Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-09-16 -- 1821.zenb

Katixa Garate

Lorius" da Albokaren azken lanak daraman izenburua. Izan ere, berrehun urtetik gora izan ditzakeen Zuberoako "Oihaneko zuhainetan" kantutik hartu du izena taldeak. Marta Sebestyenek kantatzen duen abestiak zera dio: "Lorius bere lurretan beti libre egon dena". Joxan Goikoetxea taldekideak esan digunez, izen hori jarri dute, taldean dagoen giroa, poza islatzen duelako. Alboka taldeak 1994an ekin zion bideari eta gustura daude taldeak izandako bilakaerarekin. Hasiera batetik dantzarako musika tradizionala izan du ardatz eta gure artean hain ezagunak ez diren doinuak aukeratu ohi ditu. Baina badira taldekideek konposatutako abestiak ere, tradizioari jarraiki munduko musikaren ukitu nabaria dutenak. Hori dela-eta, bere lekutxoa egin dute nazioarteko folk panoraman. Besteak beste, Italiako Ottocento Festival , Belgikako Dranouter eta Norvegiako Forde jaialdietan parte hartu dute. Gure harridurarako, hemen baino arrakasta handiagoa izan dute atzerrian.

Taldearen osaketak aldaketa franko izan ditu, taldearen izaera aldatu delako. Alan Griffin, Josean Martin Zarko, Joxan Goikoetxea eta Txomin Artolak sortu zuten proiektua. Hasiera batean proiektu paraleloa zen, taldekideak beste taldeetan edo bakarka aritzen baitziren. Diskoa grabatu, jendaurrean aurkeztu eta atzerriko jaialdi pila batera joaten hasi ziren. Hala, bigarren diskoa ateratzerakoan, proiektu paralelo bat izatetik proiektu propioa izatera igaro zen. Taldekideek beste taldeekin kolaborazioak egiten jarraitzen dute, baina proiektu nagusia Alboka da. Bigarren diskoa plazaratzearekin batera, 1997an Juan Arriola sartu zen taldean. Hirugarren diskorako ibilbidean taldekide batzuk joan egin dira, Txomin Artola kasu, eta berriak etorri dira. Zuzenean zazpi kide izango dira taula gainean aurrerantzean.
Lehen diskoko abestiak instrumentalak ziren; bigarrenean, aldiz, euren ahotsa sartu zuten; eta azken lanean, primerako kantariek abestu dute: Marta Sebestyenek, Eliseo Parrak eta Xabi San Sebastianek. Joxean Goikoetxeak esan duenez, "orain arte ez ditugu kolaborazio asko eduki. Hirugarren disko hau produkzio handi bat izatea nahi genuen eta horretarako, azken urte hauetan festibaletan ezagututako lagunak gonbidatu ditugu, ekarpen bat egin dezaten". Kolaboratzaile horiek Tino di Geraldo perkusionista eta bateria jolea, Peter Maund perkusionista, Mossie Martin mandolin biolinista, Fiachra Mac Ghabban mandolin jotzailea, Christophe Juste txirula jotzailea, David Escudero gitarrista flamenkoa eta Juan Mari Beltran txalapartaria dira.
19 abesti jaso dituzte disko konpaktuan eta horietako bostetan Marta Sebestyen abeslari hungariar ezagunak parte hartu du. Diskoa duela urtebete grabatzen hasi baziren ere, oraintsu jarri da salmentan. Hastapenetako ildoari jarraiki, hemeretzi abestietan dantza eta melodia tradizionalak landu dituzte, euskal kantutegia ezagutzera eman nahi baitute. Joxan Goikoetxea taldekideak erakundeek euskal kantutegiari eskaintzen dioten arreta eskasaz kexu da. "Hemen ez dago etnomusikologiaz arduratzen den erakunderik, Juan Mari Beltranek hasi du halako zerbait eta bere poltsikotik ordaindu behar izan du. Patrimonioaren zati bat galtzen ari da".
Hemeretzi abestietatik sei berriak dira, taldekideek konposatutakoak. Ezpata dantza, fandangoa, arin-arina, soka dantza doinuak aurki ditzakegu diskoan. Kantu tradizionalak izanik ere, Albokaren ukitu berria dute. "Luma txurikoa naiz" abestia, esaterako, doinu tradizional batetik abiatzen da, baina letra berria da. Abestiko ehiztari eta txoriaren arteko elkarrizketa Marta Sebestyen eta Albokaren arteko elkarrizketa da. Xabi San Sebastianek ere abesten du kantu honetan. "Trapatan" abestiak Doneztebeko dantza bat du oinarri eta Marta Sebestyenek parte hartzen du bertan. Tino di Geraldok tablak jotzen ditu abesti horretan eta kutsu arabiarra ematen dio abestiari.
Albokak kantu tradizionalak jorratzen dituela aipatu dugu, baina eurek tradizioa zentzu zabalean ulertzen dute. "Tradizioa beti aldatzen joan da eta alde horretatik, ez dugu berau aldatzeko beldurrik. Dena den, edozer gauzak ez du balio, guk kriterio bat dugu aldaketak egiterakoan", adierazi du Goikoetxeak. Internazionalizazio joera nabaria da gaur egun musikan eta eurak korronte horren barne daude.
Albokaren disko berriaz zuzenean gozatzeko aukera izango da aurki. Datorren astean bertan Donostia, Iruñea eta Bilbon eskainiko dituzte kontzertuak eta urrian gehiago izango dira

Pilar Iparragirre

Non da gure Europa?" galdetzen zen, larri, ZERUKO ARGIA, bere editorialean, 1971ko irailaren erdialde hartan. Zergatik? Orduan ere Estatu Batuek bere interesak baino ez zeuzkatelako gogoan, eta horretaz gain, ahal zuen guztietan munduko jendarmeak izateko bokazioak agerian uzten zutelako. Garai hartan, Watergate kasua zela-eta handik urte batzuetara lotsagarri samar bere kargua utzi beharrean aurkituko zen gizona zeukan lehendakari, hau da, Richard Nixon. Baina axola gutxi bera izatea edo beste bat, noski, EEBBen nagusigoa denen aurrean adierazteko unean.


EKONOMIA ARMATZAT HARTURIK

"Nixon-en erabakiak, munduko erri gehienetakoen diru-arazoa kinka larrian jarri du. Baita Europa beraren nortasuna ere. Europa batua egin nahiean gabiltzanok ere, ba dugu zertaz kezkatzerik", salatzen zuen aldez aurretik gure aldizkariaren editorialak. Larritasun horren guztiaren azalpena, ordea, pare bat orrialde geroago ematen zuen, Berasategik izenpetutako lan batean (beharbada editorialgilea eta Berasategi delakoa pertsona bera izango ziren, baina hori ezin dizuet nik ziurtatu). Gauza da, horrela zioela Berasategik: "Oraingo onetan, Nixon-ek ehuneko hamarrean igo ditu Ifar Amerikara salduko diran gauzen zergak. Zerga ori dala-ta, nazio-arteko ekonomi-arremanak gutxitu egingo dira. Nazio batzuk, nahiz eta argi ez aitortu, asko galduko dute neurri ori aurrera eramaten danean. Esate baterako, Japoi-ek, bere erritik kanpora saltzen dituen ehuneko 35, Ifar Ameriketara saltzen ditu. Alemania berak ere arreman aundiak dauzka, ekonomikoki, USA-rekin. Eta pentsa dezakegu, Japoi eta Alemaniako ekonomiak ahultzen badira, berekin ahulduko dirala beste erri guztietako salerosketak".
Zergatik egin ote zuen Nixonek egindakoa? Bada, arrazoi sinple bategatik, hara! Berea defendatu nahi zuelako.
"Nixon-ek neurri auek artu baditu, bere erri-barruan kinka larrian arkitzen diralako da. Europa eta Japoi ditu, etxetik kanpo, leiaketan", azaltzen zuen Berasategik. Jakina denez, badira euskaldunak Estatu Batuetan ere, eta baliteke haientzat pozgarri izatea Nixonen erabakia. Haatik, Berasategi iruzkintzailea ez bide zen estatubatuarra, oso kezkaturik agertzen baitzen haren jarreraren aurrean. "Artutako neurriak, USA-ko komerzioa aziarazteko artu badira ere, nahi eta nahi ez, mundu osora begiratuz gero, beherakada izango da. Jakiña, ekonomi-borrokak, politiko aldaketak ekarriko ditu".
Aldaketen gorabehera beste baterako uzten zuen, ordea, hari axola zitzaiona besterik zelako: "Lehendabiziko kolpe onetan, USA-k bere merkatua aurrera atera du eta Europako indarrak ahuldu egin ditu. Nolaz? Bere aldetik, nazio-artean jarritako urrearen prezioa aldatuz eta GATT-ekin zeuzkan trataduak ezeztatuaz".


EUROPAK IKASI BEHARREKOAK

Alegia orduko zein etorkizuneko Europa hutsaren hurrengo gisa tratatu zuela besteak. Berekoi halakoa, Estatu Batuak baino ez zituen hark gogoan! Eta Europaren batasuna zer? Bada, estu antzean dirudienez, Z. ARGIAren editorialak azaldutakoaren arabera, "Europa egite ori ez da gauza ez argia, ez erraza, baiña dakarkian ondoren au bai dala latza: 200 milla pertsoneren lan-arazoa jokatzen dala Europa batu orren gorabeheran" jakinarazten zuen. Eta noski, "Europako Elkartearen ordezkariek larri ibilli dira Bruselasen. Ezin etsi badezakegu ere, arazoa estua da. An daude Ameriketako Estadu Batuak, etxeko zorrak konpontzearren æFondo Monetario InternacionalÆ delakoaren arauak zapaldurik, eta G.A.T.T.-tarrei emandako itza jaten. Eta emen, Europa, batu eziñean. Izan ere, Europako laterri bakoitzak bere kasa jokatu du diru kontuan: bakoitzak, berari bakarrik komeni zaiona aukeratu du".
Bazuten zer ikasi oraindik Estatu Batuetatik, antza! Hala guztiek berdin antzean funtzionatzen zutela ondorioztatu behar dugu? Nolanahi ere, ez zen hori gure aldizkariko editorialgilearen iritzia. "Europa guztia kezkaturik, arriturik dago", zioen hark. "Izan ere, eztabaidaturik gabe eta erriari galde egin gabe artu dira erriaren geroa erabat aldatuko duten erabakiak. Arazo ekonomikoak dirala-ta, ahaztu egin behar ote dugu demokrazia zer dan?", galdetzen zen, ziur aski Francoren "demokrazia organikoa" baino ezagutu ez zuen arren, edo apika horregatik. Zena zela, oso mindurik zegoen honengatik: "Teknokrata batzuk bildu, gau eta egun jardun eztabaidan, erabakiak artu eta gero eman zaio erriari batzarretan ikusitakoen berri. Ez da giro europatarren artean". Arrazoia? Batik bat hizki larriz agertzen zuen hura, antza: "Oraintxe jokoan dagoena auxe da: Europako nekazariek prezio dezente batean saldu ahal izango ote dituzten beren barazkiak". Behin hura azpimarratu eta gero, idazteko ohizko erara itzuliz adierazten zituen ondorengoak: "Europako urietan lanik gabeko gizon asko izango ote diran kezka. Dendari askok euren dendak itxi egin behar izango ote dituzten kezka". Buruhauste txikiagoak ote


.

Daniel Udalaitz

Eusko Jaurlaritzak ustekabean harrapatu du jendea abuztu bete-betean, mundu guztia oporretan zegoen bitartean, urte amaiera arte inork espero ez zuen erabakia hartu baitu. Haize Energiaren Sektoreko Lurralde Plana (SLP) onetsi du hastapenez, eta horrek esan nahi du ateak zabaldu dituela Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kokapenari dagokionez, 2005. urtera bitartean beste bost parke eoliko eraikitzeko. Lehentasuna eman die Arabako Elgea, Orduente eta Bidaiari; Bizkaiko, Ganekogorta eta Oizi; eta Gipuzkoako Mandoegiri. Beraz, beste 308 haize errota jarriko dira eta, lehendik Elgea-Urkillako parke eolikoan jarrita dauden 128ekin batera, 436 haize-errota izango dira EAEko lurralde osoan. Erabaki horren ondorioz, aurrerantzean parke eolikoak jartzeko egitasmoei dagokienez, alde batera uzten dira Irukurutzeta, Samiño, Gazume, Kolometa eta Arkamoko inguru naturalak, eta Iturrieta eta Aldama-Arlaba Gurutze mendiak.

Erabaki horrek, hartu den garaian hartu izanagatik sortutako harriduraz gainera, aurkako lehen erantzunak eragin ditu; esan bezala, ez dira haize energiaren aurkako erantzunak, baizik eta hura garatzeko moduaren aurkakoak. Dagoeneko iragarri dira lehenengo protestaldiak, irailaren 23 eta 24rako, Ernio eta Gazume mendietan, egun horietan egin ohi diren erromeriekin bat etorriz.

ALEGAZIOAK AURKEZTEKO EPEA IRAILAREN 24 ARTe.

Planari ateak zabaldu ondoren, abuztuan hasi eta bi hilabeteko epea izango da, irailaren 24 arte, jendaurreko jakinarazpenerako eta alegazioak aurkezteko. Epea izan da EHNE sindikatuak bere protesta egiteko lehen arrazoia. EHNE sindikatua oso hurbiletik jarraitzen ari da parke eolikoen gai hau, eta epea urriaren 24raino luzatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, erabakia sakontasunez aztertu eta dagozkion alegazioak aurkezteko nahiko denbora izan dezaten.
Epe horren ondoren, aurkezten diren alegazioak kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak behin-behineko onespena eman beharko dio Haize Energia Sektoreko Lurralde Planari, gerora, dagozkion izapideen ondoren, behin betiko onespena emateko. Industria sailburu Josu Jon Imazek esandakoaren arabera, urte honen amaierarako burutu daiteke prozesu hori guztia.
Imazen iritziz, parke eoliko horiek nahikoa dira Euskadiko Energiari buruzko Plan Estrategikoaren helburuak betetzeko, «ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena sortuz». Helburu estrategiko horien arabera, 2005. urterako EAEn kontsumitzen den energiaren %3 parke eoliko horien bidez sortzea lortu nahi da.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Industria Kontseilariak argitaratu duen aginduan ageri denez, nolabaiteko mugak ezarri zaizkie parke horietako batzuei. Horrela, Ordunten aurreikusten den katearen luzera gehienez 10 kilometrokoa izango da, hasiera batean 19,2koa zelarik. Halaber, Elgea-Urkillakoaren kokapena era mugatu egin da, eta hasiera batean aurreikusten zen 14,8 kilometroko luzera 9 kilometrora mugatu da.
Haize energiaren garapenak paisaian eta ingurumenean duen eraginaz jabeturik, Industria sailburuak eskaera bat egin die energia honen sustapenaz arduratu behar duten administrazioei, hau da, garatu dezatela energia mota hau baina erabiltzen dituzten teknologiek "planean aurreikusten dena baino haize intentsitate txikiagoa behar izatea, parke eolikoak mendi inguruneetatik kanpo dauden lekuetan garatzeko aukera eman dezaten, epe luzera begira EAEko ondare naturala eta paisaia zaindu ahal izateko".

ERAGIN HANDIAGOA INGURUMENEAN.

Ordunten eta Ganekortan jartzekoak diren parkeak dira ingurumenean eragin handiena izango dutenak, eta Mandoegikoak gutxiena, betiere Sektoreko Lurralde Planak (SLP) dioenaren arabera. Hain zuzen ere, eragin hori murrizteko asmoz mugatu da, Ordunteko etorkizuneko parkeko katearen luzera.
Ekonomia eta energiari dagokion errentagarritasunaren ikuspegitik, berriz, eta hau ere SLPren aurrerapenaren arabera, Elgea-Urkillakoa da baldintzarik onenak dituena. Horren adierazgarri da dagoeneko 40 aerosorgailu ari direla han jardunean, Eólicas de Euskadik sustatutako proiektu batean, 4 kilometro inguruko katean. Haren ondoren, errentagarritasun mailan, Oiz, Ordunte, Badia, Ganekorta eta Mandoegiko parkeak datoz.

GIZARTEAREN ADOSTASUNIK GABEKO PLANA.

Bost parke eoliko horiei ateak zabaltzeko erabakia ezagutu orduko entzun ziren herritarren lehen adierazpenak, bakoitza bere ñabardurekin, EAEko Haize Energiaren Sektoreko Plan Estrategikoa gizarteari bizkar emanda osatu dela oharraraziz, eta inolako adostasunik ez dela bilatu eta iritzi ezberdinik ez dela entzun nahi izan salatuz. Ziurrenik, oporraldiaren ondore planarekiko aurkakotasuna gehiago zabalduko da eta presio neurriak zehaztu egingo dira. Azpimarratu beharra dago planaren aurka dauden gizarte eragileak eta sindikatuak ez daudela, berez, haize energiaren aurka, baizik eta hura garatu eta erabiltzeko moduaren aurka.
EHNE nekazarien sindikatuak bere haserrea azaldu zuen jendaurreko jakinarazpenerako epea uda beteko garaian hasi izanagatik, hau da, "alegazioak aurkezteko behar baino zailtasun gehiago dagoen garaian»; eta, hain zuzen ere, horregatik eskatu du epea urriaren 24raino luzatzea. Sindikatu horrek "jendaurreko jakinarazpen prozesuan eta alegazioen aurkezpenean modu egokian esku hartzeko asmoa" erakutsi du. Lehendik ere, EHNEk eskatua die udalei parke eolikoak jartzeko baimenik ez emateko, bere ustez, SLPak "hainbat zehaztasun hutsune eta akats metodologikoak dituelako".
Gipuzkoako Mendizaleen Federazioak ere zera salatu du: "SLPa ez da, inolaz ere, adostasun bidez egin, eta etxea teilatutik eraikitzeko formula aukeratu dela, hots, lehenik zein parke egitea interesatzen zaion erabakitzea, eta gero SLPa onestea. Parke jakin bat une honetan interesatzen ez bazaie, aterako dute beste bat aurrerago".
Gipuzkoako Aldundiak, alegazio bidez, Gazumen inolako instalaziorik jartzearen aurkako jarrera adierazi zuen bere garaian, Gipuzkoaren bihotz-bihotzean honelako ikusmira eragina gehiegizkoa dela argudiatuz. Antzeko jarrera erakutsi zuten Irukurutzetan parke eoliko bat jartzearekiko, Elgoibar, Azkoitia, Bergara eta Soraluzeko udalek. Kontuan hartu behar da bi kokapen horiek, Gazume eta Irukurutzeta, baztertu egin direla SLPn.
Arabako Aldundiak, gaur egun PPren eskuetan, zorrotz arbuiatu zituen bere garaian Eusko Jaurlaritzaren planak. Gasteizeko Udala bera ere Badaiako mendizerran honelako haize errotak kokatzearen aurka jarri zen, landare eta hegazti kolonia garrantzitsuentzat oso kaltegarriak gerta zitezkeelako. Horren arabera, zentzuzkoa litzateke SLP honen aurrean ere aurkako jarrera agertzea.
Komunikabideei dagokienez, «Gara»ren editorial bat argitaratu zen gai honen inguruan, abuztuaren 8an: "Eólicas a espaldas de la sociedad" (Haize energia gizarteari bizkar emanda). Bertan dionez, Eusko Jaurlaritzak Haize Energiaren Sektoreko Lurralde Plana hastapenez onetsi du, eta "ondorioak jasan beharko dituen gizarteari bizkar emanda osatu da plana, eta, teorian behintzat, gizarte horrek planaren onuradun izan beharko luke". Beste pasarte batean dioenez, "orain arte aditzera emandako kritikek ez dute, inondik ere, zalantzan jartzen haize energia beraren balioa, baizik eta berau garatzeko erabili nahi den modua, hau da, zentral indartsuak eraikiz, honelako aukerek bestelako ingurumen-arazoak eragiten dituztelako: kilometro ugariko pistak eraiki beharra, linea elektrikoak, zuhaitz mozketa izugarriak, hegaztientzako arriskuak eta paisaiarekiko kalteak. Horrela energiaren esparruko inperio handiek beste inork ez du onurarik jasotzen, eta, beste hainbat energia-iturrirekin batera, ingurumenaren aldetik pozgarria izan beharko lukeen ekonomiaren garapen aukera bat arazo larri bihurtzen dute»

Lore Agirrezabal

Euskara zaindu eta batu. Horixe izan da eta izango da Euskaltzaindiaren egitekoa. Bidean aurrera doa eta badu bere historia; larogeita hiru urte bete ditu aurten, eta mende eta milurteko berrian lan horretan jarraitzeko ezinbestekoa zaio iraganaz, orainaz nahiz geroaz gogoeta egitea. Hori dela eta, antolatu dute Euskaltzaindiaren Naizoarteko XV. Biltzarra, "Euskalgintza XXI. mendeari buruz" goiburu hartuta. Bilbon eta Baionan egingo dira jardunaldiak irailaren 17tik 22ra.

Geroan pentsatzen hasi aurretik, ordea, atzera begiratu nahi du Euskaltzaindiak. Eta atzera begirako horretan hiru euskaltzain eta ikerlari handi omenduko dituzte: Resurreccion Maria de Azkue (1864-1951) eta Julio Urkixo (1871-1950) bizkaitarrak, beren heriotzen 50. urtemugan, eta Piarres Lafitte lapurtarra, ehun urte baitira jaio zela. Jean Haritschelhar euskaltzainburuak adierazi digunez, "alde batetik Euskaltzaindiak bere lanetan segitzen du, erran nahi baita geroari buruz jokatzen duela, baina pentsatuz, denbora berean, lehenbizikoak ere hor zirela eta garai batean egin dutela lan, eta hortakotz nahi ditugula ohoratu".
Euskararen iraganaz, orainaz eta geroaz hausnarketa egin nahi du Euskaltzaindiak bere hamabosgarren biltzarrean. Arlo desberdinak izango dituzte aztergai Bilbon eta Baionan. Bizkaiko hiriburuan, hizkuntza ereduez, hiztegigintzaz, eta hizkuntzaren historiaz jardungo dute. Baionan, berriz, Lafitte zenaren omenez, gramatikaz eta literaturaz ariko dira. Hainbat hitzaldi eta eztabaida izango da jardunaldiotan, eta orotara hamazazpi txosten aurkeztuko dituzte, besteak beste: Mikel Morrisen "Hiztegigintza elebiduna: Egindakoa eta egitekoa", Luis Mari Mugikaren "Euskal Toponimoak Burgosen (aztarren berriak)", eta Axun Aierberen "Teknolekto ugari baliatzen dituzten hizkerak".
Nazioarteko Biltzarra izaki, Europako zenbait hizkuntz gutxituen herrialdetako hizkuntzalariak ere gonbidatu dituzte. Kataluniako, Galesko eta Finlandiako adibideak aintzat hartu nahi dituzte: "Ez gara gu gure delako xoko horretan egoiten, zabaltzen gara; nahi dugu ikusi besteek zer egiten duten", adierazi digu euskaltzainburuak.


HIZLARIAK ADINA HIZPIDE.

Hizkuntza ereduei buruzko jardunaldiak emango dio hasiera biltzarrari. Euskaltzaindiak, hastapenetik, euskara batuari garrantzi handia eman dion arren, euskalkiak ez dituela bazter utzi erakutsi nahi du: "Euskara batua sortua dela, orain zertan garen eta zeri buruz goazen ikusi nahi da, baina denbora berean ere badirela gure euskalkiak, Euskaltzaindiak ez baititu inoiz baztertu eta euskalkien alde, bereziki Hizkuntza Atlasarekin, nehork egin duen lana egin du", azaldu digu Haritschelharrek. Hala ere, beharrezkoa ikusten du hizkuntza bat, euskara batu bat, bereziki idazketan ezarria: "Erran nahi baita, idatzia Euskal Herri osoan erabil daitekeen hizkuntza dela, eta aldiz, bakoitzak bere tokian baliatzen ahal duela bere euskalkia". Horretan aurrera ekiteko hizkuntza ereduak aztertzeari beharrezko deritzo Euskaltzaindiak. Koldo Zuazoren hitzaldiak hasiko du gogoeta hori, eta Jean-Paul Bronckart frantsesak eta Vicent Pitarch katalanak segituko dute.

Hiztegigintzari dagokionez, Hiztegi Batuaz ariko dira besteak beste. Dagoeneko euskara batuan erabil daitezkeen 23.000 bat hitzeko hiztegia osatu baitu Euskaltzaindiak. Gai honi buruz ere, beste herrialdeek jorratutako bidea aztertzea beharrezko ikusi dute eta horretarako M. A. Sari Maamies aditu finlandiarra eta Geraint Jones galestarra gonbidatu dituzte.
Euskararen jatorriaren inguruko teoriek ere bere lekua izango dute biltzar honetan. Euskararen nondik norakoak, barne historia, eta euskarak erromantzeekin izan dituen harremanak izango dira mintzagai hilaren 19an. Jakin-min gehien sortu izan duen teorietako bat ere hizpide izango dute, alegia, euskara eta Kaukasoko hizkuntzen parekotasuna. Kaukasoko zenbait hizlarirekin aztertuko dute hori.
Baionara joko dute ostegunean. Bertan bi egunez Lafitte zenaren gai minenez ariko dira: gramatikaz eta literaturaz. Euskarazko gramatikari buruz munduko hainbat herrialdetan egindako hogeita bost bat txosten bildu ditu Euskaltzaindiak, eta lan horren lekuko izango dira Baionako jardunaldiak. Literaturari dagokionez, Lafitten aurreko idazleak ekarriko dituzte gogora.


HAUSNARKETARAKO GARAIA.

XVIII. mende amaieran eta XIX. mendean hasi zen euskara batzearen aldeko lehen iritziak plazaratzen hainbat euskaltzale. Asmo horrek sortu zuen 1918an Euskaltzaindia. Resurreccion Maria de Azkue izendatu zuten erakundeko buru eta alfabeto sistema bateratzeko lanak hasi ziren. 1936an, Espainiako Gerra Zibilak euskaltzainak sakabanatu zituen, une latzak jasan zituen Akademiak, baina lanean jarraitu zuen. 1968an, Arantzazun egindako batzarrean heldu zion literatur hizkuntza bakarra eratzeko asmo sendoari. Hogeita hamahiru urte hauetan erabateko bilakaera izan du euskara batuak.

Orain dituzten helburuak 1989tik euskaltzainburu den Jean Haritschelharrek adierazi dizkigu: "Guk nahi dugu euskara batua behar den bezala jarri eta era berean, euskalkiei daukaten eremua utzi. Halaber, gramatika, atlasa, literatura, onomastikaà aztertzen dihardugu".
Euskalarien Nazioarteko I. Biltzarra 1980an egin zen, eta azkena, berriz, duela zazpi urte Leioan. Astelehenean hasiko du XV. biltzarra, hausnarketarako bidea emango duena Haritschelharren hitzetan: "Bi mila eta batgarren urtean gaude, milurteko bat bukatu da, mende bat ere bukatu da, beste milurteko eta mende batean sartzen ari gara, beraz, nahi genuke ikusi zertan gauden"

Erlantz Urtasun

Azken guda karlista piztu baino urte batzuk lehenago, 1862an, Daniel Irujo Nafarroako Lizarra hirian jaio zen, hots, Jurramendi ondoko karlisten inguru maitatuenean eta aipatu XIX. mendeko gatazka armatuetan biziki borrokaturiko eremuan.

Bada, denboraren poderioz ume hura legegizon bilakatu eta, antza denez, Sabino Aranaren abokatua zelarik abertzale ere bihurtu zen, "karlista izaiteari muzin egin gabe". Ez da harritzekoa, hortaz, idatzi zuen liburu baten izenburua: "Inocencia de un patriota. Notable defensa del fundador del Partido Nacionalista don Sabino Arana-Goiri". 1911n sorterrian hil zen, nahikoa gaztea beraz.
Manuel izeneko bere semea ere Lizarran sortu zen 1891ko irailaren 25en. Manuel Irujo Ollo. Bere aitaren gisa eta Aranatarren itzala horren luzea bailitzan, Urduñako jesuitetan ikasi zuen. Ondoren, Daniel irakaslea zen Deustu eta Salamankako unibertsitatean Zuzenbidea zein Filosofia eta Letrak lizentziatu agiriak eskuratu zituen.
1919, 1921 eta 1930. urteetan ordezkari forala hautatu zuten. Ildo beretik, eta Tolosan, Lizarran nahiz Tafallan bere ogibideari esker bereganaturiko ospeaz baliatuz, 1933 eta 1936 data erranguratsuetan Madrilerako ere aukeratu zuten.
Edonola ere, zoritxarreko 1936ko uztailaren 18a heldu eta erabaki bat hartzeko beharturik senditu zen. Senide hurbilak atxilotu edota fusilatu zituzten. Bera Donostian zela dirudi, eta errepublikaren aldeko jarrera garbia hartu zuen EAJ alderdiko lehendabizikoetako agintaria ere izan zela azpimarratu da, Telesforo Monzon eta Jose Maria Lasartek erakutsiriko norabide berari jarraikiz.
1936ko irailaren 11n errepublikar gobernuan sartu zen. 1937ko maiatzaren 17 eta irailaren 10 artean eta, halaber, urte bereko abendutik 1938ko abuztua bitartez Justizia ministroa izendatu zuten, bertzeak bertze euskal estatutuaren aldeko lan garrantzitsua eginez. 1939ko otsailean Kataluniatik Frantziarat abiatu zen, Agirre lehendakariarekin baterat. Laster Londresen zen, bertan Eusko Kontseilu Nazionala sortuz (1941).
Bigarren Mundu Gerraren ondoren Agirrek 1937an zuen eragina berreskuratu zuela aipatu da hainbatetan. Honela, Irujok protagonismoa galdu zuen, Kontseiluak eta erakunde hark prestaturiko autonomia estatutuak bezala. Izan ere, 1945ean EEBBetarat jo zuen, non errepublika nahiz euskal autonomia zela medio kargu anitz bete baitzuen. Frankismoan, halere, alderdian zuen indarra gutitu zela atzematen ahal da, erraite baterako Leizaola edota Ajuriagerraren boterearen aitzinean.
1977ko martxoaren 24an Hego Euskal Herrirat itzuli eta Nafarroan senadore hautatu zuten, baita herrialde horretako legebiltzarreko kide ere. Bertan zenbait aldizkari, kirol elkarte edota ikastolaren sorreran parte hartu zuen. Nafar hiriburuan, Iruñean hil zen, 1981eko urtarrilaren batean. Laurogeita bederatzi urte zuen.


Manuel Irujo Londresen.

1937ko militar porrota gauzatu eta ondorengo urteetan, Eusko Jaurlaritzan arituriko partaide batzuen bizitza kinka larrian egon zen. Adibidez, lehendakaria bera herrialde batetik bertzerat ibili zen, Leizaola txiripaz salbatu omen zen Frantzian, eta, horietako une larri batean, Telesforo Monzonen berri izaiteko Afrikako Dakar hirian galde egin beharko genukeen.
Horietako bertze bat, Manuel Irujo jauna, Londresen zen, non Nafarroa barne zuen "Euzkadi"rako konstituzio baten projektua ere prestatu baitzuen. Horri loturik, "Proyecto de Organización Nacional" izeneko agiri estrategikoa landu zuen. Horren bitartez, eta bere hitzen arabera, "se abarca casi toda la vida económica y administrativa de Euzkadi" eta "estudios sobre límites de la tierra vasca". Hau, halere, ez zen lagun bakarraren saiakera izan, zeren eta erbesteratu anitzen iritzia jaso baitzuen, ikuspegi ezberdinen harien bitartez aberriaren jantzia josiz gero itxaropena errealitate bilakatuko zelakoan: "Habrá de surgir un día la ley fundamental de nuestra patria".
Britainiar gobernuak euskal ordezkaritzat hartu zuen Irujo politikari nafarra eta, Churchill sendoaren babespean 150 gudariz antolaturiko batailoia armatu zuen, De Gaulle frantses generalak berak horren beharra nahiz egituraketa txalotuz

Nagore Legarreta

Iritsi da urteko zesta punta ekitaldirik garrantzitsuena, Zesta Puntako XI. Munduko Txapelketa. Futbolak adina zaletasun pizten ez badu ere, nahi duenak munduko zesta punta jokalari hoberenak ikusteko aukera izango du irailaren 12tik 23ra bitartean Miarritzeko Jai Alai pilotalekuan.

Bigarren aldiz egingo da Miarritzen Munduko Zesta Punta Txapelketa, 1994.urtean izan zen eta Mitxelena-Pedrouzo bikotea garaile suertatu zeneko txapelketa hartan 15.000 ikusletik gora bildu ziren. Pierre Etxalus mauletarrak, Irastorzarekin batera azken munduko txapelketa irabazi zuenak, ondo ezagutzen du Miarritzeko Jai Alai pilotalekua, "frontoi hau txikia eta bizia da, ondorioz tantoak mota guztietako kolpeekin egin ditzakegu. Honek bikoteen arteko maila asko berdintzen du eta ez da Gernikako pilotalekuan bezala non tantoa asko prestatu behar duzun" aipatu zuen abuztuaren 29an Miarritzen egin zen zestalarien aurkezpenean.
Guztira hogeita zortzi pilotari izango dira, txapelketan parte hartuko duten hemezortzi pilotari eta ordezko sei. Txapelketan hasieratik parte hartuko duten bederatzi bikoteak hirunakako hiru multzotan antolatu dituzte. A taldea da guztietan gehien nabarmentzen dena, Etxalus-Irastorza bikoteak iazko txapelketa irabazi zuen, Alberdi I bakarkako txapeldunordea izan da aurten, eta bere bikotea den Enbil, Munduko eta Euskal Herriko txapeldunordea izan da. A taldeko hirugarren bikotea, Alberdi II eta Jon Arriagak osatzen dutena, ez da atzean geratzen, batak nazioarteko txapelduna izatea lortu du eta besteak udan garaipen ugari lortzeaz gain Bidasoaz bestalde hiru titulu lortu ditu. B taldean, Baronio-Cuvet eta Arriaga-Barrondo bikoteek jokatuko dute lehen partida, B taldeko hirugarren bikotea Bereikua eta Osak osatzen dute. C taldean, Egiguren II-Felix eta Lander-Erkiaga bikoteetaz gain, Estatu Batuetatik etorritako Tevin-Wayne bikotea dago.
Tevin eta Wayne zestalariak Milford-go pilotalekutik datoz, aurreko urteetan ere Amerikako kontinentetik datozen jokalariak izan dira txapelketan. Gernikan 1994. urtean ospatu zen txapelketan Benny eta Danny zestalariek, Felix eta Uriarterekin osatu zituzten bikoteak. Mexikotik ere etorri dira pilotariak Euskal Herrira, Elorduy eta Inclán dira horren adibide. Lehenengoa txapeldunordea izan zen 1991. urtean eta bigarrenak 1992. urteko txapelketan hartu zuen parte. Katxin Uriarte zestalariak jokalarien jatorrien aniztasun hau onuragarritzat jotzen du: "Ona da jatorri ezberdinetako pilotariak parte hartzea, txapelketari nazioartekotasuna ematen diolako. Gainera Tevin beltza da eta hau askoz hobea da, horrela ikus daiteke zesta punta leku guztietan dagoela" adierazi zuen.
Nahita ezkoa bihurtzen da horrelako txapelketetan bikote faboritoetaz hitz egitea, gehienek munduko txapelketa honetarako faboritoak Iparraldeko bikoteak diren Etxalus-Irastorza eta Baronio-Cuvet direla esatean bat datoz. Iban Osa zestalariak Alberdi I eta Enbil ere aipatzen ditu eta Katxin Uriartek bikote gehienak faborito direla aipatzen du: "beti dago nabarmentzen den bikoteren bat baina kasu honetan bikote gehienak dira faborito" .


FINALERDIA ERABAKITZEKO LIGA

. Lehen partida irailaren hamabian jokatuko da eta bertan momentuz munduko txapeldunak diren Etxalus eta Irastorza, Alberdi I-Enbil bikotearekin lehiatuko dira. Txapelketaren lehen zatia irailaren hamaseira arte izango da eta liga itxura hartuko du, hau da aurtengo txapelketaren berrikuntza nagusietako bat. Bikote bakoitza bere multzoko bi bikoteekin lehiatu ondoren, multzo bakoitzeko buruak erabakiko dira. Bikoteek ez dute nahiko izango multzoko buru geratzearekin, izan ere tantoen diferentziak erabakiko du zein pilotarik jokatuko duten finalerdia.
Bere multzoko garaile geratu eta finalerdira igaro ez den bikotea, hiru multzoetan bigarren geratu direnekin final laurdenak jokatuko ditu irailaren 18tik aurrera. Hirugarren eta laugarren posturako partidak irailaren 22an jokatuko dira eta finala irailaren 23an.


ALDAKETAK ETA EZTABAIDA.

Hogeita hamabi pilotarien arteko aukeraketa egin ondoren, abuztuaren hogeita bederatzian Miarritzen egin zen hemezortzi bikoteen aurkezpena eta txapelketarako multzoak osatzeko zozketa. Honek guztiak eztabaida sortu du, izan ere txapelketako antolatzaileek aldatu egin dute multzoak osatzeko prozedura: aurreko txapelketetan ez bezala, zozketak alde batera utzita Etxalus-Irastorza eta Baronio-Cuvet Iparraldeko bikoteak A eta B multzoetako talde-buru jarri dituzte. Erabaki honen helburua Iparraldeko bikoteak lehenengo fasean elkar ez topo egitea da, izan ere aipatu bikoteak multzo berean topatuz gero Iparraldeko jokalariekin hiru egun besterik ez lirateke egongo.
Pilotari gehienak zozketa hutsaren alde agertu diren bitartean antolatzaileek, iparraldeko ikusleak erakartzeko helburuarekin, hiru Iparraldeko bikote ekartzea gustatuko litzaiekeela adierazi zuten. Ricardo Alberdi pilotaria nahiko haserre agertu zen, behin bikoteak osatuta ez lukeela talde bururik egon behar eta interes komertzialekin beti gauza bera gertatzen dela adierazi zuen. Katxin Uriarte pilotaria aldiz, ados zegoen antolatzaileek hartutako erabakiarekin: "Ondo iruditzen zait Iparraldeko bikoteak talde ezberdinetan jartzea, interes komertzialengatik eta kirolaren interesagatik. Zesta punta ez dago sasoirik hoberenean eta antolatzaileen jarrera ulergarria da" adierazi zuen.
Txapelketak irauten duen hamaika egun hauetan Herriko Etxeak hainbat ekintza antolatu du bertara hurbiltzen direnek kirol honetaz zerbait gehiago jakin dezaten. Horien artean, zesta punta gaitzat duten margoak, kirolaren historiari buruzko erakusketa, trinketean jokatzen diren espezialitateen azalpenak, xisteragintza, ikus entzuteko emanaldiak eta abar

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan