Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-09-02 -- 1819.zenb

Pilar Iparragirre

Udan eta opor giroan murgildurik zeudenez, nonnahi ospatzen ziren festen inguruko aipamenez eta herri horien guztien historiari buruzko xehetasunez beterik agertzen zitzaigun Z. ARGIA, 1971ko irail hasiera hartan. Haatik, bazuen beste era bateko gairik ere. "Eliza bizi da" lemapean agertzen ziren lanak, kasu; zehazkiago oraindik: hizki larri bezain pottoloz azaltzen zen "Diborzioa bai ala ez" gaia.


ELIZGIZONEN MINTZAIRA

Juan Jose Goenagak mahaigaineratzen zuen "(IV) Etiko-erlijioso arazoa", aste batzuk aurretik "Diborzioa bai ala ez. Bereala geure artean izango dugun arazo bat" lemapean plazaratu zituen lanean ondorio bezala. Nahikoa gai polemikoa, diborzioarena, garai hartan, Elizak ez ezik, Gobernu espainiarrak ere galerazita baizeukan ezkontza haustearen kontu hori. Nolakoa izango zen bere ezkondu-bizitzan arazo larriak zituztenen itomena, xoxak izanik (ezinbesteko baldintza), nahiago zutela Erromako Elizaren "Rota" Auzitegira joan, Espainiako estatuak zeuzkanetara baino: Erromakoan, batzuek, zer edo zer lortzen zuten; besteetan, berriz, gehienek jai zuten...
Dena den, bere azken azterketan Goenaga kristau ikuspegiari lotzen zitzaion batik bat. "Kristoren aginduz, Elizak ez dezake ezkontzarik autsi. Kasuistika bat onartzen da, baiña æratum et consummatumÆ (au da itz emana ta egitez osatua) Elizarentzat ere muga biurtzen da", ohartarazten zuen. Halere, Kristoren hitz horiek interpretatzeko bi era bide zeuden: laxagoa, Sortaldeko Elizak ei zuena, eta estuagoa, Erromako Elizarena.
Guztiaren eskema laburbilduz, hauxe zioen Goenagak: "Argi ta garbi dira Kristo ezkontzaren-bakartasunaren alde ta diborzioaren kontrako itzak. Kristo ezkontzaren betikortasunaren alde zegoen, eta agindu ori eman zien bere ikasleai. Bere inguruko jokaerak etzituen onartu, eta Jainkoaren borondatea Ezkontzaren betikortasuna zala argi adierazi zigun. Au Erromako Elizak, Sortaldekoak eta Protestanteek ere onartzen dute".


LEGEA EMAN DUENAK, LEGEA HAUTSI DEZAKE


Bazen buruhauste gehiago, ordea: "Beste arazo bat au da: Kristoren borondate ori lege juridiko biurtu al-daiteke?". Galderatxoak bazuen bere korapiloa, zeren: "Legea eman duenak, legea autsi dezake. Aginpidea Elizan Aita Santuaren eskuetan dago" etaà "æKristoren aginpide bikarioÆaren jabe danez, ezkontza autsi dezake".
Jakina, aurrekoaren ondorioak larregiak izan zitezkeen, "baiñan, gaur egunez, aginpide onek muga bat besterik ez du: Lehenago aipatu degun katolikoen arteko ezkontza æratum et consummatumÆ izatea". Alegia, senar-emazte horiek elkarren artean sexu harremanak izanda baziren, jai zutela "Rota"n (teorian, bai; errealitatean, baliteke beren kontraesantxoak izatea "Rota"koek ere: bat-batean burura datozkit eskandaluz eskandalu ibili ondoren beren ezkontzaren baliogabetzea lortu zuten batzukà Hori bai, itzal handiko jendea zen: nola ausartu, bada, inor, haien hitza zalantzan jartzera?).
Nolanahi ere, Goenaga ez zen "Erromako jurisprudentzia" horretaz gehiegi fio, eta beste bide batzuk aurreikustera ekiten zion jarraian. Adibidez, hauxe: "Ezkontzako egunean baiezkoa emanagatik, elkarrenganako maitasuna eta berotasuna ugaltuz joan diteke, eta behar du. Oztu ere, oztu diteke. Alkarrekin ezin bizi izateraiño. Baiezkoaren esanai metafisikoak iraungo du, baiña elkarrenganako baiezkoa aspaldian illik dago. Egoera onetan Elizak esan al dezake, ezkonduta jarraitzen dutela?".
Geroxeago, berriz, beste galdera hau egiten zuen: "Diborzioa, gauza okerra ala zuzena da?". Apika erantzunik ez zuela jasoko-eta, honako ihardespena ematen zion aurrekoari: "Berriz ere emen, bi buru-joskera agertzen zaizkigu. Bata, zuri eta beltza bakarrik ikusten duan buru-joskera. Zuria ez bada (ona ez bada), beltza da (txarra da); bestea, berriz, gauzak xinpleak ez dirala konturatzen dana. (à) Alderdi txarrak bezain alderdi onik ba al du diborzioak? Zailla jakitea. Epaiketa sujetiboaren menpean dagoanez, ojetiboki erabakitzeko gauza larria benetan. Ona emen politikoentzako gai ederra. Komeni al da legez diborzioa onarraztea? Noiz arte ezezkoan?". Hori da zeharka gauzak aditzera ematea!



"ZENBAT GARA": ALDIZKARIA-REN BERRIKUNTZA

Hamaika gauza interesgarri gehiago esaten zituen Juan Jose Goenagak, baina ezin denak hemen jaso. Hobe Z. ARGIAk zekarren berrikuntza bat azaltzea. "Zenbat gara" zeritzan sail estreinatu berriak, "txokokeriak utzi eta Euskal Herria osoan barna" berriak biltzeari ekingo zionak, momentuz izenpetu gabea, baina gerora Amatiñok eramango zuena. Argi zeukaten "guztion laguntzarik gabe ez garela gai horren zabal iharduteko", ze "Gipuzkoako eta Bizkaiko berriak ez ezik, Nafarroa handi, Araba isil, eta mugaz handiko Lapurdi, Baxenafarre nahiz Zuberoako berriak ere nahi genituzke aipatu", eta bistan da, dei egiten zieten balizko irakurleei "Zenbat gara"n parte hartzera

Daniel Udalaitz

Ofizialki ezer jakitera eman ez bada ere, Espainiako gobernua, patronala eta sindikatuak, erdi ezkutuka, lan arloko erreforma berri bat negoziatzen ari dira, eta erreforma horrek eragina izango du Hego Euskal Herriko langileengan, zeren, politikan ez ezik ekonomian eta lan arloan ere nahiko soberaniarik gabe jarraitzen denez, Euskal Herria Espainiako eta Frantziako gobernuen mende dago. Beraz, gauzatzen ari diren erreforma Espainiako gobernu, patronal eta sindikatuen esku dago. Onartu nahi ez badute ere, lan arloko erreforma berri honen helburua lan esparruko malgutasun eta mugikortasun geografiko handiagoa ahalbidetzea, erretirorako adina atzeratzea eta negoziaketa kolektiborako sektore probintziala eta autonomikoa ezabatzea da. Dirudienez UGT ez dago prest joko horretan sartzeko, eta, are gehiago, greba orokorrerako deialdia egiteko asmoa iragarri du.

Nahiz eta Madrilen erabakitzen dena Espainia osoan ezarriko den, sindikatu abertzaleek iragarria dute horrelako erreformarik ez dutela inolaz onartuko, eta behar diren baliabideak erabiliko dituztela hori eragozteko. Datorkigun udazkena "beroa" gerta daiteke, beraz, gauzak bide horretatik abiatzen badira.


BOTEREAREN INGURUMARIAK BULTZAKA.

Lan esparruko erreformako konpromiso berriak gorpuztuko dituzten erabaki politikoak iritsi bitartean, boterearen ingurumariak bultzaka ari zaizkio gobernuari, lan merkatuan "zorroztasun" gutxiagoz jokatzea onar dezan, edo, gauza bera dena, malgutasun handiagoz jokatzen utz dezan. Horrela, Espainiako Bankuak, bertako gobernadore Jaime Caruanaren bidez, hainbat errezeta eskatu ditu lan merkaturako: mugikortasun geografikoa indartzea eta, horretarako, langabezia babesteko "ezaugarri batzuk" aldatzea; soldata berritzeko klausulak kentzea; soldata igoerak produktibitatearen arabera finkatzea, eta ez inflazioaren arabera; soldatak, sektore guztian homogeneoak izan ordez, enpresa bakoitzaren egoerari egokitzea; eta, beraz, hitzarmen sektorialak, probintzialak eta autonomikoak ezabatzea.
Munduko herrialde garatuenek osatzen duten OCDE Ekonomi Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak berak ere negoziaketa kolektiboaren erreforma egiteko eta langabeziaren babesa "leuntzeko" eskaria egin dio azken asteotan Espainiako gobernuari. Hitz bitan esanda, lan merkatuaren "zorroztasuna" arintzeko proposatzen du.
BBVAren Azterketen Zerbitzuak ekonomiaren azterketari buruz argitaratzen duen "Situación" aldizkariak, ekaineko azken argitalpenean, lan merkatuaren erreforma berriaren gaia lantzen du. Lehenik Espainiako gobernuak kontratazioari buruz martxoan egindako erreforma aztertzen du. Hasteko, ez dago ados kontratazio mugagabean kanporatze bidegabeei dagokien kostu murrizketarekin: murrizketa handiagoa nahi dute. Kexu dira baita ere kontratazio mugagabea "merkatu" dutelako eta aldi baterakoa, amaieran kalteordain bat ezarriz (lanean aritutako egun bakoitzeko zortzi egun), "garestitu" izanagatik.
Baina, hala ere, «Situación»en ageri denez, lan merkatuko gauzarik garrantzitsuena egiteko dago oraindik, eta, noski, bere iritziz lan baldintzak eta negoziaketak gehiago gogortu behar dira. Horrela, amaieran, "Zeregin ugari lan merkatuan" izenburupean, honela dio: "Enplegu tasaren hobekuntza, Espainiako ekonomiaren benetako konbergentziaren ardatza izanik, laneko eskaintza eta eskaeraren arteko doitasunaren mende dago, eta, horretarako egin litezkeen erreformen baitan, kontratazio arloko lege aldaketak alderdi bat besterik ez dira. Soldata finkatzeko arau malguagoak behar dira, enpresen produktibitatearen bilakaerarekin lotura estuagoa dutenak".
"Horrek -dio «Situación»ek- negoziaketa kolektiboaren egitura aldatzea eskatzen du: maila sektoriala, probintziala eta autonomikoa baztertu behar dira, horiek izanik gaur egun hitzarmena duten langile gehienei eragiten dietenak eta sistematikoki soldata igoera handienak ezartzen dituztenak, enpresaren egoera kontuan izan gabe. Gainera, mugatu beharra dago hitzarmenen iraupen mugagabea, berritzeko adostasunik ez dagoenean (delako ultraaktibitatea)...". Aipatu den BBVAren txosten horren arabera, kontuan hartu beharreko beste neurri bat "kanporatzeko arrazoiak eta kalte ordainaren zenbatekoa negoziaketa kolektiboetan zehaztasun handiagoz arautu ahal izatea" litzateke. Azken batean, helburu nagusia enpresa mailako negoziaketa kolektiboaren garrantzia areagotzea litzateke, negoziaketako alderdirik orokorrenak soilik utziz sektore mailarako.
"Gainera -dio, azkenik, «Situación»-ek- lan esparruko politikek langileen mugikortasun geografiko eta funtzionala bultzatu behar dute, eta prestakuntza eta lan merkatuko partaidetza sustatu behar da, Espainiako ekonomiaren jarduera tasa eta, beraz, hazkunde ahalmena areagotuz".
Espainiako PPko gobernuak, egia esan, ez du bere ingurumariatik iristen zaizkion gomendioen inolako beharrik, filosofia hori bere ideologia kapitalistaren baitan baitago. Baina ez dio hautesleen aurreko irudiari kalterik eragin nahi, eta sindikatuekiko elkarrizketaren aldeko itxura eman nahi du; horregatik ez da ausartzen, oraingoz, bere ingurumaria horrek eskatzen dizkion neurri gogorrak hartzera. Nolanahi ere, inolako zalantzarik gabe, pixkanaka-pixkanaka urrats horiek egiten saiatuko da. Eta bakarren batzuk egiten hasiak dira, sindikatu espainiar batzuen "laguntzaz" baliaturik.

BIZTANLERIAREN ZAHArTZEA.

Biztanleria geroz eta zaharragoa bihurtzea aitzakiatzat harturik erretirorako adina atzeratu nahian dabiltza Europako erakunde nazionalak nahiz nazioartekoak, publikoak nahiz pribatuak. Atzeratze hori ere mahai gainean dago hainbat gizarte eragileren eta Espainiako gobernuaren artean erdi ezkutuka egiten ari diren negoziaketa horretan.
Ezin esan batetortze hutsa denik, Espainiako gobernuak, CEOE eta CCOOek pentsioak hobetzeko behin-behineko erabaki bat sinaturik dutenean eta pentsioei buruzko Toledoko Itunaren negoziaketa egitear dagoenean, erakunde publiko eta pribatu ugariren adierazpen zaparrada gertatu izana biztanleriaren zahartzeari buruz eta, beraz, erretiroa atzeratzeko neurria sustatzeko premiaz. Europan darabiltzaten aurreikuspen demografikoen arabera, kontinente hau beldurtzeko eran zahartuko da datozen hamarkadetan. Adinekoen mendekotasunaren tasa (65 urte edo gehiago dituztenen eta lanerako adinean daudenen arteko proportzioa) bikoiztu egingo litzateke datozen 50 urteetan (%26,7tik %53,4ra 2050. urterako). Herrialde batzuetan, esate baterako mediterraneo ingurukoetan (Italian edo Espainian) kopuru hori %67raino igoko litzateke, eta kolokan jar dezake pentsio sistemaren iraunkortasuna.


PENTSIOEN ERREFORMA.

Horrela, BBVArek Azterketa Zerbitzuak argitaratzen dituen «Situación (Global)» eta «Situación (España)» aldizkariek, ekaineko azken bi argitalpenetan, pentsioen erreformaren gaia aztertzen dute. Lehenengoak "demografiak pentsioak kapitalizatzen ditu" gaiaren inguruko txostena biltzen du. Bertan dioenez, nazioarteko hainbat erakunderen aurreikuspen demografikoek argi gorriak piztarazi dituzte Europako klase politikoa artean, horien ondorioz ekonomiaren arloan sor daitekeen egoeragatik. Europako pentsio sistemak nahitaezko eskema publikoetan oinarritzen direla adierazten du, eta, horren arabera, epe ertain baterako dauden aurreikuspen demografikoek gastu publikoaren igoera nabarmena iragartzen dute pentsioen arloan. Gastu mota horrek, berrogei urteko epearen buruan, 3 eta 8 puntu bitarteko igoera izango du herrialde gehienetan. Hain zuzen ere, Espainia igoera handienetakoa izango lukeenetako bat litzateke. Aurreikusten diren datu horiekin, aldizkariaren ustetan, pentsio-sistema hori guztiz bideraezina bihurtuko litzateke.
Bigarren aldizkariak - «Situación (España)»- kritikatu egiten du orain dela gutxi gobernuak, CEOEk eta CCOOek hartutako akordioa, pentsioen erreforma atzeratzen duelako eta pentsio sistema publikoaren bideragarritasunari buruzko zalantzak argitzen ez dituelako, erreforma horien ardura eta kostuak datozen belaunaldien eta oraingo batzuen bizkar utziz. Aldizkariak dioenez, akordio horretako neurririk gehienak adituek gomendatzen dituzten eta Europako beste herrialde batzuetan hartu dituzten neurrien aurkako bidetik doaz.
Europako Batasuna bera ere erretiroa atzeratzeko neurrien alde agertu da. Arrapalada bizian zahartzen ari den Europan pentsio sistema bideragarria izatea lortu nahi bada, erretirorako adina atzeratu beharra ikusten dute, pentsiodunen eta lanean ari direnen arteko desoreka hainbestekoa izan ez dadin. Horrela adierazten du Gizarte Babeserako Batzordearen txosten batek (batzorde horretan partaide diren herrialdeetako eta Europako Batzordeko adituek esku hartzen dute). Europan, erretirorako adina 65 urtean dago ezarrita, nahiz eta, batez beste, benetan 60 eta 62 urte bitartean hartzen den erretiroa.
Europako ministroei ekainean aurkeztu zitzaien txostenak Europan enplegu maila igotzearen premia azpimarratzen du, bestela ezingo zaiolako gaur egungo pentsio sistemari eta gizarte babesari eutsi. Jarduera maila hori areagotzeko emakumezkoak eta adineko pertsonak kontratatzeko bidea gomendatzen dute. Beraz, pentsio aurreratuak murriztu beharra aldarrikatzen da eta, aldiz, lan jarduera luzatzeko neurriak bultzatzea. Horrek lanaldia luzatzeko baldintza hobeak eratzea eta kotizaziorako epeak berritzea dakar

Ainara Iraeta

Gaur egun Euskal Herriko jaiotze tasa 0,96koa da. Euskaldunek seme-alaba geihago izan nahi dituzte, baina diru kontuak eta haurrak zaintzeko zailtasunak dira ondorengotza ez izateko ematen dituzten arrazoi nagusiak. Eusko Jaurlaritzak «Seme-Alabak dituzten Familiak laguntzeko Erakundearteko Plangintza» aurkeztu zuen apirilean. Haur Eskolen Koordinakundea, sindikatuak eta guraso batzuk ez daude inolaz ere ados. Bitartean zer egin haurtxoekin? Nork zainduko ditu? Zenbat kostatuko zaigu haur bakoitza zaintzea?

Gaur egungo gizartea, XXI. mendearen hasieran, aldaketa sakonak jasaten ari da, eta aldaketa hauek badute bere isla familian, lan baldintzetan eta gizarteko alor anitzetan. Bada, gaurkotze honen ondorioz, euskaldun guztiak arduratzen gaituen arazo bat: Euskal Herriko jaiotze tasa baxua, Europako baxuena. Belaunaldi erreleboa bermatzeko %2,1ean dago kokatua tasa hau. 2010 eta 2025 urteen artean esku indar aktiboa %21,4 jeitsiko da Eurostatek eginiko ikerketaren arabera. Arazo honen aurrean Eusko Jaurlaritzak «Seme-Alabak dituzten Familiak laguntzeko Erakundearteko Plangintza» aurkeztu zuen apirilean, jaiotze tasa handitzeko nahiaz.

Guraso izan nahi eta ezin.

Euskal gazteriaren %54ak dioenez seme-alaba gehiago izan nahi dituzte, baina ez dira ausartzen "guztia oso garestia delako" alde batetik, eta "lanean ari bazara, ezin dituzulako haurrak zaindu" bestetik. Gobernuaren planaren helburua zailtasun ekonomiko eta laboralak gainditzea da, euskaldunek nahi adina ume izan ditzaten. Arazoa ordea, planteatzen dituen neurri eta baldintzetan sortzen da. Eusko Jaurlaritzak gurasoen eszendentziak errazteko neurriak bultzatuko ditu, haurrak zaintzeko lanorduak gutxitzeko neurriak; Hezkuntza Saila eta Justizi, Lan eta Gizarte Segurtasun Sailaren arteko akordioa dela eta sortu dira desadostasun nagusiak, ordea.
Eusko Jaurlaritzaren planak lau zutabe nagusi ditu: neurri ekonomiko eta fiskalak; zerbitzu sozialen eskaintza haurrak dituzten familientzat, familia eta lana ongi ezkontzeko neurrien ezarpena eta sentsibilizazio neurriak. Guzti hau familiek nahi adina seme-alaba izan ditzaten eta hauxe oztopatzen duten zailtasun ekonomiko eta sozialak gainditzeko. Plangintza hau gauzatzeak izugarrizko diru kopurua eskatzen du: 2002 urterako 9.650 milioi pezeta, 2003 urterako 10.975 milioi pezeta, 2004 urterako 12.500 milioi pezeta eta bukatzeko, 2005 urteko aurrekontua 13.925 milioi pezetakoa da.
Haur Eskolen Koordinakundearen ustetan, plan honek familia du sujetu nagusi eta haurraren eskubideak ez ditu bermatzen.

Kalitatezko Hezkuntzaren alde.

Eusko Jaurlaritzak apirilean aurkeztu zuen plan honek kritika ugari jaso ditu, hauen artean Haur Eskolen Koordinakundeko partaideena. Izaskun Madariaga, koordinakundeko bazkidearen hitzetan "0-3 urte adin tarteko haurren heziketa Hezkuntza Sailetik ateratzea oso larria dela uste dugu; orain dela 30 urteko egoera berdinera bueltatzea litzateke. Honek Hezkuntza Saileko arduratik kanpo uzten du adin horretako haurren heziketa eta ez da bermatzen haur guztien heziketarako eskubide unibertsala".
Koordinakundearen ustetan plan honek familia du batez ere kontuan, eta haurraren heziketaren kalitateak ez du inongo tokirik. Gurasoen, batez ere gizonezkoen lanorduen gutxitzeak, dirulaguntzak jasoko ditu eta haurrak etxean zaintzeko asistentzia eskaintzen da. Dimentsio asistentzialak du pisu astunena eta haurraren heziketa bigarren tokian gelditzen da.
Haur Eskolen Koordinakundeak ordea, haurra du sujetu. Garapen ekonomikoaren ondorioz, familia egitura berrien kausaz, eskolen arteko konpetentziagatik, lan ezegonkortasuna tartean dela, eta beste hainbat arrazoiengatik, gurasoen presentzia gero eta murritzagoa da umeen bizitzan eta ikastetxeek errealitate berrira egokitu behar dute eskaintza. Eskola ordutik kanpo haur txikiak zaintzeko zerbitzuak jartzen dira, gurasoek zerbitzu horiek behar dituztelako. Baina non dago muga? Zein da gurasoen eginbeharra? Zein instituzioena? Eta haurra non dago?
"Zenbat denbora pasatzen dute gure seme-alabek eskoletan? Oso haur txikiez ari gara eta ezin dute leku itxi batean hainbeste ordu egon, taldean bizitzen. Ez dute etxeko espazioaz eta familia giroaz gozatzeko aukerarik. Inork pentsatu al du hilabeteko haurrek, urte batekoek edo bikoek gurasoek baino lanaldi luzeagoak dituztela?" dio Izaskun Madariagak.
Familia, lana eta haurra, hiru errealitate dira eta sendiko arazoen irtenbide guztiak ezin dira haurren kontura bakarrik konpondu. Haur-Eskolen Koordinakundearen ustez, aita, ama eta haurra kontuan hartuko dituzten egitura burutsuak sortu behar dira.
Haur Eskolen Koordinakundearen aldarrikapenekin guztiz ados daude sindikatuak. Ion Araolaza STEE-EILASeko kideak dioenez "Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen plangintzak baditu alde positiboak: ados gaude proposatzen dituen laguntza ekonomiko eta lanordu murrizketekin, bai eta eszedentziekin ere. Baina hanka motz gelditzen den plangintza da, ez baititu haurraren eskubideak bermatzen. Haurra jaiotzen denetik hezitzen da eta eskubide bat izanik ez da zilegizkoa, eskubide hau betetzeko, ordaindu behar izatea. Plangintza honekin tratamendu hezitzailea arriskuan dago".
Haur Eskolen Koordinakundearekin ados, beharrezkoa da sindikatuen ustez, Hezkuntza Sailak behar hauek bere gain hartzea. Ion Araolazak dioenez "aspaldiko erreibindikazioak izanik, eman zaion irteera diru laguntza gehiagoz egoera berdin mantentzen da proposamen honekin. Benetako irteera desbideratu egiten da, familiei eskaintza erakargarri bat eskainiz, baina haurrentzat planteamendu oso kaltegarria da. Guk hezkuntzaren dohaintasuna eskatzen dugu, haurraren eskubideak bermatzeko ez baita dirurik ordaindu behar sindikatuen iritziz".

Non gelditu da LOGSE legea?

1990 urtean onartu zen LOGSE legean ordea, haurra jaiotzatik hezitzen zela jasotzen zen eta proposamen honek, orain arte jorratutako bidea, haur eskolak=heziketa eskolak, apurtzen du. Ion Araolazaren ustetan, "berez hezkuntzarenak diren ardurak lan sailera pasatzen ditu. Atzerakada izugarria da. Umeak jaiotzetik hezitzen badira, kalitatezko hezkuntza bat bermatu behar da, haurraren ongizatea bermatu; plangintza honek ordea edozein motatako eskaintza pribatua bultzatzen du. Asistentzial modura ulertzen diren jarduerak (haurrei jaten ematea, lotan jartzea edo garbitzea...) ezinbesteko garrantzia dutenean kalitatezko heziketa batean".
Egoera honen aurrean inbolukratuak dauden erakunde eta sindikatuak erantzun bat prestatzen dabiltza. Haurraren Hezkuntza Eskubidearen aldeko mahaia eratu berri dute. Beraien iritziak gizartera zabaldu nahi dituzte eta mahai hau beste sujetu batzuei ireki, hala nola, gurasoak, emakume taldeak, gizartea orokorrean... Arazoa oraingoz hortxe dago.

Haur nafarrak.

Nafarroan egoera berdintsua da nahiz eta legalki ezberdintasunak badiren. Alde batetik, UPN eta PSNren aldeko botuekin, Nafarroako Legebiltzarrean gehiengoa jaso zuen errege-dekretua paralizaturik dago. Dekretu hau ez da indarrean sartzen, nahiz eta Legebiltzarrean gehiengoa izan zuen.
"LOGSE legearen markuan oinarrituz, nafar Legebiltzarrean orain dela 9 hilabete, irakasleek bete behar zituzten baldintzak eta hezkuntza maila honetako zutabe nagusiak definitzen zituen errege-dekretua onartu zen; denok itxaroten egon arren, ez da indarrean sartzen", dio Alfonso Oyulosek, haur eskolako irakasle eta pedagogoak. Honen aurrean, urduritasuna eta kezka azaltzen du Alfonsok, bere ustetan "Madrildik egoera aldatzeko nahia baitago eta iraskuntzaren fase hau asistentziala balitz bezala berbideratu. Atzerapauso izugarria litzateke hau, orain arteko lana indargabetuko lukeelako. Haurtxo txikien hezkuntza gaztetxoena bezain garrantzitsua dela uste dut nik eta hauen zaintza ez lukeela edozeinen eskutan egon behar, honetarako pertsona ikasien eta adituen eskuetan baizik".
Alfonsok dioenez, "LOGSE legean oso garbi jasotzen da 0 urtetatik aurrera, zerbitzu guztia hezitzailea dela eta izan daitekeen eskari soziala bete beharko dutela. Besterik ez dio LOGSE legeak. Nafarroan ordea, dekretu berrian zerbitzu hezitzaile-asistentziala bezala definitzen dute hezkuntza fase hau eta bestalde, ongizate sailean barneratu nahi da".
Era berean, aipaturiko dekretua onartu gabe egon arren, bertan ezartzen diren baldintzak betez, aurreskolak irekitzen ari dira Nafarroako herri batzuetan, eta zailtasun ekonomikoak izaten ari dira.
Une honetan Nafarroan egoera zintzilik dago, dekretuaren zirriborroa onartua izan arren, ez baitu ez aurrera ez atzera egiten, Alfonsoren hitzetan "Madrilek erabakiko duenaren zai baitaute. Hau guztia, erabaki horren arabera, egun batetik bestera alda daiteke. Hor dago arriskua" pedagogoaren ustez

Nagore Legarreta

Euskal Herriko hemezortzi irrati, Xorroxin Irratia, Euskal Herria Irratia, Herri Irratia, Txapa Irratia, besteak beste, elkarrekin lanean jartzeko abian jarri dira aurtengoan. Hitz Egin Sareak, Korrikaren amaieraren emisio bateratuak eta Herria Mugik Barrian egin zuen irrati topaketak, irrati sare komun baterako gogoeta piztu zuten. Sare honen egiteko nagusienak Euskal Herri osoko informazioa bildu, trukatu eta irrati guztiei informazio hori eskuratzeko aukera ematea izango lirateke. Kontu horiez guztiez hitz egiteko lehengo hitzordua Arrosan (Behe Nafarroa) ekainaren 30ean jarri zuten.

Arrosako topaketa honen asmoa zen elkarlanerako lehenengo urratsak ematea, honela Euskal Herriko irratien arteko elkarlanean egin daitekeena aztertuko dute, eta proposamen bat mahai gainean jarri ondoren, hau gauzatzea posible dela ikusiz gero bide horretan aurrera egingo dute.
Elkarlanerako deialdia Euskal Herriko irrati guztiei luzatu zaie eta honen ondorioz, funtzionamendu eta filosofia oso ezberdinak dituzten irratiak bildu dira. «Kontziente gara oso irrati ezberdinak gaudela eta horregatik bideratu behar dugun elkarlanak irrati bakoitzaren identitatea mantendu behar duela argi daukagu», adierazi digu Hernaniko Molotoff Irratiko Irantzu Jauregik.
Elkarlana koordinatzeko lan talde bat osatu dute irratiek. Lan talde honek elkarlanaren hainbat alderdi aztertuko dituen taldetxoak osatu ditu. Alde batetik irratien alderdi teknologikoa aztertuko duen taldea dago: elkarlana ahalbideratzeko irrati bakoitzak teknologikoki nola osatua egon beharko lukeen aztertuko dute nagusiki. Elkarlanerako teknologia berrien aldeko apustua egin dute eta Internet irratien arteko lan komunaren zerbitzura nola jar daitekeen ere aztertuko dute. Bestetik, elkarlanaren bideragarritasun ekonomikoa aztertuko duen taldea osatu dute, proiektua gauzatzeko beharrezkoa den diru kopurua lortzeko iturri ekonomikoak aztertuko dituzte besteak beste. Elkarlana alderdi juridikotik aztertuko duen taldeak proiektua bideratu eta koordinatuko duen gunea non jartzea komeni den aztertuko du. Euskal Herria hiru administraziotan banatua dagoenez, hiru administrazioak eskaintzen dituzten abantailak aztertuko lituzkete. Azkenik, elkarlana bideratuko duen gunea langile aldetik nola antolatua egon beharko litzatekeen aztertuko duen taldetxoa dugu.
Arrosan bildu ziren irrati ezberdinetako hamabost ordezkariak bat etorri ziren Euskal Herriko irratien panorama asko aldatu dela esatean. Agus Herran Gure Irratiko ordezkariak zera adierazi digu: "Euskal Herriko irratien diagnosia asko aldatu da azken urteetan, Hegoaldeko irrati ugaritan soldatadun langileak sartu baitira boluntarioekin batera. Beharrezkoa ikusten dut giza baliabide eta baliabide ekonomikoetan pentsatzen jartzea".
Lan taldeek hartutako etxeko lan hauek guztiak egiteko epea abenduan jarri dute. Garai horretan Miarritzen bilduko dira egindako azterketaren ondorioak eztabaidatzeko eta irratien arteko sare komunaren inguruko gogoeta egiteko. Sarea finkatu bitartean, irratiek emisio bateratuak egiteko hainbat hitzordu jarri dute. Honela hiriburuetako jaien hasierak eta Euskal Herriko ikastolen jaialdiak zuzenean entzun ahal izango dira Euskal Herriko toki ugaritan.


IRRATIKIDEAK POZIK.

Orokorrean iritzi baikorra dute Arrosako topaketan parte hartu zutenek, Molotoff Irratiko Irantzu Jauregiren hitzetan, "pozik gaude, denok buruan asmo berak ditugula ikusita. Elkarlana lehenagotik ere egon da, neurri batean edo bestean, baina baliabide teknologikoek eskaintzen dituzten bideak ikusita gauzak egiteko aukera ikusten dugu". Agus Herranek ere bere iritzia adierazi digu: "Topaketa positiboa izan dela uste dut. Alde batetik beharra sumatzen zelako euskal irratiek komunean lan egiteko».

Fermintxo Gartxitorena Esan Erran irratiko ordezkariak, halaber, topaketen balorazioa egin digu: "Gauzak finkatzen hasi dira aurreko topaketetatik honantz. Lana banatzen hasi da, aurrerapauso handia egin dugu. Kontu honek duen arazo bat da jende berria agertzen dela biltzen garen bakoitzean eta gauzak errepikatzen ibili behar gara. Gustatuko litzaidake parte hartzeari dagokionean maiztasun bat egotea»

Nagore Irazustabarrena

Bazen behin esne saltzaile bat, marmita gainean hartuta merkatura abiatu zena, esnea saltzeko asmotan. Bidean esnea saldu eta lortutako diruarekin arrautzak erosiko zituela pentsatu zuen. Arrautzetatik txitoak jaio eta oilaskoak salduko zituen ondoren, diruarekin zerri bat erosteko. Zerria gizendu eta haren irabaziekin behia eta txekorra erosiko zituela pentsatzen ari zela, ordea, denok dakiguna gertatu zen: marmita erori eta esnea bertan galdu zela, esnezalearen ametsekin batera.
Istorio hau, modu egokiagoan, errimaturik eta gaztelera aberatsean Felix Maria Samaniego (1745-1801) biasteriarrak idatzi zuen duela bi mende pasatxo. Bereak dira, halaber, beste hainbat fabula ezagun: «Inurria eta txitxarra», «Belea eta azeria» edota «Igelak errege eske».
1745eko urriaren 12an jaio zen Felix Maria familia aberats eta noble batean. Bere osaba Peñafloridako konteak eragin handia izan zuen bere bizitzan eta, Baionan eta Bordelen zientzia eta musika ikasketak burutu ondoren, harekin batera Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko fundatzaileetako bat izan zen 1764. urtean. Bilbon eta Azkoitian bizi izan zen, baita gortean ere, eta Tolosako alkate eta Arabako diputatu ere izan zen. Duela ehun urte hil zen, bere idatzi polemikoak eta ipuin erotikoak erre zitzaten agindu ondoren.
Hain zuzen Peñafloridako konteak eskatuta hasi zen fabulak idazten. 1776an idatzi zuen bere lehen fabula eta urtebete geroago, Tomas Iriarte poeta eta fabulistari aholkua eskatu ondoren, berehala ospe handia emango zion lehen liburua argitaratu zuen. Iriarte eta biak izan ziren gaztelerazko fabularen aitzindari eta La Fontaine bezalako klasikoen eragina nabari da Biasteriko idazlearen idatzietan. Iriartek orijinaltasuna bazuen bere ezaugarri nagusia, Samaniego bestearen gainetik zen, bizitasunean, deskribapenetan eta bertsoa osatzeko orduan. Sinpletasuna bilatzen zuen bere idatzietan, modu horretan irakurlearengana errazago irits zedin. Izan ere, Samaniegoren fabulak helburu moralizantea, hezitzailea dute. Animalien bitartez hainbat jarrera islatzen dute idatziek; inurria eta txitxarraren kasuan, esaterako, alferkeriaren aurka mintzo zaio egilea irakurleari.

Lehen aipatu dugun bezala, Iriarte ezagunarekin batera, biak izan ziren garaiko fabulista nagusiak. Lagunak izan ziren biak, baina apurka apurka nolabaiteko guda edo leiha literarioa sortu zen bien artean, harremana erabat hautsi zen arte. Edo, hobe esanda, Iriartek Inkisizio santuan biasteriarraren aurkako salaketa jarri zuen arte. Iriartek Samaniegoren testu baten eduki «desegokia» hartu zuen aitzaki. Egia zen Samaniego zela testuaren egilea (eta gogoratu hainbat ipuin erotikoren egilea ere badela). Baina, orohar, Inkisizioak gogoko ez zuena Samaniegok Frantziatik ekarritako ideia ilustratuak ziren. Azkenean Inkisizioak aske utzi zuen, baina Felix Maria ez zen nonbait lasai geratu eta horregatik agindu zuen, hil baino lehen, bere idatzi polemikoak desagertarazteko. Testu horiek ondoren izan dituzten irakurle guztien onerako, ez zen bere eskakizunik bete

Jon Garaño

Eguerdiko hamabiak ematera doaz. Kaleetan Bilboko Aste Nagusiko azken gauak utzitako arrastoak nabari daitezke, batez ere etxeratu gabeak diren gazte batzuen aurpegietan. Eguzkiak gogor jotzen du, Julio Medem eta bere aktore eta aktoresak (Paz Vega, Najwa Nimri, Daniel Freire eta Elena Anaya), Ideales zine aretoetara gerturatzen direnean.

«Lucía y el sexo» ikusteko aukera izan genuen joan den asteartean horretara deituak izan ginen pribilegiatuak, filma abuztuaren 24an kartelerara iritsi aitzin. Filma ikusi eta Medem eta besteekin elkarrizketa, filmaren defentsa, arrazoiak, esplikazioak. Alegia, Medemek gehien gorroto duena: "Nire lanean gutxien estimatzen dudan lana da promozioarena, irailean promozioarekin bukatu eta gidoi berri batekin hasteko irrikitan nago. Dena den, hau egitea ere behar beharrezkoa da, azken finean filmak oihartzuna izatea garrantzitsua baita".
Oraingoz irailean idazten hasiko den gidoi berriaren ideia baino ez dauka donostiar zinegileak. Hortik aurrerako prozesua luzea izan daiteke. «Lucía y el sexo» orain estreinatu da, baina badira hiru urte Julio Medem gidoia idazten hasi zenetik, eta ordutik, gidoiaren zortzi bertsio desberdin: "Orduan ere ideia bat baino ez nuen. Aurreko filmak utzitako zapore mikatzari buelta eman nahi nion. æLos Amantes del Círculo PolarÆeko Anak beste amaiera bat merezi zuen, azken finean bereagatik hain gogor lan egiten duen edonork amaiera alai bat merezi du-eta. Film berri honekin æLos AmantesÆeko Anari irtenbide positiboago bat eman nahi nion. Hortik aurrera ideia berriak bururatzen joan zitzaizkidan eta eskerrak, inoiz ez baitut azken film honen lehen bertsioan egindako lana baino zerbait irmoago eta mekanikoagorik idatzi. Bertsio hura filmatu izan banu, ziur aski ez nintzateke filmaz orain sentitzen naizen bezain harro sentituko". Aktoreekin lan egiteari utzi ez zion arte, ez zuen gidoiaren azken bertsioarekin bukatu, aktoreek berezko bizia eman zioten-eta, berak buruan zituen pertsonaiei.
Filmaren prozesua, «Los Amantes del Círculo Polar» bukatu bezain laster hasi zen. Filmak, eta batez ere Najwa Nimriren erretinan ikusten den heriotzak utzitako sentsazio negatiboak, Medemi gauzak berriz plantearazi zizkion. Oporretara joan zen kamera digital txiki batekin, Formenterara, hain zuzen. Bertan, deskantsatzeaz gain, «gauza polit eta inofentsiboak» grabatzeari ekin zion. Grabatutakoak burutazio asko zekarzkion eta film berri baterako ideia otu zitzaion. «Lucía y el Rayo de Sol», horrela deitzen baitzen gidoiaren lehen bertsioa.
Asmoa bere grabazio propioetarako erabiltzen zuen kamera digital txiki batekin pelikula grabatzea zen, osoki Formenterako paisaietan, lagun artean eta kooperatiba moduan ekoiztua. Lehen ideia hau indarra galtzen joan zen, beste ideia industrialago bat garatzen joan zen heinean: formatu digitalean grabatuko zuen bai, baina 20 milioi pezetatik gora (800.000 libera inguru) balio duten HD-CAM CineAlta 24p kamerarekin, talde tekniko zein artistiko estandarrarekin eta 500 milioi pezetako aurrekontuarekin. Errodajea hamabi astetan burutu zen, Madrilgo estudio batzuetan filmean iragana dena eta Formenteran berriz, pertsonaien orainaldia. "Hasierako gidoi bertsioetan trama guztia Mediterraneoan gauzatzen zen. Istorioak gorpua hartzen zuen neurrian, pertsonaien lehenaldia erakustea beharrezkoa zela ikusi nuen eta hortaz Madrilgo pasadizoak sartzen joan nintzen. Orain kontakizuna askoz ere aberatsagoa dela uste dut. Istorioarekin batera, pertsonaiak eurak ere, gorpua hartu zuten, izaera. Lorenzo, Lucíaren bikoteak, musikagile izateari utzi eta idazle bihurtu zen. Sexuak gero eta indar handiagoa hartu zuen, elementu bateratzailea bilakatu zen".


SEXUAREN AUKERAK.

Asko esan da Julio Medemen azken filmaren inguruan, eta batik bat filmak dituen sexu eszenen inguruan. Lucía Etxebarriaren «Beatriz y los cuerpos celestes»en bertsio bat dela esateaz gain, hor nonbait filmaren bertsio pornografiko bat mugitzen ari dela esaten da. Antza, bata zein bestea, txutxu-mutxuak baino ez dira. Medemek behin eta berriz esan behar izan du, bereak ez duela Lucía Etxebarriaren nobelarekin zerikusirik; zabaldu den gezur bat baino ez dela. Akaso honek guztiak errodajearen inguruan eman den sekretismoak sortarazi dezakeen gaizkiulertu eta jakin-minarekin zerikusia du edota marketing estrategia pentsatu bat baino ez da. "Errodajearen hasieran beharrezkoa ikusten nuen intimitatea mantentzea, aktoreek, eta guk geuk ere, eskertuko genukeen zerbait zelakoan. Errodajeak aurrera egin ahala, onuragarria zela ikusi eta jokabide honekin aurrera segitzea erabaki genuen". Sexua erreklamo publizitario bezala erabili ote duten galdetzen dio batek baino gehiagok bere buruari. Filmaren kartela edota promozio irudiak ikustea besterik ez dago horretarako.
Medemek, dena den, sexua beste era batera ikusten du. "Sexua morboa da, baina beste zerbait ere bada. Sexua irudia eta posibilitateak dira. Burua, bizirik, lan egitera behartzen du, fikzioak egitera irudien bitartez". Medem Formenterako Balear uhartetik turistentzako motor batekin bueltaka zebilenean, faro faliko batekin egin zuen topo, eta honen ondoan itxasora zuzentzen zen tamaina handiko zulo bat. Metafora egina zuen. Hasera batean ez zion garrantzirik eman, behin Madrileko neguan zegoenean erabaki baitzuen elementu hauek sartzea eta honekin batera sexuari garrantzia ematea. "Lorenzok eta Lucíak, pertsonaia nagusienek, euren arteko erlazioaren hasieran fase polit bat bizi dute. Elkar ezagutze eta maitatzea sexuaren bitartez gertatzen da. Sexuaren bidez maitemintzen dira. Hau horrela izanik, hau guztia grabatzeko beharra nuen".
Sexu eszenak nahiko esplizituak dira. Baina pornografiko izatetik oso urrun daude, nahiz eta zine ez pornografikoan ohikoak ez diren erekzioak, esate baterako, agertu. Eszena jakin batzuetarako dena den, dobleak kontratatu ziren. "Nire film guztietan, sexua dagoen arren, egia esan ez nuen aurretik horrelako ezer egin eta konprometitua izan zitekeen niretzat, baina batez ere aktoreentzat".
Film guztian zehar sexua esplizituki agertzen da, gertaera tragikoak sujeritu baino egiten ez diren bitartean. Azken finean Medemek film positiboa egin nahi zuen, sexua filmaren argia dela kontsideratuz. "Sexua egunerokotasunean bizi den zerbait da, ez luke eskandalurik sortu behar, naturala baita. Gaur egungo zine aretoetan, film amerikarretan batez ere, odola eta biolentzia maiz asko ikusten da eta hau sexua baino askoz bortitzagoa eta guretzat behintzat antinaturalagoa izanik, jendea ez da eskandalizatzen".
Sexua filmaren motorra da, baina Medemi sexua bera baino bikote arteko erlazioak interesatzen zaizkio. «Vacas» (1992), «La Ardilla Roja» (1993), «Tierra» (1996) eta «Los Amantes del Círculo Polar» (1998) bere aurreko filmetan erraz asko nabari zitekeen hau. Film bakoitzak bikote arteko erlazioen aspektu batera jotzen zuen. «Vacas»en mirespenean, «La Ardilla Roja»n gezurretan, «Tierra»n bikoiztasunean edota «Los Amantes del Círculo Polar»en patuan oinarritzen baziren erlazioak, «Lucía y el Sexo»n berriz, sexuaren bitartez lortutako maitasunean.
Autore beraren esanetan egindakoen artean zailena egin zaion filma da hau. Istorioak duda asko planteatzen zizkion, baino emaitzaz harro sentitzen da. "Ihes bat bezala planteatzen nuen film hau. Pertsonaia nagusiaren ihesaldi bat bezala, baina nire ihesaldi bat bezala ere. Film desberdina egin nahi nuen". Zentzu honetan ulertu behar da Medemek talde tekniko zein artistikoan aldaketak izatea, formatu digitalean grabatu izatea...
Ihes egiteak, edo hobe esanda, ihes egin nahi izateak, hainbat burutazio ekarri zizkion zinemagile donostiarrari. "Ihes egiten duzunean, gehienetan behintzat, zeretik ihes egiten ari zaren ere ez dakizu. Zerbait utzi nahi duzu lehenaldirako, zerbait berria hasi. Haatik ihes egiteko zure iraganera jo behar duzu, hori gabe ezin da eta ihesik burutu".
Ihesaldi honetan Medemek lan egiteko bide berri bat aurkitu du: definizio handiko bideoa. Bideoan grabatzeak, pelikula latetaz eta laborategiaz ez arduratzea ekarri dio. Dena grabatzen zuen, toma berean plano desberdinak eta guzti, eta batzuetan toma moztu aurretik zuzendaria bera planoan sartzen zen instrukzioak emateko (honek suposatuko lukeen gastuagatik hau ere orain artean erabat ez ohikoa). Guzti honen ondorioa muntaiarako normalean izaten duena baino hiru aldiz material gehiagorekin topatu izana. Muntaia aukera desberdinak izan ditu errealizadoreak eta Xmuntaketa gelan lan handia egin denaren dudarik ez dauka. "Definizio altuko bideoak iraultza ekarri dezake. Erabat harritua gelditu nintzen filma proiektore digital batekin proiektatu genuenean. Gero 35mm-tara pasa genuenean pixka bat dezepzionaturik gelditu nintzen, transferrean kalitatea galtzen baitu irudiak".
Filma ikusita eta entzundakoak entzunda bakoitzak bere balorazioak atera behar ditu. Dena den, Medemekin gertuagotik hitz egiteko aukera baliaturik, honako azalpena eman digu berak: "Filman berez garrantzitsua dena fikzioa eta errealitatearen arteko erlazioa da. Batak bestearen beharra du. Errealitate bat bizi dugu, baina guk, Lucíak bezala, fikzio baten beharra dugu. Fikzio batean sartu eta honekin identifikatu. Batzuetan gauzak nahastera ere iristen gara, zer den fikzio eta zer erreal ondo jakin gabe". Bitartean, batzuk istorioak kontatzen eta besteak istorio hauek irakurtzen/ikusten, jarraituko dugu

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan