Euskal Herriko hemezortzi irrati, Xorroxin Irratia, Euskal Herria Irratia, Herri Irratia, Txapa Irratia, besteak beste, elkarrekin lanean jartzeko abian jarri dira aurtengoan. Hitz Egin Sareak, Korrikaren amaieraren emisio bateratuak eta Herria Mugik Barrian egin zuen irrati topaketak, irrati sare komun baterako gogoeta piztu zuten. Sare honen egiteko nagusienak Euskal Herri osoko informazioa bildu, trukatu eta irrati guztiei informazio hori eskuratzeko aukera ematea izango lirateke. Kontu horiez guztiez hitz egiteko lehengo hitzordua Arrosan (Behe Nafarroa) ekainaren 30ean jarri zuten.
Elkarlana koordinatzeko lan talde bat osatu dute irratiek. Lan talde honek elkarlanaren hainbat alderdi aztertuko dituen taldetxoak osatu ditu. Alde batetik irratien alderdi teknologikoa aztertuko duen taldea dago: elkarlana ahalbideratzeko irrati bakoitzak teknologikoki nola osatua egon beharko lukeen aztertuko dute nagusiki. Elkarlanerako teknologia berrien aldeko apustua egin dute eta Internet irratien arteko lan komunaren zerbitzura nola jar daitekeen ere aztertuko dute. Bestetik, elkarlanaren bideragarritasun ekonomikoa aztertuko duen taldea osatu dute, proiektua gauzatzeko beharrezkoa den diru kopurua lortzeko iturri ekonomikoak aztertuko dituzte besteak beste. Elkarlana alderdi juridikotik aztertuko duen taldeak proiektua bideratu eta koordinatuko duen gunea non jartzea komeni den aztertuko du. Euskal Herria hiru administraziotan banatua dagoenez, hiru administrazioak eskaintzen dituzten abantailak aztertuko lituzkete. Azkenik, elkarlana bideratuko duen gunea langile aldetik nola antolatua egon beharko litzatekeen aztertuko duen taldetxoa dugu.
Arrosan bildu ziren irrati ezberdinetako hamabost ordezkariak bat etorri ziren Euskal Herriko irratien panorama asko aldatu dela esatean. Agus Herran Gure Irratiko ordezkariak zera adierazi digu: "Euskal Herriko irratien diagnosia asko aldatu da azken urteetan, Hegoaldeko irrati ugaritan soldatadun langileak sartu baitira boluntarioekin batera. Beharrezkoa ikusten dut giza baliabide eta baliabide ekonomikoetan pentsatzen jartzea".
Lan taldeek hartutako etxeko lan hauek guztiak egiteko epea abenduan jarri dute. Garai horretan Miarritzen bilduko dira egindako azterketaren ondorioak eztabaidatzeko eta irratien arteko sare komunaren inguruko gogoeta egiteko. Sarea finkatu bitartean, irratiek emisio bateratuak egiteko hainbat hitzordu jarri dute. Honela hiriburuetako jaien hasierak eta Euskal Herriko ikastolen jaialdiak zuzenean entzun ahal izango dira Euskal Herriko toki ugaritan.
Orokorrean iritzi baikorra dute Arrosako topaketan parte hartu zutenek, Molotoff Irratiko Irantzu Jauregiren hitzetan, "pozik gaude, denok buruan asmo berak ditugula ikusita. Elkarlana lehenagotik ere egon da, neurri batean edo bestean, baina baliabide teknologikoek eskaintzen dituzten bideak ikusita gauzak egiteko aukera ikusten dugu". Agus Herranek ere bere iritzia adierazi digu: "Topaketa positiboa izan dela uste dut. Alde batetik beharra sumatzen zelako euskal irratiek komunean lan egiteko».
![]() |
|
||||
1819 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa