Eguerdiko hamabiak ematera doaz. Kaleetan Bilboko Aste Nagusiko azken gauak utzitako arrastoak nabari daitezke, batez ere etxeratu gabeak diren gazte batzuen aurpegietan. Eguzkiak gogor jotzen du, Julio Medem eta bere aktore eta aktoresak (Paz Vega, Najwa Nimri, Daniel Freire eta Elena Anaya), Ideales zine aretoetara gerturatzen direnean.
Asko esan da Julio Medemen azken filmaren inguruan, eta batik bat filmak dituen sexu eszenen inguruan. Lucía Etxebarriaren «Beatriz y los cuerpos celestes»en bertsio bat dela esateaz gain, hor nonbait filmaren bertsio pornografiko bat mugitzen ari dela esaten da. Antza, bata zein bestea, txutxu-mutxuak baino ez dira. Medemek behin eta berriz esan behar izan du, bereak ez duela Lucía Etxebarriaren nobelarekin zerikusirik; zabaldu den gezur bat baino ez dela. Akaso honek guztiak errodajearen inguruan eman den sekretismoak sortarazi dezakeen gaizkiulertu eta jakin-minarekin zerikusia du edota marketing estrategia pentsatu bat baino ez da. "Errodajearen hasieran beharrezkoa ikusten nuen intimitatea mantentzea, aktoreek, eta guk geuk ere, eskertuko genukeen zerbait zelakoan. Errodajeak aurrera egin ahala, onuragarria zela ikusi eta jokabide honekin aurrera segitzea erabaki genuen". Sexua erreklamo publizitario bezala erabili ote duten galdetzen dio batek baino gehiagok bere buruari. Filmaren kartela edota promozio irudiak ikustea besterik ez dago horretarako.
Medemek, dena den, sexua beste era batera ikusten du. "Sexua morboa da, baina beste zerbait ere bada. Sexua irudia eta posibilitateak dira. Burua, bizirik, lan egitera behartzen du, fikzioak egitera irudien bitartez". Medem Formenterako Balear uhartetik turistentzako motor batekin bueltaka zebilenean, faro faliko batekin egin zuen topo, eta honen ondoan itxasora zuzentzen zen tamaina handiko zulo bat. Metafora egina zuen. Hasera batean ez zion garrantzirik eman, behin Madrileko neguan zegoenean erabaki baitzuen elementu hauek sartzea eta honekin batera sexuari garrantzia ematea. "Lorenzok eta Lucíak, pertsonaia nagusienek, euren arteko erlazioaren hasieran fase polit bat bizi dute. Elkar ezagutze eta maitatzea sexuaren bitartez gertatzen da. Sexuaren bidez maitemintzen dira. Hau horrela izanik, hau guztia grabatzeko beharra nuen".
Sexu eszenak nahiko esplizituak dira. Baina pornografiko izatetik oso urrun daude, nahiz eta zine ez pornografikoan ohikoak ez diren erekzioak, esate baterako, agertu. Eszena jakin batzuetarako dena den, dobleak kontratatu ziren. "Nire film guztietan, sexua dagoen arren, egia esan ez nuen aurretik horrelako ezer egin eta konprometitua izan zitekeen niretzat, baina batez ere aktoreentzat".
Film guztian zehar sexua esplizituki agertzen da, gertaera tragikoak sujeritu baino egiten ez diren bitartean. Azken finean Medemek film positiboa egin nahi zuen, sexua filmaren argia dela kontsideratuz. "Sexua egunerokotasunean bizi den zerbait da, ez luke eskandalurik sortu behar, naturala baita. Gaur egungo zine aretoetan, film amerikarretan batez ere, odola eta biolentzia maiz asko ikusten da eta hau sexua baino askoz bortitzagoa eta guretzat behintzat antinaturalagoa izanik, jendea ez da eskandalizatzen".
Sexua filmaren motorra da, baina Medemi sexua bera baino bikote arteko erlazioak interesatzen zaizkio. «Vacas» (1992), «La Ardilla Roja» (1993), «Tierra» (1996) eta «Los Amantes del Círculo Polar» (1998) bere aurreko filmetan erraz asko nabari zitekeen hau. Film bakoitzak bikote arteko erlazioen aspektu batera jotzen zuen. «Vacas»en mirespenean, «La Ardilla Roja»n gezurretan, «Tierra»n bikoiztasunean edota «Los Amantes del Círculo Polar»en patuan oinarritzen baziren erlazioak, «Lucía y el Sexo»n berriz, sexuaren bitartez lortutako maitasunean.
Autore beraren esanetan egindakoen artean zailena egin zaion filma da hau. Istorioak duda asko planteatzen zizkion, baino emaitzaz harro sentitzen da. "Ihes bat bezala planteatzen nuen film hau. Pertsonaia nagusiaren ihesaldi bat bezala, baina nire ihesaldi bat bezala ere. Film desberdina egin nahi nuen". Zentzu honetan ulertu behar da Medemek talde tekniko zein artistikoan aldaketak izatea, formatu digitalean grabatu izatea...
Ihes egiteak, edo hobe esanda, ihes egin nahi izateak, hainbat burutazio ekarri zizkion zinemagile donostiarrari. "Ihes egiten duzunean, gehienetan behintzat, zeretik ihes egiten ari zaren ere ez dakizu. Zerbait utzi nahi duzu lehenaldirako, zerbait berria hasi. Haatik ihes egiteko zure iraganera jo behar duzu, hori gabe ezin da eta ihesik burutu".
Ihesaldi honetan Medemek lan egiteko bide berri bat aurkitu du: definizio handiko bideoa. Bideoan grabatzeak, pelikula latetaz eta laborategiaz ez arduratzea ekarri dio. Dena grabatzen zuen, toma berean plano desberdinak eta guzti, eta batzuetan toma moztu aurretik zuzendaria bera planoan sartzen zen instrukzioak emateko (honek suposatuko lukeen gastuagatik hau ere orain artean erabat ez ohikoa). Guzti honen ondorioa muntaiarako normalean izaten duena baino hiru aldiz material gehiagorekin topatu izana. Muntaia aukera desberdinak izan ditu errealizadoreak eta Xmuntaketa gelan lan handia egin denaren dudarik ez dauka. "Definizio altuko bideoak iraultza ekarri dezake. Erabat harritua gelditu nintzen filma proiektore digital batekin proiektatu genuenean. Gero 35mm-tara pasa genuenean pixka bat dezepzionaturik gelditu nintzen, transferrean kalitatea galtzen baitu irudiak".
Filma ikusita eta entzundakoak entzunda bakoitzak bere balorazioak atera behar ditu. Dena den, Medemekin gertuagotik hitz egiteko aukera baliaturik, honako azalpena eman digu berak: "Filman berez garrantzitsua dena fikzioa eta errealitatearen arteko erlazioa da. Batak bestearen beharra du. Errealitate bat bizi dugu, baina guk, Lucíak bezala, fikzio baten beharra dugu. Fikzio batean sartu eta honekin identifikatu. Batzuetan gauzak nahastera ere iristen gara, zer den fikzio eta zer erreal ondo jakin gabe". Bitartean, batzuk istorioak kontatzen eta besteak istorio hauek irakurtzen/ikusten, jarraituko dugu
![]() |
|
||||
1819 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa