Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-09-09 -- 1820.zenb

Ikastaro berria eta alfabetoa

Pilar Iparragirre

Udako atsedenaldi garaia igaroa zen, gehientsuenentzat behinik behin, eta betiko martxari ekiteko prest agertzen zen gure aldizkaria ere. "Ikastaro berria" zeukan gogoan, eta gai horri eskaintzen zion bere editoriala. Eta Euskal Herriko haur eta gazteek izan beharreko heziketak kezkatzen zuenez, jarraitu beharreko bidea ahalik eta argien azaltzen saiatzen zen hartan. Argiegi, beharbada, garai ilun haietarakoà eta baita gaur egungo zenbait zelatari prestuentzat, urrutira joan gabe. Izan ere, zer ez zuten esango (eta egingo) batzuek, honakoa irakurriz gero?: "Aurra, berak dezakean neurriraiño, zuzengabekerien aurkako burrukan zaildu behar da. Burrukalari egin behar da. Euskal eta langille arazoa bizi arazi behar zaizkio".


LANARI EKITEKO GARAIA

Nolanahi ere, editorialaren hasiera era guztietako irakurleekin ondo konpontzeko modukoa zen (ikasgeletara gerturatu beharra biziki gorrotatzen dutenek kenduta, jakina, baina ziurrenik horiek ez zuten ZERUKO ARGIAko editoriala irakurtzeko gogo handirik izango ere): "Amaitu dira oporraldiak. Asi dira irakasleek beren gauzak gerturatzen. Laister ikusiko ditugu ume eta gaztetxoak, beren liburuak eskuetan, eskolara bidean. Pozik daude gurasoak etxean pake gehiago izanen dutelako. Izango da makiña bat gorabehera urtearen buruan. Egingo da amaikatxo ahalegin. Edukiko da utsunerik aski. Zenbat otz-bero urtea amaitzerako".
Jarraian, ezustetxo bat; nahiz idazleak zehazki "eskolara bidea" aipatu, beste zer edo zer izango zuen gogoan, bestela ez baita ulertzen bere balizko irakurleak honela ohartaraztea: "Aurtengo ikastaroa aipatu dugu. Ez dugu ikastola bakarrik buruan. Ikastetxe guziak baizik". Zergatik hori? Auskalo. Gauza da, horrela jarraitzen zuela editorialgileak: "Badirudi gure Erria aztoraturik dabillela ikastolak direla ta ez direla. Ez dezagun aaztu gure Errian badaudela beste zenbait eskola ere. Eta aitor dezagun behingoz ikastolak direla, beren eskasean ere, erriari ondoen erantzuten dioten eskolak. Ez duela beste eskolarik Euskalerriak eta Euskal-elizak dirudi zenbait garaiz. Akatsak ikastolak bakarrik balituzke bezala mintza ohi gera.
Eta beste ikastetxe guziak jorratu on baten premian daudela iduritzen zaigu ikastolaren maillaraiño irixteko. Zergatik ez zaie eztenkada gehiago ematen praille-mojen ikastetxeeri, maixu-maixtren eskoleri?".


EUSKAL HAURRAK NOLA HEZI

Horraino esandakoekin zenbait haserretua zitzaion, seguru. Beste batzuk berriz, beren buruei honako galdera eginez egongo ziren jada: Zertarako oroitu ote da gutaz? Baina hari, bost! "Gatozen arira. Euskalerriaren kulturan, izkuntzan, izakeran eta giroan ezi behar ditugu gure aur eta gaztetxoak. Eta ori ikastolak bakarrik egiten duela esan dezakegu. Ez da aski, ordea, asko bada ere".
Bere barrua husteko garaia iritsia zitzaion, nonbait, eta honela ekiten zion zereginari: "Ez dakit nola, baiña, aurrei Erriak bizi duen egoera adierazi eta bizierazi behar zaiela uste dugu". Norberaren zalantzaz hasi, eta aniztasunean amaitu. Z. ARGIA osoaz ariko zen, edoà dena dela, gorabehera horrek ondorengo zaparradari ematen zion bidea:
"Aurra, berak dezakean neurriraiño, zuzengabekerien aurkako burrukan zaildu behar da. Burrukalari egin behar da. Euskal eta langille arazoa bizi arazi behar zaizkio. Egiaren, zuzenbidearen, maitasunaren, askatasunaren, senidetasunaren eta berdintasunaren gose-egarri ipiñi behar da. Adimen eztena zorroztu behar zaio zapalketa guztietaz jabetu dedin. Erriaren eta zapaldu guzien alde lan egiten erakutsi behar zaio. Besteren eskubideak errespetatzen jakin behar du. Bakoitzak duen erantzunkizunetaz jabetuarazi behar da. Baiña jakin behar du burruka ortan etsai gogorrak arkituko dituela ere. Jakin behar du burruka luzea dala ere".
Zer esaten nizuen? Gaur egun argitaratu izan balitz, dagoeneko alfabeto osoa bururatua zitzaien euskal haur "borrokalari" horiek izendatzeko, zelatari prestuei! Baina bazen orduko haur eta gazteei irakatsi beharreko beste hainbat gauza ere:
"Eta erakutsi behar zaio iñor ez salatzen". Ama nirea, Garzon epaileak irakurri izan balu!
Editorialgileari, behin honaino iritsita ulerkor agertzeko ordua zuela pasako zitzaion burutik-edo, honela amaitzen baitzuen mezua:
"Lan zailla. Egin beharrekoa, ordea. Nola? Ez dakigu. Irakasleek suma behar dituzte bideak. Elkarren aurka gaizkiesaka igarotzen ditugun orduetan, b ide auek sumatzen jardungo bagiña!»

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan