XANTI ANTERO, TXAN MAGOA

"GAIZKI ATERATAKOAN BADAKIT EGOERARI BUELTA EMATEN"

Estitxu Eizagirre


Ixiar Eizagirre


2001-09-16

Guk ere elkarrizketa arrunt bat espero dugu. Baina Xanti sartu-atera egiten da gelatik, guri bat-batean metxeroa falta zaigu, eta galdera egin aurretik igartzen digu zer dugun buruan... Dena arraroegia da. Gurekin ez dela jolasean ari sinetsi behar al dugu?

Autodidakta omen zara magian. Baina hemen ez da egongela apaintzeko edo itxurak egiteko ere entziklopediarik ageri. Nola liteke hori?

Irakurtzen dudana barneratzea zaila egiten zait. Baina zer edo zer ikusten badut eta gustatzen bazait, gai naiz momentuan gauza bera errepikatzeko. Niretzako hori da autodidakta izatea. Ikusitakoa barneratzeko gaitasuna daukagu. Mago bat ikusten badut, segituan neurtzen dut ea ni ere gai naizen hori egiteko edo ez.

Noiz pasa zinen koadrilako mago espontaneo izatetik eszenako kapeladuna izatera?

1992an, Bosniako gerrara joan nintzen lehen aldiz mago: maletarekin, beltzez jantzita eta nire burua mago gisa aurkeztuz. Trajea "Traperos de Emaus"en erosi nuen. 1.400 pezeta kosta zitzaidan dena: jaka, galtzak... dena. Bi urtez ibili nintzen bertan. Euskaraz egiten nuen ikuskizuna, eta ingelesez eta italianoz pixka bat. Hor hasi nintzen, eta hizkuntza ulertu gabe barrez lehertzen zirela ikusita, animatu egin nintzen.

Hango umeei irribarre bat ateratzea sekulakoa zen. Lehen saioa Sarajevon egin nuen, eta ehundik gora ume espero baziren, laurogeita gutxi bakarrik iritsi ziren. Beste denak bidean hil zituzten. Noski, iritsi zirenak jota zeuden. Gerra giroak asko markatzen ditu: 13-14 urteko mutil denek hiltzaile sena dute, etxean sekulako armamentua izaten dute.

Kroazian eta Bosnian ibili nintzen, eta arazo asko zeuden mugak pasatzeko. Italiarrek bilutsik eduki ninduten 3 orduz Milango komandantzian. "Magoa naiz, laguntzera etorria" esaten nien. Karabineroak nire maleta ireki eta zapi bat hartu zuen. Droga edo bonbak bilatzen ari zen. Nik, ez nintzela adarra jotzen ari erakusteko, magia jokoa egin nion: begira zapiari, hemendik ezer ere ez, eta beste aldetik ere ez... eta lore sorta bat atera nion. Tipoak eman zidan zaplaztekoarekin lurrean geratu nintzen. Harpa jotzen ari nintzela uste izan zuen.

Hirugarren aldiz erori da esekitokia. Xanti kolpera jaiki da, eta kamera azkarrean eta jauzi txikiak eginez joan da terrazara biltzera. (Itzuli denean)

Telebistan bezain showmana zara eguneroko bizitzan?

Amak beti esaten dit: «zure bizitzan beti egin izan duzun gauza hori orain ordaindu egiten dizute. Baina zu horrela izan zara beti». Nik oso gaizki pasatu izan dut, beti eskolatik bidaltzen ninduten, edo zerbait gertatzen zenean beti ni eta nire koadrilarengana jotzen zuten errudun bila. Azterketa lapurtu zutela, pintadak agertu zirela...

Tamarizi zer kenduko zenioke mahukapetik?

Tamariz izan da propio bera ikustera joan naizen lehen magoa. Pertsonalki ere ezagutzen dut. Mago askok eredutzat hartzen dute, eta berak egiten duena errepikatu egiten dute. Jarrera, txistea, kolpeak... Niri ez zait hori gustatzen, uste dut bakoitzak bere nortasuna behar duela. Nire erreferentzia ere izan da, baina ez dut kopiatu beharreko eredutzat hartu. Nik miresten dudana da nola menperatzen duen ikuskizuna, nola eduki dezakeen jende guztia ordu eta erdiz garrasika karta sortarekin bakarrik... Munduan bost kartomago onenen artean dago. Tamariz magoa da, baina sortzailea ere bai, magia asmatzen du. Hori oso zaila da. Nik jokoak hartu eta egokitu egiten ditut nire izakerara. Elkartzen garenero eztabaida bera izaten dugu: berak esaten du mago bat mago bat dela, ez duela aktoreekin zerikusirik. Eta nik esaten dut mago bat aktorea dela. Aktoreek saldu behar dugu magoaren rola. Bestela... Begira metxero hau. Hara, desagertu da.

Aibala! Konturatzerako ezkutatu duzu. Eta mahuka motzetan zaude gainera!

Ikusten? Horrela eginda ez du graziarik. Emozio gehiago eman behar nion trikimailuari, neronek jarri behar nuen lehendabizi harrituaren aurpegia metxeroa desagertu dela ikusitakoan, publikoa gehiago txunditzeko. Hor dago aktore lana, nik ongi baitakit metxeroa desagertu dela.

Metxeroagatik lasai, eskuekin piztuko dut zigarroa.

Ez al duzu zure burua ezkutatzeko gogorik sentitu, trikimailuren bat gaizki atera zaizunean?

Tabla bidez atera naiz. Bosniako gerratik etorri eta lehenengo saio kobratua Donostiako Antigua auzoko kultur etxean egin nuen. Ni kartekin aritzen nintzen, tabernaz taberna. Baina pentsatu nuen: Nola aterako naiz kultur etxeko eszenara, kartekin bakarrik? Denda batera joan, eta kobratuko nuen diru dena inbertitu nuen magia jokotan. Ostegunean jokoak erosi, eta larunbatean egin behar nuen funtzioa. Ez entseatu, ez ezer egin gabe atera nintzen, eta... oso gaizki atera zen. Bada hala ere, jendea algara batean aritu zen. Hain justu, gaizki ateratzen zelako, eta nik buelta ematen niolako egoera horri, ateraldiren batekin. Larrosa lorea zapian sartuko dugu, desagertu da, eta bat-batean hara! Berriro ere kirtenean dago larrosa lorea. Emozionatuta geundenean denak, zapitik erori zen beste lore bat. Jendeak sekulako haserre aurpegiarekin begiratzen zidan, eta esan nuen: «begira, prezio berean, bi lore!»

Zazpi-zortzi joko egin, eta bi edo hiru bakarrik atera ziren ongi. Eta arrakasta bera lortu nuen, jendeak ez zekielako gaizki egiten ari nintzen, edo emaitza hori lortu nahi nuen.

Orduan konturatu nintzen: gaizki ateratzen bada berdin da, buelta emango diot. «Hau zen zure karta. Ez? Ah, zaila zen, e, zer uste zenuen, asmatuko nuela, ala?» Orain badakit, joko bat gaizki ateratzen bada, ez zaiola kasurik egin behar. Jendea ahaztu egiten da. Baina ez aurrera ez atzera gelditu eta berriro errepikatzen hasten bazara, jendea zutaz gogoratuko da hanka sartu zenuelako. Txarrena litzateke jendeak trikimailua harrapatzea, orduan magia apurtzen baita.

Beste magoei harrapatzen diezue trikimailua?

Bai, teknikak unibertsalak baitira.

Garajea tela beltzez, untxiz eta kaxaz betea duzu. Hori da zure laborategia?

Saioan bertan probatzen ditut jokoak. Etxean mekanika bakarrik entseatzen dut. Jokoa egin bitartean esango dudana, ateraldi eta txisteak, ikuskizunean bertan ateratzen zaizkit. Niri inprobisazioa gustatzen zait. Beraz, ikuskizun bakoitza ezberdina izango da egun horretan dudan aldartearen arabera, eta publikoarekin lortzen dudan konexioaren arabera. %50 magoaren eta jokoaren gain baitago, baina beste %50 ikuslearengain. Jendeak erantzuten badit, ni askoz gusturago aritzen naiz, baina jendea mutu badago, niretzat oso zaila da ikuskizuna bizia ateratzea.

Hipnotizatzen ez dakizu, baina publikoaren psikologia kontrolatuko duzu...

Gurasoek ia ehun urtez izan dute irekita Antiguan Etxeberria taberna, eta han ikasi nuen psikologia. Jendea ikusi, eta gutxi gorabehera badakit nondik datorren eta nora doan. Badakit emakume bat gizon bat baino askoz hobeto portatuko dela oholtza gainean, askoz hobeto. Gizonezkoak defentsiban jartzen dira beti, eta batzutan harro. Emakumeak ez, lasai geratzen dira, barre egiten dute zurekin, eta askoz tabla gehiago dauzkate. Publikoa tratatzen ere jakin behar da. Sekula ez zait gustatzen jendeaz barre egitea. Nire buruari egiten diot barre, eta laguntzera atera den bolondresa zirikatzailea bada, harekin katxondeo pixka bat izaten dut, baina neurrian. Gainera, besteei barre egitea gure aurka doa, inork ez baitu laguntzera atera nahiko.

Magian badago psikologia bat ere. Nik esango ditut lau zenbaki, eta badakit zuk zein aukeratuko duzun. Pentsatu zenbaki bat batetik laura. (...) Hirua zen?

Nola asmatu duzu?

Hor dago magiaren psikologia. %98ko aukera dut zuk zenbaki hori esateko, eta koloreekin berdin.

Hildako baten eskuarekin aritu zara kartak banatzen, gainera karta horietako bat globo barruan agertu da... Gaurko magoak zer zarete, lehengoak baino hobeak, edo teknologia da hobetu dena?

Askoz errazagoa da emakume bat erditik zatitzea, denen aurrean karta joko bat egitea baino. Askoz abilezia gehiago behar da kartekin, emakumeak, berak egiten du ikuskizunaren erdia.

Duela 4.000-5.000 urte Egipton egiten zen magia, eta hango faraoi batek idazten zituen jokoak papirotan. Oraindik erabiltzen dira orduko jokoak, sekulako teknika baitzuten. Magoek bere burua extralurtar gisa aurkezten zuten, eta faraoia gustura geratzen bazen, bere pisua espeziatan edo urretan ordaintzen zieten. Baina trikimailua gaizki ateratzen bazen, eta faraoia tranpa zegoela ohartzen bazen, lepoa mozten zieten. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran asmatu ziren joko onenak, egurra eta burdina bakarrik baliatuz. Egun zailagoa da gauza berriak asmatzea. Material berri piloa asmatzen ari da, eta hortik etorriko dira asmakuntzak.

Euskal Herriko mago ia bakarra zu zaitugu. Zuk bakarrik deskubritu al duzu «Artxila mortxila»ren sekretua?

Tradizioa beti egon da, baina gaztelaniazkoa. Ni hasi nintzenean ez nuen inongo eredurik. Euskaraz hasi nintzen, eta sekula ez zaidanez lanik falta izan, horri eutsi diot. Asko diot eskertzeko euskarari. Gaztelaniaz aritzen diren magoak lanik gabe daude, erdaldun jendea ez baita mugitzen kultur mailako gauzak antolatzeko. Copperfield edo Tamariz ekartzen dituzte, baina hemengo magoak ez dituzte kontratatzen, eta lastima da, oso mago onak baititugu. Beti esaten diet beste mago gazteei, beren etorkizuna euskara ikastea dela, sekulako lan piloa dagoela egiteko.

(Telefonoz deitu diote auskalogarren aldiz.) Agenda gainezka edukiko duzu...

Euskal Herrian oso ongi funtzionatu du magoen ikuskizunak, eta zirkuitu dena ahoz aho joan da osatzen. Ikusten da hor hutsune bat zegoela. Aurretik arrakasta izan zutenak ipuin kontalariak izan ziren. Ni beraiekin atera nintzen.

Lan egiteko bitartekoak asko hobetu ditut. Zenbat aldiz aldatu naizen txozna baten atzean, goizeko ordubietan! Orain «Txangoneta» edo karabana bat dut, eta kanpora noanean hori da nire kamerinoa.

Haurren aitzakian guraso asko geratzen da zure saioak ikusten, kafetegira joateaz ere ahaztuta...

Nik nahiago dut helduentzat magia egitea. Helduekin inprobisaketa askoz gehiago lantzen dut eta beste hizkuntza mota bat erabili dezaket. Gainera umeek onartu egiten dute magiak existitzen duela. Helduek ez, eta nik abantaila horrekin jokatzen dut. Helduek logika baten arabera jokatzen dugu, eta logika hori apurtzen digutenean ez daukagu erantzunik. Horrek niri jolasteko askoz aukera gehiago ematen dit.

Adibidez: Pello untxi bihurtuko da, esanez hasten dut joko bat: helduek, «bai zera, nola bihurtuko da untxi!» erantzuten dute. Umeek, «konforme, untxi bihurtuko da» eta hori ikusteko esperoan jartzen dira. Makiltxo magikotik paper bat atera eta zabaltzen dut: untxi bat dago bertan marraztuta eta erdian zulo bat du. Zuloa Pelloren aurpegi aurrean jartzen dut, untxi bihurtuz. Helduei trikimailu horrek barrea eragiten die. Umeei desilusioa, «bua, hori tranpa da, zer txarra, hori ez da untxia...» Umeek bereizten dute trikimailua eta magia. Azalpenik bilatzen ez dutenean da magia. Eta umeak magia egiten duen mago bat ikustera doaz. Ez dago ironiarako tarterik.

Magiak telebistan bukatu du. Onerako edo txarrerako?

Zinemak eta telebistak sekulako egurra eman zion magiari. XX.mende hasieran magia zen arteetan erregina. Antzoki asko magia egiteko bakarrik irekitzen ziren. Gero zinemarekin lurpera joan zen. Copperfieldek buelta eman zion fenomeno horri, eta telebistak eskaintzen dituen aukerak baliatzen jakin du, telebistako funtzioak gogoz hartuta. Oso ona da horretan. Orain, Europan ere hasi da magia berriro pixkanaka indartzen.

Jendea fidatzen al da telebistako magiaz? Bestela ere, nahiko trikimailu erabiltzen da telebistan...

Oso mago gutxi baliatzen da telebistaz magia egiteko. Begira bideo honi. Harrigarria da, eh, Copperfieldek egiten duena! Punta puntako magoa da, baina etikoki eztabaida asko sortzen ditu. Ez al zaizkizu publikotik irteten diren bolondres denak moñoñegiak eta telebistan agertzeko prestatuegiak iruditzen? Eta inozentearena egingo dute, gainera...

Baina hor dago betiko eztabaida: zer da balio duena magoa, edo emaitza? Magoaren teknika, edo ikusleak egiten duen kritika? Nik Copperfiledi buruz nire iritzia dut, eta esan daiteke ez dela etikoa, eta nahi dena, baina jendea nola ateratzen da Copperfielden ikuskizun batetik? Txundituta. Hori da balio duena. Magoen artean, batzurentzat jainkoa da, eta besteentzat deabrua.

Ume askok, berriz, zure bideoa jarriko dute. Zer moduz telebistan?

Nahiago dut zuzeneko ikuskizuna. Telebistak joko asko erretzen dizkit. 53 programa, eta 53 joko egiten ditugu urte bakarrean. Ondoren programa bakoitza 3-4 aldiz errepikatzen dute. Gainera jendeak grabatu egiten ditu, eta bideoa atzera-aurrera botaz harrapatzen ditu trukuak. Niri horrek nahikoa min egiten dit. Herriz herri gabiltzanean sekula ez naiz urduri jartzen. Baina telebistan bai: ez da nire medioa, hamar minutuan lortu behar dut ordu beteko saioan lortzen dudan eragin edo puntu berbera, oso animatuta atera behar dut, eta niri ez zait gustatzen horrela ateratzea, pixkanaka berotzea baizik...

Magoen artean ba al duzue harremanik?

«Xixka» Gipuzkoako ilusionismo elkartea da, eta hor biltzen gara astero. Estatu mailan egingo den hurrengo kongresua Donostian da, eta buru belarri hasi beharko dugu hori antolatzen.

Estatuko magoek ere bere elkartea dute. Bilera bakarrean egon naiz, eta ezkerreko hankarekin sartu nintzen... Estatutuak aldatu nahi zituzten, elkarteari «Magos del Estado» izena kendu, eta «Magos Españoles» jartzeko. Iritsi berriaren lotsarekin altxa eta betiko izenaren defentsa egin nuen. Beste bizkaitar eta katalanak ere alde atera ziren, eta zorionez ez zaio izena aldatu

- Jaio: Donostian, 1963an.

- Bizi: oraingoz Urnietan.

- Magoa.

- 15 urterekin herriz herri ibili zen musika talde batekin gitarra joz.

- Monopatinean Euskal Herriko txapeldun izan zen 1979an.

- Txikitatik aritu izan da antzerkian.

- HBko liberatu izan zen.

- Diseinu lanetan aritua.

- Haurrentzako «Barre- busa» programan ibili da 1999-2000 urteetan.


«Lagun batek Txan deitzen zidan, eta mago gisa izen hori erabiltzea erabaki nuen. Baina zirku batean hasi ginenez, Handia erantsi nion. Gero, telebistan hasi nintzenean, handia hori handinahi dezentekoa iruditu zitzaidan, eta kendu nuen.»

Euskaldunon Egunkaria, 2001-02-18

«Nire lagun Josemari Carrere ipuin kontalariak kontatu zidan «Artxila mortxila» hitz magikoak esan ohi zirela iparraldean, akelarreetan, eta hitz magiko horiek hartu nituen.»

www.hezkuntza.net/ikusgela/380

«Surfean aritu naiz, eta beste hainbat itsas kiroletan ere bai: belan, piraguismoan, urpekaritzan. Eta hori guztia igeri egiten jakin gabe.»

Euskaldunon Egunkaria, 2001-02-18

«Trikimailua zein den dakizunean magia guztia desagertu egiten da, baina zuk segitu behar duzu magia hori mantentzen, sinesten. Jakin behar duzu trikimailu horrek kristoren indarra daukala, eta indar hori publikoari komunikatu behar diozula.»

www.santurtzieus.com/gela_irekia/materialak/testuak/xanti_antero.htm

«Ume guztiak atzetik dabilzkit»

Euskaldunon Egunkaria, 2000-08-25

«EEBBetan bada magoen elkarte bat zeinak erronka bat bota duen: telekinesia edo botereak dituela frogatzen duenari milioi bat dolar emango diotela. Asko saiatu dira botereak frogatzen baina milioia oraindik ez du inork eraman.»


www.hezkuntza.net/ikusgela/380

Orain gutxi etorri zen Tamariz Tolosara. Bere saioa bukatutakoan, kamerinora joan nintzen bera agurtzera. Jende piloa zegoen kanpoan autografoen zain, batez ere umeak. Ni ere txoko batean jarri nintzen. Halako batean, kamerinoko atea irekitzen ari zela, ama batek buelta eman eta esan zuen, "Ui, Txan magoa da eta!". Ume denak buelta eman eta nire aurrean jarri ziren sinadura eske. Egoera konprometitu horretan konturatu nintzen, urtetako lanak bere emaitzak eman dituela. Tamariz munduko kartomago onenetakoa da, baina ume euskaldunek badute bere magoa. Ez hain ona, baina berea, eta euskalduna. Harro sentitzen naiz, umeek magia Txanen bidez ezagutu dutelako eta euren eredua euskalduna delako.



Argia.com 2014