URRUÑAKO IKASTOLA HANDITZEN
1995ean sortutako Urruñako ikastolak, dirua biltzeko kanpaina bat egin ostean, eraikin propioa eskuratu zuen 1999rako. Eraikin hura bi eta sei urte arteko hogeita sei haurrekin estreinatu zuten. Orain bi gela berri paratu dituzte haurrek lehen mailako lehen bi urteak bertan egin ahal ditzaten. Halaber, «Harriz-Harri» hiru hilabetekaria kaleratu du ikastolak estreinakoz.
EUSKALTZALEEN BILTZARRAK EHUN URTE
Duela ehun urte sortu zen Euskaltzaleen Biltzarra Hendaian euskara bultzatzeko. Askotariko pertsonak bildu ziren 1901eko irailaren 17an: eliztarrak, errepublikarrak, abertzaleak... Besteak beste, Arturo Kanpion eta Georges Lacombe izan ziren elkarteko kide. Mixel Labegerie lehendakari zelarik, elkarteak literatura lehiaketak antolatu eta ikas zentro pedagogikoa sortu zituen. Azken urteetan hainbat liburu argitaratu ditu, Piarres Larzabalen antzerkiak esaterako. Etorkizunean nondik jo aztertzen ari da orain Euskaltzaleen Biltzarra.
EBLUL NAFARROAKO EUSKARA DEKRETUAZ
Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak (EBLUL) Nafarroako Euskararen Dekretua jorratzen du bere aldizkariaren azken alean. Nafarroari buruzko datu orokor batzuk emateaz gain, 1986ko Euskararen Lege Dekretua du hizpide. Haren sorreratik egungo egoera gatazkatsua bitarte. Etorkizunari dagokionez, UPNk euskararen normalizazio gelditzeko asmoa duela dio, hiru alorretan bereziki: administrazioa, hezkuntza eta seinaleak. Dioenez, konponbide zentzuduna kontsentsu politiko eta sozial zabala lortzean datza, hiritarren nahiak errespetatuz eta instituzio publikoak inolako ezarpenik gabe haien zerbitzura jarriz.
«AZKOITTIKO EUSKERIE» KALEAN
Aizkibel bekari esker, Vanesa del Castillok, Bakarne Giraltek eta Jose Angel Romok «Azkoittiko euskerie» osatu dute. Hiztegi moduan antolatuta, Azkoitian erabiltzen diren hitzak biltzen ditu Azkoitiako Udalak argitaratutako lanean.
ELEKTRONIKA ALDIA
DOINU elektronikoak entzungo dira hirugarren urtez Donostian urriaren 5etik 7ra bitartean. Izan ere Sirope Sound System kolektiboak berriz ere Elektronikaldia jaialdia antolatu du. Kursaalean eta Egiako Gazteszenan zuzeneko hamaika emanaldi izango dira. Denetik entzun ahal izango da: lehen egunean, jazz, house, trip-hop eta pop estiloak; bigarrenean egunez, estilo komertzial eta esperimentalak eta gauez, musika elektronikoarekin nahasitako afro musikak, eta jungel eta drum & bass doinuetako estiloak ; eta hilaren 7an, musika esperimentalagoa izango da. Aurtengo edizioko izarren artean, besteak beste, Jaki Liebezeit, Burnt Friedmann eta Revolutionary Dub Warriors taldeak daude. Kontzertuez gain, diskoak salduko dira Kursaalean eta leku berean ziberguneak, hitzaldiak eta filmen proiekzioak ere egingo dira.
ANTIGUAKO MUSIKA ZIKLOA
HEMEZORTZIGARREN aldiz hartu du Zumarragako Antiguako Ermitak Musikaldia Jaialdia aurten. Irailaren 1ean hasi eta datorren hilaren 29a arte, larunbatero, arratseko zazpi eta erditan kontzertuak eskainiko dira ermita honetan. Estilo anitzetako emanaldiak izango dira gainera. Lehenengo kontzertuan Varsoviako Boskote Berria entzun ondoren, 8an, Jazz Klasikoko Boskotea izango da ermitan; 15ean Tolosako Hodeiertz abesbatzak abestuko du; 22an, Ricardo Requejo pianista iruindarrak joko du; eta azkenik, 29an La Badinage, antzinako musika eta tresnetan espezializaturiko taldeak, Olatz Saitua sopranoarekin batera eskainiko du kontzertua.
HIRIAREN ARTEA
NAZIARTEKO 24 artistek hiria oinarri hartuz eginiko lanak paratu ditu Fernando Frances komisarioak Iruñeko Ziudadelako Armen aretoan. Berrogeitik gora lan daude ikusgai, eskultura eta argazkien artean. Kezka horren inguruan bildu dira Victoria Civera, Amador, Hannah Collins, Basilico, Bustamante, Thomas Ruffen, Daniel Chust Peters edo Jordi Colomer bezalako izenak. Hiru ildo nagusi jarraitzen dituzte aretoan bildutako artelanek: egile batzuek alderdi poetikoa landu dute, sentimenduen alderditik jorratu dituzte hiria, etxebizitza edo lantokia; beste batzuek dokumentu gisan baliatu dituzte euren lanak; eta azkenik, beste artistek eurek ikusi eta aztertu dutena, berrinterpretatu dute artelanetan. Erakusketa hilaren 23a arte dago ikusgai.
EUSKAL ANTZERKIA, TARREGAN
TARREGAKO Fira de Teatrora doa berriz euskal antzerkia. Guztira 113 ikuskizun eskainiko ditu jaialdiak, eta sei euskal taldeenak izango dira. Horietako lau Eusko Jaurlaritzaren babesean doaz, alegia Euskal Teatroa zigilupean. Hain zuzen, Hortzmuga, Trapu Zaharra, Taun Taun Teatroa eta Vaiven Producciones. Eta lan hauek eskainiko dituzte: Taun Taun Teatroak «KonT arTe», Vaiven Produccionesek «Lotsa gabe», Hortzmugak «Rekolore» eta Trapu Zaharrak «El cuarto tenor» eta Zanguangorekin «Pan con pan». Bestalde, euren kabuz joango dira jaialdira Ane Miren bihurrikaria eta Deabru Beltzak taldeak.
- Marino Goñi, GOR diskoetxeko arduradunaren hitzak dira hauek «Nabarra» aldizkarian jasoak: «Gelditzen zaizkigun laupabost dinosaurioak kenduta, Euskal Herrian taldeek oso gutxi irauten dute. Taldeek bizpahiru disko ateratzen dituzte eta gero desagertzen dira».
- Pedro Barea Monge, antzerki kritikariak «Zabalik»en zera adierazi zuen: «Informatzaileek ez dute bere lana betetzen, kulturaren berri eman beharrean, horren publizitatea egiten dute. (...) Kritikariak orduan, ikusentzuleari ikusi behar duenari buruz hitz egin behar dio».
- Edu Muruamendiarazen aburuz, «Beste zentzu bat eman behar diegu euskal dantzei. Nik klaseak ematen ditut zenbait herritan eta nabari da jendea aspertu egin dela herriko dantzak egiten». Adierazpenok, «Euskaldunon Egunkaria»n eginak dira.
- Ricardo Dz. Olanok honela zioen «Administrazioa Euskaraz»en: «¨Ez da argiagoa galdera eta harridura markak esaldiaren hasieran ere jartzea, gaztelaniaz egiten den bezala? Erdarara makurtzea litzateke hori? (...) ¨Aztertu al zuten (euskaltzainek) tradizioa, ikur bakartiena orain dela hogeita hamar urte erabaki zutenean? ¨Eta zein tradizio aztertu zuten, bada?».
Burlatako Ermitaberri eskolako Guraso Elkarteak Nafarroako Gobernuari kezka agertu izan dio D eredua nagusi den eskolan leku gutxi dagoelako. Gero eta haur gehiagok ematen du izena bertan, baina Gobernuak ez du oraino arazoa konpontzeko proiekturik egin. Eta badu garaia!
Albokak lan berria plazaratu berri du. «Lorius» izena duen CDan, Marta Sebestyen hungariar abeslariak parte hartu du. Sebestyenek «Gaixo Ingelesa» filmako soinu bandan parte hartu zuen.
Iñaki Iturain Azpirozek idatziriko «Orioko patroiak» liburua aurkeztu berri da. Bertan Orioko arraunketaren historia kontatzen da.
Karidadeko Benta musika talde berria hasi da kontzertuak ematen. Jon Maia bertsolaria kantaria duen taldeak bertso zaharren doinuak ditu oinarri. Diskoa abendu aldera hasiko dira prestatzen.
Bixente Latiegik idatzitako «Euskal Kristautasunaren Sendokuntza» liburua argitaratu du Arabako Diputazioak. Bertan, VI. eta VII. mendeetako euskal elizaren historia laburbiltzen da.
Txalo Produkzioak Ramon Bareak zuzendu eta moldatutako «Bámbulo» lana estreinatuko du hilaren 13an Barakaldo Antzokian.
Antton Garikanok honela zioen «Senez» aldizkarian itzulpengintzari buruz:
«(...) Nire ustez literatura unibertsala da, munduan bakarra. Hizkuntza diferenteak izatea kontingentzia besterik ez da. Azken batean, adibide bat jartzearren, nik Hoffmann hizkuntza askotan irakurri izan dut, alemanez, ingelesez, gazteleraz... Azkenean beti da Hoffmann, eta neure buruan euskaraz dago. (...)
Urrats handi eta onak ematen ari garela iruditzen zait, gero eta gehiago egiten da euskaraz, baina beldur naiz ez ote den hizkuntzaren kalitatearen kaltetan. Liburuak asko argitaratzen dira, baina horiek nora doaz? Ni neroni kezka horrekin gelditu izan naiz beti nire itzulpenak argitaratuak ikusi izan ditudanean: izango al da irakurlerik beste aldean (...). Gero, gainetik, kritika dago hutsaren hurrengo. Liburua kaleratzen duzu, eta hortxe gelditzen zara zalantzan, gustatu ote da?, ondo egin ote dut? Nik pozik hartuko nuke, egia esateko, nire itzulpengintzaren kritika zorrotz bat (...). Askotan pentsatu izan dut gure literaturaren eta itzulpengintzaren mundu txikian halako talde gorrotagarri bat behar dugula, legeaz bestalde bizi den epaile multzoa, jendeari halakoa edo bestelakoa gaizki egin duela aurpegiratzen diona, sasi guztien gainetik bizi dena, eta eskubide guztiak modu lotsagabean hartuko dituena... Behintzat haiengatik kristorenak eta gehiago esateko aitzakia izango genuke, hitz egingo genuke literaturaz eta itzulpenaz».
Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeari eskaini nahi diogu aste honetako urrea. Izan ere, Egalik diagnosirako tresna aurkeztu baitzuen udan, AEKren normalizazio planaren barruan. Software horrekin erakunde eta profesionalen hizkuntz gaitasuna neurtzeko aukera eskaintzen du.