Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Ezker Batua (IU-EB) Gobernura?

2001-09-16 -- 1821.zenb

Ezker Batua (IU-EB) Gobernura?

Ricardo Ortega

Urtero bezala, udako oporren ondoren jarduera politikoa bere ohizko ildoetara etorri da. Hil honetan, behin Gasteizko Parlamentuko batzordeak eratuz gero, bakearen eta normalizazio politikoaren inguruko eztabaida monografikoa egingo da, eta hurrengoan, urrian, autogobernuaren ingurukoa. Osoko bilkura horietan alderdi politiko guztiek, argi eta garbi hitz eginez, kartak erakusteko aukera izango dute. Ordurako beste zalantza bat argituta egongo da: Ezker Batua, azkenik, Euko Jaurlaritzaren Kontseiluan sartuko ote den, alegia.

Ekain-uztailean izandako negoziazioak akordiorik gabe bukatutzat eman zirenean, Ezker Batuak adierazi zuen programa-proposamenei buruzko eztabaidari berriro ekiteko prest legokeela baldin eta EAJk eta EAk Ezker Batuaren planteamenduekiko behar bezainbateko harrera azalduko balute. Gero Lehendakaria izendatzeko eztabaida etorri zen eta osoko bilkura hartan, pronostikoen kontra, eta Ibarretxek egindako keinuari erantzunez, EBk aldeko botoa eman zion, konfidantzazko boto bat, hain zuzen.

OPORRETAN zehar, dirudienez, «sukaldadeko» lan handia egin da eta aurre-akordio bat lortzeko posibilitatea badago, laister alderdietako zuzendaritza-batzordeen bileretako gai-zerrendetan egongo litzatekeena. Akordioaren edukiei buruz, argi esan behar da EBk ez duela bere programa-proposamen guztiak jasotzea lortuko, jakina. Baina aurrerapen batzuk izan dira eta Etxebizitza, Gizarte gaiak, Inmigrazioa eta Garapenerako Kooperazioa barne hartuko lituzkeen Sailaren gestioaz gain, kanpo gelditzen diren beste zenbait sailetako arlotan ere akordio batzuk izan daitezke, hala nola Oinarrizko Errentaren gehikuntza eta egokitzapena (kolektibo onuradunen eremuaren hedapena eta prestazioaren zenbatekoa igotzea), Etxebizitza Politikarako ikuspegi sozialagoa eta aurrekontu diru-hornidura nabarmenki gehitzea, euskal i grekoa -Y- eta AHT proiektuak ingurune-inpaktu azterketa berriak egin arte gelditzea. Beste gai batzuetan (errausketa-plantak, zentral termikoak...), antza denez, ezin da akordiorik lortu eta desadostasunak itunduko omen lirateke.

Hauek lirateke, laburbilduta, «oporraldi» honetako lorpenak, zeinei esker, dudarik gabe, esan bailiteke EBk gobernuan parte hartzeak beronen politika orokorraren norabidea aurrerekoiagoa izatea ekarriko lukeela. Baina gogoratu behar da hasieratik bazeudela beste oinarrizko adostasun batzuk, EBren partaidetzari duen balore guztia (balore kualitatiboa, gehien bat) ematen diotenak: gizaki guztien bizitza, eskubide, askatasun eta segurtasunaren defentsa, indarkeria ekintza eta giza eskubideen aurkako eraso guztien erabateko gaitzespena, gure historiaren ondorioa eta gaurko Euskadi errealaren adierazpena den euskal gizartearen pluralitatearen aitorpena, bide demokratikoetatik eta giza eskubideen errespetuz bideratzen diren proiektu politiko guztien zilegitasunaren onarpena, bakea eta elkarbizitza normalizatua lortzeko distentsioaren eta elkarrizketa politikoaren aldeko apostua, euskal gizartearen borondatearen eta erabakien errespetua.
ARGI dago gobernuaren lehentasuna bakearen eta elkarrizketa politikoaren aldeko lana dela, eta horretarako, distentsioa eragiteko eta elkarrizketa dinamizatzeko, guztiz komenigarria da aniztasunean eta proiektu politiko ezberdinen integrazioan oinarritutako gobernu bat, bere osaketan berean konfrontazio eta polarizazioa gainditzeko borontatea irudikatuko lukeena eta gehiengo parlamentarioaren zilegitasunari gizarte gehiengo zabal baten onarpena gaineratuko liokeena. Hauek lirateke bentaja nagusiak. EB deseroso eta arraro senti liteke, ezustekorik ezean, bere gain hartuko duen erantzunkizunaz. Gobernu formula hau guztiz berria da eta segur aski arazo eta zailtasun asko dakartza berarekin. Baina, are haundiagoak lirateke arazoak eta zailtasunak orain arteko egoerak bere horretan segituko balu

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan