Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-09-16 -- 1821.zenb

- Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusia æEl Diario VascoÆn: «Inoiz ez gara jarriko ETAren nahiaren menpe. Haiekiko borroka logikoa da, gu demokratak garelako eta beraiek euskal gizarteari beren tesiak inposatu nahi dizkiotelako. Mundu horrek ez du pluraltasuna onartzen eta hori guretzat funtsezkoa da, ez du onartzen herrialde honen gehiengoak eskatzen diona, hau da, joko politikoaren arauak onar ditzala. Hori onartzen ez duten heinean, nazionalismo demokratikoa eta nazionalismoa ekintza biolentoen babes gisa hartzen duen mundu horren arteko borroka ezinbestekoa da».
- Jaime Mayor Oreja, PPko parlamentaria: « PPren datozen hiru urtetako zeregina, Lizarra epeka garatzea den EAJren estrategia horri aurrea egitea izango da».
- Pernando Barrena Batasunako foru parlamentaria: «Sakabanaketa preso politikoen inguruneari modu ezkutuan ezarritako heriotz zigorra da».
- Tomas Karrera, Senideak-Gureakeko koordinatzailea: «Beren helburua astero gure heriotza bilatzea da. Batzuetan ez dute lortzen, baina horretan ahalegintzen dira».

Santiago Cervera Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariak ez du dimisiorik aurkeztu oposizio osoak, legionelaren auzian dela eta, Legebiltzarrean egindako bilkura berezian hala eskatu izanagatik. Cerveraren ustez, bere saila eraginkortasunez aritu da sei heriotz eragin duen auzian eta ospitaleko langileei legionelaren berri azkarrago ez eman izana deitoratu zuen.
Marine Pueyok ordezkatuko du maiatzean diminsioa aurkeztu zuen EHko parlamentari eta Aralar taldeko Pablo Muñoz. Pueyok 47 urte dauzka eta Iruñeko udalean zinegotzia izan zen 1991tik 1995era. Iruñeko udaleko funtzionaria da eta udaletxeko erosketa sailaren ardura du bere gain.
Julia Madrazo Ezker Batuko Bilboko zinegotzia izan daiteke Eusko Jaurlaritzako IU-EBko sailburu berria. Julia, halaber, Javier Madrazo IU-EBko koordinatzailearen arreba da.

LANDAREAK

Jakoba Errekondo

Milua aspalditik ezaguna da gure artean, Hegoaldean osasuna zaintzera emanak diren sorgin eta sendagileen artean batez ere eta Iparraldean hauen artean adina sukaldarien artean. Foeniculum vulgare du izena bide ertzetan, ezponda eta betelan harroetan ia nonahi aurki daitekeen miluak. Foeniculum vulgare var dulce du izen teknikoa pertzetarako baratzetan hazten den Florentziako milu gozoak.

Milua, anisa, perrexila eta azenarioaren familiakoa da, unbeliferoetakoa, hau da, irekitako aterki baten itxuran bilduta loreak ematen dituztenen senitartekoa.
Tarteri honetakoen beste ezaugarri garrantzitsu bat bere berdearen usaina da. Miluak anetol deituriko osagarri bati zor dio bere esentzia goxo, mehe berexia eta honek mokofin asko askoren ahoko sabai finak eta pituitaria koloretsuak xaxatuz gaineko garunetan eragiten duen agure tipoko dardaizo sasi orgasmikoei eskerrak sekula-sekulorum hango edo hemengo baratzaren batean jaso eta zaindua ikusi ahal izango da.
Baratzetan hazitakoen ipurtaldeko hosto pila pottoloa jan ohi da, gordinik xerratua entsaladan, eltzekoak fintzeko, frijitua edo omeletan, edo egosia olioz, limoi-zukuz edo gurin saltsaz lagundurik. Basatia toki lehorretan garatu edo tontortua dago, dagoenerako. Toki hezeetan edo udan moztua izan denetan, puja berriak berde-berde izango ditu oraindik, moztu eta mermeladak, likorrak eta abar perfumatzeko edo sendabelar gisa erabiltzeko jaso

OSASUNA

Jabier Agirre

Derrigorrezko Bigarren Heziketa egiten ari diren gazteek, eta ez ahaztu adin horretan daudela 12-16 urte bitarteko gure seme-alabak, beren motxila edo bizkar-zorroetan gomendatuko litzatekeen pisua baino 3-4 kilogramo gehiago garraiatzen dituzte egunero-egunero, etxetik eskolara doazenean, eta atzera berriro etxera itzultzen direnean. Eta bidaian ematen duten denbora, joan-etorria alegia, ordu-erdi edo ordubetekoa da.

Oraindik ere hazten ari diren gorputzetan egindako gain-esfortzu horrek malformazioak eragiten ditu epe luzera, bizkarreko trastornoak eta baita pintzamenduak ere muskulu eta artikulazioetan, Eskola Publikoko Ikasleen Guraso-Elkarteko Federazioen kidea den Patxi Alonso medikuak adierazi zuen bezala.
Ikasle horiek bizkarrean eraman behar luketen pisuak hiru-lau bat kilokoa izan beharko luke, bizkar-zorro edo motxila batean behar bezala kokatu eta orekatuak. Izan ere, gauza jakina baita gainean eraman beharreko zamak ez duela inoiz izan behar gorputz-pisuaren % 10 baino handiagoa. Atera hortik kontuak, irakurle gurasoa.
Federazioak eskoletan takilla egokiak jartzea eskatu du, ikasleek egunero material guztia garraiatu behar izan ez dezaten, eta argitaletxeei eskatu die kilo-erditik gora pisatzen duten liburuak tomotan bana ditzatela. Azkenik gurpilez hornitutako motxilen erabilera kaltegarritzat jo dute, gazteen beso eta bizkarren gain eragin ditzaketen kalteengatik. Beraz, badakigu datorren ikasturte-hasieran zeri erreparatu beharko diogun beste hainbat gauzaren artean: motxilaren pisuari hain zuzen ere


IU-EB, AZKENEAN JAURLARITZAN

AURREAKORDIOA sinatuta jada, asteburuan ofizialduko da Ezker Batuak EAJ eta EArekin lortutako akordioa. Akordio koalitatiboa lortu du Jaurlaritza berriko hirukoteak, Jaurlaritzaren izaera ia ukitu gabe, bakegintza eta autogobernuaren eremuan ekarpen garrantzitsua egiten du Ezker Batuak. Horrela, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak maiatzaren 13ko garaipena biribildu du. Duela hiru urte egoera larrian zegoen Ezker Batuak, ordea, pentsaezineko protagonismoa hartzen du. Eta arriskua, batez ere bere ezkerreko izaerari begira, bere baitako zenbaitzuek ondo aprobetxa dezaketena.


BATASUNAREN EGOITZA ZENTRALA IRUÑEAN IZANGO DA

IRAILAREN erdialdetik bukaera bitartean, Batasunaren egoitza zentrala Iruñean izango da. Aldi berean, erakunde berrian nazio mailako karguak betetzen dituzten arduradunek, Iruñean burutu beharko dute beren eguneroko beharra eta horrek zenbait buruzagi euskal hiriburu historikoan izatera behartuko du.


EGUNKARI BERRIA IPARRALDEAN

URRIAREN erdi aldean "Euskal Herriko kazeta-Le journal du Pays Basque" izeneko egunkaria zabalduko Ipar Euskal Herrian. Astelehenetik larunbata bitarte zabalduko da eta Hur Gorostiaga kazetari ezaguna izanen da zuzendaria. 5.000 ale karrikaratu du hasieran, frantsesez -nagusiki- eta euskaraz. Egunkari berri honek EKHEren (Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea) sostengu eta bermea izan du orainokoan.


UDAZKEN BEROA EUSKO LEGEBILTZARREAN

EUSKO Legebiltzarrak jardun handiz ekin dio ikasturte berriari, eta Espainiako legebiltzarre autonomikoen bilkurarekin hasi bazen ere, ondoren bakegintza eta autogobernuaren eztabaida monografikoak izango dira, hurrenez hurren irailean, 28an seguruenik, eta urrian. Eztabaida hauetan legebiltzarreko talde guztiek parte hartuko dute eta maiatzaren 13aren geroztik taldeen planteamenduetan izan den garapena ikusi ahal izango da, nagusiki PSE-EErena.


SOZIALISTAK PP-RENGANDIK ALDENDUZ APURKA

MAIATZEKO hauteskundeetako emaitza harrigarrien ondoren, PSE-EEko ahots askori entzun zaio sozialistek beren jokoa egin beharko luketela euskal politikagintzan, PPrengandik aldenduz. Bide horren aztarnaren batzuk ageri dira apurka: esate batera, PSE-EE autonomia historikoek Europan ordezkaritza zuzena izan dezatenalde agertu da, federalismoaren ereduaren aldeko ahotsak biderkatzen ari dira eta autodeterminazio eskubideaz eztabaidatzeko prestutasuna agertu du Gemma Zabaletaren bidez. Estatutua guztiz garatzeko batzorde berezia eratzearen alde agertu da, baina horretarako jeltzaleei independentziari uko egin diezaioten eskatu die.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan