Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Negoziazio kolektiborako esparru propioa, osagarri nagusietako bat da

2001-09-09 -- 1820.zenb

Negoziazio kolektiborako esparru propioa, osagarri nagusietako bat da

Jesus Mari Ariznabarreta

Euskal Herrian bi bide politiko nagusiren arteko borroka dago lehia bizian mementu honetan: Espainiako nahiz Frantziako estatuek inposatzen diguten marko juridiko politikoaren sostengurako tresna den autonomismoa, alde batetik, eta, burujabetzaren bidea, bestetik. Madrilen argi ikusten dute hau, eta gainera, abertzale eta progresistok bat eginik, Estatuarekiko konfrontazio politikoaren bidetik indar metaketa bat gauzatu eta gehiengo soziala biltzeko izan dezakegun gaitasunaren beldur dira.

Badakite, benetako egoera demokratiko batean, lehia burujabetzaren aldera eramateko aukera handiak ditugula. Are gehiago, Lizarra-Garaziko Akordioak suposatu zuen «saio politikoaren» inguruan sortutako indar bilketa eta ilusioaren ondoren. Horrexegatik ari dira ahalik eta gogorren eta lasterren jokatzen Euskal Herriaren nazio eraikuntzarako funtsezkoak diren oinarriak deuseztatu edota saboteatzeko. Eraso honen barnean ulertu behar dugu Partidu Popularreko (PP) Gobernuak martxan jarri duen negoziazio kolektiboaren erreforma prozesua ere. Baina, euskal gizartea ez da jabetu oraindik, nire ustez, duen dimentsio politikoaz.

LANGILE abertzaleontzat erreforma honek eraso bikoitza dakar. Bata, eraso sozial ultraliberala: negoziazio kolektiboari gaur egun duen arau juridiko maila kendu eta kontratu arrunta bilakatu, eta, horren ondorioz, «ultraaktibitatea» izenaz ezagutzen den konbenioen luzapen automatikoari bukaera eman; lan harremanen indibidualizazioa hitzarmen kolektiboari gailendu; negoziazio kolektiboaren aplikazioaren «malgutzea», eta abar. Hots, enpresarien interes esplotatzaileetara goitik behera egokitzea, langile mugimenduak mende osoan zehar lortutako lan-eskubideak kolpean hankaz gora jarriz. Bestea, burujabetzaren aurkako erasoa: negoziazio esparruak aldatu nahi dituzte, herrialde eta komunitate autonomoetakoak desagerraraziz eta Estatukoa inposatuz.
Sindikalgintza abertzaleak lan harremanetarako euskal esparrua planteatzen du nazio eraikuntzarako zutabe garrantzitsutzat, eta bere aldeko borroka estrategikotzat hartzen du burujabetzaren bidean egin dezakeen funtsezko aportazioaren heinean. Eta, esparru horren barnean, negoziazio kolektiborako esparru propioa da, hain zuzen ere, osagarri nagusietariko bat. Sindikalgintza abertzalearen estrategia, geure negoziazio gune desberdinak sendotu eta, horietan oinarrituz, Euskal Herria bere lurralde osotasunean hartzen duten negoziazio esparruetarako trantsitua bultzatzean datza, eta erreformak era zuzenean erasotzen du estrategia hori.
ESTATU mailako sindikalgintza sistema neoliberalaren laguntzailea bilakatu den bitartean, Euskal Herrian gehiengo sindikala osatzen duten sindikatu abertzaleek sindikalgintza askoz ere dinamiko eta erasokorragoa garatzeko ahalmena erakutsi dute, hori negoziazio kolektiboaren emaitzetan bertan ere isladatzen delarik. Erreformaren bidez euskal gehiengo sindikala jokoz kanpo utzi nahi dute, Euskal Herrian ere inposatuko diren erabakiak Madrilen negoziatuz PPren Gobernua, CEOE, CCOO eta UGTren artean. Euskal langileok ezin dugu hau inondik ere onartu, zeren eta, zertarako balio digu gehiengo sindikalak eta gure antolatzeko eta borrokatzeko gaitasunak geure interesen defentsarako konfrontazio esparrua desegiten badigute? Erasoari tinko erantzuteko ordua da.
Areago gainera, non daude euskal instituzioak eta enpresariak? Iruñeako Gobernutik ezin espero Madrilekin bat egite besterik, baina, zer dela eta Gasteizekoaren isiltasuna? Kapitala eta burgesia ikutzen dituzten gaietan -fiskalitatea, Kontzertu Ekonomikoaà- berehala erreakzionatzen dute, baina euskal langileriaren eta Euskal Herriaren burujabetzaren aurkako tamaina honetako eraso baten aurren, txintik ere ez! Eta, euskal enpresariak? Ez zaie lan harremanetarako euskal esparrurik interesatzen, agian. Ba, ez daitezela gero gure herriaren etorkizunaren eraikitzaile gisan hitz egiten etorri. Langile abertzaleongana ez, behintzat

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan