Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-09-16 -- 1821.zenb


«PETATXU» EUSKARAZKO SAIOA

Irailaren 12tik haurrentzako «Petatxu» irratsaioa entzungai da asteazkenero Euskal Irratietan, alegia, Xiberoko Botzan, Irulegiko irratian eta eta Gure irratian. Jokoak eta euskaraz trebatzeko ariketak izango dira nagusi. Ordubata eta erdietan eskainiko dute aipatu irratiek «Petatxu», eta ondoren lehendik ere emititzen zen «Haur eta Gazteen Txokoa» emango dute.


ZIBURUKO KOLEGIOA EGOITZA BEREAN

Joan den astelehenean ikasturteari hasiera eman zioten Iparraldean. Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxean ere hala izan zen, frantziar Administrazioak egoitza uzteko agindua eman bazuen ere. Pantxika Duperou kolegioko zuzendariak esan zuenez, Administrazioarekin hitz egin dute eta alokairuaren kontratua urtebete luzatuko dietela agindu die. Aurten 68 haurrek hasi dute kurtsoa Piarres Larzabalen.


GAZTELANIATIK ITZULITAKO LIBURUAK

Joan den astean Lehen Hezkuntzarako Ingurunearen Ezaguerarako ikasliburu berriak aurkeztu zituzten Nafarroan. Liburu hauek Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarekin euskarara itzulitakoak dira. Hezkuntza sailburu Jesus Lagunak esan duenez, «orain arte Nafarroan gabezia bat zegoen, ez zegoen Nafarroari buruzko libururik euskaraz, eta, hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegokoak erabiltzen zituzten euskal ereduetan». Besteak beste, EA eta Batasuna kexu agertu dira liburu hauekiko.


GEOGRAFIA EUSKARAZ IKASTEKO

Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta munduko kontinente guztietako geografia fisikoa eta politikoa biltzen duen CD-ROMa kaleratu du Elhuyarrek. Geografia ezagutzeko parada eskaintzen du eta gainera euskaraz dago guzti-guztia.


ZINEMAN LABUR

HILAREN 10ean hasi bazen ere, 22a arte ikusi ahal izango da Bidasoako Film Laburren Nazioarteko Jaialdian hainbat eta hainbat film labur. Guztira, 20 film eskaintzen ditu aurtengo Jaialdiak. Guztiak jaialdiaren lau egoitzetan ikusi ahal izango dira: Elizondo, Doneztebe, Bera eta Hendaian. Lehiaketan parte hartuko duten hogei film laburretatik bost dira Euskal Herriko egileenak: Laura Bellosoren «El ultimo cuento», Inaz Fernandezen «Hauspo soinua», Miren Zamakolaren «Usoa», Pablo Maloren «Jardines deshabitados» eta Sara Mazkiaren «Hide&Jekill». Jaialdiak aurten hainbat berrikuntza izan ditu. Besteak beste, hilaren 19an zonaldeko zinemagileak bultzatzeko haien bideo lanak eskainiko dituzte Beran eta gainera, publikoaren sari bat ere egongo da aurten.


IRUDIAK ISILTASUNEAN

ISILTASUNEAN du izena Zarauzko Olerti Etxeak hil honetarako martxan jarri duen zikloak. Lehengo ostiralean hasita, eta ostiralero, arratseko zazpi eta erditan, zinema isilaren garaiko zinegileak aztertuko dituzte bertan. Lumiere anaiak, Edison, Murnau ... eta beste hainbat izango dituzte hizpide. Gainera, filmak ikuste-ko aukera izango da.


OKZITANIA GERTUAGO

OKZITANIAKO Kultura eta nortasuna euskaldunei ezagutarazteko xedez, Haize Berri kultur etxeak eta Okzitaniako Kultur Erakundeak «Topa OcÆ» izeneko Jaialdia antolatu du Izuran. Hilaren 28, 29 eta 30ean zehar hainbat ekitaldi burutuko da. Horien artean, okzitaniar hizkuntzari buruzko hitzaldia, dantza ikastaroak, Okzitaniako gazte mugimenduari buruzko mintzaldia eta Okzitania eta Euskal Herriko musikarien kontzertuak.


EKAIN BERRIA DATORREN UDAN

EKAINGO kobazuloaren barrualdeko kopia prestatzen ari da Frantziako Z.K. Productions enpresa. Bitartean, Zestoan kopia hori hartuko duen eraikina amaitzen ari dira. Guztia ondo badoa, eraikina urtearen amaierarako bukatua egongo da. Ondoren, irudiak eta haitzen kopiak, haitzuloko lurraren eta putzuen errepresentazioa eta abar paratuko dituzte bertan. Hiru bat hilabeteko denbora dago aurreikusia horretarako. Eta beraz, guztia prest egon beharko litzateke datorren urteko udarako. Lanak guztira 460 milioi pezeta kostako dira (18,4 milioi libera inguru).


EUSKAL MUSIKA VIC-EN

BIGARREN aldiz izango du aurten euskal musikak bere lekua Viceko Musika Azokan. «Euskadiko soinuak» egitasmoaren baitan hainbat euskal musikari eta musika enpresa bilduko da bertan hilaren 14tik 16ra. 24 metro karratuko erakustokian sei disketxe, musika jaialditako ordezkariak, zazpi management bulego eta aldizkari bat izango dira. Gainera, azokan zortzi euskal taldek kontzertuak eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, Anari, Eguen Banda, Fermin Muguruza, Skalariak, Mikel Urdangarin, Iñaki Salvador, Pi-LT eta Tirri Tarra izango dira bertan. Berrikuntzen artean, euskal musika promozionatzeko bi CD kaleratu dira. Batean, euskal pop-rockeko ordezkarien doinuak bildu dira. Bestean, folk estiloko eta kantautoreen lanak bildu dira. Eskuliburu bat ere argitaratu da, non disketxeak, taldeak, jaialdiak eta komunikabideak biltzen diren.

- Angel Amigo produktoreak honela zioen «Gara»n: «Produktora gehiegi daude hemen. Eta hori ETBk produktoren sendotzea ekidin duelako da. Bere estragia hauxe izan da: sendotzen saiatzen diren produktoren egonkortasuna galaraztea merkatua eta prezioak kontrolatzen jarraitzeko».
- Hasier Etxeberriaren adierazpena da hau «EuskaraZ Posta Zerrenda»n idatzia: «Baten bat espainolez aritzen denean, euskarazko hitzak edo esamoldeak sartzeak, min egiten dit. Ene ustez, kodigo bat edo bestea hautatutakoan, bataren edo bestearen legeetara makurtu beharra dago derrigorrez, æque tal tus aitatxosÆ eta antzeko pitokerietarako aukerak ekiditeko, besteak beste».
- Gonzalo Etxebarria margolariaren iritziz, «Botereak gero eta gehiago erabiltzen ditu irudiak mezuak pasatzeko, gutxiengoak baztertzeko eta diferentziak ez onartzeko. Iduri du dena errana dagoela, baina ez zaie egiazko galderei arraposturik ematen. Unibertsaltasuna erabiltzen dute irudia banalizatzeko eta alde intimista zokoratua da». «Gara»n esandakoa da hau.

Gure irakurle batek Fagor etxetresna elektrikoak egiten dituen Arrasateko enpresaren webgunearen berri eman digu: www.fagor.com. Bertara jo dugu eta informazio guztia erdaraz (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez...) topatu dugu. Euskaraz ere irakurri nahi genuke!

Berri Txarrak taldearen hirugarren diskoa urrian izango da kalean. Gor diskoetxearen eskutik argitaratu dute «Eskuak/Ukabilak» lan berria.
Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epeldek irabazi dute Donostiako Dantza Sueltoko Txapelketa.
Miguel Sánchez-Ostizen «El corazón de la niebla» lan berria hil honetan bertan izango da kalean. Horrez gain, «Peatón de Madrid» izeneko liburua prestatzen ari da. Eta azken hau urrian plazaratuko da.
Xabier Etxeberria suertatu da hamazazpigarren Basarri bertso-paper sariaren irabazle «Dietan jarrai» izeneko bertso sortagatik.
Jojo eta Ramuntxok «Zure kanpoetara...» izeneko diskoa plazaratu berri dute. Hamaika abestiz osatua dago Agorilak argitaratu duen lan hau.
Miren Azkaratek eta Patxi Altunak idatziriko «Euskal Morfologiaren Historia» liburua argitaratu du Elkarlanean argitaletxeak.

Ana Urkizaren iritzia da honakoa «Euskaldunon Egunkaria»n idatzia:
«Kulturan baino industrian helburuak gorago ditugula esango nuke. Bezeroa asetzea da helburu gorena eta ez zaigu bezeroa nor den sekula ere ahazten. Guri, Alemaniako azokara joaten garenean makinak saltzera, ez zaigu otutzen gaztelaniaz jarduterik. Alemaniara bagoaz, gure lehenengo hizkuntza, alemaniera da; eta bigarrena, ingelesa. Lehenik eta behin hangoak izaten digutu kontuan, eta gero, gainontzekoak. (...) Argi eta garbi izaten dugu beste kultura batera goazela, eta saldu nahi badugu, unibertso horrekin bat egin behar dugula. Beraz, euskal munduarekin ere berdin egitea eskatuko nieke euskal kultura kudeatzaileei. Euskal Herrira ekartzen dugun edozein kultur ekintza, gutxienez, euskaratuta egotea. Eta pixka bat gehiago eskatzeko aukera izanez gero, euskal kulturaren baitatik ulertzeko moduan jartzea. (...) Jakintzaren eta kulturaren transmisioan gure hizkuntza eta gure kulturaren oinarriak kontuan izaten ez baditugu, nekez helduko gara behar dugun bezala jakintza eta kultura hori euskaldunei komunikatzera. Alferrik izango da ikastolen urteetako lana, alferrik gaur egun enpresak euskaldundu nahian dabiltzanen ahalegina, baldin eta kultura eta jakintza horren transmisioa euskaldunen unibertsoan txertatzen ez badakigu. Kanpotik datorkigun guzti horrek, euskal unibertsoaren erreferentzietatik urrunduko baikaitu».

Irailaren 21etik aurrera herri aldizkaria izango dute Zarautzen: «Txaparro». Urtarrila bitarte hilabetero aterako da eta ordutik aurrera hamabostean behin. Txaparro kultur elkarteak ekin dio lanari, desagertutako «Bina-bina» aldizkariak utzitako hutsunea estali asmoz. Bejondeiela!

hemeroteka

1820. zenbakia | 2001-09-09
1819. zenbakia | 2001-09-02

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan