kasu
Kronologia
1862. Daniel, Manuelen aitaren jaiotza.
1872. Bigarren Gerra Karlistaren hasiera.
1891. Manuel Irujoren jaiotza.
1893. «Gamazada», matxinada foruzalea. Sabino Aranaren hitzaldia Larrazabalen.
1896. Daniel, Sabino defendatzeko abokatua.
1908. Manuel Irujok Azkuerekin euskara ikasi.
1914. I. Mundu Gerraren hasiera.
1919. Manuel Irujo hautetsi forala.
1931. Manuel Autonomia Estatutuaren aldeko kanpainan.
1933. Manuel hautetsi Gipuzkoan.
1936. Bidaia Erromarat. Gerra Zibilaren hasiera. Manuel ministro Errepublikan.
1937. Alemaniako naziek Gernika bonbardatu zuten.
1938. Manuel erbesterat: Paris, Bartzelona.
1939. Londresen finkatu. II. Gerrate Mundialaren hasiera.
1945. Baionako Itun errepublikarra Francoren aurka.
1951. EAJk greba orokorra Hegoaldean.
1952. Manuelek irratsaioa Londreseko BBCn.
1956. EAJko Galindezen bahiketa eta erailketa.
1958. ETAren sorrera.
1960. Jose Antonio Agirre, lehendakariaren heriotza.
1965. Durangoko azokaren hasiera.
1970. Burgosko epaiketa.
1973. Carrero Blancoren heriotza.
1975. Francoren heriotza.
1977. Manuel Nafarroan, senadorea.
1978. Lizarrako Batzokia ireki.
1980. Manuelek Iruñeko txupinazoa piztu Sanferminetan.
1981. Manuel Irujoren heriotza
Arantzazu Amezaga Iribarren idazlearen "Manuel Irujo. Un hombre vasco" (1999) liburutik harturiko hitzak dira, hemen euskaratuak.
1934 (Tolosan)
"Pirinioan lan egin behar dugu, bertan gure mendetako independentzia defendatu baikenuen. Eta horretan kausituko dugu berriro. Beraz, euskaldun eta katalanen arteko frontea ez da abaguneari loturiko kasualitatea, bizitzaren legea baizik. Pirinioak irudikatzen du gure estatu erakundeen sistema. Egun, Euzkadi handiaren burujabetasuna lantzeko bide bakarra dago, Nafarroa! Gaurko omenaldia, Noaingo gatazka gogoan, Gamazadan eta gure harrobian lanean aritu zirenei eskaini".
1936 (gerran)
"Errepublikar gobernuak ezin dit niri, euskal abertzale bati, parte hartzeko eskatu, baldin eta bere baitan bizi den eta konstituzioaren arabera estatutua izaiteko eskubidea duen herria aintzat hartzen ez badu. Nik, jauna, ez dizut independentzia eskatuko... Baina bai estatutua".
1937 (Bilbo galdu da)
"Zer musika izaiten ahal den orain Bilbon, jauna! Ez zortzikoen alai hura, ez Gernikako Arbolak duen handitasuna. Ez. Bakarrik bihotzik gabeko militar gaiztoen txarolezko botena. Unerik txarrena Bilbo konkistatu zutenean izan zen. Gure eskuetan zegoen bitartean potentziaren gisa bizi ginen. Hurrengo egunean ez ginen deus... Deus!".
1938 (katalan anarkisten hitzak)
"Guk uste genuen, zure jatorria eta heziketa zela medio, burges, atzerakoi, herriaren etsaia zinela. Oker geunden. Zu liberala zara, demokrata. Zure eskuetan errepublikaren Justizia Ministeritza egoteak ez du gobernuaren edo bertze erakunderen tresna suposatzen, hiritarren askatasuna eta eskubideen ziurtasuna baizik. Zurekin gaude".
1977 (Iruñea)
"Egia da ekitaldi honetan batez ere EAJkoak gaudela, baina euskaldun guzion Batasuna behar dugu. Gure hildakoak oroitzen ditugu, baina ezin berpiztu, aukera dugunean gure karrikek haien izenak izanen dituzte, baina egiten ahal duguna da, hau bai, espetxeetatik gure presoak ateratzea. Eguneroko bizitza politiko, sozial eta zibil osoa oztopatu behar dugu presoak askatu arte. Denei erraiten dizuet, Tarradellas eta Leizaolari zuzendurik, erbestean jarraitzeko Euzkadi eta Kataluniak ongi etorri duina eman ahal arte. Hauteskundea irabazi behar dugu, nola hala. Antolatu, antolatu, antolatu! EAJk errepublika garaian erdietsi zuena berriro lor dezan".
1979 (Bilbo)
"Ez dugu etsiko Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Euskadi euskaldunon aberria dela ozenki erraiteko unea heldu arte, orain eta hemen gure eskubidea eta gogoa aldarrikatzen hasi baikara. Gora Euskadi!".
1944 (Paris. Zahartzaroan idatzirik)
"Mundua demokraziaren aldeko borrokan ari zen. Gu demokratak ginen. Parisen sartu zen lehen tankea æGernikaÆ deitzen zen, eta bigarrena æDurangoÆ. Gerran De Gaulle generalarekin ituna sinatu genuen militar unitatea izan genezan. Nuremberg epaiketarekin horren ilusio handia genuen! Pertsonen eta herri zapalduen eskubideen alde jokatuko zutelakoan! Ez genuen bat ere asmatu. Nurembergek ez zuen Franco kondenatu. Eisenhower, Europa askatu zuten indarren buruak eskua luzatu zion diktadoreari, baita poltsikoa ireki ere Madrilen eginiko 1953ko bisitan. Base militarrak gehiago axola zitzaizkion hildakoak, erbesteratuak, presoak baino. Huts egin genuen".
![]() |
|
||||
1821 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa