EUSKAL HERRIAN DEN SORKUNTZA ELEKTRONIKOA
Musika elektronikoa euskal entzuleei hurbildu eta musika mota hori Euskal Herrian ere egiten dela hemendik kanpokoei erakustea da lehen Esan Ozenki Recordsek eta orain Metak diskoetxeak egin nahi izan dutena bi «Basque Electronic Diaspora» diskoak plazaratzerakoan. Bigarrena den honetan parte hartu duten musikariak asko dira: Bixiante Iriart, Stéphane Garin, François Larrègle, Isa Suarez, Golgoth13koek, Urruñeko EMCk, Baionako J-ROk, Gasteizko Iñaki Marquinez eta abar. Eskaintzen dituzten kantak, berriz, hamalau: «Be Dub Remix», «Shelter», «Rush», «Corso», «Human», «Protection», «18:28», «Potection Remix», «Perfetc Rmx», «Démantibulé», «The Winter Garden», «Begiak Hetsi», «Little Snake» eta «Nana (para Aisha y Elisa)».
BASQUE ELECTRONIC DIASPORA #2
Batzuen artean
METAK
14 kanta
2.100 pezeta
84 libera
MIL NOTICIAS INSOLITAS... Iñaki EgañaTXALAPARTA
252 orrialde
2.000 pezeta
80 libera
HARRITZEN GAITUZTEN ISTORIO HORIEK
Iñaki Egañak idatzitako azken liburu honen izenburu zehatza "Mil noticias insólitas del país de los vascos" duzue, eta normalki jakinarazten ez zaizkigun gertakizunez dago osatua. Esate baterako, ba al zenekiten 1179. urtean ospatu zen Trentoko III. Kontzilioak eskumikatu egin zituela euskaldunak, pagano eta kristauen bortxatzaile izateagatik, eta Erromako Eliza Sainduaren beste ezein kontziliok ez duela hori bertan behera utzi? Edota Aiala haran arabarreko Foruak, "muger casada puta provada" zioela testualki 1373an? Eta XIV. mendean behar baino ardo gutxiago ematen zuten Baionako tabernariei eskuin eskuko hatz lodia mozten zitzaiela? Bada, horrelako berri asko jakitera iritsiko zarete Iñaki Egañaren liburu hau irakurrita. Izan ere, izki larriz idatzi ohi den historia horrek normalean jasotzen ez dituen gertakizunetan jarri du egile honek bere arreta, Historia Aurretik hasi eta gaur egunerainoko tartean Euskal Herriko gizon eta emakumeei gertatutako istorioak geureganatzeko orduan. Historiako liburuetan agertzen ez diren eta euskal herritarrei bizitzea egokitu zitzaizkien gorroto eta amodioak, une gozo eta bortitzak baitira Iñaki Egañari interesatzen zaizkionak.
XX. MENDEKO POESIA KAIERAK:
PAKO ARISTIAntologia egilea,
Koldo Izagirre
SUSA
58 orrialde
700 pzta/ 28 lib.
PAKO ARISTI, BERE MINETIK IDAZTEN DUEN POETA
Beragandik gehiegi espero zuten leku batetik inork espero ez duen leku batera doan poeta dugu Pako Aristi. Horrela dio, bederen, Susa argitaletxeak plazaratutako "XX. mendeko poesia kaierak" bildumarako Koldo Izagirrek aukeratu dituen bere poemetako batean. Han aurkituko duzue bere minetik idazten duen poeta honen lanaren isla. Jakina, jo dezakezue baita iturrira, hau da, "Iraileko ipuin eta poemak", "Castletown" eta "Oherako hitzak" poema liburuak irakurtzera. Eta gustukoen poesia kantatua baldin baduzue, Mikel Markez, Txomin Artola, Lin Ton Taun, Furunda, Egan, Fran Lasuen edota Jabier Muguruzaren diskoetan ere topatuko duzue olerkari gisa Urrestillan jaiotako idazle honek egindakotik (disko horien guztien xehetasunak "XX. mendeko poesia kaierak"-ek poeta honi eskainitako alean dituzue).
EGILE BERRIENTZAKO LITERATUR LEHIAKETAK 2000
Batzuen artean
IRUÑEKO UDALA
300 orrialde
1.000 pezeta
40 libera
IRUÑEKO LITERATUR LEHIAKETETAN IAZ SARITUAK
Iruñeko Udalak egile berrientzako antolatu ohi dituen literatur lehiaketetan, iaz saridun suertatu ziren guztien lanak jasotzen ditu liburu honek. Hau da, narrazio laburrenean, Alberto Ladronen "Traidorea" (1. saria), David Anauten "Elur arteko aitorpenak" (2. saria), Daniel Martirenaren "Paradise coffee" (3. saria) eta akzesita bereganatu zuen Joxemiel Bidador-en "Hegomina". Olerkienean, Anjel M. Erroren "Eroria" (1. saria), Nerea Baldaren "Arraildurak" (2. saria) eta Patricia Amigoten "Aingeruak" (3. saria). Bertso-paperenean, Ekhine Etxepetelekuren "Aitona" (1. saria), Julen Zelaietaren "LesBi Ama" (2. saria), Iñigo Ibarraren "Baserria" (3. saria) eta argitaratzeko gomendioa jaso zuen Xabier Irujoren "Arranpalo". Eta haurrentzako antzerki testuen lehiaketan, lehen saria jaso zuen Aitor Txarterinaren "Zenbakiak ala eleak".
HIGUINAREN ISTORIOAK
Mikelats GorrotoHIRIA
94 orrialde
1.650 pezeta
66 libera
MIKELATS GORROTOREN SUMINDURA ETA MENDEKUA
Anonimatoan bere burua gorde nahi duen poema hauen egileak Mikelats Gorroto hauxe dela dio: bekaitza eta gogorkeria, sumindura eta mendekua, gaizkia. Eta Hiria argitaletxearen eskutik izen horrekin kaleratu duen olerki lana, berriz, atalez atal munduaren kronika garratza kontatzen duen gidoi ezkor eta suntsitzailean oinarritutako pelikula. Haatik, ilunpetik argira, kolorera doala aitortzen du baita ere... Baina nor ote, benetan, Mikelats Gorrotoren atzean ezkutatzen den hori? Argitaletxekoek esandakoetatik dakigun bakarra, zera da: bizkaitarra dela, Anboton sortua, eta euskaldun berria. Bere poemek zertaz diharduten? Hona hemen zenbait izenburu: "Diru likitsa", "Sexua ez da plazerra", "Gerra", "Gezurra", "Jonkia 3", "Arbuiatu nauzu", "Zilborrestea", "Poesiari gorrotoa diot", "Bilboko putzu baten zaporea", "Horia", "Anila", "Beltza"...
HISTORIA LAZGARRIA
Aitor AranaEUSKALTZAINDIA/
BBK
110 orrialde
1.000 pezeta
40 libera
TXOMIN AGIRRE "ELEBERRIA" SARIAREN IRABAZLEA
Aitor Arana legazpiarrak eskuratu zuen Euskaltzaindia eta BBKk antolatutako 2000. urteko "Eleberria" Txomin Agirre saria, "Historia lazgarria" izenburutzat duen lan honekin. Nekrofiliaz dihardu egileak bere nobela honetan. Nekrofilian murgildurik bizi baitira narrazioko protagonistak, itxura batean pertsona guztiz arruntak diren arren, bestalde. Errealitatean, ordea, hirukote gorpuzale eta heriotzazale bat osatzen dute. Horietako bat dendaria da, baina benetan atsegin zaiona hilerritik gorpuak lapurtu eta bere etxera ekartzea da. Erizaina dugu, bestea, nahiz bere arreta jasotzen duen gaixoetako askok emakume horrek beste lanbide bat izatea nahiko lukeen. Eta hain zuzen haren mutil lagun ohia dugu hirugarrena, bere bihotzeko kutunak bazterrera utzitako gizona, norbait hiltzea proposatu hark eta berak onartu ez zuelako.
ELA A TRAVES DE DOS GUERRAS
(1936-1946)
María Luisa GardePAMIELA
470 orrialde
3.700 pezeta
148 libera
ELA SINDIKATU ABERTZALEA 1936-1946 URTEETAN
Euzko Langilleen Alkartasuna, bere garaian "Solidaridad" izenarekin ezagutua izan zen ELA-STV sindikatu abertzalea nabarmenki sendotzen ari zen, 1936ko gerra iritsi eta zituen itxaropen guztiak etenik gelditu zitzaizkionean. Zenbat partaide ez ote zitzaion hil hartan, eta zenbat ELAkidek ez ote zuen gartzela edo erbestea ezagutu! Dena den, Iparraldetik gerra ondoko egoera hari aurre egin eta sindikatu bezala zuen eginkizuna betetzen saiatu zen erakundea. Baina orduan Bigarren Mundu Gerra lehertu zen, eta hura amaitu artean bere lehentasunak aldatu beharrean izan zen ELA. Bilakaera honetaz guztiaz dihardu Mª Luisa Garde historialari nafarrak eginiko saiakera sakon honek, Pamiela argitaletxearen bidez plazaratu den "ELA a través de dos guerras (1936-1946)" liburuak.
OSASUNTSU HAZTEA
Paco CapdevilaAIZKORRI
24 orrialde
395 pezeta
15 libera
OSASUN ONAZ HAZTEKO BETE BEHARREKOAK
Izugarri maite dute Jone, Jon eta bere laguntxoek Pepe gimnasia irakaslea, oso indartsu eta jatorra izateaz gainera, osasuntsu nola hazi ezin hobeto azaltzen dakielako. Kirola egin behar dela eta ondoren dutxa hartu, jatorduez kanpoko ezer ez dela jan behar, otorduak hasi aurretik beti eskuak garbitu behar direla, nahiz eta zikinak ez egon; denetik jaten ikasi behar dutela, baina ez dela gehiegi jan behar; otorduen ondoren hortzak garbitu behar direla, goxokiek hortzak hondatu egiten dituztela eta ez dela komeni haietatik asko jatea, sorbalda bakarreko karterarik ez erabiltzeko, edozein animaliarekin jolastu ondoren eskuak ondo garbitzeko... Zer ez ote die, bada, irakasten Pepek haur hauei, Paco Capdevilak idatzi eta Josu Lartategik euskaratutako ipuin honetan! Hiru-sei urte bitartekoentzat.